27. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

7/2017 FORU AGINDUA, otsailaren 2koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu, ebaluatu eta haien izendapena berritzeko arauak ematen dituena.

Atarikoa

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak emandako idazkeran, aldaketak egin ditu 133. artikulutik 139. artikulura bitarte, non ikastetxe publikoetan zuzendaria hautatzeko eta izendatzeko prozedura arautzen baita, hautagaien betebeharrei eta hautapen batzordearen osaerari dagokienez.

Hezkuntza Departamentuak jakin badaki zuzendaritza lana inportantea dela, eta horregatik arau garapen hau proposatzen du, ikastetxe publikoetako zuzendarien hautapena eta izendapena oinarrizko araudira egokitzeko, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publikotasun printzipioen araberako prozedura eta hezkuntza komunitatearen babes handiena bermatuz.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru agindu honen xedea da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu, ebaluatu eta haien izendapena berritzeko arauak ematea.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Administrazioaren mendeko ikastetxe publikoetan aplikatuko da, betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3.2 artikuluan ezarritako ikaskuntzak (unibertsitatekoak salbu) ematen badituzte.

3. Foru agindu hau ez da aplikatuko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuetan eta erreferentzia nazionaleko Lanbide Heziketako ikastetxeetan, bere berariazko araudiari jarraituko baitiote.

2. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Ikastetxe publikoetako zuzendariak merezimendu lehiaketa bidez hautatu eta izendatuko dira, ikastetxeak eskaintzen dituen ikasketetako bat irakasten duten karrerako funtzionario irakasleen artean, irakasleek aurkezten dituzten merezimenduak eta zuzendaritza proiektua baloratuz.

2. Hautapena berdintasun, publikotasun, merezimendu eta gaitasun printzipioei jarraikiz eginen da. Horretarako, batzorde bat osatuko da, non Hezkuntza Departamentuaren eta dagokion ikastetxeko hezkuntza komunitatearen ordezkariak izanen diren. Horretarako, Departamentuak aldian-aldian deialdia eginen du zuzendari postuak hutsik gelditzen diren ikastetxeetako zuzendariak hautatzeko.

3. Hezkuntza Departamentuak irizpideak ezarriko ditu aurkeztutako merezimenduak eta zuzendaritza proiektuak baloratzeko, bai eta zuzendarien zuzendaritza lana ebaluatzeko irizpideak ere.

3. artikulua. Parte hartzeko betebeharrak.

1. Merezimendu lehiaketan parte hartzeko, honako hauek bete beharko dira:

a) Irakaskuntzako funtzio publikoan gutxienez ere bost urteko antzinatasuna izatea karrerako funtzionario gisa.

b) Egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende dagoen karrerako funtzionarioa izatea, eta Hezkuntza Departamentuan zerbitzuak ematea.

c) Karrerako funtzionario gisa zuzenean irakatsi izana, bost urtez, hautatu nahi den ikastetxeak ematen dituen ikasketetako batean. Hezkuntza orientabideko espezialitatea duten irakasleen kasuan, ondorio horietarako, karrerako funtzionario gisa bere espezialitatearen berezko lana egin izana bost urtez.

d) Zuzendaritza lanari buruzko prestakuntza ikastaro bat gainditu duela egiaztatzen duen agiria izatea, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak erregelamenduz ezarritakoaren arabera luzatua, betiere ikastaroa Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak edo autonomia erkidego bateko hezkuntza administrazioak, zuzenean edo baimendutako entitate laguntzaileen bidez, eman badu.

e) Zuzendaritza proiektu bat aurkeztea, alderdi hauek biltzen dituena gutxienez: ikastetxearen egoeraren azterketa, aurkeztutako proiektuaren eta ikastetxeko hezkuntza proiektuaren eta, hala bada, proiektu funtzionalaren arteko lotura; helburuak eta horiei lotutako adierazleak; helburuak lortzeko jarduketa ildoak; eta proiektua ebaluatzeko prozedurak.

f) Zuzendaritza taldeko gainerako kideak proposatzea, interesdunek onartuta.

g) D ereduko ikasketak bakarrik ematen dituen ikastetxe bateko zuzendarigaien kasuan, EGA titulua edo baliokidea izatea.

h) Beharrezko espezialitatea izatea, hautatu nahi den ikastetxeko plantillan dagoena, ikastetxe horretan behar beste irakastordu eduki ahal izateko.

