72. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

166/2017 FORU AGINDUA, apirilaren 7koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Oncineda zentroan (Lizarra) dauden egoiliarrek jaso beharreko gutxieneko arreta zerbitzu oinarrizkoak 2017ko apirilaren 11n, 12an, eta 26an arautzen dituena, CCOO, ELA, LAB eta UGT sindikatuek deitutako greba dela eta.

CCOO, ELA, LAB eta UGT sindikatuek, 2017ko martxoaren 28an egindako jakinarazpenaren bidez, greba iragarri dute Oncineda zentroan (Lizarra), 2017ko apirilaren 11rako, 12rako eta 26rako, 11:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara. Zentroa Nafarroako Gobernuarekin itunduta dago eta SAR QUAVITAE entitateak kudeatzen du.

Greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzerakoan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioak hartu behar dira kontuan, jurisprudentzia konstituzionalean errepikatzen den moduan, eta behar bezala arrazoituta egonen dira zerbitzu horiek.

Zentroko instalazioetan zainketa eta zaintza behar dutenak egoten dira, haien oinarrizko premiei erantzuteko laguntza pertsonala behar dutenak, eta horien faltak kalte larriak eragin ditzake haien osasunean; hori dela eta, gutxieneko zerbitzuak zehaztu beharra dago, erabiltzaileek bermatuta izan ditzaten arreta egokirako nahitaezkoak dituzten zerbitzuak, zainketan etenik sortu gabe.

Grebarako deialdia dela eta, zahar etxe horietako laguntza zerbitzua ezin da osorik eten. Izan ere, gizartearentzako funtsezko zerbitzua da, eta haren hartzaileak desgaitasuna eta mendekotasunen bat duten pertsonak direnez, gorabehera larriak gerta daitezkeela hartu behar da kontuan. Konstituzio Auzitegiak dioenez, gizarteak ezinbesteko prestazioetarako duen eskubidea grebarako eskubidearen gainetik dago, eta funtsean agintari publikoek babestu behar dituzte gizartearen zati batek ezinbestean behar dituen zerbitzuak.

Beraz, gutxieneko zerbitzuak ezartzeko orduan, Konstituzioak grebarako aitortzen duen eskubidea errespetatu eta herritar horien ongizate pertsonala babesteko eskubidea bermatu behar da, Espainiako Konstituzioaren 28. eta 49. artikuluek agintari publikoei ezartzen dizkieten eginbeharrak betez.

Funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena gobernuko agintaritzari dagokio, halaxe xedatzen baita lan harremanei buruzko araudia berritzen duen martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan. Eskumen hori Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatuta dago, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikuluan oinarrituz.

Gutxieneko zerbitzuak ezartzean, kontuan hartu da erabiltzaileentzako gutxieneko arretan sartuta daudela, batetik, oinarrizko beharrei erantzuteko jarduera guztiak (otorduak, adibidez), eta, bestetik, zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari dagozkien guztiak, osotara edo hein batean berez egiterik ez dutenak, hori guztia gerta daitezkeen aldaketei behar den garaian egokituz eta ahalik eta bizimodu normalena izan dezatela sustatuz.

Hori dena kontuan harturik, gutxieneko zerbitzuak funtsezkoak dira gutxieneko arreta emateko egoiliarrei, alegia, eguneroko bizimodurako oinarrizkotzat hartzen diren jardueretarako arreta: jantzi, garbitu, toki batetik bestera joan, jan eta mugitzea, baita erabiltzaileen osotasun pertsonala babestu eta zaintzea bermatuko duten zerbitzuak ere.

Desgaitasuna dutenen eskubideei eta gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onetsi zuen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak 3. artikuluan ezartzen ditu printzipio hauek: a) Pertsonen duintasuna, banakako autonomia, hor sartzen delarik pertsonei dagozkien erabakiak hartzeko askatasuna ere, eta independentzia errespetatzea; b) Bizitza independentea; d) Desberdintasuna errespetatzea eta pertsona desgaituak onartzea, giza aniztasunaren eta gizaki izatearen alderdi gisa ikusita; e) Aukera berdintasuna; h) Irisgarritasun unibertsala; j) Gizartean erabat eta eraginkortasunez parte hartzea eta modu horretara jardunez gizarteratzea.

