74. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERGOIENA

Ergoienako mendiko pisten eta bideen erabilera arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Ergoieneko Udalak, 2017ko urtarrilaren 26an egin osoko bilkuran, legez behar den quoruma izanik, erabaki zuen hasiera batean onestea mendiko pisten eta bideen erabilera arautzen duen ordenantza.

Erabakia 2016ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 17an. Jendaurrean egoteko epean inork erreklamaziorik aurkeztu ez zuenez gero, behin betikoz onetsirik gelditu da ordenantza, eta haren testu osoa ematen da argitara, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Ergoienan, 2017ko martxoaren 10ean.–Alkatea, Joseba Imaz Berastegui.

ORDENANTZA, ERGOIENEKO MENDIKO PISTEN
ETA BIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Ergoieneko herribide publikoen sarea ergoienatar guztien ondarearen zati da. Berebiziko garrantzia du udal mugapeko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko. Funtsezkoa da herritarren arteko komunikaziorako eta bisitarien nahiz pasadizokoen harat-honatak errazteko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Ergoieneko hermendian pista eta bide publikoak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedeak hiru dira: Ergoieneko natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea.

Ergoieneko Udalak, Dorrao, Lizarraga eta Unanuren oniritziarekin, helburu horretarako ordenantza hau onesten du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da Ergoieneko mugapenean pista eta bide publikoen erabilera arautzea indarra duen araudiarekin bat. Hauek Dorraoko, Lizarragako eta Unanuko Kontzejuen jabegokoak dira.

2. artikulua. Landabideen kategoriak.

Erabilera nagusia zein duten, Ergoieneko landa bide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:

1. 2 metro zabal edo gehiago duten bideak.

a) Auzoetako bideak, gehienbat herritar talde batek batera erabiltzen ditu, beren etxeetara edo beren nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo basogintzako ustiapenetara joateko.

b) Baserrietako bideak, gehienetan aitzineko horien adar izaten direnak, herritar batek edo gutxi batzuek baserrietan eta haien inguruko ustiategietan sartzeko erabiltzen dituztenak.

c) Pista nagusiak, normalean hermendiaren gainean mugarrien lerrotik kanpora egoten direnak, eta erabiltzen direnak mendi alde handietara ailegatzeko nahiz inguruko herriekin komunikatzeko. Erabilera asko izaten dituzte: basogintza, abeltzaintza, turismoa, ehiza etab.

d) Bigarren mailako pistak, hermendian izaten dira eta sare nagusiaren osagarri dira, eta mendi, baso berri, belai eta beste zenbait tokitara ailegatzeko aukera ematen dute.

e) Egurra ateratzeko bideak eta bide-adarrak: sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute, gehienetan zura ateratzea edo norbanakoen lurzatietan sartzea. Anitzetan noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta denbora luzez ezin dira ibilgailuak sartu.

2. 2 metro zabal baino gutxiagoko bide meharrak.

Bideak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, lasterbideak eta turismorako bidexkak barne.

3. artikulua. Kontserbazioa.

Dorrao, Lizarraga eta Unanuko Kontzejuek zainduko dute 2.1.a), b), c) eta d) ataletan zehazten diren landa bide publikoak beti egon daitezen erabiltzeko maneran. Horretaz gain, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren bestelako bideak (besteen adar direnak, bidexkak).

4. artikulua. Ibilgailu motordunetan ibiltzeko debeku orokorra.

Debeku da pistetatik kanpora mendian barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, baita bi metro zabal baino estuago diren pistetan barna ere, non ez diren nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin edo behar bezala baimendutako bestelako jarduerekin zerikusia duten ibilgailuak. Debeku da, baita ere, ibilgailua aparkatzea pistetatik eta behar bezala seinalatutako tokietatik kanpora.

5. artikulua. Pistak erabiltzeko araubide orokorra.

