46. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SAN ADRIÁN

San Adriango udal mugapeko bideetan trafikoa arautzen
duen ordenantza. Behin betiko onespena

San Adriango Udalak, 2016ko azaroaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen San Adriango udal mugapeko bideetan trafikoa arautzen duen ordenantza.

Onesteko erabakia 2016ko 222. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 17an, eta jendaurreko epean aurkeztu diren alegazioak ebatzi dira; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

San Adrianen, 2017ko urtarrilaren 31n.–Alkatea, Emilio Cigudosa García.

SAN ADRIANGO UDAL MUGAPEKO BIDEETAN TRAFIKOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

San Adriango Udalak, jasangarritasun politikak bultzatuz, eta helburu izanik aldaketa bat lortzea, horri esker oinezkoen segurtasunak lehentasuna izan dezan eta herritarren bizi kalitate hobetu dadin, eta, era berean, helburu izanik San Adriango hirigunea zaintzea, trafikoa arautzeko prozesua hasi du, eta neurri batzuk hartu ditu egiazki mugatzeko zenbait ibilgailu hirigunean sartzea.

Pilaketak, kutsadura, asotsa, aparkatzeko zailtasunak, trafikoak sorrarazitako segurtasun eza eta hiriko bideak hondatzea, horra San Adriango hirigunean ibilgailuak gehiegi erabiltzearen ondorioetariko batzuk.

Aipatu beharrek berariazko araudi bat eskatzen dute, finkatutako helburuak lortu ahal izateko.

Ordenantza hau ondoko artikuluetan xedatutakoari jarraikiz eman da, denek Udalaren eskuetan uzten baitute hiriko bideetako trafikoaren eta zirkulazioaren alorreko eskumena, eta hiriko bideen erabilera zirkulazioari buruzko udal ordenantzaren bidez arautzekoa: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2-b) artikulua, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikulua eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna aldatu duen martxoaren 24ko 5/1997 Legearen 7-b) artikulua.

San Adriango Udalaren eskumenekoak dira trafikoa, ibilgailuak aparkatzea eta mugikortasuna, baita hori Udaltzaingoaren bidez zaintzea, bide horietan egiten diren arau-hausteak salatzea eta zehapenak ezartzea ere, beste administrazio bati espresuki esleituta ez dagoenean; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.g) artikuluan xedatutakoarekin bat (Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Jasangarritasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak emandako idazketa), eta trafikoari buruzko araudian xedatutakoarekin ere bat, erabaki da San Adriango udal mugapeko bideetan ibilgailuen trafikoa arautzen duen dokumentu hau onestea.

Xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedea da San Adriango udal mugapeko bideetan zirkulazioa arautzea.

Ordenantza honetako aginduak San Adriango udal mugape osoan aplikatuko dira, eta behartuko dituzte zirkulaziorako on diren bide eta lur publikoen titularrak, horretarako on ez izan arren erabilera komunekoak diren bide eta lurren titularrak eta, beste araurik ezean, erabiltzaile multzo zehaztugabe batek erabiltzen dituzten bide eta lurren titularrak ere bai.

2. artikulua. Udalaren eskumena.

San Adriango Udalaren eskumena da:

a) Trafikoaren antolamendua eta kontrola bere udal mugapeko hiri bideetan, baita haren zaintza ere Udaltzaingoaren eta haren laguntzaileen bitartez, bide horietan egiten diren arau-hausteen salaketa eta beraien zehapena, lan hori espresuki beste administrazio baten eskuetan ez dagoenean.

b) Xedapen orokorren bitartez hiri bideen erabilerak arautzea, bateragarri eginez aparkalekuak erabiltzaile guztien artean zuzen banatzea, ibilgailuen trafikoak behar duen arintasuna eta oinezkoak kaleetan ibiltzea.

c) Ibilgailuak hiri bideetatik kentzea eta gero altxatzea, araudiak horrela jasotzen duenean.

d) Kirol proben baimena, oso-osorik San Adriango udal mugapean barna baizik pasatzen ez direnean.

e) Bide segurtasunaren zaintza eta kontrola atxikirik dituen tokietan, erregelamenduak ezarritako probak egitea, bide horietan barna dabiltzan gidarien intoxikazio maila zehaztu beharrez, dela alkoholak, dela sorgorkariek, dela substantzia psikotropikoek edo dela estimulatzaileek ekarria.

f) Bideak ixtea, beharrezkoa denean.

g) Pasabideak eta espazioen erreserbak baimentzea, hala aldi baterakoak nola iraunkorrak, eta trafiko murriztuko eremuetan sartzeko baimenak.

