57. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Laburpena, haurrak (0-3 urte) Eguesibartik kanpoko ikastetxeetan eskolatzeko diru-laguntzen oinarri arautzaileena

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3b eta 20.8a artikuluetan aurreikusitakoari jarraituz, argitara ematen da deialdiaren laburpena; horren testu osoa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/index). BDNS (Identifikazioa): 334917 eta Udalaren webgunean.

Xedea.

Oinarri hauetako diru-laguntzen xedea da udal ikastetxeetan tokirik egon ez eta haurrak ibarretik kanpora eskolatzen dituzten familien karga ekonomikoa arintzea.

Laguntzen onuradunak.

Onuradunak izan ahalko dira baldintza hauek betetzen dituzten familiak bakarrik:

1. Udal ikatetxe batean eskolatuko den adingabearen gurasoak, bai eta haurra bera ere, Eguesibarko Udaleko Biztanleen Erroldan inskribaturik egon beharko dira.

Guraso bakarreko familien kasuan, eskolatzeko laguntzaren xede den adingabeaz gain, nahikoa izanen da Eguesibarren bizi ohi den aita edo ama bertan inskribaturik egotea.

2. Udal ikastetxeetan aurreinskripzioa egin beharko da, Udalak ezarritako epeen barnean.

3. Orobat, aurreinskripzio horrek berekin dakartzan kuota, tasa eta ordainarazpen guztiak ordaindu beharko dira.

4. Ezinbesteko baldintza izanen da adingabearen inskripzioa itxaron zerrendan gelditzea, tokirik ez dagoelako udal ikastetxeetako batean ere ez.

5. Matrikula egin beharko da ibarretik kanpoko haur hezkuntzako ikastetxe batean. Hura titulartasun publikoko izanen da eta legez eskatutako baimenak izanen ditu. Matrikula hori eginen da ibarreko ikastetxeetarako egindakoaren hezkuntza eredu berean. Eta ikastetxe horrek Eguesibarko Udalarekin hitzarmena sinatua duenetarikoa izan beharko du.

Ibarrean eskatutako ereduen artean euskaran murgiltzekoa baldin badago, ulertuko da hezkuntza modalitatea errespetatu dela ibarretik kanpoko ikastetxean matrikula egin bada euskarako ereduetako batean edo euskararen hastapenetakoan.

6. Ibarreko ikastetxe batean, eskatutako edozein hezkuntza eredutan, eskolatzeari uko egin ez izana. Matrikulazio epea amaituta, plaza hutsa eskaini eta ibarrean eskolatzeari uko egitea ez da oztopo izanen oinarri hauetan araututako laguntzak eskuratzeko.

7. Oinarri hauetatik ondorioztatzen diren baldintzak eta beharkizunak betetzea.

Epea, instrukzioa, tramitazioa eta ebazpena.

Udalak ezartzen duen ikastetxean egin daiteke aurreinskripzioa. Bertan zehaztuko da haurra zein udal ikastetxetan eskolatu nahi den. Bat baino gehiago badira, zein lehenesten den adieraziko da.

Aurreinskripziorako epea administrazio eskudunak ezarriko du aldira. Jendaurrera atera beharko da epe hori.

Eskolatzeko laguntzaren eskaera.

Eskolatzeko laguntzaren eskaera eginen da ekainaren azken astean (ekainaren 26tik 30era). Behar izanez gero, aparteko epe bat irekiko da.

Sarrigurenen, 2017ko martxoaren 8an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.

Iragarkiaren kodea: L1703085