25. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

766/2016 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emana, Gizarte-laneko Diplomadunen eta Gizarte-laguntzaileen Elkargo Ofizialaren estatutuen erabateko aldaketa Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskribatu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea agintzen duena. Aipatu elkargoa, aurrerantzean, Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofiziala deituko da.

Aipatu lanbide elkargoa Lehendakaritzako zuzendari nagusiaren irailaren 14ko 515/2005 Ebazpenaren bidez inskribatu zen Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan, 18. zenbakiarekin.

2016ko maiatzaren 6an, Elkargoak eskaera aurkeztu zuen bere estatutuen erabateko aldaketa, 2016ko apirilaren 12an erabakia, inskribatzeko; aldaketa horrek elkargoaren izenean du eragina.

Gero, eta Erregistroak errekerimendua egin ondoren, Elkargoak aldaketa zuzentzea erabaki zuen 2016ko abenduaren 13an egindako Batzar Nagusian.

Batzar Nagusiak onetsi zuen aldaketa, estatutuetan ezarritako prozedurari jarraituz; hala frogatzen da Elkargoko Idazkaritzak emandako ziurtagirian, elkargoko buruaren ikus-onetsia duela, eta zuzenketaren tramitean aurkeztutako dokumentazioan.

Gainera, honako hauetan ezarritako baldintzak betetzen dira: Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea, hura garatzen duen Erregelamendua, abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuak onetsia, eta zerbitzuen jardueretan libreki hasi eta aritzeari buruzko Legearekin bat etortzeko zenbait lege aldatzen dituen abenduaren 22ko 25/2009 Legea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuak emandako ahalmenak baliatuz,

EBATZI DUT:

1. Gizarte-laneko Diplomadunen eta Gizarte-laguntzaileen Elkargo Ofizialaren estatutuen erabateko aldaketa Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskribatzea, aurrerantzean Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofiziala deituko baita. Ondoko eranskinean jaso da testua.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofizialari jakinaraztea, eta adieraztea gora jotzeko errekurtsoa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, jartzen ahalko dela haren aurka, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko abenduaren 29an.–Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia, Edurne Eginoa Antxo.

ERANSKINA

Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofizialaren estatutuak

I. TITULUA

Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofiziala

1. artikulua. Izaera juridikoa.

Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofiziala da aurrerantzean Gizarte-laneko Diplomadunen eta Gizarte-laguntzaileen Elkargo Ofizialak izanen duen izena. Zuzenbide publikoko korporazio bat da, legearen babesa duena eta Estatuak aitorturik dagoena; nortasun juridiko propioa dauka, eta ahalmen osoa du bere helburuak betetzeko.

Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofiziala arau hauen pean egonen da: Espainiako eta Nafarroako araudi aplikagarria, estatutu hauek eta, Elkargoaren zuzendaritza organoek beren eskumenen esparruan onesten dituzten baliozko erabakiak.

2. artikulua. Osaera.

Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofizialak gizarte-laguntzailearen, gizarte-laneko unibertsitate diplomadunaren edo gizarte-laneko graduaren titulua dutenak hartuko ditu bere baitan Nafarroako Foru Komunitateko lurralde esparruan, eta nahitaezkoa izanen da elkargokide izatea lanbidean aritzeko, Estatuko eta autonomia erkidegoko legeek unean-unean ezartzen duten moduan. Orobat, bertan inskribatutako lanbide sozietateak.

3. artikulua. Lurralde eremua.

1. Iruñeko udalerrian egonen da Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofizialaren egoitza, eta Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoa hartuko du haren eremuak.

2. Oraingo egoitza helbide honetan dago: Manuel de Falla 12, soilairuartea; 31005 Iruña. Gobernu Batzordeak hala erabakita, beste egoitza bat aukera daiteke; Batzarraren oniritzia beharko ba, baina estatutuak aldatu beharrik ez.

4. artikulua. Harremanak Administrazio Publikoarekin, entitate pribatuekin eta profesionalekin.

Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofizialak Ministerioko departamentu eskudunaren bitartez izanen ditu harremanak Administrazioarekin, eta zuzenean Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoekin.

Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofizialak elkarlan, lankidetza eta parte-hartze hitzarmenak eta akordioak egiten ahalko ditu beste lanbide entitate pribatuekin eta administrazio publikokoekin.

Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofizialak akordioak eta hitzarmenak egiten ahalko ditu beste herrialdeetako erakunde profesionalekin eta nazioarteko erakunde publiko eta pribatuekin, indarra duen legeriaren esparruan; une bakoitzean egokitzat jotzen dituenak.

5. artikulua. Araudi erregulatzailea.

Estatutu hauek eta barne araubidearen erregelamenduek arautuko dute Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofiziala, bai eta haren gobernu organoek hartutako erabakiek eta Elkargoen Kontseilu Nagusian hartzen direnek, Estatuko eta autonomia erkidegoetako arauetan esleitutako eskumenen arabera. Orobat, lanbide elkargoei buruz indarra duen eta hari aplikatzekoa den bestelako legeriak.

6. artikulua. Ikur ofiziala eta irudi korporatiboa.

Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofizialak bere lurralde eremuan elkargoa identifikatzen duen irudia erabiltzen ahalko du.

II. TITULUA

Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofizialaren
helburuak eta eginkizunak

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofizialaren
helburuak eta eginkizunak

7. artikulua. Elkargoaren helburuak.

Honako hauek funtsezko helburuak dira:

a) Lanbide jardueraren ordenamendua.

b) Ordezkaritza instituzionala bere lurralde eremuan, indarra duen legeriak une bakoitzean ezarritako esparruaren arabera.

c) Printzipio juridiko, etiko eta deontologikoak betetzea.

d) Etengabeko prestakuntza.

e) Elkargokideen lanbide interesak defendatzea.

f) Elkargokideek beren eskumenen eremuan ematen dituzten zerbitzuen kontsumitzaile eta erabiltzaileen interesak babestea.

g) Elkargokideen lanbide prestazioen kalitate maila egokiaz arduratzea.

h) Nafarroako administrazio publikoekin lan egitea bere eginkizunak betetzean.

8. artikulua. Elkargoaren eginkizunak.

Honako eginkizun hauek betetzea dagokio Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofizialari bere lurralde eremuan:

a) Legeek ezarritako ordezkaritza izatea bere helburuak betetzeko.

b) Administrazio publikoek agintzen dizkioten eginkizunak betetzea eta haiekin batera lan egitea, azterlanak eginez, txostenak emanez, estatistikak prestatuz eta bere helburuari loturiko beste jarduera batzuk burutzea, besteek eskatuta edo bere ekimenaz erabakita; orobat, txostena egitea lege proiektuei eta beste edozein mailatako xedapenei, lanbidean aritzeko baldintzen gainekoak badira.

c) Sostengu ematea elkargokideei bultzatzen dituzten jardueretan arazo sozial batek jotako banakoen, taldeen eta komunitateen ekintza elkartua sustatzeko, haien egoera irauliko duen parte-hartze aktiboa lortzearren.

d) Bere lurralde eremuko administrazio publikoetako kontseiluetan eta erakunde aholku-emaileetan parte hartzea, lanbidearen eskumeneko gaietan eta indarra duen araudian aurreikusitakoari jarraituz.

e) Lanbideari dagozkion ikastetxeetako ikasketa planak prestatzen parte hartzea eta, zein den kasua, haiek antolatzeko arauei buruzko txostenak egitea, eta ikastetxe horiekin etengabeko harremana izatea, bai eta beharrezko informazioa prestatzea ere, profesional berriak lanbidean hasteko lagungarri izan dadin.

f) Lanbidearen ordezkaritza eta defentsa izatea bere lurralde eremuan, administrazio publikoen, erakunde publikoen eta pribatuen, epaitegien eta partikularren aurrean, legitimazioa izanik lanbide interesetan eragina duten auzibide guztietan parte hartzeko,

eta legearen araberako eskaera eskubidea erabiltzea, lanbide elkargoei buruzko legerian xedatutakoa galarazi gabe.

g) Auzitegiei, legeetan ezarritakoa betez, elkargokideen zerrenda helaraztea, gai judizialetan peritu gisa esku hartzeko deitu diezaieten, edo zer den bidezko, berak izendatzea.

h) Bere eskumeneko eremuan elkargokideen lanbide jarduera antolatzea, zainduz, betiere, etika eta duintasun profesionalak eta partikularren eskubideak errespeta daitezela, eta horretarako diziplina ahalmena erabiltzea lanbidearen esparruan nahiz elkargoan.

i) Elkargokideentzat interesgarriak diren kultura, laguntza eta aurreikuspen arloko jarduera eta zerbitzu komunak arautu eta antolatzea, eta haien sostengu ekonomikoan laguntzea beharrezko baliabideen bitartez.

j) Gizarte-langileen kode deontologikoa arautuko duen elkargoko araudia ezartzea eta hura garatzen lan egitea.

k) Adiskidetze, bitartekaritza edo arbitraje bidez parte hartzea elkargokideen, elkargoen eta herritarren artean sortzen diren auzietan, haiek libreki eta behar den moduan eskatuz gero. Hori guztia, bitartekaritza eta arbitraje arloan indarra duen araudiaren arabera, arreta berezia jarriz familiaren eta adingabeen gaietan.

l) Zerbitzu-sariak, hartukizunak edo ordainsariak kobratzeaz arduratzea, elkargokide interesdunek eskatuta.

m) Txostena egitea, profesionalen zerbitzu-sariak eztabaidan dauden prozedura judizial edo administratiboetan.

n) Ikastaroak edo bestelako jarduerak antolatzea elkargokideen lanbide prestakuntzarako.

ñ) Indarra duen legeria errespetatzea eta bete dezatela eskatzea elkargokideei; bai eta estatutu partikularrak, elkargoaren barne araubidearen erregelamendua eta Gizarte-laneko Diplomadunen eta Gizarte-laguntzaileen Elkargo Ofizialen estatutu orokorrak ere; orobat, Elkargoko zein Kontseilu Orokorreko organo kolegiatuek beren eskumeneko arloan hartzen dituzten arauak eta erabakiak.

o) Bere aurrekontuak onestea eta elkargokideen ekarpenak arautu eta finkatzea.

p) Elkargokideen lanbide interesen eta, oro har, lanbidearen alde izan daitezkeen eginkizun guztiak betetzea.

q) Elkargokideen zerbitzuen erabiltzaile eta kontsumitzaileen eta herritarren interesak babestearen aldekoak diren eginkizun guztiak.

r) Elkargokideei buruzko eta haiei ezarritako zehapen irmoei buruzko informazio eskaerei erantzutea, bai eta Europar Batasuneko estatu bateko edozein agintari eskudunek egiten dituen ikuskapen edo ikerketa eskaerei ere, Zerbitzu Jardueretan Libreki Hasi eta Horietan Aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean ezarritako moduan, eta bereziki honako hauek kontuan hartuta: kontrolak, ikuskapenak edo ikerketak egiteko eta informazioa lortzeko eskaerak behar bezala arrazoituak egotea, eta lortzen den informazioa eskatu den xederako soilik erabiltzea.

s) Herritarrek eta elkargokideek Elkargoaren eskumenaren arloan aurkezten dituzten kexa eta erreklamazioei erantzutea.

t) Lanbide kode deontologikoen edukiari buruzko informazioa.

u) Legeak babesten dituen gainerako eginkizunak, lanbidearen interesen aldekoak badira, eta Elkargoaren helburuak betetzeko lagungarriak.