3. artikulua. Aparkatzea eta zirkulazioa antolatzea.

Udal agintaritzari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea.

Horren ondorioz, Udalaren baimena izan ezean partikularrek debeku dute aparkatzea antolatzea, espazioak erreserbatzea, zirkulazioa moztea eta seinaleak paratu edo kentzea, arau-hauste larritzat hartuko baitira.

Portaera arau orokorrak

4. artikulua. Ibilgailuek debeku dute asotsa egitea, seinale akustikoak desegokiro erabiliz edo tupustean azeleratuz, baita ihes-hodi trukatuek, ozen-ozen jarritako musika ekipoek edo bestelako ezohiko inguruabarrek eragin dezaketena ere.

5. artikulua. Ibilgailuen soinu-alarmak arrazoirik gabe pizteagatik zehapena ezarriko da.

6. artikulua. Debeku da suteak, zikinkeria, zirkulaziorako arriskua edo, oro har, kaltea eragin dezaketen gauzak edo likidoak bidera botatzea.

7. artikulua. Oinezkoek debekaturik dute baimenduta ez dauden tokietatik galtzada gurutzatzea. Toki baimenduetatik egin beharko dute, ahal den azkarren, gelditu gabe edo beste erabiltzaileei traba egin gabe, eta zirkulazioa oztopatu gabe.

8. artikulua. Galtzada gaizki baldin badago, obrak, eguraldia edo beste zerbait dela eta, gidariek kasu eman beharko dute, istripurik eta oinezkoendako eragozpenik gerta ez dadin.

9. artikulua. Ilunabarretik argi-hastera bitarte ibilgailuek hurbilerako argiak piztuta eraman beharko dituzte, udal mugapeko galtzada guztietan. Motozikletek egun osoan eramanen dituzte argiak piztuta. Halaber, hurbilerako argiak, eguraldiak hala eskatzen duenean, eraman beharko dira piztuta.

10. artikulua. Debeku da gidatu bitartean telefonoak edo komunikatzeko antzeko bitartekoak erabiltzea, hauek “eskuak libre” izeneko gailua dutenetakoak ez badira, behintzat.

Bizikletak eta ziklomotorrak

11. artikulua. Ziklomotorren, bizikleten, gurpil-oholen eta gidarien energiaz mugitutako gainerako ibilgailuen kasuan, zirkulazioaren arau orokorrak bete beharko dira.

12. artikulua. Bizikletak eta ziklomotorrak oinezkoen alderdietan edo espaloi eta pasealekuetan aparkatzen ahalko dira, baina Udalak ezarritako gune erreserbatu eta behar bezala seinalatuetan soil-soilik.

13. artikulua. Ziklomotorrak oinez eramanen dira aparkaleku horietaraino, jarlekuan jarri gabe eta motorra itzalita. Motorraren indarra soilik erabiltzen ahalko da espaloiaren koska gainditzeko.

14. artikulua. Ziklomotorrak erdibaterian aparkatuko dira galtzadan, metro eta erdiko zabalera okupatuz, gehienez ere.

15. artikulua. Motozikleta edo ziklomotor bat bi ibilgailuren artean aparkatuz gero, ez da haietan sartzea galaraziko, ezta zirkulaziora itzultzeko maniobra ere.

16. artikulua. Debeku da bizikletak, patinak eta gurpil-oholak espaloietan, parkeetako eta lorategietako kaleetan ibiltzea, horretarako erreserbatutako alderik ez bada.

17. artikulua. Bizikletak galtzadan barna joanen dira, espaloitik ahal den hurbilen. Zenbait errei dituzten bideetan, alboetatik ibiliko dira. Errei bat baino gehiagoko bidegurutzeetara hurbiltzean, zein aldetara egin gogo den bira, eskuin-eskuinean dagoen erreiaren eskuinaldetik joanen dira.