2.1.c) artikuluan zehaztutako pistak nolakoak diren, hartarakoxe erabiliko dira, eta debeku dira haien erabilera ezohiko eta gehiegizko guztiak, bideetan kalte egiten dutenak edo trafikoaren segurtasunaren kontrakoak.

a) Debeku da arras delako bide eta pista horietan barna basogintzako eta eraikuntzako produktuak herrestan eramatea, baita kate bidezko ibilgailuen joan-etorria ere, non eta ez diren pistak berak garbitu eta hobetzeko erabiltzen direnak edo Udalak eta partikularrek beren finketan obrak edo hobekuntzak egiteko erabiltzen dituztenak.

b) Bide, pista nahiz areketan debeku da lurra, harriak, hondakin mota guztiak eta nekazaritzako edo basogintzako produktuen hondarrak bota edo uztea.

c) Bide, pista eta haien inguruko aparkalekuetan debeku da nekazaritzako, basogintzako edo bestelako produktuen hondarrak erretzea.

d) Espresuki debeku dira lehiaketak eta lasterketak, Administrazioak baimendu ez baditu, baita paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa faunarentzat arriskutsuak izan daitezkeen gidatzeko modu bortitz guztiak. Salbuespen gisara, Ergoieneko Udalak baimena ematen ahalko du taldeka ibilgailu motordunetan antolatzen diren lehiaketa ofizialak eta jarduera turistikoak egiteko.

e) Errespetatu beharko dira 2.1.c) artikuluan zehaztutako pistetarako pisuaz eta kargaz den bezainbatean adierazten diren mugak; inoiz ezin izanen dira 8 tona baino gehiago izan.

6. artikulua. Auzoetako bideetan eta baserrietako bideetan ibiltzeko baimen orokorra.

Sailkapeneko lehenbiziko bi pistetan (auzoetako pistak eta baserrietako bideak), baimentzen da motozikletak eta 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunak ibiltzea.

Hala ere, 3,5 tonatik goitiko pisua duten ibilgailuak ere ibiltzen ahalko dira, Udalak baimena ematen badu, behar bezala seinalatutako lekuetan (zubiak eta abar) izan ezik.

7. artikulua. Baimena, motozikleta eta 3,5 tonatik behitiko pisua duten ibilgailu motordunendako, pista jakin batzuetan barna ibiltzeko.

Motozikleta eta 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunak baimena izanen dute ondoko pistetan barna ibiltzeko:

–Ergoieneko mugapeko lurzatietako pistak.

Udalak berak aldatzen ahalko du zerrenda hori, kontuan hartuz une bakoitzeko gora-beherak, pisten egoera edo berak ikusten duen beste arrazoiren bat.

8. artikulua. Debekua, pistetan ibiltzeko.

Pista debekatuak:

–Lizarraga: Pistetarako sarbideak:

  • Zarapiko bidea (Behekobaso).
  • Biberoko bidea (Behekobaso).
  • Borda zelei (Behekobaso).
  • Basoroko bidea (Leziza eta Aranburuko Barga, Kateko bihurgunea).
  • Odietako bidea (portura daraman langatik).
  • Astaportuko bidea (harrobira sartzen den bidea).
  • Lintxurdiko bidea (portuko azkeneko bihurgunea).

–Unanu: Pistetarako sarbideak:

  • Abreingo bidea (Behekobaso).
  • Ondatzeko bidea (frontoitik).
  • Beriaingo bidea (San Donato).

Ergoieneko gainerako pistetan debeku da ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, non ez diren nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin edo behar bezala baimendutako bestelako jarduerekin (hala nola bordetara joateko eta abar) zerikusia duten ibilgailuak.

9. artikulua. Baimentzeko prozedura.

a) Baimen eskabideak ofizialki ezarritako ereduan aurkeztuko dira; haietan datu pertsonalak, ibilgailuen gainekoak eta eskatzen den baimen motari dagozkionak emanen dira.

b) Baimena eskatzen ahalko dute Ergoieneko herritarrek, bai eta beste pertsonek ere, baldin eta beren ibilgailuekin ibiltzeko beharra arrazoitzen badute, betiere ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz.