Lege testu horren 51. artikuluan aurreikusirik daude gizarte zerbitzu mota desberdinak, haietako bakoitzean ematen den arreta eta lortu nahi diren helburuak zehaztuta. Hortaz, etxebizitza zerbitzuak aipatzen ditu, egoitzako arreta zerbitzua izan, etxebizitza babestuak izan edo gizarteratzen laguntzeko bestelako ostatuak izan (5. idatz-zatia); eguneko eta gaueko zentroetako zerbitzuak (6. idatz-zatia), eta egoitzetako, eguneko eta gaueko zentroetako eta etxebizitza babestuetako zerbitzuak (7. idatz-zatia).

Azkenik, 63. artikuluak xedatzen duenez, desgaitasunen bat dutenek aukera-berdintasunerako duten eskubidea urratzen dela ulertuko da (4.1 artikuluan eman da haien gaineko definizioa), desgaitasuna dela-eta diskriminazioak eragiten direnean zeharka edo zuzenean, edo elkartzea dela-eta diskriminazioa eragiten denean, edo jazarpenak eragiten direnean, edo irisgarritasunaren baldintzak betetzen ez direnean eta arrazoizko doikuntzak egiteko betebeharra betetzen ez denean, edo legez ezarritako ekintza positiboko neurriak betetzen ez direnean.

Gutxieneko zerbitzuak finkatu edo ezartzeko, honakoa kontuan hartu beharko da:

1. Egoitza horien erabiltzaileen desgaitasun mailari dagokionez:

Zentro honetako egoiliar guztiek desgaitasun fisiko edo adimeneko larria dute, eta gehienetan erabateko arreta behar izaten dute eguneroko bizimoduko oinarrizko beharrak betetzeko, bai eta haien segurtasun fisikoa babestu eta zaintzeko ere. Beraz, oinarrizko zereginak betetzeko duten ezintasun funtzionalean laguntza ematea ez ezik, adimeneko desgaitasunaren kasuan etengabeko eta erabateko zaintza ere behar dute.

2. Zentro honen ezaugarriak hauexek dira:

Zentroa laguntza unitatetan egituratuta dago, eta unitate horiei berariaz atxikitako langileak dituzte.

3. Deitutako grebaren ezaugarriak, berriz, hauek dira:

Zentro horretako lanuzte-deialdia, foru agindu honi dagokionez, 2017ko apirilaren 11rako, 12rako eta 26rako egin da, bi orduz txanda bakoitzean: goizeko txandan (11:00etatik 13:00etara) eta arratsaldeko txandan (15:00etatik 17:00etara ).

Horrek berarekin dakar gutxieneko zerbitzu batzuk finkatu beharra aukeratutako ordutegian funtsezkotzat jotzen diren eginkizunak betetzeko.

Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko orduan, langileen ordezkariek aurkeztutako alegazioak hartu dira kontuan, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuaren proposamenaren aurrean.

Honako hauek dira funtsezkotzat jotzen diren eginkizunak, aipatutako orduetan bete beharrekoak:

a) Eginkizunak 11:00etatik 13:00etara:

–Lantegietara eta/edo jardueretara eramatea, eta/edo unitate edo eremu amankomunetan gainbegiratzea.

–Ordu tarte horretan guztian:

  • Interfonoaz (txirrinak) egiten diren eskaerei erantzutea.

b) Eginkizunak 15:00etatik 17:00etara:

–Hidratazioa ahotik emateko jarraibideak.

–Siestako atsedena ohean aginduz egin behar dutenak altxatzea.

–Askaria.

–Norberaren higienea.

Inkontinentziaren kontrola:

  • Pixoihalak aldatzea.
  • Libratzeko jarraibideak (enemak).

–Eremu amankomunetara edo lantegietara eramatea.

–Ordu tarte horretan guztian:

  • Interfonoaz (txirrinak) egiten diren eskaerei erantzutea.
  • Inkontinentziaren kontrola: Xurgatzaileak aldatzea, pixontziak, kolektoreak, zunda besikalak.