18. artikulua. Debeku da bizikletak gauez ibiltzea, aurreko argia eta atzeko islatzailea, gutxienez, ez badaramatzate. Argi keinukaririk ez duten bizikleten eta ziklomotorren gidariek garaiz seinalatu beharko dituzte egin beharreko norabide aldaketak eta biraketak, besoak erabiliz, erregelamenduak adierazten duen bezala.

19. artikulua. Ziklomotorren gidariak eta erabiltzaileak beharturik daude kaskoa erabiltzera, behar bezala homologatua, ongi jantzia eta lotua.

Zamalanak

20. artikulua. Udalak zamalanetarako toki erreserbatuak ezarri ahalko ditu, erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoaren bidez adieraziak.

21. artikulua. Eremu horietan, salgaien garraioan aritzen diren ibilgailuek eginen dituzte zamalanak, haietarako erreserbatutako guneen barrenean eta erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoen bidez adierazitako orduetan; betiere, ibilgailuak 2 metro zabal edo 5,5 metro luze izanen dira, gehienez ere.

22. artikulua. Zamalanetarako erreserbatuetan ezin izanen da aparkatu lan horiek egiteko behar den denbora baino luzeago, eta inoiz ez 30 minutu baino gehiago.

23. artikulua. Inolaz ere ez daiteke oinezkoen eta ibilgailuen ibilia eragotz edo oztopa, ezta atari, saltoki edo pasabide baimenduen sarbideak ere. Horretarako, zamalanetan erabiliko diren merkataritzako gaiak, materialak eta gauzak, lurrean utzi gabe, zuzenean eramanen dira ibilgailutik eraikinera edo alderantziz.

24. artikulua. Lan horiek egiteko behar adina langile egonen da, eta arretaz ariko dira, azkar, arriskurik gabe eta asots gutxi aterata.

25. artikulua. Ibilgailuak espaloiarekiko paraleloan lerrokatu beharko dira, ertzaren kontra, aurrealdea zirkulazio orokorraren norabidean, salbu eta bateriako aparkalekuetan, kasu horretan ibilgailuak ezin izanen baitira horretarako seinalatutako eremutik kanpora atera.

26. artikulua. Udalak aparkatzeko aldi baterako erreserbak ematen ahalko ditu, lan zehatzak egiteko (etxe-aldairak, fuelaren hornidura, obrak etab.), betiere aitzinetik eskatzen bada eta dagokien tasa ordaintzen bada.

Merkataritzako gai arriskutsuak eta garraioetako ibilgailu handiak

27. artikulua. Debeku dute San Adriango hirigunean zehar ibiltzea Merkataritzako Gai Arriskutsuen Errepide bidezko Garraioaren Erregelamendu Nazionalaren (1754/1976 Dekretuaren bidez onetsia) 1-a, 1-b, 1-c eta 2 motetan sartutako merkataritzako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek, aldi berean erregelamendu horren 1 edo 2-A arrisku etiketak eraman behar badituzte.

28. artikulua. Debeku da arras 36. artikuluan aipatu ibilgailuek San Adriango udal mugape osoan aparkatzea.

Oinezkoen eremuak

29. artikulua. San Adriango Udalak ibilgailuak ibili eta aparkatzeko debekua, erabatekoa edo hein batekoa, ezarri ahal izanen du udalerriko alde batzuetan. Horiexek izanen dira oinezkoendako alderdiak.

30. artikulua. Eremu horiek zutikako seinaleen bidez zedarrituko dira, baita ibilgailuak toki horietara sartzea galarazi edo mugatuko duten beste elementu batzuk ezarrita ere.

31. artikulua. Oinezkoen eremuetan ibilgailuak zirkulatu eta aparkatzeko debekuak:

a) Zedarritu eta seinalatutako alderdiaren barreneko bide guztiak hartzen ahal ditu.

b) Ibilgailuak zirkulatu eta aparkatzeko debekua ordutegi batera mugatzen ahal du.

c) Finkoa izan daiteke edo soilik astegun batzuetan aplikatu.