BIGARREN KAPITULUA

Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofizialaren kudeaketa printzipioak

9. artikulua. Leihatila Bakarra.

1. Gizarte-langileen Elkargoak web-orri bat izanen du, profesionalek lanbidean aritzeko eta Elkargoan kidetu edo baja hartzeko beharrezkoak diren tramite guztiak egin ditzaten toki bakar batetik, baliabide elektronikoak eta urrutikoak erabiliz, hori guztia Zerbitzu Jardueretan Libreki Hasi eta Aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean ezarritako Leihatila Bakarraren bitartez.

Leihatila bakar horren eta web-orriaren bidez, profesionalek honako hau egiten ahalko dute:

a) Lanbide jardueran hasteko eta aritzeko beharrezkoak diren informazio eta inprimaki guztiak eskuratzea.

b) Beharrezkoak diren agiri eta eskabide guztiak aurkeztea, elkargokide egitekoa barne.

c) Interesdun gisa agertzen diren prozeduren tramitazioaren egoera zein den jakitea, eta aginduzko tramite-egintzen jakinarazpena eta elkargoak horien gainean ematen duen ebazpena jasotzea, diziplina-espedienteen jakinarazpena barne, beste bide batzuen bitartez egitea ezinezkoa denean.

d) Elkargoak web-orriaren bitartez dei egiten ahalko die kideei batzar nagusi arrunt eta berezietara etortzeko eta lanbide elkargoaren jarduera publiko eta pribatuaren berri emateko.

2. Aipatu leihatila bakarraren bitartez, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideak hobeki babesteko, Elkargoak honako informazio argi, garbi eta doaneko hau emanen du:

a) Elkargokideen Erregistroan sartzeko aukera. Erregistro hori etengabe eguneratua egonen da, eta datu hauek bilduko ditu gutxienez: kidetutako profesionalen izen-deiturak, bakoitzaren kide zenbakia, titulu ofizialak, lanbiderako helbidea eta lanbide gaikuntzako egoera.

b) Lanbide sozietateak erregistroan sartzeko aukera. Erregistro horrek Lanbide Sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legearen 8. artikuluan azaltzen den edukia izanen du.

c) Batetik kontsumitzaile edo erabiltzailearen eta bestetik elkargokide baten edo lanbide elkargoaren arteko gatazkaren bat izaten denean aurkez daitezkeen erreklamazioak eta errekurtsoak aurkezteko bideak.

d) Lanbide zerbitzuen hartzaileek laguntza lortzeko eskura dituzten kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarte edo erakundeen datuak.

e) Kode deontologikoen edukiari buruzko informazioa.

10. artikulua. Elkargokideei arreta emateko zerbitzua.

Elkargoak erantzuna eman beharko die bere kideek aurkeztutako kexa eta erreklamazioei. Kasu horietan jarraitu beharreko prozedurak zehaztu beharko ditu; horretarako, barne araubideak onetsiko ditu, eta behar den publizitatea emanen die.

11. artikulua. Herritarren arretarako zerbitzua.

Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofizialak bere kideek egindako zerbitzuen kontsumitzaileak eta erabiltzaileak direnen interesak babes daitezen zainduko du, Administrazio Publikoak funtzionario harremana dela-eta duen eskumena galarazi gabe; horretarako, zerbitzu bat izanen du, aurrez aurrekoa, urrutikoa eta bide elektronikoa (web-orriaren bitartez), Zerbitzu Jardueretan Libreki Hasi eta Aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean ezarritako Leihatila Bakarraren bidez, kontsumitzaileei, erabiltzaileei eta elkargokideei arreta emateko; horrexek tramitatu eta ebatziko ditu elkargokideen lanbide edo elkargo jarduerari buruz haien lanbide zerbitzuak kontratatu dituen edozein kontsumitzailek edo erabiltzailek aurkeztutako kexak eta erreklamazioak; bai eta haiek ordezkatuz edo haien interesak defendatuz kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteek eta erakundeek aurkeztutakoak ere.

Elkargo Ofizialak, kontsumitzaileei edo erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu horren bitartez, kexari edo erreklamazioari buruzko ebazpena emanen du, bidezkoa denaren arabera: dela gatazkak judizioz kanpo ebazteko sistemari buruzko informazioa emanez, dela espedientea elkargoko organo eskudunei igorriz informazio edo diziplina espedienteak irekitzeko, dela artxibatuz edo dela zuzenbidearen araberako beste edozein erabaki hartuz; hori guztia, legez berariaz ezarritakoa galarazi gabe.

12. artikulua. Urteko memoria.

1. Elkargoa gardentasun printzipioari lotua egonen da bere kudeaketan. Horretarako, Elkargoak urteko memoria prestatu beharko du, non honako informazio hau jasoko den gutxienez ere:

a) Kudeaketa ekonomikoaren gaineko urteko txostena, langileen gastuak barne, behar adina zehaztuta Gobernu Batzordeko kideen ordainsariak, karguaren araberakoak.

b) Kontzeptuaren eta emandako zerbitzu motaren arabera zehaztutako kuoten zenbatekoa, bai eta haiek kalkulatu eta aplikatzeko arauak ere.

c) Informazio agregatua eta estatistikak instrukzio fasean dauden edo irmo bihurtu diren informazio eta zehapen prozedurei buruz, zer arau-hausteri buruzkoak diren, haien tramitazioa eta ezarri zaien zehapena adierazita, eta betiere, datu pertsonalak babesteko legeriarekin bat.

d) Informazio agregatua eta estatistikak kontsumitzaileek edo erabiltzaileek edo horiek ordezkatzen dituzten erakundeek aurkeztutako kexa eta erreklamazioei buruz, haien tramitazioari buruz eta, hala badagokio, kasua, kexa edo erreklamazioa onetsi edo ezesteko arrazoiei buruz ere, betiere, datu pertsonalak babesteko legeriarekin bat.

e) Kode deontologikorik izanez gero, haien edukian egindako aldaketak.

f) Gobernu Batzordeko kideek izan ditzaketen interes gatazkak eta bateraezintasunei buruzko arauak.

g) Ikus-onetsiari buruzko informazio estatistikoa.

Bidezko denean, datuak lurraldeka banaturik aurkeztuko dira, korporazioz korporazio.

2. Urteko memoria web-orrian argitaratu beharko da, urteko lehen seihilekoan.

III. TITULUA

Lanbidea eta elkargokideak

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Gizarte-lanaren lanbidea

LEHEN ATALA

Lanbidearen modalitateak. Publizitatea eta zerbitzu-sariak

13. artikulua. Lanbidearen modalitateak.

Norberaren kontura, besteren kontura eta sozietate moduan garatzen ahalko da lanbidea, lan-kontratudun, administrazio kontratudun edo funtzionario modalitateetan; hori guztia, kasu bakoitzean legeriak aurreikusitakoari jarraituz.

14. artikulua. Zerbitzuen publizitatea.

Lanbidean bere kontura diharduen gizarte-langileak bere kaxa edo berak hala baimenduta, nahiz beste batzuen bidez, bere lanbide zerbitzuen publizitatea egiten ahalko du; betiere, erabateko errespetua erakutsita pertsonen duintasunari, lanbide-sekretuari eta Lehiakortasunaren Defentsari buruzko Legeari.

Kabinete kolektiboetan edo enpresetan zerbitzuak ematen dituzten gizarte-laneko profesionalek zaindu egin beharko dute entitate horiek lanbideari zuzenean edo zeharka lotutako zerbitzuekin egiten duten publizitatea egiaren eta objektibotasunaren irizpideen araberakoa izan dadila eta araudi deontologikoa bete dezatela.

15. artikulua. Zerbitzu-sariak.

Lanbidean bere kontura ari den profesionalak diru konpentsazio baterako eskubidea du bere zerbitzuengatik, bai eta lanbidean aritze horrek sortzen dituen gastuak kobratzeko ere.

Erabiltzailearen eta profesionalaren artean libreki hitzartuko da zerbitzu-sarien zenbatekoa; betiere, arau deontologikoak eta lehiakortasun defentsarenak errespetatuta.

BIGARREN ATALA

Gizarte-langileen ahalmen orokor eta berariazkoak

16. artikulua. Ahalmen orokorrak.

1.–Gizarte-langileek ahalmena dute beren jakintza teoriko zientifikoak ematen dizkien eginkizunak betetzeko; oro har, gizakiaren ongizatea sustatzen dute, eta hura gauzatzea bultzatzen; gainera, beren jakintzagai zientifikoa garatzen dute eta giza nahiz gizarte harremanei eta gizarte zerbitzuei aplikatzen diete, banakoen eta Estatuko eta nazioarteko taldeen beharrak eta asmoak betetzea helburu, gizarte-politikaren sustapena beti kontuan hartuta.

2.–Bestetik, haien lanbideko eginkizunek honako hau bilatzen dute:

a) Jendeari bere gaitasunak garatzen laguntzea, gauza izan daitezen banakoen eta taldeen gizarte arazoak konpontzeko.

b) Jendearen integrazio ahalmena eta norberaren garapena sustatzea.

c) Dauden baliabide sozioekonomikoetarako gizarte zerbitzu eta politika egokiak edo alternatibak sustatzea eta haiek ezar daitezen lan egitea.

d) Informazioa eta lotura sozialak bideratzea baliabide sozioekonomikoen erakundeekin.

e) Txostenak eta irizpenak ematea bere lanbideari dagozkion gai eta eginkizun guztiei buruz.

3.–Aurreko ondorioak eman daitezen, gizarte-langileek ahalmena dute jende, talde eta komunitateentzako zerbitzu eta politika sozialak planifikatu, programatu, proiektatu, kalkulatu, aplikatu, koordinatu eta ebaluatzeko, hainbat sektore funtzionaletan arituz.

