78. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

660/2017 EBAZPENA, martxoaren 13koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko E mailako edo taldeko lanpostu hutsak, desgaitasun intelektuala dutenentzako erreserba-txandakoak, lekualdatze lehiaketaren bitartez betetzeko deialdia onesten duena.

Martxoaren 25eko 20/2015 Foru Dekretuaren bidez (2015eko 73. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 17koa), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2013, 2014 eta 2015erako enplegu publikoaren eskaintza onetsi zen. Bertan, desgaitasun intelektuala dutenentzako erreserbatutako E mailako lanpostu hutsak biltzen dira. Gero, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren azaroaren 21eko 2559/2016 Ebazpenaren bidez, erreserba-txanda horretako lanpostuak zehaztu ziren.

Kontuan izanik zer xedatu den abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 33.1 artikuluan (foru dekretu haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina) eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 3. artikuluan (foru dekretu haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua), bidezkoa da horiek lekualdatze lehiaketa bidez bete daitezela onestea, baita deialdiaren oinarriak onestea ere.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko E mailako edo taldeko lanpostu hutsak, desgaitasun intelektuala dutenentzako erreserba-txandakoak, lekualdatze lehiaketaren bitartez betetzeko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Ebazpen hau Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari eta Argibide eta Erregistro Bulegoari jakinaraztea, bai eta izendatutako epaimahaikideei eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Lanpostuetarako Kontratazioa, Sarrera eta Betetzea Kudeatzeko Zerbitzuari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko martxoaren 13an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

E MAILAKO EDO TALDEKO LANPOSTU HUTSAK, DESGAITASUN INTELEKTUALA DUTENENTZAKO ERRESERBA-TXANDAKOAK, LEKUALDATZE LEHIAKETAREN BITARTEZ BETETZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko E mailako edo taldeko lanpostu hutsak, desgaitasun intelektuala dutenentzako erreserba-txandakoak, lekualdatze lehiaketaren bitartez betetzea da deialdi honen xedea.

1.2. Deialdi honek ondoko arauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 31koa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena.

–Lanpostuak betetzeko Erregelamendua, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia.

–Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 12ko 130/1998 Foru Agindua, merezimenduen baremoei buruzkoa.

–Ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen duena.

–Gainerako arau aplikagarriak, eta oinarri hauek.

2.–Lanpostu hutsak.

2.1. Desgaitasun intelektuala dutenentzako txandako lanpostuak lekualdatze lehiaketaren bitartez betetzeko deialdia honetan, hasiera batean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko E mailako edo taldeko 6 lanpostu sartzen dira. Ebazpen honen I. eranskinean zehazten dira lanpostu horiek.

2.2. Deialdi honetan hasiera batean sartutako lanpostuak gero osatzen ahalko dira, hain zuzen ere epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiatzaileen zerrenda, lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa, igortzen dion egunean hutsik dauden lanpostuak gehituz.

2.3. Halaber, lanpostu horiek deialditik kanpo uzten ahalko dira, honako arrazoi hauengatik: birkokatze prozesuei loturik egoteagatik, burutza utzi duten funtzionarioei edo jardunera itzuli direnei esleitu izateagatik edo antolamenduan ezarritako beste edozein arrazoirengatik.

2.4. Gainera, lekualdatze lehiaketa honetan lanpostu berri bat eskuratzen duten izangaiek hutsik utzitako lanpostuak ere sartuko dira.

2.5. Aurrekoa gorabehera, izangaiek lekualdatze lehiaketan lanpostua lortuta hutsik uzten dituzten lanpostuak ez dira eskainiko baldin “iraungitzeko” lanpostuak direlako bete behar ez badira edo antolatzeko arrazoiak direla-eta bete behar ez badira.

2.6. Deialdiaren 8. oinarrian aipatzen den lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldian, deialdiko lanpostuen ordez beste batzuk eskaintzen ahalko dira, hain zuzen ere, organo eskudunek zerbitzuaren beharren arabera sartzen dituzten aldaketen ondorioz hutsik gelditzen direnak.

3.–Betebeharrak.

3.1. Lekualdatze honetan parte hartu ahal izateko ondoko betebeharrak bete behar dira eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetu arte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoa izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.

b) Desgaitasun intelektuala dutenentzako erreserbatutako E mailako edo taldeko lanpostu baterako izendatu izana.

