239. ALDIZKARIA - 2017ko abenduaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1470/2017 EBAZPENA, azaroaren 27koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira laguntzen 2017-2018ko deialdia eta oinarri arautzaileak “Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” azpineurrirako, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barnean.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Eskumen horien artean dago nekazaritzako elikagaien kalitate deiturak sustatzea eta, bereziki, haien produkzioak sustatzeko ekintzak bultzatzea, kontsumitzaileak produkzio horien ezaugarri eta kualitateei buruzko informazioa izan dezan eta haien balio erantsia hobe dadin; horrek operadoreen alde jokatzen du, produktuek lehentasuna lortzen dutelako bide komertzialetan.

Alde horretatik, Nafarroako Foru Komunitateak tradizio handia du nekazaritzako elikagaien kalitate figurak sustatzen eta bere produkzioak defendatzen haien berezko balioak bermatzen dituzten ziurtapen orrien bitartez, hala produktuek dituzten berezko ezaugarriengatik, nola jatorriari egiten dizkion erreferentziengatik; hori guztia kalitate estandar altuak dituen nekazaritzako ekoizpen bat indartzeko eta balioesteko modu bat da.

Horren ondorioetarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez ematen den landa garapenerako laguntza arautu zuen, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua; haren 16. artikuluan “Nekazaritza eta elikadura produktuen kalitate araubideak” izeneko neurria ezarri zen, eta 2. puntuan zehazten da neurri horretako laguntzak ematen ahal zaizkiela, orobat, produkzio taldeek barne merkatuan egindako informazio eta sustapen jardueren ondoriozko kostuei, produktuek kalitate araubide bat dutenean; alegia, 16. artikulu horren 1. puntuan garatzen den “Kalitate araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza” deituriko azpineurriaren araberako laguntza jasotzen dutenean.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programak neurri hori osorik jasotzen du, bi azpineurritan bereizita: “Kalitate araubideetan lehen aldiz parte hartzea” eta “Informazio eta sustapen jarduerak”; ebazpen honen asmoa bigarren azpineurria ezartzea da.

Azpineurriaren definizioan, kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA analisia (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), orokorrean landa garapenari dagokionez, eta bereziki nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokionez.

Alde horretatik, Europar Batasunaren helburu eta lehentasunekin bat, Nafarroako nekazaritzako ustiategien bideragarritasuna hobetu nahi da, beste jarduketa ildo batzuekin batera, landa eremuan sare sozial eta ekonomiko egonkor, dinamiko eta erakargarria bermatzeko eta bizi-kalitateko baldintza egokiak eskaintzeko.

Aipatu helburuak bilatzen ditu neurri honek, kalitate figuren bidez babestuta dauden nekazaritzako elikagaiak sustatzeko pizgarriak emanez; figura horiek kudeatzen dituzten entitateek bultzatu beharko dituzte sustapen ekintzak, eta Nafarroako Foru Komunitatean, zehazki, kontseilu arau-emaileek.

Jatorri Deitura Babestuen (JDB) eta Adierazpen Geografiko Babestuen (AGB) Kontseilu arauemaile horiek eta Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak (CPAEN-NNPEK), babesten dituzten produktuen kalitatea eta jatorria bermatzeaz eta haien ospea zaintzeaz gain, babestutako ekoizpenak sustatu, balioetsi eta haiei buruzko informazioa emateko eginkizunak dituzte; horregatik, funtsezkotzat jotzen da erakunde horienganako laguntza instituzionala, finantza ahalmen handigoa lortzeko eta gauza izan daitezen beren helburuak betetzeko beharrezkoak eta osagarriak diren ekintzak burutzeko. Sustapen hori gabe, ekoizpen sistemak, kalitate kontrola eta produktuaren ziurtapena hobetzeko ahaleginak alferrikakoak izanen dira, segur aski.

Laguntza horiek funtsezkotzat jotzen dira Nafarroako nekazaritzaren sektorerako; izan ere, sektore horrek kalitate figurek babestutako nekazaritzako elikagai ugari ekoitzi eta prestatzen ditu, eta merkatuan jarri behar ditu kontsumitzaileak behar adina ezagutu eta baloratzen dituela; gainera, merkaturatze sistema eta erronka berriei erantzuten die, bai banaketa handiaren esparruan, bai hobi espezializatuen eta zirkuitu laburren esparruan, elikagai kate osoa barne hartuta, bereziki sektore ekoizlea eta eraldatzailea; eta, aldi berean, lanerako aukerak mantentzen ditu, eta berriak sortzen, landaguneetan.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena, Nafarroako testuinguruan, Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak lortzeari eta haietan parte hartzeari begira; lehentasun horiek bideraturik daude hazkunde zentzuzkoa, jasangarria eta bateratzailea erdiesteko Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen helburuak lortzera, eta islatzen dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluan jasotzen den “Esparru Estrategiko Komunari” dagozkion helburu tematikoak. Erregelamendu horren bidez xedapen komun batzuk ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta beste zenbait xedapen orokor ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua.

Azpineurri hau, bereziki, Batasunaren landa garapenerako lehentasunari egokitzen zaio, 1305/2013 Erregelamenduaren 5.3.a) artikuluari jarraikiz, honako helburu hau duelako: “lehen mailako ekoizleen lehiakortasuna hobetzea, kalitate araubideen bitartez nekazaritzako elikaduraren katean hobeki integra daitezen, nekazaritzako produktuei balioa eranstea, eta sustapen lana egitea tokiko merkatuetan eta banaketa txikiko zirkuituetan, ekoizleen elkarte eta antolakundeetan eta lanbidearteko antolakundeetan.”

Beraz, esparru juridikoa 1305/2013 (EB) Erregelamendua da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.

–Batzordearen uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, landa garapeneko neurriak eta baldintzazkotasuna.

–Batzordearen martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, zeinak osatu baitzuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 Erregelamendua, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzak eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboak.