Orobat, antolaketa esparru zabal batean burutzen ahalko dute lanbidea, baliabideak eta prestazioak populazioaren hainbat sektoretara bideratuz maila mikrosozialean, tarteko maila sozialean eta makrosozialean, Estatuko, autonomia erkidegoko eta tokiko gizarte politiken plangintzari, programazioari eta garapenari buruzko azterlanak eginez, dagozkien lanbide teknikak aplikatuta.

Bestetik, azterlanak egiten ahalko dituzte gizarte politikei eta haien aplikazioaren portaerari eta emaitzen ebaluazioari buruz.

17. artikulua. Berariazko ahalmenak.

1.–Gizarte-langileek ahalmena dute gizarte arazoak tratatzeko, haien pronostikoak egiteko eta konponbide teknikoa emateko proposatzen diren gizarte-lanaren beraren tresnak zehazki, esklusiboki eta berariaz erabili eta aplikatzeko, kasuko, taldeko eta komunitateko gizarte-lanari dagokion berariazko metodologia aplikatuta eta bidezko gizarte txostena eginez eta sinatuz, lortutako informazioa egiaztatu ondoren.

2.–Orobat, ahalmena dute haien zerbitzuen bezeroek edo erabiltzaileek, pertsona fisiko edo juridikoek, enpresa edo entitate publiko edo pribatuek eta, oro har, Administrazio Publikoak, eskatzen eta agintzen dizkieten lanbideko irizpenak emateko; eta bereziki, ahalmena dute peritu gisa agertzeko edozein eratako eta eremu jurisdikzionaletako prozesu eta jarduketa judizialetan, haien trebetasunaren premia bada, gizarte-lanaren jarraibide tekniko zientifikoen arabera.

HIRUGARREN ATALA

Gizarte-lanaren lanbidearen tresnak

18. artikulua. Tresna propioak.

Honako hauek dira gizarte-langilearen tresna propioak bere lanbidean:

1.–Historia soziala. Erabiltzaile baten datu pertsonalak, familiarrak, osasun arlokoak, etxebizitzakoak, ekonomikoak, lanekoak, hezkuntzakoak eta egoera sozio-familiarraren adierazgarri den beste edozein zehazki erregistratzen dituen dokumentua da, bai eta demanda, diagnostikoa eta ondoko esku-hartzea eta egoera horren bilakaera ere.

2.–Gizarte txostena. Tresna dokumental gisa balio duen irizpen teknikoa da, elkargokidearen zenbakia adierazita bakarrik prestatu eta sinatzen dena. Behaketa eta elkarrizketa bitartez egindako azterketatik ateratzen da haren edukia, eta sintesi gisa jasotzen ditu xedeko egoera, balorazioa, irizpen teknikoa eta esku-hartze profesionalaren proposamena.

3.–Fitxa soziala. Gizarte-lanaren dokumentu euskarria da, sistema batean jaso daitekeen historia sozialaren informazioa erregistratzen duena.

4.–Balorazio sozialaren eskalak. Tresna zientifikoa da, une jakin bateko egoera sozialak identifikatzeko balio duena. Horri esker, diagnostiko soziala egiten ahal da.

5.–Esku-hartze sozialaren proiektua. Diseinu bat da, honako hauek jasotzen dituena: egoeraren ebaluazioa eta diagnostikoa, zein jende, talde edo komunitaterekin jokatzen den, helburu operatiboak, jarduerak eta zereginak, erabiliko diren baliabideak, denboran nola banatuko diren eta ebaluaziorako irizpideak.

Gainera, beste zientzia bio-psikosozial batzuekin partekatzen dituen tresnak, lanbidea garatzen laguntzeko gizarte-laneko praktikaren espezializazioaren arabera.

BIGARREN KAPITULUA

Gizarte-lanaren lanbidean aritzea

LEHEN ATALA

Lanbidean aritzeko baldintzak

19. artikulua. Lanbidean aritzeko baldintzak.

Lanbidean aritzeko ezinbesteko baldintzak dira:

a) Gizarte-laneko Diplomadun, Gizarte-laguntzaile edo Gizarte-laneko graduadun tituluaren jabe izatea.

b) Interesdunaren lanbideko helbide bakarra edo nagusia non dagoen, bertan txertatzea Nafarroako Elkargoari; baldintza hori nahikoa izanen da Estatuko lurralde osoan aritu ahal izateko, non ez den frogatzen beste lurralde eremu bateko lanbide bereko elkargo baten parte dela; betiere, lege mailako arau batean xedatzen denaren mende egonen da.

Elkargoak ezin izanen die komunikaziorik edo gaikuntzarik eskatu elkargokoa ez den lurralde batean aritzen diren profesionalei, ez eta elkargokideei eskatu ohi dien kontraprestazio ekonomikoak ez direnak ordaintzea ere (hau da, jasotzen dituzten eta elkargoko kuotak estaltzen ez dituen zerbitzuak ematearen ondoriozko kontraprestazioak).

Elkargoaren lurraldetik kanpo arituz gero lanbidean, lanbide jarduera egiten den lurraldeko elkargoari dagozkion antolamendu eta diziplina eskumenak erabiltzearen ondorioetarako, kontsumitzaile eta erabiltzaileen onurarako, elkargoek agintaritza eskudunen arteko komunikaziorako eta lankidetza administratiborako dauden sistemak eta tresnak erabili beharko dituzte, hain zuzen, Zerbitzu Jardueretan Libreki Hasi eta Horietan Aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean aurreikusita daudenak. Lanbide jarduera egiten den lurraldeko elkargoak ezartzen dituen zehapenek Espainiako lurralde osoan izanen dute eragina.

Europar Batasuneko beste estatu bateko profesional bat aldi baterako lekualdatzen denean, kualifikazioak onartzeari buruz Europar Batasuneko Zuzenbidearen araberako araudi indardunak dioenari jarraituko zaio.

c) Eragozpen fisiko edo mentalik ez izatea, haien izaeragatik edo intentsitateagatik gizarte-lanaren eginkizunak betetzea eragozten dutenak. Ezintasunari buruzko ebazpen judizial irmo baten bidez deklaratu beharko da eragozpen hori.

d) Epai irmo baten bidez desgaitua edo gabetua ez egotea lanbidean aritzeko.

e) Lanbidean aritzea eteten duen diziplina-zehapen baten menpe ez egotea edo gizarte-laneko edozein elkargo ofizialetatik kanporatua.

20. artikulua. Lanbide sozietateak.

1. Elkargokideak izen edo helbide sozial baten bidez aritzen ahalko dira lanbidean, lanbide sozietateak arautzen dituen berariazko legerian xedatutako moduan.

2. Lanbide sozietateak Elkargoan horretarako ezarritako erregistro berezian inskribatuko dira, erregelamendu bidez ezarriko den moduan. Haren xedeko jardueran hasi aurretik eginen da inskripzio hori.

3. Lanbide sozietateak eta haien baitan aritzen diren profesionalak estatutu hauetan ezarritako deontologia eta diziplina araubidearen menpe egonen dira. Profesionalaren erantzukizun pertsonala galarazi gabe, lanbide sozietatea ere estatutu hauetan ezarritako moduan izaten ahalko da zehatua.

4. Lanbidean aritzeko desgaitzen duten edo bateraezinak diren arrazoiek edozein bazkiderengan eragina izateaz gain, sozietatearentzat ere izanen dira haiek dirauten bitartean eta profesionalak sozietatean parte hartzen jarraitzen duen arte.

21. artikulua. Elkargokide egitea.

1. Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofizialean sartzeko, baldintza hauek bete beharko dira, gutxienez ere:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Dagokion eskabidea, Elkargoko Gobernu Batzordeko buruari zuzendua, aurkeztea; ikasketen lanbide titulua edo, zein den kasua, haiek bukatu izana frogatzen duen ziurtagiri akademikoa erantsi beharko zaio, bai eta titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria ere.

Europar Batasuneko kide diren beste estatu batzuek emandako gizarte-langilearen titulua duten profesionalek haren egiaztagiria aurkeztu beharko dute Espainian lanbidean aritzeko, edo haren homologazioarena. Hirugarren herrialde batzuek emandako tituluen kasuetan, Espainiako gizarte-laneko diplomatura edo gradu titulua homologatzeko egiaztagiria erantsiko dute.

c) Orobat, Elkargoak zehazten duen sarrera edo inskripzio kuota ordaindu izanaren frogagiria erantsi beharko da. Eskaera egin aurreko bi urtean, eskatzailea gizarte-laneko beste elkargo ofizial batean inskribatua egon bada, nahikoa izanen da azken urteko ziurtagiria aurkeztea, inskripzio kuota ordaindu izana frogatzeko.

2. Elkargoaren berariazko ebazpenaren bidez lortuko da elkargokide egitea, artikulu honen 1. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.

3. Orobat, artikulu honen lehen atalean ezarritako baldintzak bete eta elkargokide egiteko unean lanbidean ari ez diren gizarte-laneko profesionalak Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofizialean kidetzen ahalko dira; behin elkargoan sartuta, lanbidean ari diren elkargokideentzat estatutu hauetan ezarritako eskubide eta betebehar berak izanen dituzte.

4. Europar Batasuneko beste estatu bateko profesional bat aldi baterako lekualdatzen denean, 1837/2008 Errege Dekretuan jasotako araudi indardunean xedatutakoari jarraituko zaio.

22. artikulua. Elkargokide izateari uztea.

Kasu hauetan utziko zaio elkargokide izateari:

a) Lanbidean aritzeko desgaitzen duen epai irmo batek kondenatua izatea, dagokion erantzukizuna iraungitzen ez den arte.

b) Elkargotik kanporatzeko diziplinazko zehapen irmo batek jota egotea.

c) Interesdunaren borondatezko baja; Batzordeburuari zuzendutako eskaera aurkeztu beharko da, eta lanbidean aritzeari uzten zaiola edo hartan baja hartzen dela frogatzen duen dokumentua erantsi, edo gizarte-laneko beste elkargo ofizial bateko kide egin dela. Hala ere, zehapen jarduketen menpe daudenean, ezin izanen dute beren borondatez soilik galdu elkargokide izaera.

d) Elkargoko kuotak urtebetez ez ordaintzeagatik, ez eta Batzar Nagusiak ezartzen dituen kuota bereziak ere, elkargokideari ordaintzeko errekerimendua egin eta entzutea eman ondoren.

HIRUGARREN KAPITULUA

Elkargokideen eskubide eta betebeharrak

LEHEN ATALA

Elkargokideen eskubide eta betebeharrak

23. artikulua. Elkargokideen eskubideak.

