65. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

91/2017 FORU AGINDUA, martxoaren 7koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, familia-harrerako zerbitzua, familia-harrera espezializatuaren modalitatean, garatzen duena. Zerbitzua Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan arautzen da.

Nafarroako Foru Komunitateak, gizarte zerbitzuen arloan duen eskumen osoa erabiliz, hala esleitu baitzion Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluak, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea onetsi zuen.

Foru lege hura garatzeko, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua eman zen, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten zuena. Hartan sistemaren prestazioak jasotzen dira, besteak beste familia-harrera. Prestazio bermatu bat da, betiere adingabe bati harrera egiteko prest dagoen familia bat bada eta deklaratu bada familia egokia dela, adingabeari babes eremua emateko, afektibitate, psikologia, prestakuntza, lan, entelegu eta gizarte arloetan garapen egokia izan dezan.

Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jarduketaren printzipio gidariak ezartzen ditu adingabeei arreta emateko, eta adingabearen interes nagusia nabarmentzen du tartean diren beste interes legitimoen gainetik. Honen interesetarako, 69.b) artikuluan ezarritakoaren arabera, lehentasuna ematen zaio haurra familietan hartzeari, egoitzetan hartzearen gainetik. Lehentasun bera ezartzen da Kode Zibilaren 172.ter artikuluan, non, horrez gain, zehazten baita entitate publikoak erabakitako pertsonak edo pertsonek eginen dutela.

Bestalde, Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoak harrera espezializatua aurreikusten du, adingabearena ez den familia batean harrera egiteko modalitate gisa. Kode Zibilaren 173.bis artikuluko harrera mota horren definizioaren arabera, harrera familiako kideren batek berariazko kualifikazio, esperientzia eta prestakuntza ditu eginkizun horretarako, premia edo egoera bereziak dituzten adingabeei dagokienez, erabateko prestasunez, dagokion diru konpentsazioaren truke, betiere lan harreman bat eratu gabe.

Bestetik, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea garatzen duen urtarrilaren 19ko 7/2009 Foru Dekretuak, VI. kapituluan, harrera mota hori arautzen du. 45. artikuluan berariaz ezarritakoaren arabera, familia zabalean edo beste familia batean egin beharreko harreretarako, ordainsariak ematen ahalko dira adingabearen zaintza eta laguntzak sorturiko gastuengatik, berariazko arautegian ezarririko baldintzetan.

Honela, familia-harrera oinarrizko eta lehentasunezko baliabidea da adingabeen babes sisteman. Adingabeak ingurune afektibo batean erabat integratzea du xede, garapen fisiko eta emozional egokia izateko aukera handitzeko.

Esparru honetan, harrera mota honetan eskuratutako esperientziak erakutsi du familia-harrera modalitate berri bat ezarri behar dela, ingurune familiar batean bizitzeak adingabeei ematen dizkien abantailak galdu gabe, portaera arazo bereziak edo premia edo egoera bereziak dituzten adingabeei behar duten arreta emateko, prestasun osoz, adingabea errekuperatzeko edo hobetzeko bermeekin, harrera familiako kideren batek berariazko lanbide-kualifikazio, esperientzia eta prestakuntza dituelako.

Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren azken xedapenetako seigarrenak gaur egungo Gizarte Politiketako kontseilaria gaitzen du aipatu foru dekretua garatzeko eta gauzatzeko behar diren xedapenak emateko.

Horrenbestez, Nafarroako Adingabearen Kontseiluaren aldeko txostena eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluarena ikusirik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea familia-harreraren espezialitate bat garatzea da, hau da, familia-harrera espezializatua arautzea, zailtasun bereziak dituzten adingabeei harrera egiteko neurri gisa, berariazko prestakuntza duten familiek arreta eman diezaioten. Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren G.4 eranskinean agertzen da, prestazio bermatu gisa.

2. artikulua. Familia espezializatuko harreraren definizioa.

1. Harrera espezializatuan, gutxienez harrera familiako kide batek berariazko prestakuntza eta esperientzia ditu haien egoera bereziengatik arreta berezia behar duten adingabeen arloan, hurrengo artikuluan ezartzen den bezala. Eginkizun hori erabateko prestasunez eginen da, dagokion diru konpentsazioaren truke, betiere lan harreman bat eratu gabe.