Barne merkatuko informazio eta sustapen jardueretarako laguntzak 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 16.2 artikuluan ezarritako xedapenen eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren xedapenen menpe daude, baita Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluaren menpe ere (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta); izan ere, laguntza hauek ez daude tratatu horren 42. artikuluaren aplikazio eremuaren barrenean. Aurretik, Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari laguntza honen berri eman zitzaion. Organo horrek Espainiako agintariek igorritako informazio laburtuaren inprimakia jaso zuela adierazi, eta goian aipatutako arau-proiektua erregistratu zuen, SA.43469 (2015/XA) laguntza zenbakiarekin.

Ebazpen honi, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Ebazpen honen aldeko txostena eman du Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren kudeaketa agintaritzak.

Ebazpen hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babespean (foru dekretu horren bidez baimendu zen Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak –NBEUF– eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak –LGENF– finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea, eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren diru-laguntzei buruzko arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

“Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” azpineurrirako laguntzen oinarri arautzaileak onesten dira, 2017-2018 deialdirako, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barnean, ebazpen honen I. eranskinean agertzen den bezala, baita ebazpen honen II., III. eta IV. eranskinak ere.

2. Deialdia onestea.

“Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” azpineurrirako laguntzen deialdia onesten da, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barnean, 2017-2018rako, I., II., III. eta IV. eranskinetan ezarritako oinarri arautzaileei eta baldintzei loturik.

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 600.000 euroko gastua baimentzen da 2018ko Aurrekontu Orokorretan 2017ko Aurrekontu Orokorretako partida honen baliokidea denaren kargura: 720003 71620 4459 413105 partida, “Elikagaien kalitate figuren sustapena. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020” izenekoa. Horretarako baldintza da kreditu egokia eta nahikoa izatea.

Kreditu baimendua 200.000 euro handitzen ahalko da gehienez, 2017ko Aurrekontu Orokorretan honen baliokidea den partidaren kargura: 720004 71630 7700 412102 partida, “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020” izenekoa. Betiere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan ezarritako baldintzekin bat, horretarako aurrekontu erabilgarririk baldin badago.

4. Eskaerak aurkezteko epea 2017-2018ko ekitaldiko deialdian.

Deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Aplikatzeko baldintza.

Ebazpen honetan 7. oinarriaren 2 zenbakian ezarritako laguntzaren gehieneko intentsitateari buruz xedatutakoa aplikatzeko, beharrezkoa izanen da Europako Batzordeak onestea Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako “Informazio eta sustapen jarduerak” izeneko azpineurriaren aldaketa 2018ko ekainaren 30a baino lehen.

Aldaketa hori ez bada egiten egun horren aurretik, laguntzaren intentsitate aplikagarria %70ekoa izanen da.

6. Mendialdea, goi mendialdea edo, mendialdea izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituzten tokiak.

Mendialdetzat, goi mendialdetzat edo, mendialdea izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituzten tokitzat hartuko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren maiatzaren 8ko 159/2017 Foru Aginduaren V. eranskinean jaso direnak. Foru agindu horren bidez honako deialdi hau egin zen 2017ko kanpainarako: eskaera bakarra, xede dituena Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako finantzaturiko ordainketa zuzenak eta Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren laguntza batzuk, erreserba nazionalerako eskubide eskaerak, SIGPACen aldaketak egiteko eskaeren aurkezpena eta urteko jakinarazpena, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean erregistra dadin.

7. Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu Baseari komunikatzea.

Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu Basean erregistratu beharko dira.

8. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2017ko azaroaren 27an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako “Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” azpineurrirako laguntzak emateko

1. oinarria.–Neurri hau aplikatzeko xedea, eremua eta baldintza orokorrak.

1. Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako “Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” azpineurrirako laguntzak arautzea, honako hauek ezartzen duten esparruan: batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 16.2 artikulua (erregelamendu horrek landa garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren –LGENF– bidez ematen dena, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua) eta, bestetik, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduaren 49. artikulua (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).

2. Batzordearen erabaki baten ondorioz bateraezin deklaratutako legez kanpoko laguntza batez baliatu diren enpresek ezin izanen dute laguntzarik lortu, ez eta emandako laguntzengatiko ordainketarik jaso ere, harik eta enpresak itzuli arte edo blokeatutako kontu batean sartu arte legez kontra jasotako laguntza bateraezin horren zenbateko osoa eta dagozkion errekuperazio-interesak.

3. Krisian dauden enpresek ezin dute laguntzarik jaso; horretarako, nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako estatu-laguntzei 2014tik 2020ra bitarte aplikatu beharreko Europar Batasunaren zuzentarauen 35.15 puntuan dagoen definizioa hartuko da aintzat (2014/C 204/01, hemendik aurrera Zuzentarauak).

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. 1305/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan finkatutakoari jarraikiz, neurri honen azken helburua da pizgarriak ematea elikagaien kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateei, babesten dituzten produktuak barne merkatuan susta ditzaten eta haien gaineko informazioa eman dezaten; izan ere, horrela, kontsumitzaileek hobeki ezagutu eta balioetsiko dituzte eta aukera hobeak egonen dira produkzioak merkaturatzeko eta haien balio erantsia handitzeko; hori guztia, kontsumitzaileei kalitate berme handiagoa eskainiz eta produktuaren berezko ezaugarriak mantenduz.

2. Helburu estrategikotzat hartzen dira, 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan aipatutako Batasunaren lehentasunekin bat etortzen direlako goitik behera; izan ere, lehen mailako ekoizleen lehiakortasuna hobetzen laguntzen dute, kalitate araubideen bitartez nekazaritzako elikagaien katean nagusiki integratuz eta, horrenbestez, nekazaritzako produktuei balioa erantsiz.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Hurrengo kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateak (Kontseilu Arauemailea, Kontseilua edo kudeaketarako elkartea) izanen dira deialdi honetako onuradunak:

–“Lodosako pikillo piperra” JDB.

–“Erronkari gazta” JDB.

–“Idiazabal gazta” JDB.

–“Nafarroako olioa” JDB.

–“Nafarroa” JDB.

–“Errioxa” JDK.

–“Cava” JDK.

–“Hiru Erribera” AG.

–“Queilesko Erribera” AG.

–“Nafarroako zainzuria” AGB.

–“Tuterako orburua” AGB.

–“Nafarroako aratxea” AGB.

–“Nafarroako bildotsa” AGB.