Elkargokide guztiek eskubide berak dituzte. Hona hemen elkargokideen eskubideak:

a) Lanbidean askatasun osoz aritzea, esparru juridiko eta deontologikoaren eta estatutuen barrenean.

b) Korporazioaren kudeaketan parte hartzea eta, horrenbestez, eskatzeko, boto emateko eta zuzendaritza postu eta karguetara iristeko eskubideaz baliatzea, estatutuetan ezarritako prozedurak erabiliz eta eskatzen diren baldintzak betez.

c) Lanbidean behar bezala aritzeko behar izaten ahal duen laguntza eta babesa Elkargoari eskatzea eta harengandik lortzea, bai eta lanbide edo elkargokide eskubideak urratutzat ematen direnean ere.

d) Gainerako elkargokideak errespetatuta, Elkargoko ondasun eta zerbitzuak erabili eta baliatzea, estatutuetan ezarritako baldintzetan.

e) Elkargoaren jarduketa profesional eta sozialaren berri izatea, buletin, gidaliburu, urtekari eta beste argitalpen batzuen bidez.

f) Lanbide, prestakuntza, kultura, laguntza eta aurreikuspen arloan elkargokideentzat interesekoak diren jarduera eta zerbitzu komunen onurak jasotzea.

g) Elkargoaren babesa izatea lanbide-sekretua erabili eta mantentzerakoan.

h) Elkargokidearen txartela erabiltzea.

i) Interpelazioak egitea Gobernu Batzordeari.

j) Zentsura botoa erabiltzea.

k) Beste edozein eskubide, indarreko legeriak eta araudiak aitortzen diona.

24. artikulua. Elkargokideen betebeharrak.

Elkargokide guztiek betebehar berak dituzte.

Hona hemen elkargokideen betebeharrak:

a) Etika profesionalaren arabera jokatzea lanbidean.

b) Beren lanbide jarduketa Elkargoaren legezko eta estatutuetako baldintzetara egokitzea, eta elkargoko organoek hartutako erabakien menpe jartzea.

c) Elkargoko organoen aurrean agertzea, horretako errekerimendua egiten zaienean.

d) Kuotak eta elkargoaren gainerako kargak, arruntak edo bereziak, ordaintzea, estatutu hauetan ezarritakoari jarraituz. Erretiroa hartutako profesionalak eta pasadizokoak (herrialdetik kanpora atera behar izanik elkargoan kidetuta jarraitzeko asmoa adierazi dutenak) kuotak ordaintzetik salbuetsita egonen dira.

e) Lanbide intrusismoko edozein egintza jakinaraztea Elkargoari, beharrezko neurriak har ditzan hura galarazteko, bai eta elkargokide izan gabe legez kanpo dihardutenen kasuak ere; kasu horretan, lege mailako arauan xedatzen denaren arabera jokatuko da uneoro.

f) Ahalik eta leialtasun handienaz jokatzea Elkargoarekin eta gainerako elkargokideekin.

g) Lanbide-sekretua gordetzea, kasuen tratamendu egokirako bideratutako lanbide arteko komunikazioak galarazi gabe.

Lanbideko jarduera dela eta, erabiltzaile bezeroengan eragina duen dokumenturik ezagutzera ez emateko eta egintzarik ez jakinarazteko betebeharra eta eskubidea da lanbide-sekretua, norberak haien berri izanda.

h) Gobernu Batzordeari laguntza ematea eta eskatzen zaion lanbide intereseko gaietan informazioa ematea, bai eta elkargokideek egokitzat jotzen duten gainerakoetan ere.

i) Lanbideko egoitzaren edo helbidearen aldaketen berri ematea Elkargoari.

j) Batzar Nagusietan agertzea eta hauteskundeetan parte hartzea, edo haietara legezko ordezkaria bidaltzea, estatutu hauen 26. eta 27. artikuluetan aurreikusitakoari jarraituz.

k) Estatutu hauen artikuluetan ezarritakoez gain, elkargokideen betebeharrak dira estatutu hauei men egin eta haiek betetzea, bai eta haien edo une bakoitzeko agindu juridiko, etiko edo deontologikoen ondoriozko beste edozein betebehar ere.

BIGARREN ATALA

25. artikulua. Datuen tramitazioa.

Estatistikaren ondorioetarako, programak planifikatzeko, ebaluatzeko edo bestelakoei buruz profesionalari eskatzen zaion informazioa erabiltzaileen/bezeroen identifikazio daturik gabe eman beharko da.

26. artikulua.

Fitxa, historia, espediente eta txosten sozialetan jasotako datuen informazio sistemek erabiltzailearen intimitate eskubidea bermatu beharko dute, eta lanbidean zuzenean inplikatuta dauden profesionalek baino ezin izanen dute informazio hori eskuratu.

27. artikulua.

Nahiz eta lanbide harremana eten edo bukatu edo erabiltzailea/bezeroa hil, gizarte-langileak lanbide-sekretua gordetzen jarraitu beharko du.

28. artikulua. Gatazka.

Lanbide-sekretua mantentzeagatik nahasmenduren bat jasotzeko arriskuan dagoen gizarte-langileak horren berri eman beharko dio idatzita Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzordeari, elkargoaren defentsa eta babesa lortzeko sekretuaren erabileran bere lanbide jarduketaren barrenean.

IV. TITULUA

Gobernu organoak

29. artikulua. Gobernu organoak.

Hauek dira Elkargoaren gobernu organoak: Batzar Nagusia eta Gobernu Batzordea.

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Batzar Nagusia

30. artikulua. Osaera eta izaera.

Batzar Nagusia da Elkargoaren organo gorena, eta Elkargoko Gobernu Batzordeko buruak eta gainerako kideek eta bilduta nahiz ordezkatuta dauden elkargokide guztiek osatzen dute. Hark hartutako baliozko erabakiek eta ebazpenek elkargokide guztiak behartzen dituzte, kontrako botoa ematen dutenak, abstenitzen direnak edo kanpoan direnak barne.

31. artikulua. Funtzionamendua.

1. Batzar Nagusiak arruntak edo bereziak izaten ahalko dira, eta estatutu hauetan ezarritako moduan eta epeetan eginen dira.

2. Nahitaez egin beharko dira bi batzar arrunt: lehenengoa urteko lehen hiruhilekoan, aurreko ekitaldiko kontuak onesteko, eta bigarrena, azken hiruhilekoan, hurrengo ekitaldiko aurrekontua onesteko.

3. Gobernu Batzordeak erabakitzen duenean eginen da Batzar Nagusi berezia, edo elkargokide direnen %10ak, gutxienez ere, hala eskatuta. Idatzita eginen da eskaera, eskatzaileek sinatuta dela; bertan, landuko diren gaiak adieraziko dira.

4. Elkargokide diren guztiek dute eskubidea egiten diren Batzar Nagusietan parte hartzeko, hizpidea eta botoa dituztela; onartuta daude ordezkaria igortzea eta boto delegatua Batzar bakoitzean, idatzitako baimenaren bidez; Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofizialeko kide den lagun batek eraman beharko du nahitaez ordezkaritza hori.

Batzarra hasi aurretik idazkariari emandako ordezkaritzek baino ez dute balioko.

32. artikulua. Eraketa eta erabakiak hartzea.

1. Batzar Nagusiaren eraketa baliozkoa izanen da lehen deialdian hura osatzen duten kideen erdiak eta bat gehiago agertutakoan, nahiz legez ordezkatuta egon. Bigarren deialdian, edozein dela ere bertaratuta edo legez ordezkatuta dauden elkargokideen kopurua, quorum berezia eskatzen den kasuetan izan ezik.

Bigarren deialdia lehenengotik ordu erdiren buruan izanen da kasu guztietan.

2. Erabakiak gehiengo soilez hartuko ditu. Batzarreko bozketak isilpekoak izanen dira, elkargokideetako batek, gutxienez ere, hala eskatu eta gehiengo soilez onetsiz gero.

3. Batzar Nagusiko bi herenen gehiengo kualifikatuak hartu beharko ditu Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofiziala bat-egiteko, xurgatzeko edo desegiteko erabakiak.

4. Bilkura bakoitzeko akta eginen da, eta bertan inguruabarrak, tokia, parte-hartzea, landutako gaiak eta izandako esku-hartzeak jasoko dira, bai eta hartzen diren erabakiak ere; Batzordeko buruak eta idazkariak sinatu beharko dute.

Batzar Nagusiaren hurrengo bileran onetsi beharko dira aktak, eta hala geldituko da jasota deialdiaren gai zerrendan.

33. artikulua. Batzar Nagusiaren eginkizunak.

Batzar Nagusiari dagokio eginkizun hauek betetzea:

a) Elkargoaren estatutu partikularrak, barne araubidearen erregelamenduak eta Elkargoaren antolaketa eta funtzionamendua gidatzen dituzten arauak onestea, bai eta haien aldaketak ere.

b) Hurrengo ekitaldiko aurrekontuak eta aurreko ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen kontua onestea.

c) Elkargoko administrazio prozedurei buruzko barne arauak onestea: elkargokide egiteko tramiteak, lanbide sozietateen erregistroa kudeatzekoak eta elkargoko beste edozein prozeduratakoak.

d) Elkargoan kidetzeko kuotaren zenbatekoa onestea, bai eta salbuespen gisa eta arrazoien gainean justifikatuta Gobernu Batzordeak proposatzen dituenak ere.

e) Elkargoaren urteko jardueren memoria onestea.

f) Erantzukizuna eskatzea Gobernu Batzordeko buruari eta gainerako kideei eta, zein den kasua, zentsura-mozioa sustatzea.

g) Elkargoaren bizitzako kontuei buruz araudiaren edo estatutuen bidez esleitzen zaizkionei buruz erabakitzea.

h) Elkargoa bat-egitea, xurgatzea eta, zein den kasua, desegitea erabakitzea, eta kasu horretan, haren ondasunen destinoa, autonomia erkidegoari proposamena egiteko.

34. artikulua. Batzarretarako deia.

Hamabost egun lehenago, gutxienez ere, eginen da Batzar Nagusi arruntetarako deia, elkargokide den bakoitzari idazkia helbidera igorrita, bertan eguna, tokia, ordua eta eguneko gai-zerrenda adierazita.

Batzar Nagusi Berezietarako, deialdiaren epea hamar egunekoa izanen da, eta arruntetarako baldintza berak beteko dira.

Bigarren deialdia lehenengotik ordu erdiren buruan izanen da kasu guztietan.

Komunikazio pertsonalaren bidez eginen dira batzarretarako deiak, gutunez edo mezu elektronikoaren bidez, eta elkargoaren web-orrian erakutsiko dira, bileraren eguneko gai-zerrenda, eguna, ordua eta tokia adierazita.

