45. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

7/2017 FORU AGINDUA, otsailaren 3koa, Garapen Ekonomikorako kontseilariak emana. Honen bidez arautzen da Nafarroan auditoretza energetikoaren arloko prestakuntza entitateak aitortzeko prozedura.

ZIOEN AZALPENA

Otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuak neurri batean transposizioa egin zuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauarena, efizientzia energetikoari buruzkoa baita, batez ere honako hauei dagokienez: auditoretza energetikoak; zerbitzu energetikoen eta auditoretza energetikoen hornitzaile aritzen diren pertsonak akreditatzeko sistemak; eta efizientzia energetikoa sustatzea beroa eta hotza ekoizteko eta erabiltzeko prozesuetan.

Errege dekretu horren 8. artikuluak ezartzen du zer beharkizun bete behar dituzten energia auditoretzen jarduera profesionala bete nahi duten pertsona fisikoek. Eta, zehazki, auditoretza energetikoei buruzko ezagutza teorikoak eta praktikoak dituztenei –dela lanbide heziketako titulu bat izateagatik edo Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko profesionaltasun ziurtagiri bat izateagatik, dela lan esperientziaren bidez lortutako lanbide gaitasun bat onartua izateagatik– eskatuko zaie auditoretza energetikoei buruzko ezagutza espezifikoen ikastaro teoriko eta praktiko bat jaso izana, autonomia erkidegoan eskuduna den organo batek onartutako entitate batek emana, baita gainditu izana ere.

Beraz, ikastaro hauek Nafarroan irakatsi ahal izateko, foru agindu honek arautzen du Nafarroan auditoretza energetikoaren arloko prestakuntza entitateak aitortzeko prozedura, aipatutako otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretu horretan xedatutakoaren ondorioetarako.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen helburua da Nafarroan auditoretza energetikoaren arloko prestakuntza entitateak aitortzeko prozedura arautzea; arlo honetako ezagutza espezifikoen ikastaro teoriko eta praktikoak irakatsiko dituzte horiek. Ikastaro horiek gainditu beharko dituzte auditoretza energetikoen jarduera profesionala bete nahirik 56/2016 Errege Dekretuaren 8.1.b) artikuluko egoeretako batean daudenek:

1. Lanbide heziketako titulu bat izatea, edo Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko profesionaltasun ziurtagiri bat, eskumenen barnean auditoretza energetikoko gaiak dauzkana.

2. Lan esperientziaren bidez lanbide gaitasuna onartua izatea, uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan xedatuarekin bat (Lan esperientziaren bidez lortutako lanbide gaitasunak onartzeari buruzkoa da errege dekretu hura), auditoretza energetikoaren arloan.

2. artikulua. Definizioak.

Foru agindu honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:

a) Prestakuntza entitatea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan efizientzia energetikoaren arloan eskuduna den organoak aitortutako entitatea, helburu duena auditoretza energetikoko ezagutza espezifiko teoriko eta praktikoak irakastea eta ebaluatzea, hain zuzen ere auditoretza energetikoen jarduera profesionala bete nahirik 56/2016 Errege Dekretuaren 8.1.b) artikuluko egoeretako batean daudenek gainditu behar dituzten ezagutzak.

b) Energia auditorea: auditoretza energetiko bat gauzatzeko gaitasun pertsonal eta tekniko frogatua eta eskumena dituen pertsona fisikoa.

c) Auditoretza energetikoa: energia kontsumoaren profilari buruzko ezagutza egokiak lortzeko prozedura sistematikoa, eraikin batean edo eraikin multzo batean, instalazio edo eragiketa industrial edo merkataritzako batean, edo zerbitzu pribatu edo publiko batean, baita energia aurrezpen aukerak zehazteko eta kuantifikatzeko ere, kostu efizientean, eta horri buruz informatzeko. Garraioaren kasuan, enpresaren jarduerarekin lotutako garraioari buruzkoa bakarrik izanen da auditoretza energetikoa.

3. artikulua. Prestakuntza entitate gisa aitortua izateko beharkizunak.