–Nekazaritza Ekologikoaren Ekoizpena, Kontseiluaren 834/2007 (EE) Erregelamenduan agertzen dena.

2. Entitate horiek ekintza plan bat aurkeztu beharko dute, eta hartan kalitate figura horiek babesten dituzten nekazaritzako elikagaien gaineko informazio eta sustapenaren esparruan garatu beharreko jarduketak jaso.

3. Aurreko 1. atalean jasotako kalitate figura baten esparruko laguntzak eskuratzeko, kalitate figura horretarako laguntzak ezartzen dituen deialdia izan beharko da Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako “Kalitate araubideetan lehen aldiz parte hartzea” izeneko azpineurriaren esparruan.

4. oinarria.–Onuradunak onartuak izateko irizpideak.

Onuradunek, onartuak izateko, hurrengo irizpideak bete beharko dituzte eskaera egiten den egunean:

a) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debekurik ez urratzea.

5. oinarria.–Ekintza Plana.

1. Eskaerarekin batera, Ekintza Plana aurkeztu beharko da, horren gainean sortuko baita laguntzarako eskubidea. Garatuko diren jarduketen programa jaso beharko du Ekintza Plan horrek, entitate eskatzaileak kudeatzen duen kalitate figurak babestutako nekazaritzako elikagaien gaineko informazioa eta sustapena egiteko.

2. Azpineurri honen ondorioetarako, deialdiaren ekitaldi osoan Europar Batasunaren barne merkatuan egiten diren sustapen ekintzen multzoak osatzen du Ekintza Plana, baldin eta kalitate figurek babestutako produktuak kontsumitzera bultatzen badute kontsumitzaileek produktu horiei buruz duten informazioa, onarpena eta lehentasuna handituta. Ekintza horiek behar bezala deskribatu eta programatuta egon beharko dute, aurrekontu eta guzti.

3. Hurrengo taulan jaso eta xehakatzen diren informazio eta sustapen neurrietako edozein har daiteke ekintzatzat.

Sustapen ekintzak:

EKINTZAK

JARDUERAK

Azoka eta erakusketetan parte hartzea

Nazio barreneko edo nazioarteko azokak EBn, berariazkoak sektorean edo orokorrak.

Erakusketa eta ikuskizunak produktua erakusteko eta aintzat hartua izan dadin.

Misio komertzialak.

Produktuaren aurkezpena.

Sustapeneko produktuak.

Informazioa eta sustapena, hainbat komunikabide baliatuz

Askotariko sustapen kanpainak (TB, irratia, kazetak, ikuskizunen antolaketa, babesletzak, etab.).

Web atariak, kalitate figurak eta babestutako produktuak sustatu eta zabaltzeko.

Argitalpenak: liburuak, liburuxkak, kartelak, etab., formatu fisikoan edo digitalean.

Sustapeneko produktuak.

Informazio eta sustapenerako harreman publikoak, produktuen kalitatea, segurtasuna, ingurumenarekiko errespetua eta horiek bermatzen dituen ziurtapena aditzera emateko

Sustapena saltokian.

Produktuaren aurkezpenak.

Sustapeneko produktuak.

Alderantzizko misioak eta misio komertzialak.

Lehiaketak.

Produktuen demostrazio eta dastaketak.

Jardunaldi eta mintegi teknikoak, kalitate figurei eta haien produktuei buruz.

Merkatu azterketa eta analisiak

Merkatu analisiak egitea, kanpainen eragina ebaluatzea, etab.

4. Ekintza Planak II. eranskinean zehaztutako informazioa eduki beharko du, gutxienez ere.

5. Ekintza Planean aurreikusitako ekintzek honako hau beharko dute bete:

a) Europar Batasuneko zer estatutan egiten diren informazio eta sustapen jarduerak, hartan aplikatzen den legeria nazionala errespetatzen dela bermatzea informazio eta sustapen jardueretarako prestatzen den material guztian.

b) Merkataritza marken izenak aipatzen diren informazio eta sustapen jarduerak bazter uztea.

6. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Eskaera aurkeztu aurretik egindako gastuak ez dira diruz lagungarriak izanen, Zuzentarauen I) zatiko III. kapituluaren 3.4 puntuan eta 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan erabakitakoarekin bat.

2. Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira laguntza eskabidea aurkezten den egunetik hasi eta 2018ko urriaren 31 bitarte egiten diren gastuak, baldin sail hauetakoren batean sartzen badira:

a) Zerbitzuak kontratatzea komunikazioko agentzia eta aholkularitza enpresekin, prentsa bulegoekin eta informazio eta sustapen kanpainak edo ikuskizunak sortzea, garatzea, gauzatzea eta baloratzea bultzatzen duten beste entitate edo enpresa batzuekin.

b) Azoka eta erakusketetan inskribatzea eta parte hartzea. Ekoizleen parte-hartze indibiduala aurreikusten duten azoka eta erakusketetan, ekoizle guztiek izanen dute parte hartzeko aukera, baldintza berdinetan.

c) Ekipamenduaren, espazioen eta arreta emateko zerbitzuen alokairuak, sustapenak egiteko azoka, erakusketa, lehiaketa edo ikuskizunak antolatzen direnean.

d) Argitalpenak editatu, inprimatu eta banatzea edozein diseinutan (kartela, liburuxka, liburua, etab.) eta formatutan (fisikoa edo digitala).

e) Bistaratzeko materialak, euskarriko materialak eta aurkezpenetarako erakustokiak.

f) Entitatearen web-orriak sortu eta egokitzea, informazioa eta sustapena egiteko bai kalitate figurei eta produktuen ezaugarriei buruz, bai planaren barreneko sustapen jarduerei buruz.

g) Sustapena komunikabideetan (TB, irratia eta prentsa, fisikoa eta/edo digitala). Ekintza horiek ezin izanen dituzte inoiz aipatu merkataritza markak.

h) Sustapen ekitaldietako adituak eta profesionalak (ikertzaileak, teknikariak, sukaldariak, blogariak, etab.) kontratatzea.

i) Kabineteak edo adituak kontratatzea, merkatu azterketak egiteko edo sustapen ekintzen eragina ebaluatzeko.

j) Sustapen jardueretarako produktuak.

k) Sustapeneko materiala.

l) Lehiaketetako sariak.

m) Sustapen jarduerei ezinbestean lotutako entitate onuraduneko langileen dietak eta joan-etorriak.

n) Langileen gastuak, zuzenean informazioarekin eta sustapenarekin lotuak: Ekintza Planeko guztirako kostuaren %15, gehienez ere. Beti aurkeztu beharko da pertsona horiek Ekintza Planeko jarduera hauetan izan duten dedikazioaren egiaztagiria, dela denboran adierazia, dela zereginetan.