BIGARREN KAPITULUA

Gobernu Batzordea

35. artikulua. Izaera eta osaera.

1. Gobernu Batzordea elkargoaren organo betearazlea eta ordezkaritzakoa da, eta hari dagozkio Elkargoaren gobernua eta administrazioa, indarra duen legeriari eta Elkargoaren estatutuei loturik.

2. Elkargoko buruak, buruordeak, idazkariak, diruzainak eta bitik bostera bitarteko batzordekidek osatuko dute Gobernu Batzordea.

a) Ezin izanen dira Gobernu Batzordean aritu kargu publikoak izateko desgaitu edo gabetzen dituen epai judizial irmoarekin kondenatuak izan diren elkargokideak, eta edozein elkargotan diziplina zehapen larria edo oso larria jaso dutenak, dagokien erantzukizuna iraungitzen ez den bitartean.

36. artikulua. Funtzionamendua.

1. Gobernu Batzordeak bilkura arrunta eginen du hilean behin bederen, eta bilkura berezia inguruabarrek hala gomendatzen dutenean edo kideen heren batek, gutxienez ere, hala eskatzen duenean.

2. Gobernu Batzordeko kide guztiak daude behartuta bilkuretan agertzera, eta karguari uko egiten diotela ulertuko da, gutxienez ere, lau Gobernu Batzordetan agertzen ez badira justifikaziorik gabe.

3. Erabakiak gehiengo soilez hartuko dira, eta berdinketak Batzordeko buruaren botoarekin hautsiko dira.

4. Erabakiek balioa izan dezaten, boto gehiago beharko dira alde kontra baino, eta aldeko botoa ematen dutenek Gobernu Batzordeko kideen %25a ordezkatu beharko dute, gutxienez ere.

4. Elkargokide diren beste lagun edo profesional batzuk gonbidatzen ahalko dira Batzordearen bilkuretara, hizpidea dutela baina botorik ez, berariazko informazioa behar duten gaiak jorratzeko.

37. artikulua. Gobernu Batzordearen eginkizunak.

Gobernu Batzordeari dagokio eginkizun hauek betetzea:

a) Batzar Nagusiak hartutako erabakiak bete eta gauza daitezen zaintzea, bai eta batzar horrek agintzen dizkion ekimenak sustatzea ere.

b) Elkargoaren xedeak eta eginkizunak bete daitezen zaintzea.

c) Elkargokideen eginkizunak eta eskumenak bete daitezen zaintzea.

d) Elkargoaren ordezkariak izendatzea organismo, entitate eta erakundeen aurrean, edo egintza publiko edo pribatuetan, bidezkotzat jotzen denean.

e) Kontratuak eta Elkargoaren xedeetarako komenigarritzat jotzen den beste edozein eragiketa juridiko eta ekonomiko onestea.

f) Hauteskundeetarako deialdia eta prozesuaren hasiera erabakitzea.

g) Elkargoak dagokion bidetik zer errekurtso jarriko dituen erabakitzea.

h) Profesionalen beharrezko txandak sortzeko prozedura ezarri eta sustatzea.

i) Profesional berriak Elkargoan kidetzeko eskaerak ebaztea, haien kidetzea onartuz edo ukatuz.

j) Elkargoaren ondasunak administratzea eta baliabideak erabiltzea.

k) Jardueren urteko memoria, memoria ekonomikoa eta Elkargoaren aurrekontuak prestatzea, Batzar Nagusiak onets ditzan, eta hari kontuak ematea.

l) Diziplina-ahala erabiltzea elkargokideekin.

m) Elkargokideen artean lanbidean sor daitezkeen gatazkak konpontzea.

n) Batzar Nagusia zer egunetan eginen den eta haren bilkuretako eguneko gai-zerrenda finkatzea.

ñ) Barne araubidearen erregelamenduaren proiektua eta bere aldaketak prestatu eta proposatzea, Batzar Nagusiak onets ditzan, eta horri proposatzea estatutuen aldaketa.

o) Interes orokorreko gaiei buruzko informazioa azkar ematea elkargokideei, eta haiek planteatzen dizkioten kontsultak erantzutea.

p) Beharrezko batzordeak ezartzea Gobernu Batzordean, Elkargoak ahalik eta gobernurik onena izan dezan.

q) Behar den espedientea ireki ondoren, era guztietako diziplina-zehapenak proposatzea.

r) Estatutu hauek interpretatzea, horren beharra izanez gero.

s) Estatutu hauen ondoriozko beste batzuk.

38. artikulua. Elkargoko burua.

Eginkizun hauek dagozkio Elkargoko buruari:

a) Elkargoaren ordezkari izatea botere publikoekiko, entitateekiko eta era guztietako korporazioekiko harremanetan, bai eta pertsona fisikoekin eta juridikoekin ere.

b) Elkargoaren ordezkari gisa parte hartzea Kontseilu Nagusiaren batzarretan.

c) Gobernu Batzordeko eta Batzar Nagusiko burutza eramatea, eta organo horien bilkuren ondoren egiten diren aktak sinatzea.

d) Agintarientzat eta korporazioentzat diren Elkargoaren txosten eta eskaera ofizialak baimentzea.

e) Gobernu Batzordearen bilkuretarako dei egitea eta Gobernu Batzordean sortzen diren berdinketak haustea kalitate botoa baliatuz.

f) Ahalordea ematea era guztietako judizio edo judizio aurreko auzietan, posizioak absolbitzeko gaitasuna barne, Gobernu Batzordeak edo Batzar Nagusiak, zein den kasua, hartarako baimena ematen duenean.

g) Baimena ematea banku-kontu korronteak irekitzeko, funtsen mugimendurako eta era guztietako gordailu eta hipotekak eratu eta deuseztatzeko.

h) Elkargokideen behar bezalako portaera profesionala eta Elkargoaren ohorea zaintzea.

i) Elkargoko administrazio zerbitzuen funtzionamendua gainbegiratzea edo eginkizun hori Gobernu Batzordeko idazkariaren esku uztea.

j) Zein den ere arrazoia, Elkargoko buruak kargua utziz gero, Batzordeko kideen artean aukeratzen denak hartuko du kargua.

39. artikulua. Elkargoko buruordea.

Elkargoko buruak berariaz bere esku uzten dituen eginkizun guztiak betetzea dagokio buruordeari eta hark esleituta dituenak beretzat hartzea hura kanpoan edo eri dagoenean, nahiz kargua hutsik dagoenean.

40. artikulua. Idazkari nagusia.

Eginkizun hauek dagozkio idazkariari:

a) Beharrezko liburuez arduratzea, Elkargoaren zerbitzua ahalik eta onena eta txukunena izan dadin.

b) Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen bilkuren ondotik nahitaez egin beharreko aktak idatzi eta, Elkargoko buruarekin batera, haiek sinatzea.

c) Urteko kudeaketaren memoria prestatzea.

d) Administrazio zerbitzuak gidatzea eta langileriaren burutza bere gain hartzea, Elkargoko estatutuen arabera.

e) Elkargoko artxiboak eta dokumentazioa zaindu eta babestea, haien helburuak bete daitezen.

f) Ziurtagiriak luzatzea, Elkargoko buruak ikus-onetsita.

g) Elkargoko buruaren aginduei jarraikiz, Elkargoaren egintza guztietarako zitazio-ofizioak prestatu eta bideratzea, behar den denborarekin.

h) Inskripzioak egitea lanbide sozietateen erregistroan eta behar diren ziurtagiriak egitea.

i) Batzordeak agintzen dion beste edozein eginkizun.

41. artikulua. Elkargoko diruzaina.

Diruzainari eginkizun hauek dagozkio:

a) Elkargoaren funtsak bildu eta zaintzea.

b) Elkargoaren kontabilitatea eta ondasunen inbentarioa eramatea.

c) Diruzaintzako kontu orokorra formulatzea eta urteko aurrekontuen proiektua prestatzea.

d) Kontaketak eta urteko egoeraren balantzea egitea, horretarako eskaera egiten zaion aldiro.

e) Behar diren funts eta ordainketen mugimenduetarako agindua ematea.

f) Beharrezko neurriak hartzea kontuak babesteko, eta Gobernu Batzordearen erabakiak aurrera eramatea.

42. artikulua. Gobernu Batzordeko kideak.

1. Gobernu Batzordearen eginkizunetan laguntzea dagokie batzordeko kideei, eta haren bilera eta eztabaidetan parte hartzea. Gobernu Batzordeak zer batzorde edo ponentziatarako izendatzen dituen, haien partaide izanen dira eta haien burutza izanen dute.

2. Orobat, buruordearen, idazkariaren eta diruzainaren ordez ariko dira, haiek kanpoan edo eri daudenean, edo haien kargua hutsik dagoenean, Gobernu Batzordeak aldez aurretik hala erabakita.

3. Elkargoko buruak kargua utziz gero, kargu horren jabe egiten ahalko dira Gobernu Batzordeko kideen gehiengoak hautatuz gero.

43. artikulua. Kargutik kentzea.

1. Gobernu Batzordeko kideek kasu hauetan utziko dute kargua:

a) Agindua bukatutakoan.

b) Interesdunak uko eginda.

c) Hautatua izateko baldintzak, 49. artikuluan aipatzen direnak, galdutakoan.

d) Kargu publikoetan aritzeko desgaitzen duen epai irmo baten bidez kondenatua izatean.

e) Falta oso larria dela eta, diziplina-zehapena jarritakoan.

f) Zentsura-mozioaren kasuan.

2. Elkargoko buruaren eta buruordearen karguak bateraezinak izanen dira kargu publiko batean aritzeko hautatzearekin eta alderdi politiko baten zuzendaritzakoa izateko; dena den, edozein bokal kargutan aritzen ahalko dira.

Gobernu Batzordeko kide izatea bateraezina da:

a) Elkargoan ordainduta dagoen postu bat betetzearekin.

b) Hautetsi izatearekin edo konfiantza politikoko kargu bat betetzearekin hauteskunde unean.

3. Zein den ere arrazoia, kide kopuru batek kargua utzi eta erabakiak hartzeko beharrezkoa den quoruma bermatzen ez bada, hauteskundeetarako dei eginen da, hutsik gelditutako postuak betetzeko. Betiere, informazio aldi bat hasten ahalko da elkargokideentzat, hutsik utzitako postuak bete ditzaten Gobernu Batzordeari gelditzen zaion legegintzaldia bukatu arte.