2. Haur Hezkuntzako berariazko ikastetxeetan, Lehen Hezkuntzako ikastetxe osatugabeetan, zortzi unitate baino gutxiagoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, arte ikasketa profesionalak, kirolekoak eta hizkuntzakoak ematen dituztenetan eta zortzi irakasle baino gutxiago dituzten helduendako ikastetxeetan, Hezkuntza Departamentuak artikulu honen 1. idatz-zatiko a) eta c) letretan ezarritako betebeharrak betetzetik salbuesten ahalko ditu hautagaiak.

3. Deialdiari dagokion eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza horiek.

II. KAPITULUA

Izaera, izendapena eta kargu-uztea

4. artikulua. Hautapen batzordeak.

1. Hautapen batzordeek kide hauek izanen dituzte:

a) Hezkuntza Departamentuaren ordezkariak.

–Hezkuntza Departamentuko ikuskatzaile bat, batzordeburua izanen dena.

–Hezkuntza Departamentuaren mendeko bi irakasle funtzionario.

b) Ikastetxeko hezkuntza komunitatearen ordezkariak.

–Klaustroaren ordezkari bat.

–Eskola Kontseiluaren ordezkari bat.

5. artikulua. Hautapen batzordeko kideen izendapena.

1. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak izendatuko du zerbitzu horren ordezkaria.

2. Dagokion zuzendaritza nagusiak izendatuko ditu Hezkuntza Departamentuko irakasle funtzionarioak, ikastetxeko ikuskatzaileak proposatuta. Ahal bada, horietako bat klaustroko irakasle bat izanen da, kapitulu honen 4. artikuluko b) letran adierazitakoa ez dena.

3. Klaustroaren ordezkaria klaustroko kideen artetik aukeratuko dute klaustroko kideek beraiek. Horretarako, ikastetxeko zuzendariak klaustroaren bilkura berezi baterako deia eginen du, non onartutako hautagai guztiak jakinaraziko diren eta klaustroak hautapen batzordean izanen duen ordezkaria aukeratuko den.

Klaustroko kide guztiak izanen dira hautesle eta hautagarri, salbu eta hautagaiak eta aurkezten diren kandidaturetako zuzendaritza taldeetan aritzeko proposatzen diren pertsonak, zeinak hautesle izanen baitira bakarrik.

Bozkatuena klaustroaren ordezkaria izanen da hautapen batzordean, eta hurrengo biak, boto kopuruen ordenaren arabera, haren ordezko.

4. Eskola Kontseiluko kideek beren artetik aukeratuko dute hautapen batzordean izanen duen ordezkaria, betiere klaustroko kidea ez bada, ezta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren mailatik beherako ikaslea ere.

Ikastetxeko zuzendariak Eskola Kontseiluaren bilkura berezirako deia eginen du. Bozketa egiteko bilkura horretan, hautesle bakoitzak bi izen jarriko ditu boto-paperean. Bozkatuena Eskola Kontseiluaren ordezkaria izanen da hautapen batzordean, eta hurrengoa, haren ordezko.

5. Klaustroaren eta Eskola Kontseiluaren bilkura berezietan, hautagaiek beren zuzendaritza proiektuaren funtsezko alderdiak azalduko dituzte. Azalpen horrek informatzeko baino ez du balioko, eta ez da eztabaidarik izanen hautagaien eta klaustroaren edo Eskola Kontseiluaren artean. Bi kandidatura edo gehiago izanez gero, zozketa bat eginen da hautagaiek jarduteko ordena finkatzeko.

