57. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

555/2017 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 30eko 3016/2016 Ebazpeneko akatsak zuzentzen dituena. Ebazpen horren bidez, nekazaritzaren sektorean kontratazioa sustatzeko diru-laguntzak arautzen dira.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak uste du beharrezkoa dela deialdiaren 2.a) oinarriaren testua zuzentzea; nekazaritzako kanpainetan kontratatzen diren pertsonen egoerari buruzkoa da.

Nekazaritza sektoreko langileen taldeak kasuistika konplexua du. Langile bat alta emanda egon daiteke lanean aritu ala ez, egiazki egindako lanaldien arabera kotizatzen eta ordaintzen baita. Gainera, kasu gehienetan, kontratuen iraupena oso laburra da, aldi labur eta ez jarraituetarako izaten dira.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kontuan hartu nahi ditu bai lan bila dabiltzan pertsonak, bai lanean aritu arren lan baldintzak hobetu beharra dutenak. Horregatik, Nafarroako Enplegu Agentzietan inskribatutako pertsona guztiekin jokatuko da, nekazaritza kanpainetako eskariaren ondorioz sortzen diren lan eskaintzei erantzuteko.

Abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat,

EBATZI DUT:

1. 2. oinarriaren testua zuzentzea. Honela idatzita agertuko da:

2. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak eta laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak honako hauek dira:

a) Nafarroako egoiliarrak diren sasoiko langileak kontratatzea, Nafarroako enplegu agentzietan aldez aurretik inskribatuta badaude. Horrek ondoko jarduketak dakartza:

–Nafarroako eskualde bakoitzean behar den aldi baterako eskulanaren plangintza egitea, nekazaritzaren kanpainen arabera.

–Eskaintzak elkarlanean kudeatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren enplegu agentziekin, haietan inskribatutako pertsonen kontratazioa koordinatzeko.

–Nekazaritzako langileen kontratazioa legearen araberakoa izan dadin egin behar diren administrazio tramiteak (Gizarte Segurantzan alta ematea).

50 eurokoa izanen da diru-laguntza nekazaritzako kanpainetan langileei egiten zaien kontratu berri bakoitzeko. Muga 45.000 eurokoa da atal honetan. 5.000 euroko edo horretatik gorako jarduketak baino ez dira lagunduko diruz, hau da, gutxienez 100 kontratukoak direnak.

2. Ebazpen hau entitate interesdunei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2017ko martxoaren 9an.–Zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

Iragarkiaren kodea: F1703096