4. Gobernu Batzordeko kide guztiek karguari uko eginez gero, estatutu hauen 28. artikuluko 14. idatz-zatian ezarritakoari jarraituko zaio.

HIRUGARREN KAPITULUA

Gobernu Batzordeko kideak hautatzeko prozedura

44. artikulua. Hautatua izateko baldintzak.

1. Gobernu Batzordeko karguak hauteskunde bidez beteko dira; Elkargoan kidetuta daudenek hartzen ahalko dute parte baldin eta Elkargoko kuotak ordainduak badituzte, zehapenik ez badute arau-hauste oso larri batengatik edo desgaituta ez badaude epai irmo baten bidez, kargualdiak dirauen bitartean.

2. Gainera, Elkargoan kidetuta gutxienez sei hilabetez egotea eskatuko zaie izangaiei kargu guztietarako.

3. Hautagai berak ezin izanen du inoiz bere burua aurkeztu Gobernu Batzordeko bi kargutarako.

4.–Gobernu Batzordeko kargu guztien agintaldia hiru urtekoa izanen da, eta berriz hautatuak izateko eskubidea izanen dute. Berriro hautatzen direnak Gobernu Batzordeko kide izaten ahalko dira, baina aurreko karguan ez beste batean aritzeko, bokalen kasuan izan ezik.

45. artikulua. Hautesleak.

1. Hauteskundeetarako deialdia baino gutxienez ere hilabete lehenago kidetuta daudenek boto sekretu eta zuzenerako eskubidea izanen dute Gobernu Batzordeko karguak hautatzeko, baina kuota guztiak ordainduta izan beharko dituzte eta ez dute lege edo estatutu debekurik urratu beharko.

2. Bertaratuta ematen ahalko da botoa edo posta bidez, Elkargoaren estatutu hauetan ezarriko diren bermeekin.

Botoa postaz ematen duenak honela jokatuko du:

LEHEN ATALA

Hauteskunde prozedura

46. artikulua. Hauteskundeetarako deialdia.

1. Gobernu Batzordeak eginen du hauteskundeetarako deialdia, haiek egiteko finkatutako eguna baino hilabete eta erdi lehenago, gutxienez ere.

2. Gobernu Batzordeak, hauteskundeak egin baino hogei egun lehenago gutxienez ere, jendaurrean jarriko du, Elkargoaren Idazkaritzan, boto eskubidea duten elkargokideen behin betiko zerrenda. Zerrenda hori Elkargoko aipatu iragarki taulan egonen da, hauteskunde prozesua bukatu arte.

Zerrenda horren gaineko erreklamazioa egin gogo duten elkargokideek hura aipatu iragarki taulan jendaurrean jarri eta ondoko bost egun baliodun izanen dituzte horretarako. Erreklamazioak idatzita egin beharko zaizkio Gobernu Batzordeari, eta hark, erreklamazioak egiteko epea bukatutakoan, bost egun baliodun izanen ditu ebazteko.

47. artikulua. Hautagai-zerrendak.

1. Hauteskundean aurkeztu gogo diren elkargokideek idatzita aurkeztu beharko diote Elkargoko buruari beren hautagai-zerrenda, hauteskundeak baino hamabost egun lehenago, gutxienez ere. Epe hori bukatu ondoko bost egunean, Gobernu Batzordeak jendaurrean jarriko du hautagaien zerrenda Elkargoko iragarki taulan, eta bost eguneko epea irekiko da haren aurkako erreklamazioak egiteko. Aipatu epea bukatu ondoko hiru egunean ebatzi beharko ditu Gobernu Batzordeak erreklamazio horiek.

2. Hala nahi duten elkargokideek taldea osatzen ahalko dute eta hautagai-zerrenda osoa eratu, hautatu behar diren karguak adina hautagairekin, eta buru egiten duen elkargokideak behar den komunikazioa egin beharko dio Elkargoko buruari, aurreko idatz-zatian ezarritako prozedurari jarraituz.

3. Hautagai-zerrenda bakar bat aurkeztuz gero, ez da hauteskunde prozesuarekin jarraitu beharrik izanen. Bakarra dela Elkargoko iragarki taulan agertzen denetik bost egun iraganik Elkargoko ezein kidek haren aurka dagoela adierazi gabe, hautagai-zerrenda hori hautatutzat joko da. Aurkakotasun horrekin batera, nahitaez beharko da beste hautagai-zerrenda baten proposamen irmoa. Aurkakotasun hori agertuz gero, bi hautagai-zerrenden arteko hauteskunde prozesuarekin jarraituko da, Gobernu Batzordeak azkenik aurkeztua baliozkoa dela aztertu ondoren.

48. artikulua. Hauteskunde mahaia.

1. Lehendakariak, bi bokalek eta idazkariak osatuko dute hauteskunde mahaia, hautagai gisa aurkezten ez diren elkargokideen artean Gobernu Batzordeak izendaturik, eta haien ordezkoak izendatuta izanen dituzte.

Hautagaiek interbentoreak izendatzen ahalko dituzte modu honetan: bozketa hasi baino hogeita lau ordu lehenago, hautagaiek mahaiko zein interbentore izendatu diren jakinarazten ahalko diote Gobernu Batzordeari; bi izanen dira, gehienez ere, hautagai-zerrenda osoan eta bat banako hautagai-zerrendan. Interbentoreek bozketa prozesu osoan eta kontaketan hartzen ahalko dute parte, eta egokiak iruditzen zaizkien erreklamazioak egin; horiek hauteskunde mahaiko presidenteak ebatziko ditu, eta idazkariak aktan jasoko.

49. artikulua. Bozketa.

1. Elkargokideek boto-paper baten bidez bakarrik bozkatuko dute; identifikatu ondoren, lehendakariari emanen diote, hark beren aurrean hautetsontzian sar dezan. Mahaiko idazkariak botoa ematen dutenak markatuko ditu elkargokide hautesleen zerrendan.

2. Botoa pertsonalki ematen ez duten elkargokideek posta ziurtatuaren bidez egiten ahalko dute. Kasu horretan, hautesleak boto-papera erditik tolestu eta itxitako gutun-azal batean sartuko du, aurreko aldean bere izena, deiturak eta elkargokide zenbakia dituela, eta atzeko aldean sinatuko du, gutun-azalaren hegala gurutzatzen duela. Gutun-azal hori beste batean sartuko da eta Elkargora igorriko da, izenaz eta helbideaz gain, elkargokidearen zenbakia adierazita dituela, eta atzeko aldean sinatuko da, aurreko moduan bezala. NANaren fotokopia eta elkargokidearen karnetarena erantsiko dira.

3. Botoa daramaten gutun-azal horiek Elkargoaren egoitzara igorriko dira, eta balioa izan dezaten, Elkargoan jaso beharko dira hauteskunde egunean, hautetsontzia ixteko adierazitako ordua baino lehen. Geroago iristen diren botoak ireki gabe suntsituko dira. Elkargoak editatzen duen bezalakoa izan beharko du boto-paperak. Elkargokideen zerrendak eta boto-paperak emanen zaizkie haiek eskatzen dituzten hautagaiei. Orobat, hamar egun lehenago, gutxienez ere, emanen zaizkie boto-paperak postaz bozkatu behar duten elkargokideei, boto eskubidea erabil dezaten.

4. Bozketa bukaturik, boto kontaketa eginen da; jendaurrean eginen da hautagai bakoitzak lortutako botoak kontatuz. Baliogabetzat joko dira zerrendetan hautagai gisa ageri ez direnei emandakoak, bai eta marratuta daudenak edo hautagaiaren izenaz eta karguaz bestelako esaldi edo adierazpenik dituztenak. Hori guztia eta gerta daitezkeenak akta batean jasoko dira, eta hura lehendakariak eta idazkariak sinatuko dute.

50. artikulua. Hautagai-zerrenda hautetsia.

1. Boto kopuru handiena ateratzen duten hautagaiak zein bere kargutarako hautatuko dira, banako edo osoko hautagai-zerrendatarako aurkezten diren kontuan izanda. Berdinketa emanez gero, lanbidean, Elkargoan kidetuta, denbora gehien daraman hautagaia edo antzinatasun handiena duena aukeratuko da.

2. Boto kontaketa eginik, hurrengo egun baliodunean, hautagaiek egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak egiten ahalko dituzte. Gobernu Batzordeak gehienez ere bi egun balioduneko epean ebatziko ditu erreklamazioak, horiek aurkeztu eta biharamunetik hasita. Aurkezten diren inpugnazioak ikusita, Batzordeak hautaketa deuseztatzea erabakiz gero, Kontseilu Nagusiari emanen dio horren berri, eta beste hauteskunde batzuetarako deia eginen da hilabeteko epean, gehienez ere. Kasu horretan, Gobernu Batzordeak jardunean jarraituko du, aukeratzen den Batzorde berriko karguak aldarrikatzen diren arte.

Erreklamaziorik aurkezten ez bada edo horiek atzera botatzen badira, astebeteko epean aldarrikatuko dira hautatzen diren izangaiak.

3. Gobernu Batzordearen hauteskunde arloko behin betiko ebazpenen aurka, Elkargoko edozein kidek jartzen ahalko du gora jotzeko errekurtsoa Kontseilu Nagusiko Gobernu Batzordean, eta hori ebaztearekin administrazio bidea amaituko da.

4. Gobernu Batzordeko hautetsiek beren karguen jabetza hartu beharko dute aldarrikatzen direnetik hamabost eguneko epean, gehienez ere. Ateratzen den Batzorde berria adierazi beharko zaio Kontseilu Nagusiari.

5. Hautagai-zerrenda bakar bat ere aurkezten ez bada, ez banakoa ez osokoa, Gobernu Batzordearen hauteskundeetara, Gobernu Batzordeak jardunean jarraituko du, artikulu honen 2. idatz-zatian ezarritakoari jarraituz.

6. Aurreko idatz-zatian adierazitako kasuan, Kudeaketa Batzorde bat sortuko da, helburua izanik hautagai-zerrenda bat sustatzea hautesle eskubidea duten elkargokideen artean Elkargoko Gobernu Batzorderako. Elkargoan antzinatasun handiena duten bederatzi elkargokidek osatuko dute Kudeaketa Batzordea.

LAUGARREN KAPITULUA

Zentsura-mozioa

51. artikulua. Zentsura-mozioa.

1. Batzar Nagusiak erantzukizuna eskatzen ahalko die Gobernu Batzordeko buruari eta gainerako kideei, banaka edo batera (batena baino gehiagorena bada), zentsura botoa gehiengo absolutuz hartuta.

