74. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LUKIN

Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Lukingo Udalak, 2016ko apirilaren 19an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen ordenantza.

Kontuan hartuz jendaurreko epean ez dela inolako erreklamaziorik aurkeztu (2016ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 23an), behin betiko onetsi zen 2016ko azaroaren 22ko osoko bilkuran. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatzen denari jarraituz tramitatu zen espedientea, Nafarroako toki araubidea gaurkotzeko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak eman zion idazketaren arabera.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraituz, osorik argitara ematen da ordenantza horren testua, argitaratu eta biharamunean hartuko baitu indarra.

Lukinen, 2017ko otsailaren 14an.–Alkatea, Juan José Sainz Urra.

ETXEKO ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea etxeko animaliak edukitzeari buruzko arauak ematea da.

2. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, gizon-emakumeek lagun egiteko eduki edo baliabideak ateratzeko hazten dituzten animaliak dira etxekoak.

Baimen orokorra ematen da zakurrak etxebizitza partikularretan edukitzeko, betiere jendeari traba egin gabe edo arriskurik sortu gabe.

Zakurren inskripzioa

3. artikulua. Zakur guztiak udalaren erroldan inskribatu beharko dira.

Alta edo bajarik izanez gero, hori gertatu eta, gehienez ere, hogeita lau orduko epean jakinarazi beharko zaio udalari. Zakurraren jabeari dagokio hori egitea.

4. artikulua. Alta izanez gero, Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuek edo albaitari partikularrek txertatu eta aztertuko dute, eta animaliaren dokumentazioa eta nortasun xafla emanen.

5. artikulua. Hiltzeagatik gertatutako baja izanez gero, albaitariaren esanetara egonen da. Hark, zakurra aztertu ondoren, non eta nola ehortzi behar duen adieraziko dio jabeari.

Txertaketa

6. artikulua. Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude animaliei amorruaren kontrako txertoa ematen hastera lau hilabete betetzen dituztenetik, eta hortik aitzina ezarrita dagoen birtxertaketa egutegiarekin segitzera.

Txertaketa horiek animaliaren identifikaziorako osasun agirian agertu beharko dute, eta horretaz jabea edo edukitzailea bera arduratuko da. Albaitaritzako klinikek edo profesional partikularrek egiten ahalko dute txertaketa. Azken kasu horietan, egindako txertaketen berri eman beharko diete udalaren osasun zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epean.

Zakurrari txertoa jarri ondoren, identifikaziorako txipa ezarriko zaio.

7. artikulua. Zakur batek ausikirik inori egiten badio, horrek gertatutakoa jakinaraziko die Udalaren osasun zerbitzuei, eta horrekin batera medikuaren gaztigu-orria aurkeztuko.

Hozka egiten duen zakurraren jabea edo edukitzailea beharturik dago animaliaren datuak ematera erasotua gertatu denari edo haren legezko ordezkariei, bai eta eskaera egiten dioten agintari eskudunei ere. Gainera, beharturik daude animalia bere ohiko aterpean edukitzera, osasun zerbitzu eskudunek hartu arte, espresuki debekaturik dagoelarik hura inora eramatea edo hiltzea.

Udalaren osasun zerbitzuek Nafarroako Gobernuak egokitutako Animaliak Hartzeko Zentrora eramanen dute animalia, eta bertan osasun aldetik aztertu eta begiratuko dute legeriak ezarrita daukan denboran, eta, bidezkoa bada, nahitaezko txertoa jarriko diote.

Orobat, zakur baten jabe edo edukitzaileak uste badu bere zakurrak badituela amorru zantzuak, edo arrazoi horregatik animalia hiltzen bada, udalaren osasun zerbitzuei jakinaraziko die, osasun aldetik egin beharrekoak egin daitezen.

8. artikulua. Animaliari eritasun aztarnarik, bizkarroirik edo zauririk agertuz gero, zakurraren jabea albaitariarengana jotzera beharturik egonen da hogeita lau ordu baino lehen, eta Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak agintzen duen tratamendua egin beharko dute.

Eritasun kutsakorrik badela egiaztatuz gero, zakurra bakartu eginen da, inguruabar hori desagertu delako ziurtagiria egin arte.