6. artikulua. Hautapen batzordeen izendapena eta eraketa.

1. Giza Baliabideen Zerbitzuak ebazpen baten bidez izendatuko ditu hautapen batzordeetako kideak, ikastetxeetako zuzendariek batzordekide titularrak eta ordezkoak (jarduteko ordenarekin) izanen direnen datuak jakinarazi ondoren.

2. Hautapen batzordeak kandidaturak aurkezten diren ikastetxe guztietan eratuko dira.

3. Hautapen batzordeen funtzionamendua eta, abstentzio eta errefusatze kasuetarako, batzordekideei aplikatzen zaien araubidea Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15., 16., 17., 18., 23. eta 24. artikuluetan eta Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 28. artikulutik 34.era bitarte daude ezarrita.

7. artikulua. Hautapen batzordearen eginkizunak.

Hautapen batzordearen eginkizunak hauek dira:

a) Hautagaiek aurkezten dituzten merezimenduak barematzea.

b) Hautagaiei dei egitea zuzendaritza proiektuen defentsa egitera.

c) Aurkezten diren kandidaturen zuzendaritza proiektuak baloratzea.

d) Hautagai bakoitzak merezimenduen baremoan lortzen duen behin-behineko puntuazioa eta zuzendaritza proiektuari ematen zaion puntuazioa onetsi eta argitaratzea.

e) Merezimenduen baremoaren eta zuzendaritza proiektuaren behin-behineko puntuazioaren aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.

f) Aurkezten diren hautagaien behin betiko zerrenda onetsi eta argitaratzea, atal bakoitzean lortutako puntuazioa adierazita.

g) Ikastetxe bakoitzean azkeneko puntuazio altuena lortzen duen pertsona hautatzea.

h) Hezkuntza Departamentuari bidaltzea hautagai bakoitzaren behin betiko puntuazioa eta aukeraturiko hautagaia izendatzeko proposamena.

i) Hautagaia aukeratu ondoren, aurkezturiko dokumentazioa eta hautapen prozesuan sortzen dena Hezkuntza Departamentuaren esku uztea.

j) Batzordearen funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezkoak diren gainerako eginkizunak.

8. artikulua. Hautapen prozesua.

Hautapen prozesuak bi fase izanen ditu. Lehenbizikoan merezimenduak baloratuko dira, eta bigarrenean zuzendaritza proiektua baloratuko da.

9. artikulua. Merezimenduen eta zuzendaritza proiektuaren balorazioa.

1. Merezimendu akademiko eta profesionalen balorazioa.

1.1. Hautagaien merezimendu akademiko eta profesionalak baloratzeko, deialdiaren ebazpenean ezartzen den baremoari jarraituko zaio.

1.2. Zuzendaritza taldeetan izandako esperientzia eta egindako lana baloratzeko, deialdiaren ebazpenean ezartzen diren irizpideei jarraituko zaie.

1.3. Halaber, irakasle gisa izandako esperientzia eta egindako lana baloratzeko, dagokion ebazpenean ezarri eta deialdi bakoitzean garatzen diren irizpideei jarraituko zaie.

2. Zuzendaritza proiektuaren balorazioa.

Hautapen batzordeko kide bakoitzak proiektua eta haren defentsa baloratuko ditu, deialdiaren ebazpenean ezartzen diren irizpideei jarraikiz.

10. artikulua. Zuzendariaren eta zuzendaritza taldearen izendapena.

1. Hautatuak lau urterako izendatuko dira zuzendari, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dena.

2. Zuzendari berriaren behin betiko destinoa ez bada izendatu den ikastetxean, zuzendari karguan dagoen denboran ezin izanen dute lekuz aldatu irakastorduak murriztu edo kentzeagatik.

