61. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

254/2017 EBAZPENA, martxoaren 14koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, Oinarrizko Hezkuntzan, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Batxilergoan eta Oinarrizko Lanbide Heziketako Erdi eta Goi Mailako Heziketa Zikloetan hezkuntza itunak aldatzeko arauak ematen dituena 2017-2018 ikasturterako.

Maiatzaren 22ko 232/2015 Ebazpenaren bidez (117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 18koa), hezkuntza itunak onetsi ziren, lau urterako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Hezkuntza Berezian eta Lanbide Heziketan, eta sei urterako Lehen Hezkuntzan, martxoaren 23ko 133/2015 Ebazpenak emandako arauei jarraikiz (63. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 1ekoa); ebazpen hori irailaren 25eko 117/2015 Ebazpenaren bidez aldatu zen 2015-2016 ikasturterako. Eta, 2016/2017 ikasturterako, unitate itunduak aldatu ziren ekainaren 29ko 445/2016 Ebazpenaren bidez(152. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 8koa).

Uztailaren 24ko 450/2014 Ebazpenaren bidez (168. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 28koa), hezkuntza itunak onetsi ziren, lau urterako, Haur Hezkuntzako 2. zikloan eta Batxilergoan, otsailaren 21eko 112/2014 Ebazpenak emandako arauei jarraikiz (48. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 11koa); hurrengo ikasturterako, maila horien hezkuntza ituna aldatu zen maiatzaren 22ko 233/2015 Ebazpenaren bidez (115. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 16koa), eta gero irailaren 25eko 117/2015 Ebazpenaren bidez aldatu zen. Eta, 2016/2017 ikasturterako, unitate itunduak aldatu ziren ekainaren 29ko 445/2016 Ebazpenaren bidez(152. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 8koa).

Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 46. artikuluak aipatzen du zilegi izanen dela unitate kopurua aldatzea hezkuntza ituna Hezkuntza Departamentuarekin sinatua duten ikastetxeetan, hezkuntzarako eskubideari bermabide egokia eman ahal izateko.

Hori guztia gogoan, bada, oraingo itunak aldatzeko irizpideak finkatu eta prozedurak zehaztu behar dira.

Horiek horrela, eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Oinarrizko Hezkuntzan, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Batxilergoan eta Oinarrizko Lanbide Heziketako Erdi eta Goi Mailako Heziketa Zikloetan hezkuntza itunak aldatzeko arauak onestea 2017-2018 ikasturterako, honako oinarri hauei jarraikiz:

1. Hezkuntzarako Eskubideari buruzko Lege Organikoarekin, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoarekin eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduarekin bat, ikastetxe pribatuek eskaera aurkezten ahalko dute Hezkuntza Departamentuan, sinatuak dituzten hezkuntza itunak aldatzeko, edo berriak sinatzeko Oinarrizko Hezkuntzan, Lanbide Heziketan, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan eta Batxilergoan, 2017ko apirilaren 30a baino lehen.

Eskaerak Ikastetxeen Erregistroan ikastetxe bakoitzeko titular gisa ageri direnek sinatu beharko dituzte. Titularra pertsona juridiko bat baldin bada, haren ordezkaritza duenak sinatu beharko du eskaera. Ordezkaritza agirien bidez frogatu beharko da.

–Hezkuntza itunak aldatzea eta berriak sinatzea.

2. Hezkuntza Itunei buruzko Erregelamenduaren 46. artikuluak xedatzen duenaren arabera, zilegi izanen da, ikastetxeko titularrak eskatuta edo Hezkuntza Administrazioak berak ofizioz eskatuta, hezkuntza itunak aldatzea, itundutako unitate kopurua handitu edo gutxitzeko.

3. Ikastetxeak berak eskatu badu itundutako unitate kopurua aldatzea, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari zuzenduko zaio eskaera, ebazpen honen lehenbiziko atalean esan den epean, eta gutxienez honako datu hauek izanen ditu:

a) 2017-2018 ikasturterako osotara eskatzen den unitate kopurua.

b) Eskatu den aldaketa justifikatzen duten arrazoiak eta, hala bada, eskatzen diren unitateak hezkuntza mailako kurtsoen artean banatzeko proposamena.

c) Titularraren aitorpena, frogatzeko ikastetxeak jarraitzen duela ituna onesteko bete beharreko baldintzak betetzen, bai eta itunean eragina izan dezaketen aldaketak ere.

4. Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak ofizioz hasiko ditu unitate itunduen kopurua aldatzeko prozedurak, ebazpen honen lehenbiziko atalean ezarritako epeak bukatu ondoren, eskatu ez badute ere, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren bosgarren tituluan ezarritako inguruabarrak izaten diren ikastetxeetan. Eraginpeko ikastetxeen titularrei prozesua hasi dela jakinaraziko zaie, hurrengo ikasturtean egin gogo diren aldaketen berri izan eta bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten, 10 egun naturaleko epean.

5. Itundutako unitate kopurua aldatzeko kontuan hartuko diren irizpideak Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 46. artikuluan ageri direnak izanen dira. Martxoaren 23ko 133/2015 Ebazpenean (63. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 1ekoa) eta otsailaren 21eko 112/2014 Ebazpenean (48. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 11koa) finkaturiko ratioa bete beharko da. Horietan unitate itundu bakoitzeko ikasleen gutxieneko batez bestekoa zehazten da, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 16. artikuluan xedatu bezala.

6. Oro har, gela bakoitzeko gehieneko ikasle kopuruari dagokionez, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren artikulu hauetan ageri den kopurua errespetatuko da: 7. artikuluak Haur Hezkuntzarako ezartzen duena, 11. artikuluak Lehen Hezkuntzarako ezarritakoa eta 16. artikuluak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eta Batxilergorako ezartzen duena. Halaber, aintzat hartuko dira Hezkuntzaren esparruan gastu publikoa arrazionalizatzeko presako neurriei buruzko apirilaren 20ko 14/2012 Errege Lege Dekretuaren 2. artikulua eta Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 46.6 artikulua.

–Unitate iragankorren hezkuntza itunak:

7. Unitate itunduren bat salbuespenezko eta aldi baterako baimenarekin duten ikastetxeek zilegi izanen dute sinaturik duten ituna mantentzeko eskatzea.

8. Ituna mantentzeko eskaerak, zazpigarren atalak aipatzen dituenak, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, ebazpen honen lehenbiziko atalean aipatzen diren epeetan.

–Itunak aldatzeko eta berriak sinatzeko prozedura:

9.1. Itunak aldatzeko edo berriak sinatzeko eskaerak jaso ondoren, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak ebaluatu eginen ditu eskaerak, ebazpen honetan eta aplikatzekoa den legerian finkatu diren irizpideen arabera.

9.2. Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak zilegi izanen du eskatzaileak aurkeztu dituen eskaera eta alegazioen gaineko txostenak eta balorazioak eskatzea, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiari.

9.3. Baliabide Ekonomikoen Zerb itzuak, hala behar denean, erakutsi eginen die espedientea eskatzaileei eta epe bat finkatuko du, beren eskubideen alde bidezkoa iruditzen zaiena alega dezaten.

9.4. Eskaeraren gaineko ebaluazioa ikusirik eta eskatzaileak aurkeztu dituen alegazioak aztertu eta baloratu ondoren, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak proposamen bat eginen du itunak aldatzeko eskaeren gainean.

9.5. Horrekin batera, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak, ikastetxeetako titularrek aurkeztutako alegazioak kontuan harturik, eta, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak, Lanbide Heziketaren Zerbitzuak eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiak txostenak eta balorazioak egiten badituzte, haiek ere kontuan harturik, proposamen bat eginen du Hezkuntza Administrazioak ofizioz abiatu dituen hezkuntza itunen aldaketen gainean, eta, kasua bada, espedientea erakutsiko die interesdunei eta epe bat finkatuko du, eskubidez bidezkoa iruditen zaiena alega dezaten.

10. Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuaren proposamena Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari igorriko zaio, ikastetxe itunduen finantzaketarako aurrekontuan dauden baliabideak kontuan harturik.

11. Ebazpen honen babesean egiten diren hezkuntza itunen aldaketak eta itun berriak eginbide baten bitartez formalizatuko dira, eta eginbide hori hezkuntza ituna formalizatzeko agiriari erantsiko zaio. Eginbide hori, batetik, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak eginen du, Hezkuntza Administrazioaren izenean, eta, bestetik, ikastetxeko titularrak edo legezko ordezkariak; ordezkaritza agiri bidez frogatu beharko du.

12. Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren ebazpena, hezkuntza ituna aldatuko duena, interesdunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezezkoa baldin bada, arrazoiak eman beharko dira.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiko buruari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko martxoaren 14an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.

Iragarkiaren kodea: F1703456