3. Pertsona eta egun bakoitzeko muga batzuk ezarri dira dietetarako eta mantenurako, joan-etorrietarako eta sarietarako, gastu diruz lagungarrien mugei buruzko IV. eranskinaren arabera.

4. Ez dira diruz lagungarriak izanen 5.000 euro baino gutxiagoko gastua duten Ekintza Planak. Ez da lagungarritzat joko 400.000 euro baino gehiagoko gastua.

5. Beste autonomia erkidego batzuetan ere ezarrita dauden kalitate figuren kasuan, Ekintza Planaren diru-laguntzaren xede den gastua, aurreko puntuaren arabera ezarri dena, gutxituko da, Nafarroan ziurtatutako produktuak kasuan kasuko kalitate figura osoarekin alderatuta daukan pisuaren edo bolumenaren arabera. Horretarako, deialdia argitaratzen denean bukatu den azken kanpainako datuak hartuko dira aintzat.

6. Ez dira diruz lagungarritzat jotzen eta, hortaz, ezin dira aukeratu, balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) eta beste zergak, salbu eta balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu ezin duten onuradunentzat, foru araudiarekin bat. Horri dagokionez, entitate eskatzaileek salbuespen horri heltzeko asmoa dutela adierazi behar dute laguntza eskabidean, bai eta baldintza hori betetzetik salbuetsiak izanaren justifikazioa aurkeztu ere.

7. Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 26. artikulua aplikatuz, entitate onuradunek hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko dituzte diru-laguntzaren xedeko jardueren %100 arte, aipatu artikuluan adierazten den bezala.

7. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Laguntza gisa, zuzeneko diru-laguntza bat emanen da, entitate onuradunek benetan egin eta ordaindutako kostu diruz lagungarriak itzultzeko.

2. Ekintza Planaren gastu diruz lagungarrien %60 adinakoak izanen dira laguntzak. Hala ere, laguntzaren intentsitate hori aplikatzeko, beharrezkoa izanen da Europako Batzordeak onestea Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako “Informazio eta sustapen jarduerak” izeneko azpineurriaren aldaketa 2018ko ekainaren 30a baino lehen, aldaketa horretan ehuneko hori ezartzen baita. Aldaketa ez bada egiten egun horren aurretik, laguntzaren intentsitate aplikagarria %70ekoa izanen da.

3. Laguntzaren intentsitatea eta kostu diruz lagungarriak kalkulatzeko, ulertuko da erabiltzen diren zenbateko guztiak ezein kenkari fiskal edo karga aplikatu aurrekoak direla. Kostu diruz lagungarriak abalatzeko, frogagiri argiak, berariazkoak eta eguneratuak aurkeztu beharko dira.

4. Laguntza ez bada diru-laguntza gisa ematen, haren zenbatekoa izanen da diru-laguntza gordinaren parekoa.

8. oinarria.–Diru-laguntzak emateko modua eta lehenespen irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera prestatzeko, emandako puntuen batuketa eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera (gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira):

a) Oinarri arautzaile hauek argitaratzen diren egunean, kalitate figurari atxikitako ustiategi ekoizleek Nafarroaren barruan duten kokapen geografikoaren arabera: 10 puntu gehienez.

–Ustiategien %75 baino gehiago Nafarroako mendialdean eta goi-mendialdean badaude: 10 puntu.

–Ustiategien %50 baino gehiago Nafarroako mendialdean eta goi-mendialdean badaude: 5 puntu.

–Ustiategien %25 baino gehiago Nafarroako mendialdean eta goi-mendialdean badaude: 2 puntu.

b) Koherentzia eta koordinazioa: 5 puntu gehienez.

–Urte anitzeko kanpaina edo programa baten parte diren Ekintza Planeko jarduerak, beste kalitate figura batzuetako jarduerekin konbinatuak: 5 puntu.

–Urte anitzeko kanpaina edo programa baten parte diren Ekintza Planeko jarduerak: 4 puntu.

–Beste kalitate figura batzuen jarduerekin konbinatzen diren Ekintza Planeko jarduerak. 3 puntu.

c) Autonomia erkidegoen lurralde eremutik kanpo garatu beharreko jarduerak garatzeko (kalitate figuraren baldintza-agirian zehaztuta egon behar dira), Ekintza Planak finkatzen duen aurrekontuaren portzentajea: 20 puntu gehienez:

–%30etik gora: 20 puntu.

–%20tik gora %30era arte: 15 puntu.

–%10etik gora %20ra arte: 10 puntu.

–%2tik %10era arte: 5 puntu.

d) Programaren hedadura, estaldura eta ebaluazioa: 45 puntu gehienez, hurrengo atalen arabera banaturik:

i) Programaren jarduerak: 5 puntu gehienez.

–Ekintza planak lau jarduera edo gehiago baditu: 5 puntu.

–Ekintza planak hiru jarduera baditu: 3 puntu.

–Ekintza planak bi jarduera baditu: 2 puntu.

–Ekintza planak jarduera bakar bat badu: puntu 1.

ii) Ekintza Planaren estaldura (sustapenaren hartzaile nagusia den taldea): 15 puntu gehienez.

–Planaren aurrekontuaren zati handienaren azken hartzaileak preskriptoreak, komertzialak, banatzaileak eta antzekoak badira: 15 puntu.

–Planaren aurrekontuaren zati handienaren azken hartzailea publiko orokorra bada: 10 puntu.

–Planaren aurrekontuaren zati handienaren azken hartzaileak adituak, prestatzaileak edo berariazko taldeak badira: 6 puntu.