3. Zuzendaritza taldeko gainerako kideen izendapen proposamena zuzendariak eginen du. Proposamenak bat egin beharko du foru agindu honen 3.1.f) artikulua betetzeko egindakoarekin, salbu arrazoitutako inguruabarrak badira eta inguruabar horiek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onartzen baditu.

4. Ikastetxean behin betiko destinoa ez duen irakasle bat proposatzen bada zuzendaritzako taldekide izateko, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onartu beharko du, betiere kargualdian betetzen ahal duen lanpostu hutsa badago, ikasturte bakoitzaren hezkuntza plangintzaren arabera. Lanpostu huts hori badela Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak berretsi beharko du.

Zuzendaritza kargu baterako izendatua izateko, funtzionarioak ezin du behin betiko destinoa izan beste ikastetxe bateko hornidura zaileko lanpostu batean, proposamena egiten denean indarrean dagoen araudiaren arabera.

5. Giza baliabideak kudeatzeko ardura duen organoak zuzendaritza taldeak izendatuko ditu, ikastetxeko zuzendariari dagokion epe bererako.

11. artikulua. Izendapen bereziak.

1. Hautapen batzordeak ikastetxe bateko zuzendaritzarako hautagai bakarrik ere proposatzen ez badu, edo hautagairik ez badago, edo ikastetxea sortu berria bada, Hezkuntza Departamentuak izendatuko du ikastetxeko zuzendaria, lau urterako gehienez, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak txosten batean proposamena egin ondoren.

2. Prozedura berezi hori erabiliz D ereduko ikasketak ematen dituzten ikastetxeetarako zuzendari izendatzen diren pertsonek EGA titulua edo baliokidea izan beharko dute.

3. Horrela izendatzen diren pertsonek izendatu behar diren ikastetxeko plantilla organikoan ageri denaren arabera eskatzen den gaitasuna edo espezialitatea eduki beharko dute, ikastetxean bertan irakastorduak eduki ahal izateko.

4. Zuzendaritza taldekideen izendapen berezia ikastetxeko zuzendariari dagokion epe bererako eginen da, foru agindu honen 10. artikuluko 4. eta 5. puntuetan adierazitako irizpideei jarraikiz.

5. Deialdia aurreikusten ez duten ikasturteetan zuzendari postuak hutsik gelditzen badira, horiek ohiz kanpoko izendapenaren bidez beteko dira, gehienez ere ikasturte batez, eta nahitaez sartu beharko dira egiten den lehendabiziko deialdian.

12. artikulua. Zuzendaria kargutik kentzea.

1. Zuzendaria kasu hauetakoren batean kenduko da kargutik:

a) Izendapen aldia edo haren luzapena, halakorik bada, bukatzean.

b) Ikastetxean zerbitzuak emateari uztean, borondatezko zein nahitaezko lekualdatzeagatik, zerbitzu berezietan hasteagatik, borondatezko edo nahitaezko eszedentzia hartzeagatik edo beste edozein inguruabarrengatik.

c) Arrazoi bidez azaldutako ukoa, Hezkuntza Departamentuak onartua.

d) Gerora sortutako ezintasun psikikoa edo fisikoa, karguari dagozkion zereginak betetzea galarazten diona.

e) Zuzendaritza nagusi eskudunak ebazpen baten bidez baliogabetzea izendapena, zuzendari karguari dagozkion eginkizunetan modu larrian huts egiteagatik. Zuzendaritzaren beraren ekimenaz bultza liteke baliogabetze hori, edo Eskola Kontseiluak proposatuta. Betiere, baliogabetzeko ebazpena espediente bat instruitu ondoren emanen da, interesdunari eta Eskola Kontseiluari entzun ondoren.

