74. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BASABURUA

Ordenantza, Jauntsarasko udal kiroldegiaren erabilera arautzen duena

Basaburuko Udalak 2017ko otsailaren 24an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Jauntsarasko udal kiroldegiaren erabilera arautzen duen ordenantza, eta, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, osorik ematen da argitara.

Basaburuan, 2017ko martxoaren 1ean.–Alkatea, Esther Lakasta Pérez Ilzarbe.

JAUNTSARASKO UDAL KIROLDEGIAREN ERABILERA
ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Jauntsarasko udal kiroldegiaren funtzionamendua arautzea; instalazioa kantxak osatzen du. Ezin izanen dira inola ere erabili kiroldegiko harmailak.

2. artikulua. Pilotalekuaren erabilerak.

2.1. Udal kiroldegia erabiliko da instalazio mota horretako kirolak egiteko, hala nola honako hauek: esku-pilota; pala (luzea edo motza) larruzko edo gomazko pilotaz; frontenisa; bai eta Basaburua-Imotzeko Kirol Batzordeak gauzatzen dituen bertzelako kirolak ere, hala nola herri kirolak, dantzak...

2.2. Instalazioak ahalik eta hobekien zaintzeko, kiroldegian aritzen den orok material egokia erabili beharko du edozein motatako kiroletan aritzerakoan. Debeku da animaliak sartzea eta instalazioak kaltetzen ahal dituzten jarduerak egin eta materialak erabiltzea (ibilgailu motordunak, etab.).

2.3. Debeku da pilotalekua erabiltzea jendearekin modu informalean elkartzeko, erretzeko, jateko edo edateko.

2.4. Udalak, salbuespenez eta aurretik eskaera eginda, baimena ematen ahalko du kiroldegia erabiltzeko, kirol jarduerak eta/edo bertzelakoak egiteko, baldin eta baimena jaso duen pertsonak edo entitate sustatzaileak betetzen baditu Udalak ezartzen dituen baldintzak, instalazioen egoera egokia bermatzeko.

2.5. Kiroldegia erabiltzeko eskabideak, 2.4 atalean aipatzen direnak, aurkeztu beharko dira ekitaldia egiteko aurreikusia dagoen eguna baino 15 egun lehenago gutxienez.

2.6. Udalak berarentzat izanen du kiroldegiaren eta instalazioen erabilera, berak, bere kasa edo bertze batzuekin elkarlanean, sustatzen dituen jardueretan, jarduera horiek gizarte, kultura eta kirol arloetan herria garatzeko helburua badaukate.

3. artikulua. Erabiltzaileak.

3.1. Oihanzabal eskola publikoa. Oihanzabal eskola publikoak doan erabiliko du kiroldegia, eta lehentasuna izanen du instalazioak erabiltzeko; horretarako, giltzak edukiko dituzte, eta haiek arduratuko dira kiroldegia ireki eta ixteaz, erabiltzen duten bakoitzean. Halaber, ezarritako ordutegitik kanpo erabiltzen ahalko dute kiroldegia, betiere Udalari ikasturtearen hasieran jakinaraziz zer ordutan erabiliko duten hura ikasturteak iraun bitarte.

3.2. Bertako kirol eskolak.

Kirol eskola horiek ere doan erabiliko dute kiroldegia, eta giltzak edukiko dituzte, betiere ikasturtearen hasieran jakinaraziz zein izanen den entrenamenduen ordutegia. Giltzen arduradunen erantzukizuna izanen da instalazioak ireki eta ixtea, haiek erabiltzen dituzten bakoitzean. Partidak edo horren ondoriozko ekitaldiak astebete lehenago erreserbatzen ahalko dira.

3.3. 16 urtez gorakoek askatasun osoa izanen dute pilotalekuan sartzeko, bai eta instalazioak erabiltzeko ere, betiere errespetatuz aurretik dauden erreserbak (5. artikulua) eta instalazioen erabilera libreari dagokion ordena, eta erreserbaren fitxa betez.

