244. ALDIZKARIA - 2017ko abenduaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

111/2017 FORU DEKRETUA, abenduaren 13koa, erretzeari uzten laguntzeko farmazia prestazioa jasotzeko baldintzak ezartzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioei jarraikiz, 1994ko abuztuaren 8ko Foru Aginduaren bidez, erretzeari uzten laguntzeko programa pilotu bat ezarri zen Oinarrizko Osasun Laguntzan eta Lan Osasunean. Ondoren Tabakoaren kontrako Foru Plana prestatu zen eta, hartan, Erretzeari uzten laguntzeko programaren ezarpena zabaldu eta Erretzen hastea prebenitzeko eta Kerik gabeko eremuen programak ezarri ziren. 2001eko apirilaren 27an Foru Parlamentuko Osasun Batzordeak Tabakoaren kontrako Foru Plana onetsi zuen, eta, hartan, tabakoari dagokionez, prebentzioa eta osasunaren sustapena eta babesa aurreikusten dituen lege bat prestatu beharra planteatu zen.

Ekainaren 16ko 139/2003 Foru Dekretuaren bidez, erretzeari uzten laguntzeko farmazia prestazioa jasotzeko baldintzak ezarri ziren.

Urtarrilaren 18ko 3/2012 Foru Dekretuak indarrik gabe utzi zuen lehen aipatu 139/2003 Foru Dekretua. Prestazio hau ezabatzeko arau indargabetzailearen azalpenean zioen gastu publikoari eutsi beharrak eragin zuela “lehentasunezkoak ez ziren” neurriak aurrekontuko zuzkidura gabe gelditzea.

Hala ere, Oinarrizko Osasun Laguntzan erretzeari uzten laguntzeko programari eutsi zitzaion, osasun etxeetatik eskainiz hainbat esku-hartze hezitzaile: aholku laburrak, banakako laguntza programa (hiru saio edo gehiagokoa), taldeko laguntza programatua (2 edo 3 orduko motibazio tailer bat eta 3 saio edo gehiagoko tailer labur bat hartzen dituena), eta asteroko jarraipena hilabete batez.

Tabako kontsumoarekiko mendekotasuna mendebaldeko osasun arazo larrienetako bat da; izan ere, prebenitu ahal den heriotza arrazoi nagusia da. Prebentzioa garatzen da bizimodua aldatzea ahalbidetzen duten esku-hartze sanitario eta sozialen esparruan, banaka zein taldean gauza daitezkeen aldaketen bidez.

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, tabakoaren aurkako neurri integralak, besteak beste, erretzeari utzi nahi diotenei laguntzeko programak, eraginkorrak dira tabakoaren kontsumoa murrizteko eta, ondorioz, hari egozten ahal zaion heriotza-tasa eta gaixotze-tasa murrizteko. Erakunde horrek epidemiatzat hartzen du tabakismoa.

Tabakismoa gaixotasun zerrenda luze bati lotzen zaio: 15 minbizi mota, bereziki biriketakoa, gaixotasun kardiobaskularrak, diabetesa, eta biriketako hainbat gaitz, nagusien artean. Heriotza arrazoi nagusietako bat ere bada: Espainian 2009. urtean gertatu ziren heriotza guztien %28,2 tabakoaren kontsumoarekin loturiko gaixotasunek eragindako heriotzak izan ziren. 2012. urtean Espainian gertatu diren heriotzen %15,23 tabakoaren kontsumoari egozten ahal zaizkio. Europar Batasun osoan heriotza goiztiarraren lehen arrazoia izateaz gainera, ospitaleratzeko arrazoi handia ere bada.

Tabakoaren kea dagoen lekuan arnastea ere lotzen da erretzaileak ez diren pertsonek dituzten gaixotasunekin. Gainera, haurdunaldian erretzearen ondorioen artean daude fetuaren hazkundearen atzerapena eta pisu txikiarekin jaiotzea.

Tabakoaren kontsumoak biktimen eta haien familien sufrimenduarekin loturiko ondorio larriak sorrarazten ditu eta ondorio ekonomiko larriak ere bai, tabakoarekin loturiko gaixotasunen kostu zuzenagatik eta zeharkako kostuengatik: heriotza goiztiarra, lan produktibitatea galtzea, zigarrokinek sorrarazten duten zaborra edo suteek eragindako kalteak.

42/2010 Legeak Osasun Publikoaren gainean izan duen inpaktua ebaluatzeko Osasuneko, Zerbitzu Sozialetako eta Berdintasuneko Ministerioak egindako txosten batean nabarmentzen dira erretzeari uzten laguntzeko programak abian jartzeak dauzkan abantailak. 123.000 pertsona inguruk parte hartuko zuen programa horietan, zeren Nafarroan, 2014ko azken europar inkestaren arabera, 15 urtez gorako biztanleen %23k erretzen baitu, nahiz eta 1991. urtetik aurrera portzentaje hori jaitsiz joan den emakumeen eta gizonezkoen artean. Hala ere, gehiago jaitsi da gizonezkoen artean, eta oro har kontsumo handiagoko gradientea dago gizarte maila behartsuenetan. Nafarroan 14 eta 29 urte arteko gazteen artean %21ek erretzen du, eta 14 eta 17 urte artekoetan, egunero erretzen duen neska kopurua egunero erretzen duten mutil kopuruaren bikoitza da.

