25. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1454E/2016 EBAZPENA, abenduaren 23koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Vianako udal mugapean dagoen hondakin ez-arriskutsuen zabortegi baten instalaziorako. Titularra Dionisio Ruiz SL da.

Gaur egun jardunean dagoen instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 1852/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 2ko 1714/2011 Ebazpenaren bidez aldatua eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 13ko 201E/2014 Ebazpenaren bidez azken aldiz eguneratua.

Titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, hondakinen zabortegia ezartzeko (handitzea). Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak funtsezko aldaketatzat jo zuen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Hortaz, beharrezkoa da beste Ingurumen baimen integratu bat ematea instalazio osorako, martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluarekin bat.

Halaber, instalazio hau I. eranskinean dago, 5.5. epigrafean, Mota guztietako hondakinen zabortegiak, eguneko 10 tonatik gora jasotzen dutenak edo guztira 25.000 tonatik gorako edukiera dutenak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen hondakin inerteen zabortegiak izan ezik; eta I. eranskinean, 5.4 epigrafean, Kontseiluaren 1999ko apirilaren 26ko 99/31/EB Zuzentarauaren 2. artikuluaren g) letran definitutako zabortegiak, eguneko 10 tonatik gora jasotzen duten edo guztira 25.000 tonatik gorako edukiera duten hondakinak isurtzeari buruzkoa baita, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria-emisioei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren hondakin inerteen zabortegiak izan ezik (bertsio bategina).

Instalazioa, orobat, Ingurumena Ebaluatzeko abenduaren 21eko 21/2013 Legearen I. eranskineko 8. taldeko c) idatz-zatian dago sartuta (Hondakinak tratatu eta kudeatzeko proiektua).

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena edo emisioa berrikusi dira, eta lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloratu, eta erabaki da, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Baimen honek lur azpiko uretan zeharka isurtzeko baimena dakar, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluaren aplikazioan eskatutakoa; horri begira, isurketak egitearen gaineko onargarritasunari buruzko txostenaren edukia erantsi da. Txostena Ebroko Ur Konfederazioak eman du.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan ezarritakoarekin bat tramitatu da espedientea (erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta prozeduran sartu dira Ingurumena Ebaluatzeko abenduaren 21eko 21/2013 Legean aurreikusita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegazio bakarrik ere aurkeztu.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da 15 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak. Titularrak, orobat, zenbait ohar aurkeztu ditu, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.g) artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Vianako udal mugapean hondakin ez-arriskutsuen zabortegiari. Instalazioaren titularra Dionisio Ruiz SL da. Instalazioak eta jardueraren garapenak aipatu instalazioa handitzeko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aurreikusi diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak.

Bigarrena.–Instalazioa handitzeko proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egitea: proiektua bideragarritzat jotzen da ingurumenaren aldetik.

Hirugarrena.–Lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea instalazio horrentzat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera.

Laugarrena.–Hondakin ez-arriskutsuen kudeatzailearen baimena mantentzea instalazioari, Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan, 15G04251022532008 erregistro zenbakiarekin. Halaber, hondakin arriskutsuen kudeatzailearen baimena ematea, Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatuta, 15G01251022532008 erregistro zenbakiarekin. Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko gauzatzen ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ingurumen Kalitatearen eta Aldaketa Klimatikoaren Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.8 artikulua aplikatuz (Hondakinak tratatzeko eragiketen baimena). Sozietatearen helbidea dagoen autonomia erkidegoan ingurumen arloan eskumena duen organoak III. eranskinean adierazitako tratamenduak egiteko baimendutako entitate batek ustiatuko du instalazioa, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Bosgarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistrotik kentzea hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legearen 29.4 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Seigarrena.–Hondakin urak Udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena sartzea, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluaren aplikazioan eskatutakoa, Uren Legearen Testu Bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarrian eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen dira zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi honetan zehar legeriak isurketa baimenetarako epe handiagoa ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen, besterik gabe, hasierako epea arauak ezartzen duen gehienezko eperaino zabaltzeko. Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Ur Konfederazioak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikulua eta uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea, isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Zazpigarrena.–Baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, arau hauetan jasotako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua, edo Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikulua.

Zortzigarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek Ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren gainean eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluarekin bat.

Bederatzigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Hamargarrena.–2. ontzi berriaren edozein fase funtzionamenduan hasi baino lehenago, kasu horretan sartuko baitira isurketa ontziak egitea, edo jadanik daudenen faseak, eta jardunean dauden isurketa eremuak zigilatzea, titularrak zati bat martxan jartzeko dagokion erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. eta 18. artikuluetan xedatuarekin bat. Aitorpen horretan sartu beharko da ebazpen honen II. eranskinaren 2.2.1.2.2. puntuan aurreikusita dagoen instalazioen exekuzioaren ziurtagiria.

Hamaikagarrena.–Martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpenarekin batera, jarduketa plan bat aurkeztu beharko du titularrak, ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatzeko.

Hamabigarrena.–Ingurumen baimen integratu honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak handitzeko proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizuneko aitorpena aurkezten duen egunean edo, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den egunean. Bitartean, indarrean dagoen Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hamahirugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Hamalaugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamabosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

Hamaseigarrena.–Ebazpen hau Dionisio Ruiz SLri, Vianako Udalari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari, Ebroko Ur Konfederazioari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko abenduaren 23an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F1615015