25. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1E/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 2koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Txulapaingo udal mugapeko 13. poligonoko 166. lurzatian telefoniaren oinarrizko estazio bat paratzeko proiekturako. Sustatzailea Telefónica Móviles España SA da.

Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartua dago (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren helburua da mugikortasunaren estaldura ematea Markalaingo, Ollakarizketako eta Gartziriaingo herriei eta ingurune hurbilari. Horretarako, beharrezko ekipoak paratuko dira 25 metroko garaierako eta sareta metalikozko dorre baten gainean, bai eta 6 metroko x 4 metroko hesi bat ere perimetroan. Dorrea Txulapaingo 13. poligonoko 166. lurzatian da paratzekoa, A barrutian (Ollakarizketako Kontzejuarena da eta larre eta herri-lur gisa dago sailkatua). Instalazioetara sartzeko, oraingo bide bat egokitu eta beste bat eginen da, 180 metroko luzera eta 3 metroko zabalera izanen dituena. Hornidura elektrikorako, behe tentsioko linea elektriko bat eginen da, gutxi gorabehera 150 metroko luzera izanen duena. Horietatik, 49 lurpekoak izanen dira, eta gainerakoan, oraingo zurezko zutoinak erabiliko dira.

Espedientean jasota daude Txulapaingo Udalaren txostena, Ingurune Naturalaren Zerbitzuko Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atalarena eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalarena. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren indarrez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Txulapaingo udal mugapean, Ollakarizketan, telefoniaren oinarrizko estazio baten proiekturako. Sustatzailea Telefónica Móviles España SA da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Bidea egiten denean, ahalik eta lur mugimendu gutxien eginen da. Lur-erauzketak jarduketa berean sortutako ezpondekin konpentsatuko dira, beharrezkoak baldin badira.

–Behe tentsioko aireko linea elektrikoa egitean, oraingo sastrakadia ez da inola ere ukituko.

–Obra amaitutakoan, eremua ongi garbituko da. Sortutako hondakin guztiak hondakinen kudeatzaile baimendu batek tratatu behar ditu.

–Obrek ukitutako eremu guztiak behar bezala lehengoraturik geldituko dira, eta, hala behar denean, berriz landareztatuko dira belarki autoktonoen nahasketa batekin.

–Obrak hasi baino lehen Iruña aldeko Basozaintzari jakinaraziko zaio behar bezain goiz (telefonoa: 948 186 707; ogfopamp7@navarra.es).

Hirigintza arloko edukiak:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki eta jarduketa Ollakarizketako Kontzejuaren herri-lur batean eginen denez, beharrezkoa da, obra lizentzia eman aitzin, Txulapaingo Udalak okupazio espedientea tramitatzea, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 2/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarri bezala.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginik izanen.

–Jarduera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua bost urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Txulapaingo Udalari, Basozaintzari (Iruñeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko urtarrilaren 2an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1700160