Debekuak

9. artikulua. Udal mugapeko edozein alderditan debeku da zakurra lepokorik edo urteko txertaketarik eta nortasun txipik gabe ibiltzea. Horren ordez zakurra identifikatzeko txartela aurkez daiteke, hartan jabearen izena eta identifikazio zenbakia, baita txertaketa data ere, agertzen badira.

10. artikulua. Debeku da zakurra lotu gabe ibiltzea herrigunean.

Alde horretan, zakurrak gehienez ere 1,50 metroko hede sendo edo kate batetik arduradun bati loturik ibili behar du.

Aipatutakoaz gain, arriskutsuak izan daitezkeen zakurrek nahitaez joan beharko dute muturrekoa paratuta, horrela agintzen baita Ordenantza honen 18. artikuluan.

Animalien jabeen edo edukitzaileen ardura izanen da behar diren neurriak hartzea, animaliak etxe nahiz lokaletatik kanpora inork eraman gabe atera ez daitezen.

Bere jabe edo edukitzailearen etxetik kanpora bakarrik ibiltzen den animalia ustez abandonatutzat joko da eta udal zerbitzuek atzematen ahalko dute. Horien ardura izanen da animaliarekin zer egin, arauz kanpoko kasuetan, inork erreklamatzen ez badu legez ezarritako epean.

Jabeak edo edukitzaileak animalia kendu nahi badu, Nafarroako Gobernuaren eskuetan utzi beharko du. Debeku da udal mugapeko edozein tokitan abandonatzea, bai eremu zabaletan bai finka edo lokal itxietan.

11. artikulua. Espresuki debekaturik dago animaliarik sartu eta egotea elikagaiak fabrikatu, erabili eta biltegiratzeko lokaletan, eta horiek garraiatzeko ibilgailuetan.

Orobat, debeku da animaliak sartu eta egotea elikagaiak saldu edo kontsumitzeko establezimenduetan, salbu eta ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrak.

12. artikulua. Ez dago baimendurik animalia kultur eta kirol arloko ikuskizun publikoetako lokaletara sartzea, ez eta erabilera publikoko igerilekuetara ere.

Orobat, debeku da animalia erietxeetara edo anbulatorioetara eta ikastetxeetara sartzea.

Artikulu honetan ezarritako debekuetatik salbuetsirik daude ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida zakurrak.

13. artikulua. Jendeari ostatu ematen dioten etxeen eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduen jabeen esku gelditzen da animalien sarrera eta egonaldia debekatzea, tokiaren maila edo kategoria kontuan hartu gabe, baina kasu horretan egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea paratu beharko dute.

Nolanahi ere, debeku horrek ez du indarrik ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrentzat.

14. artikulua. Lukingo udal mugapearen barnean, biziguneen inguruan, herrigunetik kanpo, zakurra ibili ahal izanen da hede edo katerik gabe, betiere arduradunarekin joanez gero.

Hala ere, zakurrarekin batera doan arduradunak aitzineko kapituluan ezarritako baldintzak dituen hedea edo katea eraman beharko du beti aldean, zakurrari heltzeko, horrek jendeari traba egin edo gauzei eta bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte egiten ahal badie.

Artikulu honetatik at gelditzen dira arriskutsuak izan daitezkeen animaliak, 18. artikuluak agintzen duenaren arabera, horiek beti joan beharko baitute muturrekoa paratuta eta sokaz nahiz kateaz loturik.

15. artikulua. Udal mugapeko alde guztietan, aurreko artikuluetan aipatu betebehar horiek bete gabe dabilen zakurra osasun publikorako arriskutzat hartuko da eta Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak bildu eta atxikiko du.

16. artikulua. Arduradunak behar bezala kontrolatu ezin dituen lekuetan debeku da animaliarik edukitzea. Animalia baten edukitzaileak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo horien ondasunei ez kalterik ez trabarik ez egiteko.

Zakurrarekin ibiltzen den laguna beharturik dago galaraztera hark kaka egin dezan espaloi, galtzada, parterre, berdegune eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko beste edozein elementuren gainean, bereziki herritarren ibilbide edo jostaleku badira.

Zakurraren eramailea beharturik egonen da aitzineko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan dauden zakarrontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.

Baimendurik dago zakurrak kaka egitea udal mugapearen barrenean horretarako espres egokitutako tokietan.