32. artikulua. Nolanahi ere, murrizketa horiek ez dute eraginik izanen, tokiaren zein ibilgailua erabiltzen duenaren ezaugarriak kontuan hartuta, ibilgailuek Udalaren baimena badute.

33. artikulua. Oinezkoen eremuetan oinezkoak lehentasuna izanen du ibilgailuen aurretik, salbu eta ibilgailua larrialdietan ibili eta, erregelamenduari jarraituz, hala adierazten denean.

34. artikulua. San Adriango oinezkoen eremu guztietan abiadura mugaturik egonen da, eta 20 km orduko izanen da gehienez.

Ibilgailu astunak ibiltzea eta autobusak,
kamioiak, atoiak eta karabanak aparkatzea

35. artikulua. Orokorrean debekatuta dago, hirigune barneko bideetan, 5 tonatik gorako BGPa duten ibilgailu astunen zirkulazioa, zama izan ala ez, baimen berezia izan ezean, eta 5 tonatik gorako BGPa duten ibilgailu astunak bide horietan aparkatzea. Debeku hori ez betetzea arau-hauste larria izanen da.

36. artikulua. Halaber, 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duten autobusek debeku dute udal mugapeko bide guztietan aparkatzea.

37. artikulua. 33 eta 34. artikuluetan ezarritakoa galarazi gabe, Udalak berariazko tokiak ezartzen ahalko ditu halako ibilgailuak aparkatzeko; kasu horretan, erregelamendu bidez zehaztuko den baimena jaso beharko da udal agintariengandik.

38. artikulua. Debeku horiek ez dira beteko behar bezala justifikaturiko salbuespen kasuetan, betiere aitzinetik agintari eskudunaren baimena eskuratu baldin bada.

39. artikulua. Karabanak eta atoiak aparkatzeko beharrezkoa izanen da udal organo eskudunaren baimen berariazkoa eskuratu eta lurzoruaren aprobetxamendu bereziaren prezio publikoa ordaintzea.

40. artikulua. Erabat debekaturik dago karabana, atoi eta etxebizitza-ibilgailuetan bizitzea udal mugapearen barrenean, salbu eta horretarako egokitutako tokietan. Horiek osasungarritasuna eta higienea bermatzeko adina bitarteko izan beharko dute.

Trafikoa kontrolatu eta antolatzeko neurriak

41. artikulua. Udalak egokitzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izanen ditu trafikoa antolatzeko, zenbait tokitan zirkulatzeko baldintzak aldatuz, murriztuz edo debekatuz, betiko nahiz aldi baterako, aparkalekuak, zamalanak eta pertsona zein salgaien garraioa berrantolatuz eta arautuz.

42. artikulua. Udaltzaingoak aldi baterako aldatu ahal izanen du zirkulazioaren antolamendua hiriko eremu batzuetan, baita sarrerak debekatu edo murriztu ere, zirkulazioa seguruagoa eta errazagoa izan dadin.

43. artikulua. Udaltzaingoak trafikoari dagokionez egiten dituen adierazpenek, oinezkoei zein gidariei, lehentasuna izanen dute lehenagoko beste edozein seinalazio edo araudiren aldean. Adierazpen horiek argiak eta gidariarentzat edo oinezkoentzat ulerterrazak izan beharko dute.

44. artikulua. Udalak aldi baterako debekatu ahal izanen du aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinalatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan. Halako kasuetan eremu horiek mugatuko dira, debekua 24 ordu lehenagotik adieraziz, neurriari hasiera noiz emanen zaion adierazten duten seinaleen bidez.

45. artikulua. Eremu publikoan edozein gauza paratzeko, Udalaren baimena beharko da. Horrelakorik ez duen oro berehalakoan kenduko da, interesdunaren bizkar, eta berdin gertatuko zaie baimena dutenei ere, haiei dagokienez bideetako segurtasuna edo osasungarritasuna ziurtatzeko neurriak hartzen ez badira.

46. artikulua. Debeku da arras zirkulazio seinaleak paratzea, aitzinetik Udalaren baimena izan gabe. Inolaz ere ez da baimenduko publizitatea zirkulazio seinaleetan edo haien ondoan paratzea.