2. Idatzita proposatu beharko dute zentsura-mozioa Batzar Nagusia osatzen duten kideen %25ek gutxienez ere, arrazoiak argi eta garbi adierazita, eta haietako bakoitzak sinatuta dela.

a) Batzar Nagusiak zentsura-mozioa onetsiz gero, hark Gobernu Batzordeko kide berriak izendatuko ditu zentsura-mozioaren xedekoak ordezteko, eta hauteskundeetarako deialdia egin beharko da hilabeteko epean, utzitako karguak bete daitezen. Zentsura-mozioa onesten ez bada, sinatzaileek ezin izanen dute besterik aurkeztu sei hilabete iragan arte.

V. TITULUA

Lan batzordeak eta lantaldeak

52. artikulua. Lan batzordeak.

Elkargokide gehienek Elkargoaren jardueretan parte har dezaten, lan arlo jakin batzuk jorratzeko batzordeak eratuko dira.

Batzorde irekiak izanen dira eta elkargokide guztiek parte hartzen ahalko dute. Elkargoan kidetuta ez dauden profesionalek hartzen ahalko dute parte, Batzordeak hala onetsiz gero.

Gobernu Batzordeko kide batek koordinatuko ditu edo erantzukizun hori delegatzen ahalko da, Batzordeak hala erabakiz gero. Batzordeen kopurua, osaera eta eskumenak aztertu edo ebatzi beharreko gaien edo beharren araberakoak izanen dira uneoro.

Bata bestearen ondoko hiru saiotan kideen erdien eta bat gehiagoren quoruma lortzen ez bada, batzordea desegitea hartuko da kontuan. Azkenik, aurrera jarraitzen ez badu, aditzera emanen zaio Gobernu Batzordeari eta horrexek hartuko ditu haren eskumenak.

53. artikulua. Batzordeen sorrera.

Ondoko hauek proposa dezakete lan batzordeak sortzea:

a) Gobernu Batzordeak.

b) Edozein elkargokidek, gutxienez hamar elkargokideren babesa baldin badu. Eskaera idatzita egin beharko dio Gobernu Batzordeari. Horrek ukoa adieraziz gero, idatzita proposatzen ahalko dio Batzar Nagusiari.

54. artikulua. Batzordeen eginkizunak.

Batzordeek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Gobernu Batzordeari aholku ematea, horrek hala eskatuta.

b) Laneko plan profesionalak garatzea eta gizarte-lanaren lanbideari lotutako edozein azterlan, ikerketa edo proiektu egitea.

c) Gobernu Batzordeari ekimenak proposatzea.

d) Batzar Nagusien bilera arruntetan eta berezietan proposamenak egitea. Horiek eguneko gai-zerrendan jasoko dira.

e) Egiten diren lanen berri ematea Batzar Nagusiari.

55. artikulua. Ondorioak eta proposamenak.

Batzordeek ateratako ondorioak eta proposamenak Gobernu Batzordeari igorriko zaizkio, zeinak hurrengo bileran aztertuko baititu nahitaez. Gero, egokitzat jotzen ez dituenei buruzko arrazoizko txostena eginen du eta, kasuan kasuko batzordearekin ados jarrita, betearaziko ditu, estatutu hauetan eta barne araudian ezarritakoari lotuz betiere.

Gobernu Batzordeak atzera botatzen baditu batzorde baten erabakiak edo proposamenak, horrexek Gobernu Batzordearen ebazpen horren aurkako errekurtsoa jartzen ahalko du Batzar Nagusi Berezirako dei eginda, estatutu hauetan ezarritako prozeduraren arabera.

56. artikulua. Akordioak.

Batzorde horien erabakiak kideen gehiengo soilez hartuko dira, baina baliozkoak izanen badira bi herenen quoruma beharko da gutxienez.

Hiru bilkuratan jarraian aipatu quoruma lortzen ez bada, deseginen da batzordea, aldi baterako behintzat, eta horren eskumenak Gobernu Batzordeak hartuko ditu.

VI. TITULUA

Araubide ekonomikoa eta finantzarioa.

57. artikulua. Ondare ahalmena.

Nafarroako Gizarte-laneko Elkargoak ondare ahalmen osoa dauka bere helburuak betetzeko, eta autonomia osoa ondasunak kudeatzeko eta administratzeko.

Elkargoak baliabide ekonomiko arruntak eta bereziak izanen ditu.

58. artikulua. Baliabide ekonomiko arruntak.

1. Hauek dira Elkargoaren baliabide arruntak:

a) Elkargokide direnek Elkargoan inskribatzeko dituzten kuotak.

b) Gobernu Batzordeak proposatuta, Elkargoko Batzar Nagusiak finkatzen dituen kuota arruntak eta bereziak.

c) Elkargokideei ordaindu beharreko tarifa, Elkargoak gainbegiratzen edo ikus-onesten dituen lan profesionaletan.

d) Argitalpenak salduta, harpidetzak eginez eta ziurtagiriak emanez Elkargoak lor ditzakeen diru-sarrerak, bai eta eskatzen zaizkion irizpenak, aholku eginkizunak eta antzekoak egitetik heldu direnak ere.

e) Elkargoaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideek sortzen dituzten edozein eratako etekinak, bai eta Elkargoak egiten dituen edozein eratako jarduerek sortzen dituztenak ere.

2. Lanbideari lotutako edozein lan jarduera egiteari utzi eta erretiro hartuta, ezinduta edo ezintasun osoa edo/eta iraunkorra dutela dauden elkargokideek Elkargoaren kuotatik salbuesteko eskatzen ahalko dute, elkargokide gisako eskubideak galdu gabe.

59. artikulua. Baliabide ekonomiko bereziak.

Ondoko hauek Elkargoaren baliabide bereziak dira:

a) Administrazio publikoek, entitate publikoek eta pribatuek eta partikularrek ematen dizkioten diru-laguntzak, dohaintzak edo beste edozein laguntza mota.

b) Jaraunspen, dohaintza edo beste edozein tituluren bidez bere ondare bihurtzen diren ondasun eta eskubideak.

c) Zehaztu gabeko edozein kontzepturengatik jasotzea dagozkien diru kopuruak.

60. artikulua. Kontuen egoera.

Diruzainaren eskumena zein den ere, kontuen egoerak haiek eskatzen dituzten elkargokideen eskura egonen dira, bai eta Gobernu Batzordeko kideen eskura ere; orobat, saldoak eta baliabide berezien inbentario liburuak egiaztatuko dituzte.

61. artikulua. Elkargoko kuotak ez ordaintzea.

Gobernu Batzordeak ahalmena du Elkargoko zerbitzuen kuota edo tarifen ordainketa atzeratzeko edo zatitzeko, hala erabakita kasu partikular bakoitzean.

VII. TITULUA

Bereizgarrien eta sarien araubidea

62. artikulua. Bereizgarri eta sarien araubidea.

Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofizialeko Batzarrak hartutako erabakiaren bidez ohoratu edo saritzen ahalko dira elkargokideak; Gobernu Batzordeak proposatuko du edo hogeita hamar kideren ekimena izanen da eta, bertan Elkargoaren zerbitzurako proposatutakoaren merezimenduak adieraziko dira.

VIII. TITULUA

Diziplina araubidea.

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Arau-hauste eta zehapen motak

63. artikulua. Diziplina ahalmena.

1. Gobernu Batzordeari dagokio diziplina ahalmena erabiltzea elkargokideekin.

2. Kontseilu Nagusiko Gobernu Batzordeari dagokio diziplina ahalmena erabiltzea Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzordeetako kideekin.

64. artikulua. Arau-hausteak.

1. Elkargokideek lanbidean burutzen dituzten egintza eta omisio guztiek izaten ahal dute zehapena, faltatzat jota badaude estatutu hauetan.

2. Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

A) Honako hauek arau-hauste arinak dira:

a) Zabarkeria lanbideko eta elkargoko eginbehar eta betebeharrak betetzen.

b) Errespetu falta Elkargoko beste kideekin edo Gobernu Batzordeko kideekin, eta Elkargoak behin eta berriz egindako errekerimenduei kasurik ez egitea.

B) Honako hauek arau-hauste larriak dira:

a) Elkargoko kuotak ordaintzeko betebeharrari behin eta berriro huts egitea horretarako errekerimendua egiten zaion aldiro.

b) Zeinek bere elkargoan ordaindu beharreko tarifa behin eta berriro ordaindu gabe uztea.

c) Elkargoko diziplina behin eta berriro ez betetzea.

d) Elkargokideak larriki mespretxatzea, iraintzea eta erasotzea.

e) Elkargoko gobernu organoek edo Elkargoen Kontseilu Nagusiak hartutako erabakiak ez betetzea.

f) Falta arinak behin eta berriz egitea. Hori dela eta, hiru hilabetean bi falta baino gehiago eginez gero, behin eta berriro gertatzen direla ulertuko da.

g) Legeetan ezarritakoaren arabera lehia desleialtzat jotzen diren egintzak.

h) Berdintasunaren eta diskriminazio ezaren konstituzio printzipioak urratzen dituzten lanbideko jarduketak.

C) Honako hauek arau-hauste oso larriak dira:

a) Delituak egitea, parte-hartzea edozein izanik ere, lanbidean jardutearen ondorioz.

b) Beste profesionalen duintasunaren edo ohorearen aurka egitea.

c) Lege arauetan edo estatutuetan ezarritako betebehar deontologikoak eta zeregin profesionalak ez betetzea; bereziki, jarduketa horiek kalte larria sortzen dietenean zerbitzu profesionalaren hartzaileei, elkargoko beste kideei, elkargoari berari edo hirugarrenei.

d) Intrusismo profesionala ezkutzatzea.

e) Lanbide-sekretua urratzea.

f) Falta larriak behin eta berriz egitea. Hori dela eta, urtebetean bi falta baino gehiago eginez gero, behin eta berriro gertatzen direla ulertuko da.

65. artikulua. Zehapenak.

1. Aurreko artikuluan sailkatutako egintzengatik honako zehapen hauek ezartzen ahalko dira:

A) Arau-hauste arinentzat:

a) Ohartarazpen idatzia.

b) Kargu-hartze pribatua.

B) Arau-hauste larrientzat:

a) Kargu-hartze publikoa.

b) Sei hilabetez, gehienez ere, lanbidetik etetea.

c) Korporazio karguetan aritzeko eskubidea aldi baterako kentzea, urtebetean gehienez ere.

C) Arau-hauste oso larrientzat:

a) Elkargokide izaera etetea, bi urtean gehienez ere.

b) Elkargotik kanporatzea.

2. Betiere, egindako arau-haustearen eta ezarri beharreko zehapenaren arteko proportzionaltasunaren printzipioa hartu beharko da kontuan.