2. Zuzendariari diziplina espedientea irekitzen zaionean, Hezkuntza Departamentuak zuzendariaren eginkizunen kautelazko etetea erabakiko du, diziplina arloan indarra duen araudian agertzen den moduan. Kasu horretan, zuzendari lanak zuzendariordeak hartuko ditu, edo horrelakorik ezean, ikasketa buruak edo, bestela, ikastetxeko idazkariak.

3. Diziplina espediente batean egiaztatzen bada zuzendariaren eginkizunak ez betetzea huts larria edo oso larria izan dela, eta aplika daitezkeen arau orokorren arabera ezar daitezkeen beste zehapen batzuk alde batera utzi gabe, zuzendaritza nagusi eskudunak erabakiko du zuzendaria kargutik kentzea. Horrelako kasuetan, Hezkuntza Departamentuak beste zuzendari bat izendatuko du, hurrengo deialdian beste bat izendatu arte jardunean arituko dena.

III. KAPITULUA

Ebaluazioa eta izendapena berritzea

13. artikulua. Izendapena berritzea.

1. Zuzendarien izendapena lau urteko bi eperako luzatzen ahalko da, gehienez ere, epe bakoitzaren amaieran lanaren ebaluazio positiboa egin eta epe berrirako zuzendaritza proiektu bat aurkeztu ondoren. Proiektuak eduki hauek izanen ditu gutxienez: ikastetxearen egoeraren azterketa, helburuak eta horiei lotutako adierazleak, helburuak lortzeko estrategiak eta proiektua ebaluatzeko prozedurak.

2. Hiru kargualdiak bukatu eta zuzendariak karguan jarraitu nahi badu, merezimendu lehiaketa batean parte hartu beharko du berriz.

14. artikulua. Zuzendaritza lana ebaluatzeko prozeduraren printzipioak.

1. Zuzendaritza lanaren ebaluazio prozeduraren bidez zuzendaritza lana nola egin den aztertuko da eta praktika hori hobetzen laguntzeko pizgarria izan nahi du.

2. Zuzendaritza lanaren ebaluazioa zuzendariaren kargualdi osoan eginen da.

3. Hautapen batzordeak proposaturik, izendatzen diren zuzendari guztiak izendapenaren aldia bukatutakoan ebaluatuko dira.

4. Zuzendaritza lana ebaluatzeko, deialdiaren ebazpenean ezartzen diren irizpideak eta prozedurak hartuko dira kontuan.

15. artikulua. Zuzendaritza lana ebaluatzeko prozedura.

1. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak izendatutako ikuskatzaileek eginen dute ebaluazioa.

2. Zuzendaritza lana gainbegiratzeko, behar den jarraipena eginen da kargualdiko lau urteetan. Horretarako, agirien bidezko azterketa, elkarrizketak zuzendariekin, zuzendaritza taldearekin eta eskola kontseiluko kideekin eta bisitak eginen dira, ikastetxeko kide anitzeko organoen eta koordinazio organoen funtzionamendua behatzeko.

3. Kargualdiaren amaieran, ikuskatzaileak azken kalifikazioa jarriko du.

4. Azken txostena negatiboa bada, aurkeztu baino lehen, entzunaldia emanen zaio zuzendariari. Bertan, txosten negatiboaren oinarri diren kausen berri emanen zaio, eta kalifikazioaren aurka daudela argudiatzeko behar diren dokumentuak aurkezteko eta egoki iruditzen zaizkion alegazioak egiteko aukera emanen zaio.

Agiri eta alegazio horiek aintzat hartuko dira azken txostena egin baino lehen. Txostena arrazoitua izan beharko da.

5. Ebaluazioaren azken txostenak “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa jarriko du. Zuzendariak “Gai” kalifikazioa lortzen badu, ebaluazioa positibotzat hartuko da, eta “Ez gai” kalifikazioa lortzen badu, berriz, negatibotzat joko da.

6. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak zuzendarien izena eta ebaluazioaren emaitza jakinaraziko dizkio Giza Baliabideen Zerbitzuari, haien izendapena berritzeko.