3.2. Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

3.3. Zerbitzu, atal, bulego edo unitate parekaturen bateko burutzaren bat betetzen ari diren funtzionarioek zilegi izanen dute lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzea, baldin eta deialdiko baldintzak betetzen badituzte. Prozedura honetan esleitutako lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du zerbitzuko zuzendari izateari edo ataleko nahiz bulegoko buru edo horiekin parekatutako unitateko buru izateari utzi beharra.

3.4. Borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian urtebete daramaten funtzionarioek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betiko esleituko zaie.

3.5. Lanpostu huts bati atxikita behin-behinekoz itzuli direnek nahitaez aurkeztu beharko dute lekualdatze lehiaketa honetara, behin betiko destinoa esleitu dakion.

3.6. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz, deialdiko betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzen ahalko dute lekualdatze lehiaketan.

4.–Eskabidea, aurkezteko epea eta aurkezteko modua.

4.1. Inskribatzea eta merezimenduak aurkeztea.

Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek inskripzio eskaera telematika bidez aurkeztu beharko dute, Internet bidez, helbide hau erabiliz: www.nafarroa.eus, “Menua”, “Tramiteak”, “Administraziorako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”, deialdiaren aipamenean.

Halaber, eskabideari erantsi beharreko merezimenduak telematika bidez aurkeztu beharko dira, goian adierazitako helbidearen bidez eta deialdiaren baremoan zehaztutako atalei jarraikiz.

Honako merezimendu hauek ez dira aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta epaimahaiaren esku jarri, baremazioa egin dezan:

–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emandako ikastaroak, salbu hizkuntzen frogagiriak; izangaiek aurkeztu beharko dituzte horiek.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.2. 3.2 oinarriko betebeharra egiaztatzeko, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari baimena emanen zaio ziurtagiri hori Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari eska diezaion, edo erregistro horrek emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztuko da. Abenduaren 22ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen da aipatu erregistroa.

4.3. Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta ezin izanen da luzatu.

Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu eta telematika bidez igorri beharko dira, lekualdatze lehiaketa honetan izena emateko eskabidea aurkezteko epean.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun balioduneko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu.

5.2. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak lehiaketa bete gabe gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

5.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

5.4. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

6.–Epaimahaiko kideak.

6.1. Honako hauek osatuko dute lehiaketako epaimahaia:

–Epaimahaiburua: Miguel Javier Zugasti Moriones jauna, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Balorazio Ataleko burua.

Ordezkoa: Olga Cuairán Yeregui andrea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Desgaitasuna duten Pertsonentzako Zerbitzuen Ataleko burua.

–Mahaikideak: Fermín Macaya Mateo jauna, Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezkoa: Begoña De Frutos Álvarez andrea, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Idazkaria: Elena Eslava Garijo andrea, NHBBZko arloko arduraduna.

Ordezkoa: Jose Antonio Villanueva Liras jauna, NHBBZko zuzendaria.

6.2. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien aplikazioaren inguruan sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.3. Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

7.–Merezimenduak.

7.1. 4.1 oinarrian ezartzen den bezala, merezimendu guztiak telematikoki aurkeztu behar dira, eskabideak aurkezteko epean. Salbuespena dira Administrazio Publikoan emandako zerbitzuak eta Nafarroako Administrazio Publikoak emandako ikastaroak, salbu hizkuntzak jakitearen frogagiriak. Organo deitzaileak zuzenean emanen dizkio epaimahaiari.

7.2. Aurkeztutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

7.3. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzeko baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

7.4. Lehiatzaileen puntuazioan berdinketarik izaten bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

7.5. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

7.6. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du, Nafarroako Gobernuaren webgunean, Interneten, eta Nafarroako Gobernuko iragarki oholean, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.

7.7. Aurkeztutako erreklamazioak ebatzitakoan, epaimahaiak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren webgunean, Interneten, eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, eta lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera.

8.–Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, beharrezkoa denean, ebazpen bat emanen du lekualdatze lehiaketan azkenean sartzen diren lanpostu hutsak zehazteko, deialdi honen bigarren oinarrian xedatutakoarekin bat.

8.2. Lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez eginen da; Nafarroako Gobernuko iragarki oholean argitaratuko da, bai eta Interneten bidez ere, helbide honetan: www.nafarroa.eus, “Menua”; “Tramiteak”, “Administraziorako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”, deialdiaren aipamena.

Parte-hartzaileek 10 egun balioduneko epea izanen dute eskaera telematikoki aurkezteko, lehen aipatutako helbideko estekaren bidez, eta nahi lituzketen lanpostu hutsak aukeratzeko.

