61. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

206/2017 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, 2016-2017 ikasturterako nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programen laguntza osagarrien deialdia egiten duena.

Unibertsitateen Ataleko buruak txosten bat aurkeztu du eta bertan proposatu du 2016-2017 ikasturteko nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarrien deialdia onetsi eta argitaratzea. Deialdia Espainiako unibertsitateek sustatzen dituzten nazioarteko mugikortasunerako programetan parte hartzen duten ikasleei zuzentzen zaie.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2016-2017 ikasturteko nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programen laguntza osagarrien deialdia onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri da.

2. 230.000 euroko gehieneko gastua baimentzea, 2017ko aurrekontuko “Atzerriko Unibertsitateekin trukeak egitea: Erasmus eta beste batzuk” izeneko 411001-41010-4800-322300 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina igortzea Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Unibertsitate Publikoari, Nafarroako Unibertsitateari, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Unibertsitateen Atalari, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Argibide Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2017ko martxoaren 9an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.

ERANSKINA

2016-2017 ikasturteko nazioarteko mugikortasunerako
unibertsitate programen laguntza osagarrien deialdia

OINARRIAK

1. Xedea.

Nazioarteko dimentsioaren garapena gakoetako bat da unibertsitateko ikasketetan gaur egun. Asmo horrekin, Espainiako unibertsitateek mugikortasunerako hainbat programa sustatzen dituzte, zenbait iturri publiko edo pribatutatik datozen funtsei eta baliabide propioei esker finantzatzen direnak. Deialdi honetan proposatzen diren laguntza osagarriak Nafarroako Gobernuak egiten duen ekarpen zuzena dira, Nafarroako unibertsitateetako ikasleen eta beste unibertsitateetako ikasle nafarren nazioarteko proiekzioa sustatzeko.

2. Laguntzen hartzaileak.

Laguntza horiek unibertsitateko ikasleek eskatzen ahalko dituzte, baldin eta Espainiako unibertsitateek nazioarteko mugikortasunerako sustatzen dituzten programetan parte hartzen badute eta deialdiaren baldintzak betetzen badituzte.

Laguntzak onuradunei ordainduko zaizkie zuzenean.

3. Laguntzen bateragarritasuna.

Onuradun bakoitzari emandako zenbateko osoa 100 euroko modulua aplikatzetik datorrena izanen da egonaldiko hilabete bakoitzeko, behar bezala frogaturik. Gehienez ere bederatzi hilabeterako diru-laguntza emanen da, eta egonaldia 2017ko azaroaren 30a baino lehen bukatu behar du. Egun horretatik aurrera bukatzen diren egonaldien kasuan, azaroaren 30a hartuko da jaso beharreko laguntza kalkulatzeko azken eguntzat.

Ez da laguntzarik emanen hiru hilabetetik beherako egonaldietarako.

Deialdiari esleitutako aurrekontua 230.000 eurokoa da. Hasieran 205.000 euro graduko ikasleek eskatutako laguntzetarako izanen dira, eta 25.000 euro masterreko ikasleek eskatutako laguntzetarako.

Modalitate batean emandako laguntzen zenbatekoa modalitate horretarako aurreikusitakoa baino txikiagoa bada, gelditzen den dirua beste modalitatearen laguntzen zenbatekoari gehituko zaio.

Aurreko deialdietan laguntza hau izan duten eskatzaileek bigarren laguntza bat eskatzen ahalko dute, baldintza hauekin:

Laguntzak emateko, aurrekontuan diru erabilgarria izan behar da, lehenbizikoz laguntza eskatzen duten graduko eta masterreko ikasleei laguntzak eman ondoren.

3. oinarri honetan ezartzen den bezala, gehienez ere 9 hilabeteko egonaldirako emanen da laguntza. Eskatutako bi egonaldien baturak 9 hilabeteko epea gainditzen badu, deialdian ezarritako gehieneko epea bete arte falta diren hilabetetarako emanen da bigarren laguntza.

4. Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

a) Espainiako unibertsitate batean gradu edo master ofizialeko unibertsitate ikasketetan matrikulaturik egotea. Goi mailako arte eta musikako ikasketak ez daude sarturik.

b) Unibertsitateek sustatutako nazioarteko mugikortasunerako programa batean parte hartzea.

c) Egoera hauetako batean egotea:

–Nafarroan jaioa izatea.

–Nafarroan erroldaturik egon izana eskaera egunaren aurreko azken bi urteetan, gutxienez.

d) Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebehar orokorrak betetzea.

5. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laguntzaren eskabidea eta eskaturiko agiriak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko erregistro orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuko erregistroko edozein bulegotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein tokitan, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatutako Nafarroako Foru Komunitateko erregistro orokor elektronikoan.