–Balorazio irizpideak.

  • Erroldatuak.
  • Jarduera ekonomikoa izan, baina erroldatuta ez daudenak.
  • Zirkulazio zerga ordaintzen dutenak.
  • Ehiztariak. (ehiza garaian).

c) Organo eskudunak gehienez ere hiru hilabeteko epea izanen du baimenen eskubidearen gaineko ebazpena emateko, eta indarra izanen dute egutegiko hiruhileko bakoitzeko lehen egunaz geroztik ebazpenaren egunetik hasita.

d) Baimena ibilgailu edo jarduera ekonomiko bakoitzeko, zer den bidezkoa, banakako txartel bat emanez gauzatuko da, 17. artikuluan aurreikusten diren kasu eta moten arabera. Ibilgailu baimenduen erregistroa sortuko da, eta hari dagozkion zergadunen errolda ere bai.

10. artikulua. Baimena emateko eskumena.

Ergoieneko alkateak emanen du Ergoieneko pistetan barna ibiltzeko baimena, aurreko artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Baimenek urte bakoitzeko abenduaren 31 arte izanen dute balioa eta hurrengo urtea arte luzatutzat joko dira baldin eta uzteko edo ofizioz utzarazteko deklaraziorik egin ez bada.

11. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Ordenantza honen debekuetatik salbuesten dira erakunde eta ente publikoen ibilgailuen joan-etorria, beren egitekoan ari direnean, hala nola polizia, suhiltzaile, basozain eta abarrena.

Inguruabar berezietan, aurreko lerroaldean aipatutakoez bestelako egoera batzuk ere aintzat har daitezke, esaterako: herri lanak, interes publikoko edo orokorreko jarduerak –Administrazio Publikoek edo horien entitate instrumentalek sustatuak–, larrialdi kasuak, istripuak, hondamendiak, etab.

12. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Ergoieneko pista guztietan gehieneko abiadura 25 km/orduko izanen da.

13. artikulua. Pisten egoerari eta inguruabarrei dagokien abiadura.

Istripu arriskuak gutxitzeko, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina motelduz, baita aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita.

14. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez begiratzeagatik pistetan egiten dituzten kalteen erantzukizuna.

15. artikulua. Pisten inbentarioa.

Dorrao, Lizarraga eta Unanuko Kontzejuek Ergoieneko Udalarekin batera 2. artikuluko pista guztien eta haien kategorien inbentarioa eguneratuko du etengabe. Inbentario horrek balio izan dezake pista bakoitzerako tona kopuru eta gehieneko abiadurak zehazteko, ezarritako mugapenez gainera.

16. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarria urratzea arau-haustetzat joko da.

17. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honetako arau-hausteek isuna izanen dute zehapen; 300,00 eurokoa izanen da gehienez ere, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zehapenak ezartzea eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 117. artikuluan ezarriari jarraituz.

Isunen dirua eta kalte-ordainak biltzeko, administrazioko premiamendu bideari ekinen zaio, borondatez ordaintzen ez bada.

18. artikulua. Zehatzeko prozedura.

Arau-haustea ekar dezaketen egitateen berri emanen zaio udaleko alkatetzari; horrek behar den zehapen espedientea abiaraziko du, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeari jarraiki. Ergoieneko Udaleko alkatetza da prozedura ebazteko eta zehapenak ezartzeko organo eskuduna.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2016an baimena jaso duten ibilgailuak automatikoki sartuko dira ibilgailu baimendunen erregistroan, urte hau amaitu baino lehen ez badute baja aurkezten Udalean.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honetan jasota ez dagoen orotan aplikatzekoak izanen dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta indarra duen legeria sektoriala.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1703189