65. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SAKANAKO MANKOMUNITATEA

Arbizuko zabortegian industrietako hondakinak botatzeko prezio publikoak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa.
Behin betiko onespena

Sakanako Mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2016ko abenduaren 29an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Arbizuko zabortegian industrietako hondakinak botatzeko prezio publikoak arautzen dituen udal ordenantzan (2017ko 13. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 19an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantzan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lakuntzan, 2017ko martxoaren 3an.–Lehendakaria, Aitor Karasatorre Mugurutza.

ARBIZUKO ZABORTEGIAN INDUSTRIETAKO HONDAKINAK BOTATZEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA, 2017KO EKITALDIA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da industrietako hondakin ez-arriskutsuak ematea, Arbizuko zabortegian trata ditzaten.

Salbuespenak

3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Prezio hauek ordaintzera behartuak egonen dira halako enpresak eta partikularrak, beren industrietako hondakin ez-arriskutsuak garraiatzen eta ematen dituztenak, zabortegian uzteko.

Nolanahi ere, botatze horiek egiteko behar den lizentzia edo baimena eskatuko zaie. Zergadun diren aldetik, ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta izaera juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomiko bat izan edo ondare bereizia eduki eta industrietako hondakinak botatzeko zerbitzua eskatu dutenak edo hartaz baliatzen direnak.

Tarifak

5. artikulua. Zerbitzuaren tarifak honako kontzeptuengatik izanen dira:

Industriakoa, hirikoaren parekoa bada, betiere gai organikorik gabekoa

28,13 euro/tona (*)

Industriakoa, hirikoaren parekoa bada, hondakin horiek kartoia baldin badaukate

64,29 euro/tona (*)

Nekazaritzako elikagaien industrian sorturiko azken hondakina. %100eko homogeneotasuna

12,00 euro/tona (*)

Beira zuntza edo horrelatsukoak.

38,09 euro/tona (*)

Paletak: zur hutsezkoak badira

77,25 euro/tona (*)

Paletak: Egurra ez diren beste hondakin batzuekin nahasita badaude

103,00 euro/tona (*)

Zepak eta fundizioko hareak

26,69 euro/tona (*)

Pentsuak, egoera txarrean

30,85 euro/tona (*)

Poliespana edo horrelatsukoak

64,80 euro/tona (*)

Obra hondakinak. Aurretik kudeatzaile batean tratamendua eman bazaie baizik ez dira onartuko eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak

21,54 euro/tona (*)

Landare-lurrak edo gisa berekoak

2,19 euro/tona (*)

Zelulosa organikoaren hondakinak edo horrelatsukoak

29,44 euro/tona (*)

Lohiak, botatzen ahal direnak

28,75 euro/tona (*)

Bilketa eta garraioa nahitaezkoa ez bada.

60,00 euro/ordua

Baskulan pisatzea

3,00 euro

Pilak, horretarako propio diren edukiontzietan bota ez direnak, enpresetatik heldu direnak

3,81 euro/kilogramoa (*)

Ibilgailu abandonatuak (kamioiak eta horrelatsukoak, unitatea)

657,88 euro/unitatea (*)

Ibilgailu abandonatuak (automobil bakoitzeko)

131,56 euro/unitatea (*)

Obra hondakinak, “obra txikienak”. 1.000 kg onartuko dira urtean, subjektu pasibo bakoitzeko

0,00 euro

Landareetatik heldu diren hondakin organikoak, ezpurutasuna %5etik beherakoa badute

0,00 euro

(*) Gehi BEZa.

Nolanahi ere, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

1.–Osagai toxiko edo arriskutsuak dauzkan hondakinik ez da onartuko.

2.–Likidoak edo lohiak ez dira onartuko, hezetasunaren ehunekoaren ondorioz araztegiko makinetan ezin badira erabili.

3.–Kobratzeko kontuetarako ez da hondakintzat hartuko haren pisua 50 kilogramotik beheitikoa bada.

4.–Hondakinak botatzen diren aldiro, 5,00 euro ordainduko da, gutxienez ere.

Likidatu beharreko kuota

6. artikulua. Likidatu beharreko kuota aurreko artikuluko tarifak aplikatuz ateratzen dena izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.

Sortzapena

7. artikulua. Prezio publikoa sortzen da eta, beraz, ordaindu beharra, hondakinak eramaten direnean Arbizuko zabortegiko instalazioetara.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Industrietako hondakin ez-arriskutsuak tratatzeko edo botatzeko eramaten direnean, aldez aurretik beharko da Mankomunitatearen dagokion organoaren baimena.

Baimen hori izan daiteke banakakoa botatze bakoitzeko edo, oro har, horretarako propio baimentzen den onarpen protokoloari jarraikiz.

Mankomunitateak debekatu dezake, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak emaniko Ingurumen Baimen Integratuan sartuak ez dauden hondakinak ekarri eta botatzea.

Diru-bilketa

9. artikulua.

1. 5. artikuluan ezarritako ordainarazpenak hilean behin pagatuko dira.

2. Horretarako, Mankomunitateak emanen du behar den faktura eta bertan adieraziko hilero egin diren hondakin-emateak.

3. Prezio publiko honen zorra premiamenduzko prozeduraren bidez eska daiteke, betiere Mankomunitatearen Ordenantza Fiskal Orokorrean ezarritako moduan.

10. artikulua. Arau-hauste edo zehapenen gaineko inguruabarrei dagokienez, honako hauei jarraituko zaie: Ordenantza Fiskal Orokorra, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta bat datozen gainerako arauak. Hori guztia deusetan ukatu gabe arau-hausleek izan ditzaketen gainerako erantzukizun zibil eta penal guztiak, bereziki hondakin baimendu gabeak edo arriskutsuak ekarri dituztela ezkutatzen badute.

Ordenantza honetan adierazitako betebeharrak ez betetzeagatik sortzen diren erantzukizunak eskatuko dira, ez bakarrik egindakoarengatik baizik eta izan daitezkeen beste erantzule batzuengatik, izan ere erantzukizun hori solidarioa izanen da ekarritako hondakinaren garraiolariaren eta haren sortzailearen artean, pertsona bera ez diren kasuetan betiere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako Ordenantza Fiskal Orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du haren behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean eta indarra izaten jarraituko du etengabe, aldatzeko edo indargabetzeko erabakia hartzen ez den bitartean.

Iragarkiaren kodea: L1702736