Lehiaketan lotutako puntuazioen hurrenkerari jarraikiz esleituko dira lanpostu hutsak, eta esleipen horri ezin izanen zaio uko egin.

Eskaera ezarritako epean bidaltzen ez duten lehiatzaileek lehiaketaren xede diren lanpostu hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

8.3. Lanpostuak betetzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat, izangaiek ezin dute orain atxikita dauden zuzendaritza nagusi edo erakunde autonomo bereko lanpostu hutsik hautatu (zuzendaritza nagusi baten mende ez dagoen maila beheragoko unitate organiko bati atxikita badaude, debeku bera izanen dute), salbu eta lanpostu aldaketarekin udalerria, zentroa edo lanaldi arrunt edo partzialaren araubidea ere aldatzen bada.

9.–Esleipena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

9.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen bidez, dagokien lanpostua esleituko die lehiatzaileei, eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

9.2. Lehiatzaileek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, non ez duen organo dei-egileak, ebazpen horretan, beste data bat ezartzen jabetza hartzeko.

10.–Ordainsariak.

Lekuz aldatzen diren langileek gaur egungo xedapenek esleitzen dizkieten ordainsariak jasoko dituzte.

11.–Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, haien oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Justiziako eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori dena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.1 eta 2.C artikuluetan ezarritakoarekin bat.

Iruñean, 2017ko martxoaren 13an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Lanpostu hutsak

LANPOSTUAREN ZK.

LANPOSTUAREN IZENA

DEPARTAMENTUA

EREMUA (LEKUALDAKETARAKO)

HERRIA

0002815

ZERBITZU OROKORRAK

PERTSONEN AUTONOMIARAKO ETA GARAPENERAKO NAFARROAKO AGENTZIA

EL VERGEL ZAHAR-ETXEA

IRUÑA

0000097

ZERBITZU OROKORRAK

HERRITARREKIKO ETA ERAKUNDEEKIKO HARREMANETAKO DEPARTAMENTUA

KOMUNIKAZIOKO ETA ERAKUNDEEKIKO HARREMANETAKO ZUZENDARITZA NAGUSIA

IRUÑA

0030637

GARBIKETAKO LANGILEAK

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA

NAFARROAKO HEZKUNTZA BEREZIKO BALIABIDEEN ZENTROA

IRUÑA

0035689

ZERBITZU OROKORRAK

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA

UNIBERTSITATEEN ETA HEZKUNTZA BALIABIDEEN ZUZENDARITZA NAGUSIA

IRUÑA

0068946

ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA

OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUA

NAFARROAKO OSPITALEGUNEA

IRUÑA

0068940

ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA

OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUA

NAFARROAKO OSPITALEGUNEA

IRUÑA

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak:

Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak baloratzeko, puntu bat emanen da deialdia argitaratzen den egunean aitortua duen antzinatasun urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 30 puntukoa izanen da.

3. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa:

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 7 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, ikastorduen zatikiak proportzionalki banatuko dira.

2. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko beharkizunak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barrenean antolatuak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2) Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 2 puntu gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan izanik lana edo jarduera norberak edo taldeka egina den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, herrialdekoa edo nazioartekoa den ere.

3) Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo haiek antolatzea: puntu bat gehienez ere; epaimahaiak baloratu beharrekoak haien iraupenaren arabera.

Oharrak b) atal osorako:

1. Deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira atal honetan aipatutako merezimenduak.

2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa 10 puntukoa izanen da gehienez.

c) Puntuazio erantsia hizkuntzak jakiteagatik.

–Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik (Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik): bi puntu, gehienez, hizkuntza horietako bakoitzeko.

–Euskaraz jakiteagatik: plantilla organikoaren arabera, lanpostu horietan aritzeko euskaraz jakitea nahitaezkoa ez bada, 2,76 puntu bitarte destinoa eremu euskaldunean duten lanpostuetan sartu nahi denean, eta 1,38 puntu bitarte destinoa eremu mistoko lanpostuetan sartu nahi denean.

Oharrak c) atal osorako:

Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, aurreko ataletan adierazi den gehieneko puntuazioa emanen da.

Titulu hori eduki ezik, hizkuntza eskola ofizialean gaindituriko maila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren bosten bat emanen da. Euskararen kasuan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12 emanen da.

Izangai bakoitzak lau hizkuntza horietan zenbat dakien baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak edo Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak espresuki antolatutako azterketen emaitzak ere erabiltzen ahalko dira; azterketa horiek bost zailtasun maila dituzte, eta hizkuntza bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren bostena emanen zaio maila bakoitzari.

Iragarkiaren kodea: F1703867