Espresuki debeku da animaliak erabilera publikoko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edatea.

17. artikulua. Zakur zaindariak jabego partikularreko barrutietan baizik ez dira aske ibili ahal izanen, betiere baldin eta barruti horiek eremu publikoari erabat itxita badaude, zakurrak hesiz kanpora jauzi egin ahal izan ez dezan. Jabea zakur zaindaririk badagoela gaztigatzera beharturik dago, aise irakur daitezkeen plakak ikusgai paratuz zainpeko barrutiko sarrera guztietan.

18. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat hartzen dira, 50/1999 Legean aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:

1. Izatez basa direnetakoa izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaiekeen espezie edo arrazatakoa dena, eta ondasunei kalte egin ahal diena, erasokorra izan ala ez.

2. Honako arraza hauetako zakurrak: american staffordshire terrier, pitbull terrier, staffordshire bull terrier, Mallorcako hozkaria, Kanarietako hozkaria, fila brasileiro, mastin napoliarra, dogo argentinarra, rottweiler, bullmastiff, dobermann eta tosa japoniarra. Horietaz gain, oro har, arraza horien ondorengoak izanik, haien ezaugarri etnikoak dituztenak.

3. Edozein espezietakoa izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo hezia izan den animalia.

4. Edozein espezietakoa izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso egin diona.

19. artikulua. Animalia arriskutsu bat edukitzeko lizentzia pertsonala.

1. Ordenantza honetan oinarriturik, arriskutsuak izan daitezkeenen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du.

Animalia eskuratu baino lehen eskatu beharko da lizentzia, aurreko artikuluaren 1., 2. eta 3. ataletako kasuetan, eta 4. ataleko kasuan, berriz, 5 eguneko epearen barrenean, animaliak pertsonaren bati eraso egin dionetik hasita.

2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:

a) Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araudiaren aurkako arau-haustea egiteagatik zehatua ez izatea.

c) Gaitasun psikologikoaren agiria, udal agintariek aintzat jotzen duten erakunde ofizial batek luzatua.

d) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez 200.000 euroko zenbatekoa duena.

e) Kasuan kasuko ordenantzetan onartzen den udal tasa ordaintzea.

3. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Lukinen bizi badira edo animaliak salerosi nahiz trebatzeko jarduera Lukinen egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabe edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez bederen Lukinen egon behar badu.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek komunikatzen ahalko dio Lukingo Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Lukingo Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.

4. Lizentziak 4 urteko indarraldia izanen du, eta indarrik gal ez dezan, eskuratzeko eskatu ziren baldintzei eutsi beharko zaie.

Hala ere, Lukingo Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, animalia edukitzeko lizentziarik ez duela erabakiko da eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

20. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileen betebeharrak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten den epean.

–Ordenantza honetan aipatzen diren lizentzia eskuratzeko baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.

–Erregistroan sartzea arriskutsu gerta daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.

–Udalari jakinaraztea animaliaren lapurreta edo galera, gertatzen denetik bost eguneko epean, baita hura beste inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabost eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

–Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzin, arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bost eguneko epean, gehienez ere, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

–Erregistroko datuetan gertatzen den beste edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabost eguneko epean.

–Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko du, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

–Arriskutsua izan daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota horietako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

–Arriskutsu gerta daitekeen animalia bat Lukinera ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskutsu gerta daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak egiaztatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsuak izan daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasunerako eta herritarren segurtasunerako neurriak hartu beharko ditu.

Oro har, animaliak edukitzeari buruz zerikusia duten beharkizun guztiak bete beharko ditu.

Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabost egun izanen da.

21. artikulua. Abenduaren 24ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere debeku dira:

–Arriskutsutzat hartzen den animalia muturrekorik gabe ibiltzea eremu publikoan barna edo adingabe batek daramala.

–Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskutsua izan daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edota kalte, bestela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

–Lukingo Udalaren errekerimendua horretarako adierazitako epetik kanpo betetzea.

–Ordenantza honetan ezartzen diren obligazioak epetik kanpo betetzea, non eta portaera hori ez den hartzen 50/1999 Legearen aurkako arau-haustetzat.

Erantzukizunak

22. artikulua. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki behar du higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen du.