Horrenbestez, kontuan hartuta Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. lerroaldean eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.b) artikuluan xedatutakoa, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.–CCOO, ELA, LAB eta UGT sindikatuek grebarako deia egin dute, 2017ko apirilaren 11rako, 12rako eta 26rako, desgaitasuna dutenei arreta ematen dien Lizarrako Oncineda zentroan (Nafarroako Gobernuarekin itunduta eta SAR QUAVITAE entitateak kudeatua), 11:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara; greba hori ondotik ezartzen diren gutxieneko zerbitzu funtsezko hauek betez eginen da:

a) Oro har, kontuan harturik zentroan ematen diren zerbitzuak, erabiltzaileen oinarrizko beharrak betetzen direla ziurtatuko da, alderdi hauetan: norberaren zainketa, komunikazioa, toki batetik bestera joatea, kontrola eta babesa; ez dira sartuko programekin eta aisiarekin lotutako jarduerak, ez eta osasun zerbitzuekin lotutakoak ere erizaintza eta medikuntzako 24 orduko zerbitzurik ez dagoen zentroetan; horrelakoetan larrialdietako zerbitzutik eman ahal izanen da arreta.

b) Zehazki, egoitza horretako erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta emateko xedearekin:

b.1) Hauek izanen dira zuzeneko arreta ematen duten gutxieneko langileak (zaintzaileak, begiraleak):

MODALITATEA

ORDUTEGIA

ZAINTZAILE ETA BEGIRALEEN GUTXIENEKO ZERBITZUAK

Egoitzako arreta

11:00 - 13:00

Unitateko %75

15:00 - 17:00

Unitateko %60

Eguneko zentroa

11:00 - 13:00

Unitateko %60

15:00 - 17:00

b.2) 11:00etatik 13:00ak arteko txandetan eta 15:00etatik 17:00ak artekoetan, honakoak izanen dira gutxieneko zerbitzuak: ikuztegiko, garbiketako eta sukaldeko zerbitzuen plantillaren %20.

b.3) Bereziki, eguneko arretarako zentroan eta erabiltzaileen oinarrizko beharrei erantzuteko, gutxieneko zerbitzuetan ariko diren langileak %60 izanen dira, eta gutxienez zaintzaile bat, langile teknikoak kontuan hartu gabe. Era berean, garraio zerbitzua mantendu beharko da, baina ordutegiak enpresak antolatu beharko ditu eta familiak jakinaren gainean jarri behar beste denborarekin.

c) Foru agindu honetan adierazitako portzentaje horiek aplikatuta hamarren bat sortzen bada langileen kalkulua egitean, gorantz doituko da, hurrengo unitatera eramanez.

Bigarrena.–Aurreko atalean aipatutako funtsezko zerbitzuak egoitzako erabiltzaileak zaindu ohi dituzten gutxieneko zerbitzuetako langileek eginen dituzte.

Hirugarrena.–Lehen atalean aipatzen diren gutxieneko zerbitzuak egiteko hautatzen diren langileek zerbitzurik ez egitea edo zerbitzua edonola ere aldatzea legez kanpokotzat joko da ondorio guztietarako, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat. Betetzen ez dutenek edo araua hausten dutenek erantzun egin beharko dute.

Laugarrena.–Lehenago xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan diren langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

Bosgarrena.–Foru agindu hau honako hauei jakinaraztea: Andrés Ceniceros jauna, enpresako batzordeko burua den aldetik (jakinarazpenetarako helbidea, Karlos VII.a kalea, 37. zenbakia –Oncineda zentroa–), CC.OO. (jakinarazpenetarako helbidea, Zaragozako etor., 12, 5.a, 31003); ELA (jakinarazpenetarako helbidea, Iturralde y Suit kalea, aurrealdea, 10, 31004); UGT (jakinarazpenetarako helbidea, Zaragozako etor., 12, 3.a, 31003); eta LAB (jakinarazpenetarako helbidea, Arga ibaia, 12-14 behea, 31014).

Seigarrena.–Foru agindu hau Oncineda zentroko zuzendaritzari igortzea (Lizarra).

Zazpigarrena.–Ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen baditu ere, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta enpresa batzordeko buruari igorriko zaio baliabide elektronikoen bidez.

Zortzigarrena.–Foru agindu honek ez du bide administratiboa amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2.a) artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluetan ezarrita dagoenarekin bat.

Iruñean, 2017ko apirilaren 7an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1704508