47. artikulua. Udalak bide batzuk lehentasunezkoak edo zirkulazio dentsitate handikoak direla deklaratu ahal izanen du, haietan bigarren ilaran gelditzea debekatu eta bertan egindako arau-hausteengatiko zehapenei isuna ezartzeko.

48. artikulua. San Adriango udal mugapeko bide publikoetan ibilgailuak aparkatzeko tokia mugatua da. Hortaz, elkartasunez jokatzeko deia luzatzen da.

Horrenbestez, ibilgailu bat 7 egun gehienez egoten ahalko da toki berean mugitu gabe. Epe hori gaindituta, ibilgailua aurreko tokitik gutxienez 100 metrotara aparkatu beharko da.

Baimendutako eremuan denbora gehiegi emanez gero, zehapena jarriko da.

Garraio publikoaren geralekuak

49. artikulua. San Adriango Udalak zehaztuko du non kokatu beharko diren garraio publikoaren geralekuak eta bidaiarien eskatu ahalako garraioarenak.

Autobusak horretarako prestatutako tokian gelditu beharko dira, zirkulazio erreiak libre uzten dituztela.

50. artikulua. Geralekuetan bidaiariak hartu eta uzteko behar den denbora baizik ezin da egon, autobus linearen hasiera eta amaiera gisa seinalaturiko lekuetan izan ezik.

51. artikulua. Taxi zerbitzurako garraio publikoko geralekuetan, soilik bidaiarien zain eta prest dauden bitartean egoten ahal dira ibilgailu horiek.

52. artikulua. Ibilgailuen kopurua ez da inolaz ere izanen geralekuak har ditzakeen ibilgailuena baino handiagoa.

Gelditzea eta aparkatzea

53. artikulua. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen eranskineko 68. zenbakiari jarraikiz, ibilgailua, pertsonak hartu edo uzteko edo zamalanak egiteko, 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea da gelditzea.

Aparkatzea, berriz, geldituta ez dagoen ibilgailua mugitu gabe edukitzea da.

54. artikulua. Ibilgailua geldituta dagoenean, arau orokorra da gidaria ezin dela ibilgailutik aldendu, eta, salbuespen gisa, hala egiten badu, motorra itzali beharko du eta hurbil egon, eskatzen zaion unean edo egoerak behartuta, kendu ahal izateko.

55. artikulua. Erabat debekaturik dago gelditzea:

a) Babeslekuetan, oinezkoen babesguneetan, erdibitzaileetan, oinezkoen eremuetan eta trafikoa bideratzen duten gainerako elementuetan.

b) Higiezinetako ibilgailuen sarrera-irteeretan, dagokien pasabide seinalea dutenetan.

c) Seinaleak ongi ikustea eragozten den tokietan.

d) Zubietan, tuneletan eta gainetiko pasabideen azpian, kontrako seinalerik ez badago.

e) Espaloietan, pasealekuetan, oinezkoen alderdietan eta lorategietan.

f) Zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako erreserbatutako erreietan edo bide zatietan.

g) Ezinduendako edo beste erabilera batzuetarako espaloietan izaten diren beheraguneetan.

h) Zirkulazioaren errei bat oztopatzen den tokietan.

i) Seinaleak debekatzen duen tokietan.

j) Biratze baimendua seinale bidez eragozten denean.

k) Zirkulazioa oztopatzen den beste toki guztietan, oso denbora txikirako bada ere.

56. artikulua. Ibilgailuak ilaran aparkatu ahal izanen dira, hau da, zintarriarekin batean lerrokatuak; baterian, hau da, zintarriarekiko perpendikularrean; edo erdi-baterian, zeharka.

56.1. Zoladura seinalez hornituta duten aparkalekuetan, ibilgailuak markatutako esparruaren barrenean kokatuko dira.

56.2. Ibilgailuak zintarritik ahalik eta hurbilen aparkatuko dira, baina galtzadaren alde hori garbitu ahal izateko tarte txiki bat utzita.