Hezkuntzaren atarian dagoen inprimakia erabiliz ere aurkezten ahalko da eskaera, hamazazpigarren oinarrian agertzen den helbidean.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko Legearen 76. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskaera behar bezala aurkezten ez bada, dela eskabidea gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, akatsen berri emanen zaio eskatzaileari, jakinarazi eta 10 eguneko epean zuzen ditzan. Horrela egin ezean, artxibatu eginen da espedientea, horretarako ebazpena eman ondoren betiere.

Deialdian agertzen den helbide elektronikoaren bidez ere egiten ahalko da zuzenketa.

6. Dokumentazioa.

1. Laguntza eskabidea, deialdiaren I. eranskineko ereduaren araberakoa. Eskabide hori “nafarroa.eus” atariko tramiteen katalogotik jaisten ahalko da edo, bestela, Hezkuntzaren atarian dagoen inprimakia bete.

2. Laguntza kobratzeko erabiliko den banku edo aurrezki kutxako libretaren lehen orriaren fotokopia, edo antzeko agiri baten lehen orriarena, non laguntzaren onuraduna -kontuaren titular gisa- eta IBAN zenbakia agertzen baitira. Kontuak aktiboa egon beharko du laguntza jaso arte.

3. Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, bi aldeetatik.

4. Nafarroan jaio ez diren eskatzaileek erroldatze-agiri bat aurkeztuko dute, azken bi urteotan Nafarroan bizi izan direla frogatzeko.

5. Baldintzen a) eta b) atalak frogatzeko agiria:

Nafarroako unibertsitate batean matrikulatuta dauden eskatzaileen kasuan, unibertsitateak berak ofizioz aurkeztuko du ziurtagiria.

Beste unibertsitate batzuetan matrikulatuta dauden eskatzaileen kasuan, eskatzailea partaide duen truke programaren edo hitzarmenaren datuen ziurtagiria aurkeztuko dute: destinoko unibertsitatea eta egonaldiaren hasiera eta bukaera egunak.

6. Graduko ikasleentzat: 2015-2016 ikasturteko notak frogatzen dituen agiria, ondoko datu hauekin: egindako irakasgai guztiak, irakasgai bakoitzaren kreditu balioa eta ikasturte horretan erabilitako deialdi guztietan eskuraturiko kalifikazioa. Baliozko agiri gisa onartuko da ikasleak espedientea web bidez kontsultatzea, baldin eta bertan bere izena, NANa eta eskatutako datu guztiak agertzen badira.

Masterreko ikasleentzat: masterra ikasteko aukera eman dien titulazioaren batez besteko nota eta titulazio horren irakasgai guztien kalifikazioak biltzen dituen agiria.

7. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzen dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena. Eskabidea aurkeztearen bidez frogatzen da aitorpen hori.

8. Nafarroatik kanpo dauden unibertsitateen ikasleen kasuan: erantzukizunpeko adierazpena, dioena bere unibertsitatea dagoen autonomia erkidegoan ez duela beste laguntza osagarri bat hartu nazioarteko mugikortasunerako programetarako. Eskabidea aurkeztearen bidez frogatzen da aitorpen hori.

9. Egonaldia eskaera aurkeztu baino lehen amaitu bada, “Egonaldiaren amaiera” agiria ere aurkeztuko da, behar bezala betea eta destinoko instituzioak zigilatua.

7. Laguntzak emateko irizpideak

Izangaien lehentasun ordena ikasketa espedienteen batez besteko notaren arabera ezarriko da.

Graduko ikasleentzat, 2015-2016 ikasturteko kalifikazioekin kalkulatuko da.

Masterreko ikasleentzat, masterra ikasteko aukera eman dien titulazioaren batez besteko nota hartuko da kontuan.

Bigarren laguntza eskatzen duten ikasleentzat: lehentasun ordena bakoitzaren titulazioari dagokiona izanen da.

Batez besteko nota hori Europako kreditu sistema eta unibertsitate tituluen kalifikazio sistema ezartzen duen irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat kalkulatuko da, kontuan hartu beharreko ohar hauekin:

1. Zenbakizko kalifikaziorik ez dagoenean, eskuraturiko kalifikazioak honako baremo honi jarraikiz zenbatuko dira: ohorezko matrikula = 10 puntu; bikain = 9 puntu; oso ongi = 7,5 puntu; nahikoa = 5,5 puntu. “Gai” kalifikazioa duten irakasgaiak eta konpentsatutakoak nahiko batekin baloratuko dira.

2. Kredituen arabera antolatutako ikasketa planak baldin badira, irakasgai bakoitza osatzen duten kreditu kopuruaren arabera emanen da puntuazioa. Batez besteko nota honela kalkulatuko da: kalifikaturiko kredituen batura, horietako bakoitza kasuko kalifikazioen balioarekin biderkatuta, zati kalifikatutako kredituen kopuru osoa.