Lehenbiziko xedapen iragankorra.–Lehenago izendatutako zuzendarien ebaluazioa.

Foru agindu honek indarra hartu baino lehen izendatu ziren ikastetxeetako zuzendariek karguan jarraitzen ahalko dute kargualdia bukatu arte.

Bigarren xedapen iragankorra.–Zuzendaritza lanari buruzko prestakuntza ikastaro bat gainditu duela egiaztatzen duen agiriaren balorazioa.

1. Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak indarra hartu eta hurrengo bost urtean, lege horren lehenbiziko xedapen iragankorrarekin bat, ez da beharrezkoa izanen zuzendaritza lanari buruzko prestakuntza ikastaro bat gainditu duela egiaztatzen duen agiria izatea, foru agindu honen 3. artikuluko 1.d) atalean adierazitakoa, ikastetxeetako zuzendariak hautatzeko merezimendu lehiaketetan parte hartzeko.

2. Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak indarra hartu eta hurrengo bost urtean, lege horren lehenbiziko xedapen iragankorrarekin bat, zuzendaritza lanari buruzko prestakuntza ikastaro bat gainditu duela egiaztatzen duen agiria izatea merezimendu gisa baloratuko da.

Hirugarren xedapen iragankorra.–Zuzendaritza gaitasunak eguneratzeko ikastaroaren nahikotasuna, ikastetxe publikoetako zuzendaritzaren gaikuntzak edo egiaztapenak dituztenentzat eta ikastetxe publikoetako zuzendarientzat.

1. Abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak indarra hartu eta bost urte igaro ondoren, ikastetxe publikoetako zuzendaritzaren gaikuntzak edo egiaztapenak dituztenek, lege organiko horrek indarra hartu baino lehen lortu bazituzten, zuzendaritza gaitasunak eguneratzeko ikastaro bat gainditu beharko dute ikastetxe publikoetako zuzendaritza hautatzeko prozeduretan parte hartzeko, eta ez dute prestakuntza ikastaroa egin behar.

2. Abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak indarra hartu eta bost urte igaro ondoren, lege organiko horrek indarra hartu zuenean edo hurrengo bost urtean ikastetxe publiko batean zuzendaria izan direnek zuzendaritza gaitasunak eguneratzeko ikastaro bat gainditu beharko dute ikastetxe publikoetako zuzendaritza hautatzeko prozeduretan parte hartzeko, eta ez dute prestakuntza ikastaroa egin behar. Zuzendaritza gaitasunak eguneratzeko ikastaro hori gainditzea ez da inoiz eskatuko zuzendarien izendapena berritzeko; abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren 136.2 artikuluan ezartzen da berritze hori.

3. Abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak indarra hartu eta hurrengo bost urtean, Hezkuntza Departamentuak jarraituko du hasierako prestakuntza programak antolatzen zuzendari izendatutakoentzat, zehazki baldintza hauek betetzen dituztenentzat: zuzendaritzan bi urteko lana ez egiaztatzea; ikastetxe publikoetako zuzendaritzaren gaikuntzak edo egiaztapenak, abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak indarra hartu baino lehen luzatuak, ez izatea; eta zuzendaritza gaitasunak eskuratzeko edo eguneratzeko araututako prestakuntza ikastarorik ez izatea.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arau guztiak, bereziki Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu, ebaluatu eta haien izendapena berritzeko arauak ematen dituen abenduaren 2ko 202/2010 Foru Agindua eta Nafarroako Foru Administrazioko Hezkuntza Departamentuaren mendeko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratu publikoetako zuzendariak hautatu, ebaluatu eta haien izendapena berritzeko arauak ematen dituen ekainaren 24ko 57/2013 Foru Agindua.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko otsailaren 2an.–Hezkuntzako kontseilaria, José Luis Mendoza Peña.

Iragarkiaren kodea: F1701468