Kasu jakin batzuetan, harrera egiteko egokitasuna baloratzen duen organo eskudunak baloratu eta baimendu ondoren, onartzen ahal da pertsona horrek adingabearen arretarako dedikazio esklusiboa ez izatea.

2. Familia espezializatuko harreran, adingabeak bete-betean parte hartzen du bizitza familiarrean, eta harrera egiten dutenek adingabea zaindu, lagundu, elikatu eta hezi behar dute, eta prestakuntza integrala eman.

3. Harrera espezializatua adingabearena ez den beste familia batean eginen da.

4. Oro har, familia espezializatu batek gehienez premia bereziak dituzten bi adingabe hartzen ahal ditu aldi berean, salbu anai-arreben talde bat bada.

3. artikulua. Harrera espezializatuaren adingabe onuradunak.

1. Harrera espezializatuaren onuradun izan daitezke babesik gabe edo gatazka sozialeko egoeran dauden eta premia bereziak dituzten adingabeak.

Ulertuko da adingabeak premia bereziak dituela hezkuntza-psikologiako arreta espezializatuagoa eta intentsiboagoa behar duenean, banakako eta etengabeko laguntza-eredu batetik.

Bakoitzaren familiatik bereizitako adingabe hauek bideratuak izan daitezke zerbitzura:

–Anai-arreben taldeak.

–Desgaitasun bat eta/edo osasun arazo bat duten adingabeak, horren ondorioz autonomia pertsonalean zailtasunak badituzte edo arreta egokia jasotzeko zainketa espezializatuak behar badituzte.

–Portaera arazoak edo egokitzapen sozial eta/edo emozionalerako arazoak dituzten adingabeak.

2. Salbuespenez, harrera espezializatua jaso dezakete aipatu ez diren premiak dituzten adingabeek, betiere entitate publikoak horren egokitasuna justifikatzen badu. Horretarako, entitate publikoak, txosten tekniko batean, ezarri beharko du neurri egokiena dela adingabea bideratu eta normalizatzeko.

3. Adingabea harrera espezializatuan hasteko, dagokion atalak baloratu beharko du harrera hori jasotzeko moduko egoeran dagoela.

4. artikulua. Harrera espezializatua jasotzeko baldintzak.

1. Harrera espezializatua eskaini nahi duten pertsona fisikoek urtarrilaren 19ko 7/2009 Foru Dekretuaren 41.2 artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Foru dekretu horren bidez, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea hein batean garatzeko erregelamendua onetsi zen.

2. Prestakuntzaren eskakizuna bete behar duenak frogatu beharko du gizarte eta/edo hezkuntza arloko titulazio ofiziala duela. Besteak beste, hauetako bat: irakasle-ikasketak, gizarte-lana, gizarte-hezkuntza, psikologia edo horien baliokideak edo antzekoak direnak.

3. Behar den kualifikazioa duenak, horrez gain, gutxienez bi urteko lanbide esperientzia frogatu beharko du haurren babesean, hezkuntzan, adingabeen zaintzan edo haientzako arretan. Behar adina esperientzia ez badu, arlo horretako berariazko esperientzia baloratzen ahalko da.

4. Familiako bizikide guztiek ados egon beharko dute harrerarekin, baita harrera jasotzen duen adingabeak ere, betiere 12 urtetik gorakoa bada edo heldutasun nahikoa badu.

5. artikulua. Dokumentazioa.

1. Familia espezializatuen programan parte hartu nahi dutenek, eskabideaz gain, urtarrilaren 19ko 7/2009 Foru Dekretuaren 40. artikuluan eskatutako agiriak aurkeztu beharko dituzte. Foru dekretu horren bidez, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea hein batean garatzeko erregelamendua onetsi zen.

2. Horrez gain, prestakuntzaren eskakizuna bete behar duenak alderdi horiek frogatu beharko ditu. Horretarako, titulazio akademikoa eta adingabeentzako arreta arloko esperientziaren frogagiriak (haurren babesean, hezkuntzan, adingabeen zaintzan edo haientzako arretan) aurkeztuko ditu.