Frogaturik dago tabakoak eragin zuzen eta kaltegarria duela bai erretzaileen osasunean bai tabakoaren kea arnastu behar dutenen osasunean.

Egokitzat jotzen da Programa zabaltzea farmazia prestazioak sartzearen bidez erretzeari uzten diotenen tasak handitzeko (%8-11tik %14-20ra, egindako azterlanen arabera). Erretzeari arrakastaz uzteko tasa handitzea osasunean inbertitzea da, tabakismoarekin eta harekin batera datozen kostuekin lotzen diren konplikazioak murrizten baitira.

Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzko azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legearen 5. artikuluan jasotzen dira osasun laguntzaren esparruko eskubide orokorrak.

Tabako kontsumoaren prebentzioari, arnasteko airea babesteari eta tabakoaren aurrean osasuna sustatzeari buruzko otsailaren 14ko 6/2003 Foru Legeak erretzeari uzten laguntzeko osasun arreta bermatzen die osasun publikoaren edozein mailatan eskatzen dutenei, bai eta erregelamenduz ezarritakoari jarraikiz eraginkortasuna frogatua duen terapia farmakologikoa jasotzeko ere.

Neurri hau, gainera, Nafarroako 2014-2020 Osasun Planean aurreikusitakoarekin bat dator; hartan bizimodu osasungarriak sustatzeko beharra atzeman da, eta tabakoa gaixotze-tasa igotzea, arrisku kardiobaskularra eta halako arazoak sorrarazten dituen arrisku-jokaeratzat hartzen da. Ildo horretatik, Planaren helburu nagusia da erretzaile kopurua murriztea eta tabakoa baztertzeko agintzea.

Nafarroako Kontseiluak 2017ko abenduaren 1eko bilkuran hartutako irizpenari jarraikiz.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko abenduaren 13ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean erretzeari uzten laguntzeko farmazia prestazioak jasotzeko baldintzak arautzea.

2. artikulua. Prestazioaren onuradunak.

1. Erretzeari uzten laguntzeko farmazia prestazioen onuradun izan daitezke Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eman eta bermatzen duen banakako osasun-txartelaren titular direnak.

2. Prestazioa jasotzeko eskubidea izango dute, baita ere, otsailaren 25eko 8/2013 Foru Legearen aplikazio esparru subjektiboan dauden pertsonek (lege horrek Nafarroako osasun-sistema publikoan doako osasun laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen die Nafarroan bizi diren pertsonei).

3. artikulua. Prestazioan sartuta dauden botikak.

1. Erretzeari uzten laguntzeko farmazia prestazioen artean daude Botiken eta Osasun Produktuen Agentzia Espainiarrak onetsitako fitxa teknikoan erretzeari uzteko dela adierazten duten botika horiek.

2. Erretzeari uzten laguntzeko prestazioan agintzeko modukotzat hartzen dira nikotinaren ordezko terapiarako sendagaiak (partxe galenikoak), Bupropiona eta Vareniclina.

3. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez agintzeko modukotzat adierazten ahalko dira beste botika edo terapia farmakologiko batzuk.

4. artikulua. Prestazioa jasotzeko baldintzak.

Erretzeari uzten laguntzeko prestazioa jaso ahal izateko honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Prestazioa eskatzen duen pertsonak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak sustatutako Erretzeari uzten laguntzeko programetan parte hartu izana, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak ezarritako protokolo teknikoen esparruan.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako Oinarrizko Osasun Laguntzako fakultatibo batek, Nafarroako Ospitaleguneko Pneumologia Zerbitzuaren barruan tabakismoa kontrolatzeko arloan aritzen den fakultatibo batek edo Osasuneko zuzendari nagusiak emandako ebazpen baten bidez prestazioko botikak agintzeko baimena duten beste unitate batzuetako fakultatibo batek agindua izatea botika.

5. artikulua. Preskripzioa.

Botika hauen preskripzioa soilik egingo da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aplikazio informatikoen bidez, pazienteen jarraipen egokia egin ahal izateko eta ondoren kanpainaren balioespena egiteko behar den informazioa jasotzeko xedez.

6. artikulua. Onuradunen ekarpena.

Foru dekretu honetan jasotako preskripzio farmazeutikoen onuradun diren pertsonek botiken prezioan egin beharreko ekarpena Osasun Sistema Nazionaleko prestazio farmazeutikoetarako ezarritako ekarpenaren baldintza berberetan egingo da.

7. artikulua. Botiken banaketa.

Nafarroako Foru Komunitatean dauden farmaziek, Programaren laguntzaile diren aldetik dauzkaten eginkizunen barnean, foru dekretu honetan jasotako botikak banatuko dituzte, prestazioa erabiltzen duten pertsonek egin beharreko ekarpena erabiltzaileei kobratuz eta botikak Nafarroako Foru Komunitatearen funtsen kargura banatzeko indarrean dauden gainerako xedapenekin bat. Era berean, jarraipen farmako terapeutikoa egingo dute, eta tratamenduan hastea sustatuko dute.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko abenduaren 13an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1714364