3.4. 16 urtez beherakoak pilotalekuan sartzen ahalko dira, baldin eta heldu baten baimen idatzia badute edo instalazioetan heldu batekin badaude. (I. eranskina).

3.5. Pilotalekua erabiltzen duten 12 urtez beherako haurrek heldu batekin egon beharko dute, haien segurtasuna bermatzeko eta indarrean dagoen araudia beteko dela ziurtatzeko.

4. artikulua. Jarduteko ordutegia.

Udal kiroldegia erabiltzeko lehentasuna duten erabiltzaileen ordutegia paratuko da: Oihanzabal eskola publikoa eta bertako kirol eskolak. Gainerako orduak erabiltzaileek eurek nahi dutenean jarduteko izanen dira.

5. artikulua. Erreserbak.

5.1. Erreserbak Basaburuko Udalak kudeatuko ditu; pilotalekua erabili nahi dutenek hara deitu edo jo beharko dute, eta hantxe adieraziko zaie nola egin erreserba eta nondik hartu kiroldegia irekitzeko giltzak.

5.2. Erreserba egiteko, erabiltzaile bakoitzak dagokion fitxa bete beharko du. (II. eranskina).

6. artikulua. Sarbideak.

Udalak pertsona bat izendatuko du kiroldegian sartzeko giltzen gaineko ardura hartzeko, bai eta hartaz aldiro egiten den erabilera egiaztatu eta hura ixteko ere. Giltza eskuratu ahal izateko, Basaburuko Udalera deitu beharko da (948503035), kiroldegiaren kudeaketaz arduratzen den pertsonarekin harremanetan jartzeko.

12 urtez beherakoekin pilotalekuan sartu eta haiekin egon behar duen helduak kultur etxekoen segurtasuna zaindu beharko du eta instalazioak egoera onean uzteko erantzukizuna hartuko du.

7. artikulua. Tasak.

7.1. Kiroldegia erabiliz gero, dagokion ordenantza fiskalean ezarritako argi-tasa ordaindu beharko da. Erreserba egiterakoan ordainduko da zenbatekoa.

7.2. Udalak baimenduta kiroldegiko bertze zerbitzu batzuk erabiltzeagatik pagatu beharreko tasa ere dagokion ordenantza fiskalean ezarriko da.

7.3. Kirol jarduera puntualak egiteagatik pagatu beharreko tasak, aurrez kirol instalazioak erreserbatuta:

–2 euro/ordua, pilotalekuko argia erabiltzeagatik.

–3 euro/ordua, kantxako argia erabiltzeagatik.

–5 euro/ordua, kiroldegi osoko argia erabiltzeagatik (pilotalekua eta kantxa).

8. artikulua. Arau-hausteak.

8.1. Kantxan nahiz erantsitako instalazioetan (aldagelak, dutxak, ataripea, etab.) kalteak berariaz egiten dituenari debekatuko zaio kiroldegian sartzea eta hura erabiltzea, bi eta sei hilabete bitarteko epean, gertatutakoaren larritasunaren eta eragindako kalte-galeren arabera.

8.2. Pilotalekua 2.1 atalean aipatu erabileretarako ez bertze batzuetarako erabiltzen bada, baimena ematerakoan hartutako betebeharrak ez betetzeak ekarriko du, halakorik balitz, instalazioetan eskatzaileak eragindako kalte-galeren ordaina ematea.

8.3. Instalazioetan adingabeek kalteak egiten badituzte, gurasoek, edo legezko tutoreak, beren gain hartu eta konpentsatuko dituzte diruz kalte horiek, eta kalteak egin dituenari debekatuko zaio pilotalekuan sartzea bi eta sei hilabete bitarteko epean, gertatutakoa noraino den larria.

9. artikulua. Interpretazioa.

Udalak, Kirol Batzordearen aholkuak eta irizpideak kontuan hartuta, eskumena izanen du ordenantza hau aplikatu eta interpretatzerakoan sortzen diren zalantzak argitzeko.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1702662