3. Eskatzaileak edozein agiri aurkezten ahalko du familia-harrera mota horretarako gaitasuna frogatzeko.

4. Nolanahi ere, harreraren eta adopzioaren unitate arduradunak familien egokitasuna baloratuko du, eta eskatzen ahalko du baloraziorako beharrezkoa edo garrantzitsua den dokumentazio osagarria aurkezteko.

6. artikulua. Egokitasun deklarazioa.

1. Familia espezializatuak egokiak direla deklaratzeko prozedura eta balorazio irizpideak urtarrilaren 19ko 7/2009 Foru Dekretuan harrera familietarako ezarritakoak dira. Foru dekretu horren bidez, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea hein batean garatzeko erregelamendua onetsi zen.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak familia espezializatuak egokitzat baloraturik mantenduko ditu, programaren beharren arabera, betiere familiak parte hartzeko moduan badaude. Horretarako, programan parte hartzeko borondatea agertu duten familiengana joko du, balorazio eskaera aurkez dezaten, horretarako prestatutako inprimaki baten bidez.

3. Adingabeak babesteko eskumena duen organo administratiboak interesdunen egokitasunari buruzko ebazpena emanen du, eta interesdunei jakinaraziko die.

7. artikulua. Egokitasun deklarazioaren indarraldia eta eguneratzea.

1. Egokitasun deklarazioak hiru urteko indarraldia izanen du ematen den egunetik aurrera, betiere eskatzaileen inguruabar pertsonalak eta familia-inguruabarrak aldatzen ez badira. Deklarazio hori eguneratu egin beharko da indarraldia bukatu baino lehen.

2. Familia espezializatuen egokitasuna alda dezaketen inguruabarrak gerora agertzen badira, deklarazioa eguneratzeko prozedura hasiko da inguruabar horien berri izan bezain laster, eta ordura arteko egokitasun deklarazioa etenik geldituko da. Hori dela eta, egokitasun deklarazioan eragina izan dezaketen egoera aldaketak berehala jakinarazteko betebeharra dute eskatzaileek. Egokitasun deklarazioa eguneratuz gero, indarraldiaren hiru urteak egokitasun deklarazioa eguneratzen duen ebazpenaren datatik aurrera hasiko dira zenbatzen.

3. Egokitasun deklarazioaren eguneratzearen ondorioz interesdunek egokitasuna deklaratzeko baldintzak dagoeneko betetzen ez dituztela ikusten bada, hori adieraziko duen ebazpen arrazoitua emanen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunak, interesdunei entzun ondoren.

8. artikulua. Konpromisoak.

Harrera familia espezializatuek, programan parte hartu aurretik, honako konpromiso hauek onartu beharko dituzte:

a) Adingabeen zaintzaileak izateko baldintza orokorrak eta, bidezkoa denean, aukeratuak izateko egiaztatze jarduketak onartzea.

b) Ezartzen den prestakuntza prozesua betetzea. Betiere, eduki hauek izanen ditu: etxeko lanean eta adingabeen zainketan gizasemeen eta emakumeen erantzunkidetasuna, eta berdintasunerako hezkuntza.

c) Kasuan-kasuan bidezkoak diren agiri eta argibideak aurkeztea, eskatzen bazaizkie.

d) Harrera egiten duten guztiei dagozkien eginbeharrak betetzea, bai eta, izenpetu beharreko zaintza-agirian kasu zehatz horretarako berariaz ezartzen direnak ere.

e) Adingabeen babesaren arloko eskumena duen organoaren jarraibideak, arauak eta oharrak betetzea.

f) Familia espezializatuen bidez zaintzen diren adingabeen balorazio programa onartzeko konpromisoa.

g) Prestakuntza eta esperientzia duenaren dedikazioa esklusiboa harrera jasotzen duen adingabearen zaintzan, oro har, foru agindu honen 2.1 artikuluan aurreikusitako salbuespena kontuan hartuta.

h) Jarraipen eta/edo balorazio txostenak aurkeztea, entitate publikoak ezartzen duen aldizkakotasuna errespetatuz.

9. artikulua. Harrera familia espezializatuen eskubideak eta betebeharrak.