3. Titulu teknikoen batez besteko nota 1,17 koefizientearekin biderkatuko da.

Batez besteko notan berdinketa baldin badago, kalifikazio onenen arabera ezarriko da hurrenkera. Lehenik, lortutako ohorezko matrikulak hartuko dira kontuan; hala ere berdinketa hausten ez bada, bikain notak eta, hala, hurrenez hurren.

8. Ebazpena.

Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira laguntzak, dagokion aurrekontuko partidan erabilgarri dagoen zenbatekoa agortu arte.

Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta “nafarroa.eus” atarian argitaratuko da, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluan ezarritako moduan jakinaraziko zaie interesdunei. Helbide elektronikoa eman duten interesdunei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaie laguntza.

9. Onuradunen betebeharrak.

Egonaldia amaituta, laguntzen onuradunek “Egonaldiaren amaiera” agiria aurkeztu behar dute (deialdiaren II. eranskina), behar bezala beteta eta destinoko unibertsitateak zigilatuta. Agiri hori “nafarroa.eus” atariko zerbitzuen katalogoan ere eskuratzen ahal da.

Azaroaren 30etik aurrera bukatzen diren egonaldien kasuan, agiria egun hori baino lehen aurkeztuko da, eta egun hori egonaldiaren azken eguntzat hartuko da laguntzaren justifikazioan eta ordainketan.

Agiria, laguntzak ordaintzeko ezinbesteko baldintza, Unibertsitateen Atalari zuzenduko zaio eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko erregistroan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bulegoetako batean aurkeztuko da. Posta elektronikoaren bidez ere aurkez daiteke.

10. Uko egiteak.

Laguntzari uko eginez gero, horren berri eman beharko zaio Unibertsitateen Atalari, eta itzuli egin beharko da jasotako dirua. Posta elektronikoa erabiltzen ahalko da komunikazio bide gisa.

11. Ez-betetzeak.

Arrazoi hauetako bat gertatzen denean galduko da laguntza:

a) Egonaldia ez egitea edo egin dela frogatzen duen “Egonaldiaren amaiera” agiria ez aurkeztea. Kasu horretan, ez da ordainduko laguntzaren zenbatekoa.

b) Eskatu eta emandako egonaldia baino laburragoa egitea, egindako egonalditzat hartuta “Egonaldiaren amaiera” agirian agertzen dena. Kasu honetan, laguntzaren onuradunak agirian justifikatutako hilabeteei dagokien zenbatekoa jasoko du soilik, betiere justifikatutako egonaldiak azaroaren 30a gainditu gabe.

12. Diru-laguntza ordaintzea.

Laguntzen onuradunek zenbateko osoa jasoko dute egonaldia bukatu ondoren.

Hiru epe ezartzen dira laguntzak ordaintzeko: 2017ko ekaina, iraila eta abendua. Epe bakoitzean laguntza ordainduko zaie egonaldia hilabete hori baino lehen amaitu duten eta egonaldia gauzatu dela frogatzeko agiria aurkeztu duten onuradunei.

Egonaldia azaroaren 30etik aurrera bukatzen duten eskatzaileek laguntza jaso ahal izateko, egun hori baino lehen bidali beharko dute “Egonaldiaren amaiera” ziurtagiria.

Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eginen da ordainketa.

13. Laguntzen bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira beste autonomia erkidegoek helburu bererako ematen dituzten laguntza osagarriekin.

14. Laguntzen araubide juridikoa.

Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidea barne, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

15. Errekurtsoak.

Oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

16. Argibideak eta harremanak.

Eskabide orria eta “Egonaldiaren amaiera” ziurtagiria Hezkuntza Departamentuko Argibide Bulegoan eta Unibertsitateen Atalean eskuratu ahalko dira. Era berean, oinarriak eta aipatu agiriak “nafarroa.eus” atarian argitaratuko dira, “Zerbitzuak: laguntzak eta bekak” atalean, hain zuzen.

Hezkuntzaren atarian ere eskuragarri egonen da web bidezko eskabidea.

Edozein zalantza argitzeko, interesdunek honetara jotzen ahalko dute:

–Unibertsitateen Atala.

  • Hezkuntza Departamentua.
  • San Domingo kalea, zk.g. - 31001 Iruña (Nafarroa).
  • Telefonoak: 848 426078 / 848 426064.
  • Helbide elektronikoa: ensenanzas.universitarias@cfnavarra.es.

–Zerbitzuen katalogoa, “nafarroa.eus” atarikoa:

–Hezkuntzaren ataria:

I. ERANSKINA

Eskabide orria. Nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarriak.

II. ERANSKINA

Egonaldiaren ziurtagiria.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1703250