61. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

131/2017 EBAZPENA, otsailaren 16koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, Zeharkako flautaren espezialitatea Musika eta Dantza Eskolen Berariazko Erregistroan inskribatzen duena, Milagroko “San Blas” Udal Musika Eskolak irakats dezakeen irakaskuntza gisa.

Ikusirik Yolanda Ibáñez Pérez andreak, Milagroko Udaleko alkate-udalburuak, “San Blas” Udal Musika Eskolan Zeharkako flauta irakasteko eskaera dela-eta irekitako espedientea.

Ikusirik, eskatutako instrumentu-espezialitate hori inskribatzeko, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egin duen aldeko txostena.

Kontuan harturik Musika eta Dantza Eskolen sorrera eta funtzionamendurako oinarrizko arauak ezarri zituen abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuaren 29. artikuluan xedatutakoa (foru dekretu hori 79/2010 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak barne merkatuko zerbitzuei buruz 2006ko abenduaren 12an emandako 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko).

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, eta Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuak proposatuta,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Gobernuaren Musika eta Dantza Eskolen Berariazko Erregistroan Zeharkako flautaren espezialitatea inskribatzea Milagroko Udalaren “San Blas” Musika Eskolak (ikastetxearen kodea: 31013227) ematen dituen irakasgaien atalean. Baimenak 2016ko abenduaren 21etik aurrera izanen ditu ondorioak, egun horretan sartu baitzen Hezkuntza Departamentuan ikastetxearen titularrak egindako eskaera.

2. Hortik aurrera, eskolak 421/1992 Foru Dekretuaren 9.1 artikuluan aipatzen den oinarrizko eskaintzako ikasketak emateko baimena izanen du, eta musika-tresnen arloan espezialitate hauek eskainiko ditu: Akordeoia, Bonbardinoa, Klarinetea, Gaita, Gitarra, Perkusioa, Pianoa, Saxofoia, Tronboia, Tronpeta eta Zeharkako flauta.

3. Eskolaren osaera aldatuz gero, eta aldaketak 421/1992 Foru Dekretuaren 29. artikuluan araututakoa ukitzen badu, Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko zaio.

4. Foru dekretu horren 31. artikuluan aipatutako kasuetan, eskolaren inskripzioa baliorik gabe uzten ahalko da.

5. Administrazioaren ebazpen honen kontra, orobat, administrazio publiko interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko du, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7. Ebazpen hau Milagroko Udaleko alkate-udalburu jaunari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari, Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalari, Ikastetxeen Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari eta Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Atalari igortzea.

Iruñean, 2017ko otsailaren 16an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.

Iragarkiaren kodea: F1702212