56.3. Bide publikoetan ezin izanen dira aparkatu ibilgailu motordunetik bereizitako atoiak.

56.4. Beste erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran aparkatuko da. Baterian aparkatuz gero, alde bietan aparkatutako ibilgailuetara arazorik gabe sartzeko moduan eginen da.

56.5. Zamalan, zerbitzu ofizial eta abarretarako aldi baterako erreserbaturiko alderdietan libre da ordutegitik kanpo aparkatzea, salbu eta espresuki debekaturik badago.

57. artikulua. Guztiz debeku da honelakoetan aparkatzea:

a) Seinaleek debekatzen duten tokietan.

b) Gelditzea debekatua dagoen tokietan.

c) Bigarren ilaran, edozein kasutan.

d) Zamalanetarako seinalatutako tokietan, denbora mugen barrenean.

e) Pasabideetan, osoki nahiz hein batean.

f) Zaborrontzien ondoan, zabor bilketa galaraziz edo oztopatuz.

g) Aparkaleku publiko batean, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragotziz edo oztopatuz gero.

h) Minusbaliatuek beste inork ez erabiltzeko seinaleztatutako tokietan.

i) Galtzadaren erdian.

j) Zerbitzu publikoaren, San Adriango Udalaren, erakunde ofizialen eta antzekoen ibilgailuendako erreserbatutako eremuetan.

k) Behar bezala seinalatutako toki erreserbatuetan.

Zehatzeko prozedura

58. artikulua. Ordenantza honetan araututako gaietan eraman beharreko prozedura Trafiko, Ibilgailu Motordunen Zirkulazio eta Bide Segurtasunaren arloko Zehapen Prozeduraren Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuan ezarritakoa izanen da, eta aipatutakoan aurreikusirik ez daudenetan Zehapen Ahalmenaz Baliatzeko Prozeduraren Erregelamendua, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa, aplikatuko da.

59. artikulua. San Adriango Udaleko udaltzainburuak edo haren eginkizunak betetzen dituenak eramanen ditu aurrera ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau-hausteengatik irekitzen diren espedienteak. Kanpoan izateagatik edo, legezko arrazoi bat tartean dela, errefusatua bada edo abstenitzen bada, alkate udalburuak izendatzen duenak ordeztuko du udaltzainburua. Hura amaituta, San Adriango Udaleko alkate udalburuak emanen du bidezko ebazpena.

60. artikulua. Zehapena Udalaren eskumenekoa ez den arau-hausteen kasuan, San Adriango Udaltzaingoak salaketa eginen du, eta ondoren San Adriango Udalak berak administrazio eskudunari igorriko dio.

61. artikulua. Diru zehapenarekin batera, gidatzeko baimena edo lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko zehapena ere jaso dezaketen arau-hausteengatik irekitako zehapen espedienteak, betiere Udalak zehatu beharreko egitate baten ondorio badira, egiteko hori duten udal organoek tramitatu eta ebatziko dituzte, eta ondotik agintari eskudunari igorriko zaizkio, soilik gidatzeko baimena edo lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko balizko zehapena ezar dezan.

62. artikulua. Jakinarazpenetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea gidarien eta arau-hausleen erregistroan eta ibilgailuenean, hurrenez hurren, ageri dena izanen da. Interesdunak beste helbide bat ematen badu, aldatu eginen da, horretarako arrazoia, instruktorearen iritziz, prozedurari trabak jartzeko ahalegin maltzurra ez bada.

63. artikulua. Zehapen espedienteen ebazpenaren aurka errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian arlo horretaz arduratzen den Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, aldez aurretik organo egileari errekurtsoa paratzeko asmoaren berri emanik; edo bestela:

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta hilabeteko epean.

Ibilgailuak ibilgetzearen ondoriozko tasa

64. artikulua. Ibilgetutako ibilgailuen titularrei eskatzen ahal zaizkien eskubideek zenbateko hauek izanen dituzte:

–Udaltzaingoko agenteek ibilgailua ibilgetzea ezarritako gailuarekin: 30 euro.

Ibilgailua ibilgetzen denetik 48 ordu igarotakoan, tarifari 7 euro gehituko zaizkio ibilgailua eraman gabe pasatzen den egun bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: L1701301