–Planaren aurrekontuaren zatirik handiena bakar-bakarrik sare sozialetara, online baliabideetara (Internet) edo tokiko komunikabideetan iragarki soilak jartzera bideratuta badago, azken hartzailea zehaztu gabe: 3 puntu.

iii) Eraginaren ebaluazioa: 5 puntu gehienez.

–Badago deskribatuta dagoen ebaluazio metodo bat, non emaitzen 3 adierazle, gutxienez, sartzen baitira: 5 puntu.

–Badago deskribatuta dagoen ebaluazio metodo bat, non emaitzen 2 adierazle, gutxienez, sartzen baitira: 3 puntu.

–Badago deskribatuta dagoen ebaluazio metodo bat, non emaitzen adierazle 1, gutxienez, sartzen baita: puntu 1.

iv) Ekintza Planean aurreikusitako gastuaren portzentajea, entitate onuradunak onetsi duen azken urteko aurrekontuarekin alderatuta, gehienez 20 puntu:

–%30etik gora: 20 puntu.

–%20tik gora %30era arte: 15 puntu.

–%10etik gora %20ra arte: 10 puntu.

–%5etik gora %10era arte: 5 puntu.

–%2tik %5era arte: 2 puntu.

e) Oinarri arautzaile hauek argitaratzen diren egunean integratuta dauden operadoreen kopurua, Nafarroan erregistratuak eta beste autonomia erkidegoetan erregistratuak bereiziz, gehienez 20 puntu:

–500 operadore baino gehiago Nafarroan: 20 puntu.

–Operadoreak, 200dik gora 500era arte Nafarroan: 15 puntu.

–Operadoreak, 50etik gora 200era arte Nafarroan: 10 puntu.

–Operadoreak, 10etik 50era arte Nafarroan: 5 puntu.

3. Entitate onuradunak adierazi behako du, berariaz, zer baremazio irizpideren arabera eskatzen duen aplika dakiola aurreko baremoa. Eskaera hori erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da laguntza eskaera aurkeztean biltzen diren irizpideei dagokienez, eta bete beharreko konpromisotzat Ekintza Planean aurreikusitako jarduerei dagokienez.

4. Baremazio puntuak justifikatzeko, Ekintza Planeko informazioan eta/edo justifikazioetan oinarrituko da kudeaketa unitatea. Informazio hori eta/edo aurkeztutako informazioa ez bada aski, eskatutako puntuak ez dira aintzat hartuko.

9. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntza hau norgehiagokako araubidean tramitatzeko, lehentasunak ezarriko dira eskaeren artean, aurreko 8. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak aplikatuz, eta aipatu irizpideen arabera balorazio handiena lortzen duten eskaerei adjudikatuko zaie diru-laguntza, deialdian finkatutako mugarekin eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

2. Espedienteen puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, lehentasuna izanen du aurreko oinarriaren a), lehenbizi, eta gero b), c), d) edo e) ataletan, hurrenez hurren, puntuazio handiena duen espedienteak, aurrekontua agortu arte.

3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 30 puntu lortzea balorazio irizpideak aplikatuta.

4. Deialdirako dagoen aurrekontu kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei diru-laguntzak emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik onartu ezin diren guztiak.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta konpromisoak.

1. Laguntzen onuradunek honako betebehar eta konpromiso hauek izanen dituzte:

a) Laguntza ematen zaien deialdian adierazten den epean gauzatzea Ekintza Plana.

b) Egindako gastuak eta ordainketak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan frogatzea, baita jasotako funtsak diru-laguntza emateko arrazoi izan zen helbururako erabili direla ere, ezarritako moduan eta epeetan.

c) Laguntza behar bezala eman dela, jarduerak behar bezala gauzatu direla eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea. Horri dagokionez, entitate onuraduna behartua dago komunikatzera, auditoretza fidagarriko arrasto bat utz dezakeen edozein bide erabiliz (posta elektronikoa, eskabide orokorra, etab.), informazio eta sustapen ekintzak noiz eta non eginen diren, egin aurretik, instrukzio organoak kontrola ditzan tokian bertan ekintza horiek.

d) Entitatearen alderdi tekniko-ekonomikoei, lan arlokoei eta sozialei buruz behar diren argibideak ematea, baita neurri honen esparruan hartutako laguntzei buruzkoak ere, haien jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

e) Diru-laguntza jaso duten jarduketak finantzatzeko beste diru-laguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu eta/edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, azkeneko ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Ekintza Plana gauzatzean, eta burutzen diren informazio eta komunikazio ekintza guztietan, LGENFk eta Nafarroako Gobernuak eragiketari emandako laguntza aitortu beharko du onuradunak, Europar Batasunaren eta Nafarroako Gobernuaren ikurrak agertuz eta LGENFren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzari buruzko aipamena eginez honako honen arabera:

–Onuradunak erabilera profesionalerako webgunerik badu, hartan eragiketaren deskripzio labur bat aurkeztuta, estekarik ezartzen ahal bada webgunearen xedearen eta eragiketari emandako laguntzaren artean; zenbaterainoko laguntza den eta helburuak eta emaitzak adieraziko dira, Europar Batasunaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza finantzarioa nabarmenduta.

–LGENFrekin batera finantzatutako neurri eta jarduerei buruzko argitalpenetan (liburuxkak, eskuorriak eta buletinak), argi adieraziko da Europar Batasunaren parte-hartzea azaleko orrialdean, eta haren ikurra agertuko da Nafarroako Gobernuarenarekin batera. Argitalpenetan edukiaren organismo arduraduna eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia, LGENFren eta Estatuaren laguntza aplikatzeaz arduratzen dena, aipatuko dira.

Europar Batasunaren ikurra honako orrian aurkezten diren arau grafikoei lotuko zaie: https://europa.eu/european-union/about-eu/symbols/flag_es.

Leman deklarazio hau eginen da: “Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du”.

i) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauek hala ezarritako kasuetan.

2. “Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” izeneko neurrian laguntzen eskaera aurkezteak berekin dakar oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoak onartzea.

11. oinarria.–Laguntza eskaera eta dokumentazioa.

1. Ebazpen honetan jasotzen diren laguntza eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan aurkeztu beharko dira.