Nafarroan auditoretza energetikoei buruzko ezagutza espezifiko teoriko eta praktikoko ikastaro teoriko eta praktikoak irakasteko aitorpena lortu nahi duten prestakuntza entitateek honako beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Behar adinako baliabide egokiak izatea, teknika, pertsona eta material aldetik, prestakuntza eraginkorra eta kalitatezkoa eskaintzeko efizientzia energetikoaren arloan.

b) Otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuaren 8. artikuluan auditoretza energetikoko jarduera profesionala betetzeko beharkizunak betetzen dituzten pertsonak izendatzea ikastaroak irakastearen arduradun (aipatutako errege dekretuaren bidez transposizioa egin zen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauarena, efizientzia energetikoari buruzkoa baita, honako hauei dagokienez: auditoretza energetikoak; zerbitzu energetikoen eta auditoretza energetikoen hornitzaileak akreditatzeko sistemak eta efizientzia energetikoa sustatzea).

c) Erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzea, irakasleek eta ikasleek ikastaroa ematen den zentroan prestakuntza prozesuan izan ditzaketen istripuak estaltzeko.

d) Desgaitasuna duten pertsonentzako egokitzea prestakuntza emanen den zentroa, desgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasunari, bereizkeriarik ezari eta denentzako erabilerraztasunari buruzko indarreko araudiarekin bat.

e) Genero ikuspegia txertatzea prestakuntza ekintzen antolaketan eta gauzatzean, honako neurri hauek hartuta:

1. Publizitatean eta prestakuntza ikastaroetan erabilitako materialetan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira.

2. Hizkera inklusiboa erabiliko da prestakuntzarekin lotuta prestatzen den dokumentazioan.

3. Prestakuntza ikastaroen ordutegiak erraztuko dute bateragarria izan dadila irakasleen eta ikasleen bizitza pertsonala, lanekoa eta familiakoa.

4. Bi sexuetako pertsonek orekaz parte hartzea sustatuko da, bai irakasleen bai ikasleen artean. Eta, egoki izanik, lehentasuna emanen zaie ordezkaritza txikiena duen sexuko pertsonei, auditoretza energetikoko jarduera profesionalean ari daitezela sustatzeko.

5. Pertsona fisikoekin lotutako prestakuntzako informazio osoa sexuen arabera bereiziko da.

4. artikulua. Eskakizunak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

1. Jarduera hasi aurretik, prestakuntza entitateek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan efizientzia energetikoaren arloan eskuduna den organoan, telematikoki, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz.

Erantzukizunpeko adierazpena II. eranskinaren araberakoa izanen da, eta, hartan, entitatearen titularrak edo haren legezko ordezkariak adieraziko du betetzen dituela foru agindu honen 3. artikuluko beharkizunak, horren frogagiriak badauzkala eta jarduerak iraun bitartean horiek edukitzeko konpromisoa hartzen duela.

2. Hirugarren artikuluko a), b) eta c) beharkizunak bete ordez, adieraz daiteke Egiaztatzeko Entitate Nazionalak (ENAC) akreditatu duela entitatea pertsonei ziurtagiriak emateko, UNE-EN ISO/IEC 17024:2012 arauaren arabera, “Energiaren” arloan, Industriaren eta Eraikuntzaren arloko Auditore Energetikoaren kategorian.

5. artikulua. Prestakuntza entitate gisa aitortzea.

1. Efizientzia energetikoaren arloko organo eskudunaren egiaztatzeko ahalmenak baztertu gabe, erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak baimena emanen dio entitateari jardueran hasteko, eta prestakuntza entitate gisa aitortua izatea ekarriko du, foru agindu honetan ezarritako ondorioetarako.

2. Erantzukizunpeko adierazpenari erantsitako funtsezko edozein datu, azalpen edo dokumentutan zehazkabetasunik, faltsutasunik edo ez-esaterik badela ikusiz gero, organo eskudunak ukatu eginen du prestakuntza entitatearen aitorpena, arrazoitutako ebazpen baten bidez, eta jardueran aritzea debekatuko du, erantzukizun administratiboak edo bestelakoak baztertu gabe.

6. artikulua. Aitorpenaren balioa.

1. Prestakuntza entitatearen aitorpenak balio mugagabea izanen du, baldin eta hura eskuratzeko baldintzak mantentzen badira.

2. Prestakuntza entitatearen aitorpenerako ezarritako baldintza eta beharkizunetan edozein aldaketa izanez gero, organo eskudunari komunikatuko zaio, gertatu eta hilabeteko epean, egunera dadin.

7. artikulua. Aitortutako entitateen betebeharrak.

Prestakuntza entitate izatearen aitorpenak betebehar hauek izanen ditu:

a) I. eranskineko edukiaren arabera eskaintzea eta irakastea ikastaroak.

b) Aipatutako 56/2016 Errege Dekretuko 8. artikuluko b) lerroaldeko baldintzak beterik ikastaro hauek jaso eta gainditu dituzten pertsona fisikoei ziurtagiriak egitea.

8. artikulua. Prestakuntza entitate aitortuen erregistroa.

1. Nafarroan auditoretza energetikoei buruzko ezagutza espezifikoko ikastaro teoriko eta praktikoak irakasteko aitortu diren prestakuntza entitateen erregistroa sortu da. Erregistroa energiaren arloan eskuduna den departamentuari atxikita egonen da, eta prestakuntza jarduera kudeatzeko tresna izanen da.

2. Aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpeneko informazioa erregistro horretan sartuko da, jendearen esku uzteko aitortutako entitateen zerrenda bat.

Erregistroan honako datu hauek agertuko dira:

a) Sozietatearen izena eta Identifikazio Fiskaleko Kodea (IFK).

b) Udalerria, helbidea, telefonoa, entitatearen eta prestakuntza zentroen posta elektronikoa.

c) Aitorpenaren data.

3. Aurreko atalean ageri diren datuak jende guztiak eskuratzen ahal ditu, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es). Prestakuntza entitateek datu okerrak edo zehatzak ez direnak eskuratu eta zuzentzeko eskubideak baliatzen ahalko dituzte.

4. Aitortuta dauden entitateek beren jarduera egiteari uzten badiote, jakinarazi beharko dute, eta horren ondorioz, erregistroko inskripzioa baliogabetuko da.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko otsailaren 3an.–Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

I. ERANSKINA

Energiako auditore gisa espezializatzeko
ikastaroaren gutxieneko edukiak

Ondoren adierazten diren edukia eta iraupena izanen dute ikastaroaren moduluek, gutxienez ere 200 ordu egin arte:

1.–Energiaren oinarrizko ezagutzak. Moduluaren gutxieneko iraupena: 30 ordu.

Termodinamika.

Beroaren transmisioa.

Fluidoen garraioa.

Beroa eta hotza sortzea.

Kogenerazioa.

Energia berriztagarriak:

  • Bioerregaiak.
  • Biomasa.
  • Haize-energia.
  • Geotermia.
  • Eguzki-energia fotovoltaikoa.
  • Eguzki-energia termikoa.

Energia iturriak kontratatzea eta hornidura.

Energia instalazioen mantentze eragiketak eta eragiketen erregistroa.

2.–Eraikinen energia-kalifikazioa. Moduluaren gutxieneko iraupena: 30 ordu.

Energia eskaera eraikinetan.

Aire-girotzea eta aireztapena.

Argiztapena.

Inguratzailea.

Jarduera funtzionala eta okupazionala.

Eraikinaren efizientzia energetikoari buruzko araudia:

  • Eraikuntzaren Kode Teknikoa.
  • Eraikinetako instalazio termikoen erregelamendua.
  • Eraikinetako energia efizientziaren ziurtagiria.
  • Estatuko Administrazio Orokorraren tresna ofizialak efizientzia energetikoa ebaluatzeko.

3.–Industrien azterketa energetikoa. Moduluaren gutxieneko iraupena: 30 ordu.

Energia prozesuetan.

Aire konprimitua.

Isolamendua eta erregogorrak.

Fluido termikoak.

Hotz industriala.

Labeak.

Bero trukagailuak.

Motor elektrikoak.

Erregulazioa eta kontrola.

Lehortzea.

Garraioa.

Turbinak.

Lurruna eta kondentsatuak.

Industria sektore bakoitzeko prozesu espezifikoak.

4.–Neurtzeko eta datuak hartzeko ekipoak. Moduluaren gutxieneko iraupena: 30 ordu. Modulu hau bertatik bertara irakatsiko da beti, datuak hartzeko ekipo eguneratuak erabiliz, eta arlo honi buruzko hainbat kasu praktiko gauzatuz.

Energia aldagaiak neurtzea:

  • Isolamendu termikoa.
  • Fluidoen emaria eta presioa.
  • Tenperaturak.
  • Intentsitate eta tentsio elektrikoa. Erreaktiboa eta harmonikoak.
  • Energiaren kontsumoak.
  • Argi fluxuak eta argiztapen mailak.
  • Errekuntzaren errendimendua.

Neurrien protokolo xehakatua, instalazioari buruz eta instalazioan energia kontsumitzen duten osagaiei buruz.

5.–Auditoretza egitea, emaitzak aurkeztea eta hobekuntzen proposamena. Moduluaren gutxieneko iraupena: 30 ordu.

UNE-EN 16247-1 Araua. Energia auditoretzak. 1. zatia: Beharkizun orokorrak.

UNE-EN 16247-2 Araua. Energia auditoretzak. 2. zatia: Eraikinak.

UNE-EN 16247-3 Araua. Energia auditoretzak. 3. zatia: Prozesuak.

UNE-EN 16247-4 Araua. Energia auditoretzak. 4. zatia: Garraioa.

II. ERANSKINA

Aitorpen eskaera, auditoretza energetikoko ezagutza espezifiko teoriko eta praktikoko ikastaroak emateko, otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuaren ondorioetarako (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1701767