74. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATETZ

Ordenantza, ingurumeneko txostenak egiteko, jarduera sailkaturako eta irekitzeko lizentzia eskuratzeko, hirigintzako txostenak egiteko eta obra lizentziak tramitatzeko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Atezko Udalak, 2016ko abenduaren 29an egin osoko bilkuran eta Udalbatzako kideen legezko gehiengo osoa edukita, erabaki zuen hasiera batez onestea Ingurumeneko txostenak egiteko, jarduera sailkaturako eta irekitzeko lizentzia eskuratzeko, hirigintzako txostenak egiteko eta obra lizentziak tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatutako ordenantza behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko agindu, behar diren ondorioak izan ditzan.

Eritze Atetzen, 2017ko otsailaren 28an.–Alkatea, Ezekiel Martin Muxika.

ORDENANTZA, INGURUMENEKO TXOSTENAK EGITEKO, JARDUERA SAILKATURAKO ETA IREKITZEKO LIZENTZIA ESKURATZEKO, HIRIGINTZAKO TXOSTENAK EGITEKO ETA OBRA LIZENTZIAK TRAMITATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehen tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuari jarraituz ezarri da ordainarazpen hau, eta haren 12. artikuluko baimenaren ondorioz.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea ingurumena kontrolatzeko jarduera sailkatuetan aritzeko zerbitzu tekniko eta administratiboak egitea da, honako kasu hauetan:

a) Ingurumeneko txostenak eskatu, tramitatu eta egiteko, jarduera sailkaturako eta irekitzeko lizentzia eskuratzeko, hirigintzako txostenak egiteko eta obra lizentziak tramitatzeko.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Tasak sortuko dira Udalak txosten horien kostuak ezagutzen dituenean, eta obrak egiteko, jarduera sailkaturako, irekitzeko edo abian jartzeko lizentziak ematen dituenean.

Subjektu pasiboa

4. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak ordaindu behar dituzte pertsona fisiko eta juridikoek, baita, nortasun juridikorik ez izan arren, batasun ekonomikoa edo aparteko ondarea osatzen duten entitateek ere, baldin haien izenean lizentzia eman, aldatu edo berraztertzen bada.

Tarifak

5. artikulua. Ordenantza honen eranskinean jaso dira aplikatuko diren tarifak.

Kudeatzeko arauak

6. artikulua. Jarduteko eta irekitzeko lizentziak zein obra lizentziak eskuratu nahi dituztenek eskabidea aurkeztuko dute Udalean, lokalean egin beharreko jarduera(k) eta horren (horien) kokapena zehazten dituztela, legediak eta dagozkien udal ordenantzek eskatutako dokumentazioarekin batera.

7. artikulua. Lizentzia eman eta tasaren likidazioa onetsita dela, interesdunak zenbateko bat ordaindu beharko du borondatezko kobrantza aldiaren barrenean, jakinarazpena jasotzen duenetik aitzina; bertzela, inolako gaztigurik gabe, premiamendu bidez kobratuko da.

8. artikulua. Titulartasuna aldatu edo jardueraren eskualdaketa gertatzen denean, lizentziaren titular berriak Udalari jakinaraziko dio, eta horretarako behar diren egiaztagiriak aurkeztuko ditu.

Azken xedapenetan lehena eta bakarra.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

TARIFEN ERANSKINA

–Jarduera sailkatuaren espedienteak: 50,00 euro, gehi txosten teknikoen eta iragarkien kostua.

–Edozein establezimendu irekitzeko lizentziak ematea, Udala denean baimena eman behar duen organo eskuduna: 50,00 euro, gehi txosten teknikoen kostua.

–Obra lizentzien tramitazioa:

Obra gauzatzeko aurrekontua:

  • < 5.000: 50 euro.
  • > 5.000 < 15.000 euro: 70,00 euro.
  • > 15.000 < 30.000: 140,00 euro.
  • > 30.000 < 60.000: 210,00 euro.
  • > 60.000 < 150.000: 280,00 euro.
  • > 150.000 < 300.000: 350,00 euro.
  • > 300.000 < 600.000: 420,00 euro.

–Hirigintzako kontsultak, txostenarekin: 150,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L1702802