1. Harrera familia espezializatuen eskubideak eta betebeharrak urtarrilaren 19ko 7/2009 Foru Dekretuan eta Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoan harrera familietarako jasotakoak dira. Foru dekretu horren bidez, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea hein batean garatzeko erregelamendua onetsi zen.

2. Programan parte hartzeko eskaintzak edo egokitasun balorazioak ez du berarekin ekarriko, inola ere, zaintza behar duen adingabe bat esleitzeko eskubiderik.

10. artikulua. Familiak aukeratzea.

1. Harrera familia espezializatuak arrazoituta aukeratuko dira; zein adingaberen babesgabetasun egoera baloratzen ari den, horren beharrekin bat. Betiere, kontuan hartuko dira familiek egindako eskaintza eta adingabearen interes nagusia, beste edozein interesen gainetik egonen baita.

2. Harrera espezializatua jasoko duen adingabera hobeki egokitzen den familia aukeratuko da, eskaeraren eta egokitasun balorazioaren data edozein delarik ere.

11. artikulua. Harrerarako akordioak eta zuzkidura ekonomikoa.

1. Harrera familiak harrerarako akordio bat sinatu beharko du. Akordioan familiaren betebehar, konpromiso eta eskubideak bilduko dira.

2. Harrera familia espezializatuek diru konpentsazio hauek jasoko dituzte:

a) Adingabearen mantenu gastuengatik:

Gizarte Zerbitzuen Zorroan ezarritakoa, hau da, LGSaren %63,83 hilean hartutako adingabe bakoitzeko.

Haur batzuen harreraren kasuan, koefiziente murriztaile bat aplikatzen ahal zaio eman beharreko zenbatekoari: 0,75 bigarren adingabearentzat, eta 0,50 hirugarren eta hurrengo adingabeentzat.

Gehienez %50eko igoera aplikatzen ahalko zaio zenbateko horri adingabeak desgaitasun bat badu.

b) Zuzeneko eta zeharkako kostuengatik, familia-harrera espezializatuak eskatzen dituen etengabeko prestakuntzan, entitate publikoko edo entitate laguntzaileetako erreferentziako teknikariekiko elkarlanean eta dedikazio eta prestakuntza berezian emandako denboraren ondorioz: 1.500 euro hilean.

3. Oro har, harreran sortzen ahal diren aparteko gastuak harrera familiari dagozkio, salbu adingabeen babesaren arloko organo eskudunak besterik erabakitzen badu, txosten bat egin ondoren.

12. artikulua. Diru konpentsazioaren aldaketa eta itzulketa.

1. Konpentsazioa emateko hasieran kontuan hartutako egoeran aldaketarik baldin bada, horrek aldaketak ekarri ditzake, konpentsazioa emateari dagokionez eta zenbatekoari dagokionez. Onuradunak edo haren legezko ordezkariak adingabeen babesaren arloan eskumena duen organoari zuzenean eta lehenbailehen jakinarazi beharko dio gertatzen den edozein gorabehera.

2. Berrikusteko prozedura bai interesdunek eskaturik bai ofizioz has daiteke.

13. artikulua. Diru konpentsazioaren iraungitzea.

1. Harreraren truke ematen den konpentsazioa kasu hauetan iraungiko da:

a) Prestazioa emateko ezarritako betebehar edo baldintzaren bat ez betetzea edo betetzetik gelditzea.

b) Onuraduna hiltzea.

c) Jokabide iruzurtia.

d) Programan parte hartzeko konpromisoak ez betetzea.

e) Adingabeei behar bezalako arretarik ez ematea.

f) Harrera bukatzea.

2. Konpentsazioaren iraungitzeak, iraungitzeko arrazoia gertatu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

3. Konpentsazioa bukatzeko inguruabarrak berandu komunikatzen badituzte interesdunek, eta, horren ondorioz, aurreko atalean ezarritako epea iraganik ordainketak egiten badira, itzuli egin beharko dira, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritako berandutze-interesa gehituta.

14. artikulua. Harrera bukatzea.

Harrera espezializatua legeak ezarritako arrazoiengatik bukatuko da.

15. artikulua. Zehapen araubidea.

Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeko arau-hauste eta zehapen araubidea izanen da aplikatzekoa.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetutako arauak.

Indarrik gabe gelditzen dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arauak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko martxoaren 7an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1703227