2. Ekintza Planean sartutako ekintzak hasi aurretik aurkeztu beharko dira eskaerak.

3. Laguntza eskaerak horretarako ezarritako eredu normalizatuetan aurkeztuko dira. Eredu hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan, Nekazaritzako Bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren http://www.navarra.es/home_eu/ Interneteko atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahalko da.

4. Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskatzailearen IFZren edo IFKren fotokopia.

b) Ekintza Plana, oinarria arautzaile hauen 5. artikuluan eta II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

c) Entitatearen ziurtagiria, oinarri arautzaile hauek argitaratzen diren egunean erregistratutako operadore kopurua adieraziko duena, Nafarroan erregistratuak eta beste autonomia erkidegoetan erregistratuak bereizita.

d) Oinarri arautzaile hauek argitaratzen diren egunean gure erkidegoan kokatzen diren nekazaritzako ustiategi ekoizleen zerrenda, titularraren NANarekin eta/edo IFKrekin identifikatuta.

e) Entitate onuradunak onetsi duen urteko azken aurrekontua.

f) Nafarroako Foru Komunitatearena baino esparru handiagoko figuren kasuan, ekoizpenean Foru Komunitateari dagokion portzentajeari buruzko ziurtagiria.

g) III. eranskinaren araberako erantzukizunpeko adierazpena, bertan jasotzen diren betebeharrak betetzen direla bermatzeko.

h) Ebazpen honen seigarren oinarriko 6. puntuan ezarritako salbuespenari heldu nahi izanez gero, BEZaren subjektu pasibo izatearen ziurtagiria.

12. oinarria.–Kostuen moderazioa.

1. Batzordearen 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 48. artikuluak eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluak eskatzen dute egiazta daitezela proposatutako kostuen moderazioa eta hori ebaluatzeko metodologia. Horretarako, eta onuradunak proposatzen duen Ekintza Planean kostuen moderazioaren printzipioa aplikatzen dela bermatzeko, sistema hauek erabiliko dira:

a) 12.000 eurotik gorako gastu diruz lagungarria duten jarduerak badira, aholkularitza- edo laguntza-enpresek egindako ondasun horniduren edo zerbitzu-emateen kasuan, onuradunak hiru aurrekontu edo proformako faktura aurkeztu beharko ditu, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori egiteko behar adina enpresa ez badago.

b) Beren ezaugarriengatik aurreko kasuan sartzen ez diren elementuak badira, Balorazio Batzorde batek baloratuko ditu. Batzorde hori kudeaketa atalaren arduradunak eta gaian adituak diren bi lagunek osatuko dute, eta aurkeztutako aurrekontuaren aldeko txostena eman beharko dute, edo, bestela, aurrekontu alternatibo bat aurkeztu.

Orobat, batzorde horren erabakia justifikatua izanen da baldin eta ondasunen prezioak egiaztatzen badituzte, onuradunaren jarduketari dagokion merkatu logiko batean.

2. Onuradunak aurkezturiko aurrekontua eta ebaluazioaren ondoriozkoa, zein den txikiena, hura izanen da aurrekontu diruz lagungarria.

3. Kostuen moderazioari buruzko egiaztatze kontrolak laguntza esleitu aurretik eginen dira, laguntza eskaeran oinarrituta, eta ordainketa egin aurretik, onuradunak aurkeztutako ordainketa eskaeran oinarrituta. Halaber, jarduera bati dagokion ordainketa egin aurretik, onuradunak aldaketa nabarmenak eskatuz gero, egiaztatu eginen dira.

4. Kostuen moderazioa zuzen aplikatzeko, onuradunak behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu (proformako fakturak, fakturak, aurrekontuak, etab.), legez eska daitekeen informazio guztiarekin eta agiria luzatu beharra duenaren identifikazio datuei buruzko informazio fidagarriarekin, eta, orobat, gauzatu beharreko jardueraren ezaugarri teknikoak zehatz-mehatz azalduta.

5. Azkenean onuradunak aurkeztutako agiriak nahikotzat jotzen ez badira, kostuen moderazioa behar den bermearekin aplikatu ezin zaien jarduerak ez dira diruz lagungarritzat joko.

13. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari dagokio; atal hori Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari atxikia dago.

14. oinarria.–Diru-laguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Behar izanez gero, 15 egun naturaleko epean zuzendu ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Eskaera osorik dela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaerak aurkezteko epearen bukaeran dagoen informazioaren arabera.

4. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, aurrekontu diruz lagungarria hartuko da kontuan, ebazpen honen zazpigarren oinarrian aurreikusitako mugak gainditu gabe.

5. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

6. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta esleipenaren espedientean jaso beharko da onuradunek diru-laguntzak eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

15. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak diru-laguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla. Horien artean agertuko dira aurrekontu-baliabideen esleipena mugatzearen ondorioz ezetsitakoak, 9. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu ez dutenak eta onargarritasun irizpideak betetzen ez dituztenak, 4. oinarriaren arabera.

Dena dela, konkurrentzia prozeduraren eteteko puntuan gelditzen den eskatzaileak, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik laguntzarik jasotzen ez badu, dagoen aurrekontuaren araberako laguntza eskatzen ahalko du, ebazpena jakinarazi eta 15 eguneko epean. Halakoetan, proposatutako ekintzen artean zein mantentzen diren identifikatu beharko du. Eskaera berregitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

5. Gainera, laguntza esleitzeko jakinarazpenean onuradunei adieraziko zaie Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programa dela-eta ematen dela diru-laguntza, LGENFrekin batera finantzatuta, “Nekazaritzako eta elikadurako produktuen kalitate araubideak elikakatea hobetzeko” deituriko neurria dela medio.

6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da berariazko ebazpenik eman ez bada diru-laguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatzean, edo deialdiak ezarritako epean.

7. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka onuradunak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, ebazpena espresa izanez gero, edo isiltasun administratiboz ezetsi dela ulertzen denetik aurrera, ustezko ezespena izanez gero.

16. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

1. Arrazoi justifikatuak direla-eta onuradunak beharrezkotzat jotzen badu aldaketa nabarmenak egitea hasieran onetsitako Ekintza Planean, aldaketarako eskaera aurkeztu beharko du gastu edo/eta jarduera zaharrak ezabatu edo ordeztu eta berriak hasi aurretik.