23. artikulua. Jabearen erantzukizun subsidiarioa deusetan ukatu gabe, animaliaren edukitzailea:

a) Erantzule izanen da jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, kasuan-kasuan aplika daitekeen legeari jarraikiz.

b) Halaber, bere ardura izanen da beharrezkoak diren neurriak hartzea animaliek bideak eta eremu publikoak ez zikintzeko.

c) Orobat, ardura izanen du bere animalia zaunka edo zalapartaka hasten bada, berehalakoan hura isilarazteko, batez ere gaueko hamarretatik goizeko zortziak arte gertatzen denean, eta neurriak hartzeko aurrerantzean horrelakorik berriz ere gerta ez dadin.

Zakurrak edo bestelako animaliak bildu eta atxikitzea

24. artikulua. Bere eskumenen esparruan, Nafarroako Gobernuari dagokio:

–Animalia abandonatua biltzea.

–Lagun egiteko animalia dekomisatzea, tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badu edo muntadura desegokietan bada.

25. artikulua. Horretarako izendatzen den lokalera eraman eta gero ezin bada zakurraren jabea nor den jakin, edo zakurra harrapatu eta hirurogeita hamabi orduko epean jabeak eskatzen ez badu, animalia Nafarroako Gobernuko Animaliak Babesteko Zentrora eramanen da.

26. artikulua. Bildutako edozein zakur delako lokaletik atera ahal izateko, nahitaezkoa izanen da txertoaren eta identifikazioaren ziurtagiria aurkeztea eta ematen diren gainerako betebeharrak betetzea, baita sortutako tasak, gastuak eta isunak ordainduak izatea ere.

27. artikulua. Beste zakur bati ausiki egin dionean, gizaki bati ausiki egin dionean edo ohiz kanpoko oldarkortasuna adierazten duenean, zakurra horretarako izendatzen den lokalera eraman beharko da, albaitari batek azter dezan. Albaitariak susmatzen badu amorru zantzurik badela, zakurra bakartu eginen da berehala, aztertu ahal izateko. Albaitariak kasu horietarako ezarririk dauden arauen ariora jokatuko du.

28. artikulua. Jabeak ordainduko ditu animalia bildu eta kontrolatzeak sorrarazten dituen gastuak.

Arau-hausteak

29. artikulua. 1. Ordenantza honi dagokionez, arau hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

–Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluaren arabera erroldatu gabe lagun egiteko animalia bat edukitzea.

–Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

–Zakurrak hiriko eremu publikoetan kate edo uhalik gabe eramatea.

–Lagun egiteko animaliaren gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

–Herriaren inguruko hirilurretan arriskutsu izan daitezkeen zakurrak uhalik edo katerik gabe nahiz muturrekorik gabe ibiltzea.

–Bere zakurraren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen direnean.

Honako hauek dira arau-hauste larriak:

–Animalia behar den mantenurik gabe edukitzea.

–Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene-osasun baldintza txarretan.

–Animalia zikiratzea, mutilatzea eta hiltzera ematea inongo albaitariren kontrolik gabe edo Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean finkatzen diren baldintza eta betebeharren kontra.

–Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

–Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

–Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietan animaliarekin sartzea.

–Animalia bizkarroiduna edo eritua edo gaitzik ez duela ziurtatzeko albaitariaren agiririk gabe saltzea.

Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

–Animaliaren kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

–Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

–Arau-hauste larrietan berrerortzea.

Zehapenak

30. artikulua. Arau-hauste arinek 30etik 60 eurora bitarteko zehapena izanen dute; larriek 60tik 150 eurora bitartekoa, eta oso larriek 150etik 300 eurora bitartekoa.

Erantzukizun zibila

31. artikulua. Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila baztertzen, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituen ordainak ere, halakorik bada.

Animalien babesa

32. artikulua. Animalien Babesari dagokionez, maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean xedatzen dena izanen da araua.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan aplikatuko dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1190 Foru Legea; Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua; Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea; Itsuendako gida-zakurrak arautzen dituen apirilaren 4ko 7/1995 Foru Legea eta uztailaren 24ko 188/1986 Foru Dekretua, Abeltegiak baimentzeko higiene, osasun eta ingurumen arloko baldintza teknikoak ezartzen dituena.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1703071