25. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

409E/2016 EBAZPENA, abenduaren 23koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Castejongo udal mugapean barazki kontserbak egiteko instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzen duena. Instalazioaren titularra Riberega S COOP da.

Instalazio horrek Ingurumen baimen integratua dauka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 11ko 427/2007 Foru Aginduaren bidez emana. Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 277E/2014 Ebazpenak aldatu zuen foru agindu hori.

2016ko maiatzaren 26n, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, hondakin uren tratamendurako sisteman aldaketa bat ezartzeko, horien birziklapenerako aukera ematearren. Ingurumen Kalitatearen eta Aldaketa Klimatikoaren Zerbitzuak 2015eko ekainaren 17an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez zen funtsezkoa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, horregatik, ez zen beharrezkoa Ingurumen baimen integratu berria ematea; aldaketa nabarmena da ordea, aldakuntza garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan, eta, horregatik, aldaketak Ingurumen baimen integratuan jaso eta hura aldatu beharra dago.

2015eko urriaren 13an, titularrak aldaketa eskatu zuen Ingurumen baimen integratuan, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hau da, hondakin uren tratamendurako sisteman aldaketa bat ezartzeko, horiek birziklatu ahal izatearren.

Halaber, kolektorera isurtzeko muga balioak berrikusi dira, oinarri hartuta isuritako hondakin uren bolumena eta egindako produktu tona, indarreko ingurumen baimen integratuan desdoikuntza baitzegoen.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan titularrari entzutea emateko tramitea bete da hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Castejongo udal mugapean barazki kontserbak egiteko instalazioaren aldaketa nabarmena baimentzea, hondakin uren tratamendurako sisteman aldaketa bat ezartzeko, horiek birziklatu ahal izatearren. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak Ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Riberega S. COOP. da.

Bigarrena.–Hondakin urak Udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena eguneratzea, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen Testu Bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarrian eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen dira zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta unean-unean eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, besterik gabe berrituko da bost urtetik bost urtera.

Hirugarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehenago, titularrak martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.

Laugarrena.–Ingurumen baimen integratuaren aldaketa honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizuneko aitorpena aurkezten duen egunean edo, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den egunean. Bitartean, indarrean dagoen Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Riberega S. COOPi, Castejongo Udalari, Alfaroko Udalari, Errioxako Gobernuko Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari eta NILSAri, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko abenduaren 23an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F1615023