2. Honako hauek joko dira aldaketa nabarmentzat:

–Onetsitako planean aurreikusitako ekintzak kentzea, edo ekintza berriak sartzea.

–Ekintzak aldatzea eta, ondorioz, planaren guztirako aurrekontuan %10etik gorako eta 5.000 eurotik gorako desbideraketak eragitea.

–Ekintzaren baten aurrekontuaren %30etik gorako eta 5.000 eurotik gorako aldaketak.

3. Proposatzen diren aldaketek behar adina arrazoituta egon beharko dute. Gainera, eskaeren hurrenkera ezartzeko aplikatu ziren balorazio irizpideak urratzen ez direla bermatu beharko da, eta diru-laguntza eskuratzeko baldintzak betetzen direla.

4. Hasierako planeko irizpide tekniko-ekonomiko eta kostuen moderazio irizpide berei jarraituz onetsi beharko dira Ekintza Planeko aldaketak, eta, behar izanez gero, laguntza doituko da. Doituta ere, hasiera batean onarturiko laguntzak ez dira gehituko.

17. oinarria.–Ordainketa eskaera.

1. Laguntzak jasotzeko, onuradunak, Ekintza Plana bukatuta dela, ordainketa eskaera aurkeztu beharko du 2018ko azaroaren 5a baino lehen.

2. Horretarako prestatu den inprimakiaren bidez aurkeztu beharko da ordainketa eskaera; inprimaki hori tramiteen katalogoan dago, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian: https://www.navarra.es/home_eu/.

3. Onartzeko modukoak izan daitezen, ordainketa eskaerari honako hauek erantsi beharko zaizkio gutxienez:

a) Ekintzen gaineko laburpen txostena, jardueratan xehakatuta, zeinek bere aurrekontua eta azken kostua adierazita dituela, eta lortutako emaitzen balorazioa, garatzen den ekimenarentzat ekintza planean ezarritako adierazleen arabera. Txosten hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko tramiteen katalogoan dagoen ereduari jarraikiz eginen da (https://www.navarra.es/home_eu/).

b) Fakturak eta/edo froga gisa balio bera duten dokumentuak, eta gastu diruz lagungarri guztiak ordaindu izanaren frogagiriak. Ekintzak gauzatzeko, azpikontratazioa egiten denean zerbitzu hornitzaileekin, hornitzaile horren faktura eta ordainketaren frogagiria aurkeztu beharko dira.

c) Orobat, sustapen ekintzak egin izana egiaztatzen duten frogabideak aurkezteko eskatzen ahalko zaio onuradunari.

18. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera burutu dela egiaztatu ondoren ordainduko dira diru-laguntzak.

2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, Ekintza Plana aurkeztu zen proiektuaren arabera gauzatu dela egiaztatzearren. Kontrolen emaitzak ikusirik, laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko du.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, bisitak egin daitezke Ekintza Planean jasotako jardueretara, behar bezala gauzatu direla edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko. Orobat, exekuzioaren memoria osatzeko argazkiak, itzulpenak, exekuzioaren gaineko txostenak eta abar aurkezteko eskatzen ahalko da.

4. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideraketak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa eskaerarekin alderatuta, 19. oinarrian aipatzen diren murrizketak eta baztertze-irizpideak aplikatuko dira.

19. oinarria.–Murrizketak eta salbuespenak ordainketetan.

1. Ekintza Plana buruturik, gastu diruz lagungarria onetsitakoa baino txikiagoa bada, laguntzen zenbatekoa doitu eginen da, proportzioan gutxituta, baldin eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak uste badu garatu den planak teknikoki eta ekonomikoki baliozkoa izaten segitzen duela.

2. Ordainketa ziurtatzean egiaztatzen bada laguntzak emateko prozeduraren barruan eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioan aintzat hartutako baldintzak edo betebeharrak aldatu direla eta frogatzen bada puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, onuradunak laguntza guztia galduko du.

3. Ordainketa eskaerari dagokionez, murrizketa hau aplikatuko da:

Onuradunak ordainketa eskaeran adierazitako laguntzaren zenbatekoa eskaera horren onargarritasun azterketa egin ondoren ordaindu beharreko zenbatekoa baino %10 handiagoa bada, ordaintzeko zehaztutako zenbatekoa beste horrenbeste gutxituko da.

Hala ere, ez da murrizketarik eginen onuradunak frogatzen badu ez dela diru-laguntzaren xede izaterik ez duen zenbatekoa sartzearen erantzulea.

4. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

5. Behar den espedientearen bidez egiaztatzen bada onuradunak gezurrezko adierazpen bat egin duela nahita, onarturiko laguntzak bertan behera utziko dira, eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

20. oinarria.–Laguntzak metatzea.

1. Laguntza hauen entitate onuradunek ezin izanen dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu, salbu eta hala aurreikusten bada Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan.

2. Diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, ez bakarrik ez beste batzuekin batean, jarduera diruz lagunduaren kostua baino handiagoa, ezta ezarritako intentsitate gordinak baino handiagoa ere.

3. Laguntza hauek metatzen ahalko dira:

a) Batasunaren organoek kudeatutako laguntzak eta landa garapenerako estatu-laguntzak, kostu diruz lagungarri berberetarako direnean, baldin eta gainditzen ez badira Batasunaren Zuzenbidearen arau aplikagarrietan laguntzetarako ezarritako gehieneko intentsitate portzentajeak.

b) Landa garapenerako estatu-laguntzak (diruz laguntzen ahal diren kostu identifikagarriak badituzte) eta estatuko beste laguntza batzuk, baldin eta kostu diruz lagungarriak ezberdinak badira edo, kostu diruz lagungarriak berdinak izanda ere, bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu-laguntzetarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo laguntzarako gehieneko intentsitate portzentajeak.

c) Landa garapenerako estatu-laguntzak (diruz laguntzen ahal diren kostu identifikagarririk ez dutenak) eta Estatuko beste edozein laguntza, azken horrek diruz laguntzen ahal diren kostu identifikagarriak baditu.

d) Landa garapenerako estatu-laguntzak (diruz laguntzen ahal diren kostu identifikagarririk ez dutenak) eta estatuko beste edozein laguntza, azken horrek ere diruz laguntzen ahal diren kostu identifikagarriak ez baditu, betiere bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu-laguntza handienarentzat ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitate portzentajeak.

e) Nekazaritza sektorearentzako landa garapenerako estatu-laguntzak eta LGENFren laguntzak, kostu diruz lagungarri berberetarako direnean, izan LGENFrekin batera finantzatzen ahal direnak, izan finantzaketa nazionala besterik ez dutenak, eta bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu-laguntzentzat ezarritako gehieneko laguntza edo gehieneko intentsitatea.

f) Landa garapenerako estatu-laguntzak eta kostu diruz lagungarri berberetarako gutxieneko laguntzak, betiere bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu-laguntzarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitatea.