66. artikulua. Preskripzioa.

1. Arau-hauste arinak egin eta sei hilabetera preskribatuko dira, larriak bi urteren buruan eta oso larriak hiru urteren buruan. Betiere, zehapenak ekarri dituzten egintzak gertatu ziren egunetik hasita.

Interesduna jakitun delarik, zehapen prozedura hasiz gero, preskripzio epea eten eginen da. Zehapen espedientea hilabetetik gora geldirik baldin badago ustezko arau-hausleari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, preskripzio epeak segituko du.

2. Arau-hauste arinengatik ezarritako zehapenak urtebetean preskribatuko dira, arau-hauste larriengatik ezarritakoak bi urteren buruan, eta falta oso larriengatik ezarritakoak hiru urteren buruan, zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik hasita.

Interesduna jakitun delarik, betearazpen prozedura hastearekin batera etenda geldituko da preskripzioa, eta, prozedura hilabetez baino luzaroago geldituta badago arau-hausleari ezin egotzi zaion arrazoiren batengatik, berriz aurrera jarraituko du epeak.

BIGARREN KAPITULUA

Zehapen prozedura

67. artikulua. Aldez aurreko jarduketak eta zehapen espedientea.

1. Zehapen prozedura hasi baino lehen, aldez aurreko jarduketak egiten ahalko dira, zehaztu ahal izateko hura hasteko arrazoi den inguruabarrik ote dagoen. Bereziki, jarduketa horiek ahalik eta zehatzen bilatuko dute zer egintza diren prozedura hasteko arrazoi, nor diren erantzule izan daitezkeenak eta zein diren batzuetako eta besteetako inguruabar garrantzitsuak.

2. Zehapen larriak eta oso larriak ezartzeko, nahitaez ireki beharko da zehapen espedientea; horretarako, Elkargoko buruak, Gobernu Batzordeak aldez aurretik hala erabakita, instruktore bat izendatuko du, eta hori Elkargoko edozein kide izan daiteke.

3. Espedienteak arau-haustea diren egintzen zerrenda laburtua eta aplika daitezkeen zehapenak jasoko ditu, eta interesdunari zuzenean eman beharko zaio hura ireki izanaren berri jakinarazpena behar bezala egiten dela frogatzen duten baliabideen bitartez; Elkargoko Gobernu Batzordeko idazkariak eginen du, interesdunak deskargu-orria aurkez dezan jakinarazpenetik bost egun balioduneko epean, bidezkoak iruditzen zaizkion alegazioak egin ditzan eta beharrezkotzat jotzen dituen proba guztiak aurkez eta proposa ditzan. Betiere, deskargu-orri hori aurkezten ez bada, geroago tramitatzen ahalko da espedientea.

Kasu bakoitzean bidezkoak diren baliabideen arabera proposatuko da probarako epea deskargu-orrian.

4. Zein den kasua, interesdunak proposatzen dituen probak eta instruktoreak ofizioz eskatzen dituenak eginik, instruktoreak ebazpen proposamena igorriko dio Gobernu Batzordeari, bidezko ebazpena eman dezan hogei eguneko epean, gehienez ere.

5. Ohartarazpenaren eta kargu-hartze pribatuaren zehapenak ezartzeko, zehapen espedientea ireki beharko da; jarduketa hauek ekarriko ditu: faltaren eta izan dezakeen zehapena jakinaraztea interesdunari, entzutea ematea deskargu-orriaren bidez, artikulu honetako 3. idatz-zatiko arauei jarraituz, eta ondoko ebazpena, tramite gehiagorik gabe; hori guztia, Gobernu Batzordearen eskutik.

68. artikulua. Espedientea ebaztea.

1. Gobernu Batzordearen ebazpena arrazoietan oinarrituko da eta kargu-orrirako eta ebazpen proposamenerako oinarri izandako egitateei buruzkoa bakarrik izaten ahalko da, eta idatzita eta pertsonalki helarazi beharko zaio interesdunari, jakinarazten dela behar bezala frogatzen duten baliabideak erabiliz; Elkargoko Gobernu Batzordeko idazkariak prestatuko du.

Ebazpen hori ematean ezin izanen dute esku hartu instruktoreak eta espedientean parte hartu duten guztiek.

2. Interesdunak gora jotzeko errekurtsoa, Kontseilu Nagusiari zuzendua, jartzen ahalko du espedientea amaitzen duen ebazpenaren aurka.

3. Korporazioko errekurtsoak erabilitakoan, interesdunek administrazioarekiko auzien jurisdikzioan jartzen ahalko dituzte errekurtsoak.

IX. TITULUA

Elkargoaren egintzen araubide juridikoa

69. artikulua. Egintzen eta erabakien eraginkortasuna.

1. Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen egintzak eta erabakiak berehala dira betearazleak, non ez den haietan kontrakorik adierazten.

2. Dena dela, egintza eta erabaki horien eraginkortasuna atzeratu eginen da haien edukiak hala agintzen duenean edo jakinarazpena behar dutenean.

70. artikulua. Akta liburuak.

Elkargoan nahitaez beteko dira bi akta liburu, Elkargoko buruaren eta idazkariaren sinadura bidez baimenduta; haietan Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen egintzak eta erabakiak jasoko dira.

71. artikulua. Erabateko deuseztasuna.

Elkargoaren egintzak erabat deusezak izanen dira, haietan kasu hauetakoren bat gertatuz gero:

a) Konstituzioak babes ditzakeen eskubide eta askatasunenei kalte egiten dietenak.

b) Gaia edo lurralde-eremua dela eta, nabarmen eskumenik ez duen organoak emandako aginduak.

c) Ezinezko edukia dutenak.

d) Arau-hauste penala dakartenak edo arau-hauste penalaren ondorioz erabakitzen direnak.

e) Legez ezarritako prozedura edo Elkargoko organoen borondatea eratzeko funtsezko arauak biltzen dituzten arauak alde batera uzten dituztenak.

f) Antolamendu juridikoaren kontrakoak izanik, ahalmenak edo eskubideak lortzeko aukera ematen duten berariazko edo ustezko egintzak, haiek lortzeko funtsezko beharkizunak bete gabe.

g) Legezko xedapen batean berariaz azaltzen den beste edozein egintza.

72. artikulua. Deuseztagarritasuna.

1. Egintzak deuseztatzen ahalko dira, baldin eta antolamendu juridikoa nola edo hala urratzen badute, boterearen desbideratzea ere barne dela.

2. Formazko akatsek deuseztagarritasuna ekarriko dute egintzak bere xedea betetzeko ezinbesteko baldintza formalak biltzen ez dituenean edo interesdunen babes gabezia eragiten duenean soil-soilik.

3. Egintzak haietarako ezarrita dagoen denboratik kanpo egiteagatik deusezak izanen dira haien izaerak edo epeak hala ezartzen dutenean bakarrik.

73. artikulua. Administrazio eta jurisdikzio errekurtsoak.

1. Elkargoko organoen ebazpen espresu edo isilbidezkoen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da arloa uneoro erregulatzen duen indarreko araudian aurreikusitako moduan eta epeetan, Kontseilu Nagusiari zuzenduta.

2. Gora jotzeko errekurtsoak ebazten dituen Kontseilu Nagusiaren ebazpenek administrazio bidea amaitzen dute eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioan jartzen ahal dira haien aurkako errekurtsoak.

3. Autonomia erkidegoko Administrazioak delegatutako ahalmen eta eskumenak baliatuz Elkargoak burututako egintza eta erabakien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Nafarroako Gobernuan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren aurretik, administrazio prozedura erkidean indarra duten arauei jarraituz.

74. artikulua. Legitimazioa.

Legitimazioa dute Elkargoaren egintza hauen aurka egiteko:

a) Eskubide subjektibo baten edo interes legitimo baten titularrek, banakako ondorio juridikoak dituzten egintza edo erabakiak direnean.

b) Elkargoan kidetuta dagoen edozeinek, Elkargoan kidetuta dauden hainbatengan edo Elkargoan bertan eragina duten egintza edo erabakiak direnean.

X. TITULUA

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Elkargoa desegitea eta bat-egitea

75. artikulua. Desegiteko tramitea.

1. Elkargoa soilik deseginen da bere helburuei uko egiten dienean, aldez aurretik hartarako deitutako Batzar Nagusi Bereziak hori erabaki ondoren; erabaki hori hartzeko, estatutu hauetan ezarritako quorum berezia beharko da. Erabaki hori berehalakoan igorriko zaie Kontseilu Nagusiari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari, ezagut eta onets dezaten.

2. Gobernu Batzordeak, Batzar Bereziak erabakia hartu ondoren eta Administrazioak baimena emanik, Elkargoaren ondarearen likidazioa eginen du, indarra duten legeen arabera.

76. artikulua. Bat-egitea.

1. Nafarroako Elkargo Ofiziala lanbide bereko beste elkargo batekin bat-egiteko erabakia bi elkargo horien artean horretarako propio deitutako Batzar Nagusi Berezian hartuko da; erabaki hori hartzeko, estatutu hauetan ezarritako quoruma beharko da.

2. Erabaki hori berehalakoan igorriko zaie Kontseilu Nagusiari eta Nafarroako Foru Administrazioari, ezagut eta onets dezaten.

BIGARREN KAPITULUA

Indargabetzea, indarra hartzea eta inskripzioa

77. artikulua. Indargabetzea.

Nafarroako Gizarte-laneko Elkargo Ofizialaren estatutu partikular hauek indarra hartuta, ondoriorik gabe, indargabetuta eta inolako baliorik gabe gelditzen dira Nafarroako Gizarte-laneko Diplomadunen eta Gizarte-laguntzaileen Elkargo Ofizialaren estatutuak, 2005eko apirilaren 27ko Batzar Nagusiak onetsi eta 2005eko azaroaren 14ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zirenak.

78. artikulua. Indarra hartzea.

Estatutu hauek hasiera batez onetsi dira apirilaren 12ko Batzar Nagusi Arruntean erabaki hori hartuta eta 2016ko abenduaren 13ko Batzar Nagusi Arruntean okerrak zuzendu ondoren, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra, aldez aurretik egokitasunaren ziurtagiria lortuta.

79. artikulua. Erregistroa.

1.–Estatutu hauek eta beren aldaketak Kontseilu Nagusiaren Estatutuen Erregistroan inskribatu beharko dira, aldez aurretik egokitasunaren ziurtagiria lortuta.

2.–Orobat eta publizitatearen ondorioetarako, estatutu hauek eta beren aldaketak Nafarroako Lanbide Elkargoen Erregistroan beharko dira inskribatu.

Iragarkiaren kodea: F1614963