25. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

408E/2016 EBAZPENA, abenduaren 23koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, Vianako udal mugapeko zerri ustiategi baten Ingurumen baimen integratua aldatzen duena (umetarako zerramak eta 12-13 kg bitarteko zerrikumeen produkzioa). Instalazioaren titularra Díaz de Zerio ENSa da (575 NA zenbakia).

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak otsailaren 13ko Ebazpen/Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 9ko 432E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

2016ko maiatzaren 20an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, zerrikumeen produkziorako ustiategian gizendu aurrekoentzako modulu batzuk jartzeko. Ingurumen Kalitatearen eta Aldaketa Klimatikoaren Zerbitzuak 2016ko ekainaren 27an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez da funtsezkoa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, horregatik, ez da beharrezkoa Ingurumen baimen integratu berria ematea; aldaketa nabarmena da ordea, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan, eta, horregatik, aldaketak Ingurumen baimen integratuan jaso eta hura aldatu beharra dago.

2016ko ekainaren 28an hasiera eman zitzaion Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari, proiektua gauzatu ahal izateko, hots, estalpe bat eraikitzea, guztira 5.600 azienda-buru hartu ahal izateko. Hala, gizendu aurreko zerrikumeentzako 2.400 plaza berri jarriko dira, prefabrikatutako 12 modulutan, bakoitzak 200 toki izanen dituela, titia kentzen zaienetik 15 kg egin bitarteko zerrikumeak hazteko. Modulu mugikor eta isotermo horietako bakoitzak 35,23 m² erabilgarriko planta izanen du, PVCko parrilladura osoa eta 20 cm-ko hobiak, maiz hustutzekoak. Aireztatzeko, girotzeko eta elikatzeko sistemak ere bai.

Proposatzen den jarduerak ez du zerramen errolda aldatuko. Dena dela, ustiategiaren gaur egungo produkzio joeraren datuekin alderatuta, zerrikumeen urteko produkzioa poliki-poliki igoko da, ustiategiko zerrama bakoitzeko 25 zerrikume izatetik (gaur egungo ingurumen baimenean adierazitakoaren arabera), 32 zerrikume izatera igaroko baita proiektatutako zabalkuntza egin ondoren.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Lurzoru urbanizaezinean baimenduta dagoen jarduketa bat denez, hura udalaren eskumenean gelditzen da, eta ez du lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe tramite horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan titularrari entzutea emateko tramitea bete da hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Vianako udal mugapean dagoen zerri ustiategi baten Ingurumen baimen integratua aldatzea (umetarako zerramak eta 12-13 kg bitarteko zerrikumeen produkzioa), zerrikumeen produkziorako ustiategi horretan gizendu aurreko zerrikumeentzako modulu batzuk jartzeko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak Ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Díaz de Zerio ENSa da (575 NA zenbakia).

Bigarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 2510050359/1/3 plana onestea.

Hirugarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehenago, titularrak martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.

Laugarrena.–Ingurumen baimen integratuaren aldaketa honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizuneko aitorpena aurkezten duen egunean edo, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den egunean. Bitartean, indarrean dagoen Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Díaz de Zerio ENSri (575 NA zenbakia), Vianako Udalari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Nekazaritza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko abenduaren 23an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F1615024