4. Laguntza hauek ezin dira metatu:

a) Basogintzako sektoreko ekoizleen erakunde eta batasunentzako landa garapenerako hasierako laguntzak eta, 1305/2013 EB Erregelamenduaren 27. artikuluan, ekoizleen erakundeak eta batasunak sortzeko ezarrita dauden laguntzak.

b) Nekazari gazteentzako eta ustiategi txikiak garatzeko hasierako laguntzak eta 1305/2013 EB Erregelamenduaren 19.1 artikuluko a) letraren i) eta iii) tartekietan nekazari gazteentzako enpresak sortzeko edo ustiategi txikiak garatzeko aipatzen den laguntza, bien batuketa 702/2014 EB Erregelamenduan ezarritako kopurua baino handiagoa baldin bada.

5. Laguntza hauen entitate onuradunek, ordainketa eskaerarekin batera aurkeztu beharreko zinpeko aitorpenaren bidez, justifikatuko dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu duten edo ez, betiere Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan ezarritakoaren arabera. Beste laguntzarik jaso badute, dokumentu horretan idatziko dute zein entitatek eman zien eta/edo laguntzaren zenbatekoa.

21. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Oinarri arautzaile hauen esparruan emandako laguntzen publizitateak kasuan-kasuan aplikatu beharreko Europar Batasuneko arauei jarraituko die, baita haiek garatzen dituzten edo haien transposizioa diren arau nazionalei ere.

II. ERANSKINA

Ekintza Planaren edukia

I.–Entitate eskatzailea.

Izena, helbidea, posta elektronikoaren helbidea, telefonoa, faxa, programaren arduraduna harremanetarako.

II.–Sustatu beharreko produktuak.

–Zehaztu produktuak, baldintza-agiriak uzten dituen aukeren artean.

III.–Xedeko merkatuak.

Zehaztu xedeko herrialde, eskualde, hiri edo herriak, eta adierazi zergatik aukeratu diren eta zer aukera dauden produktuak aukeratutako merkatuetan saltzeko, eskatu den ekintza bakoitzean.

IV.–Helburua.

Helburuak zehaztuta eta, ahal dela, zenbatekoak adierazita.

V.–Estrategia.

Zehaztu zer tresna erabiliko diren marketin eta komunikazio aldetik programaren helburuak lortzeko.

VI.–Ekintzak.

–Ekintza eta jarduera bakoitzaren deskripzio zehatza.

–Aurreikusten diren egutegia eta tokiak.

–Helburu duen jendea.

Zehaztu norentzat den: kontsumitzailearentzat, banatzaileentzat (supermerkatuak, handizkariak, txikizkari espezializatuak, hornitzaileak, jatetxeak), inportatzaileentzat, iritzi liderrentzat (kazetariak eta aditu gastronomikoak), gastronomia eskolentzat eta jatetxeentzat, etab.

VII.–Mezuak.

(Jatorria, kalitatea, segurtasuna, osasuna, ingurumena, etab.).

VIII.–Aurreikusten den eragina eta hura neurtzeko modua.

Eskaeraren bilakaerari, produktuaren ospeari eta irudiari edo helburuei lotutako beste edozein alderdiri dagokienez.

Zehaztu emaitzak edo ondorioak neurtzeko erabiliko diren metodoak (kuantitatiboa edo/eta kualitatiboa) eta adierazleak, halakorik bada.

IX.–Aurrekontua.

Prestatu laburpen taula bat ekintza bakoitzeko. Aurrekontua aurkezteko, jardueren deskribapenak dituen egitura berari eta ordena berari jarraituko zaie.

X.–Finantzaketa plana.

FINANTZAKETA

EUROAK

%

Eskatzailea

Azp. Nafarroako 2014-2020 LGPko diru-l.

Guztira

XI.–Entitatearen urteko aurrekontua.

AURREKONTUA

EUROAK

%

Ekintza Planaren aurrekontua, guztira

Entitatearen aurrekontua, guztira

100

XII.–Laburpen taula.

Ekintza planaren laburpen gisa, sartu ekintza eta jardueren laburpen taula bat, 5. oinarriaren 3. puntuko definizioen arabera.

EKINTZA

JARDUERAK

AURREKONTUA

URTE ANITZEKO PROGRAMA

BESTE KALITATE FIGURA BATEKIN KONBINATUA

LURRALDE-ESPARRUA

XEDEKO TALDEA

ADIERAZLEAK

1

1.1

Bai/Ez

BAI/EZ

Adierazi zein

NFK/beste batzuk

Adierazi zein

Adierazi zein, modu proportzionalean

BAI/EZ

Adierazi zein

1.2

...

...

...

2

2.1

Bai/Ez

BAI/EZ

Adierazi zein

NFK/beste batzuk

Adierazi zein

Adierazi zein, modu proportzionalean

BAI/EZ

Adierazi zein

...

...

...

...

GUZTIRA

III. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena

Onuradunak erantzukizunpeko adierazpen hau egiten du, alderdi hauei buruz:

1.–Finantzaketa bikoitzaren eza.

Ez dela hartzen ari Kontseiluaren 2007ko abenduaren 17ko 3/2008 Erregelamenduaren (EE) 2.3 artikuluan jasotako laguntzarik; erregelamendu hori barne merkatuko eta hirugarren herrialdeetako nekazaritzako produktuen informazio eta sustapen ekintzei buruzkoa da.

2.–Materialaren egokitasuna.

Europar Batasuneko zer estatutan egiten diren informazio eta sustapen jarduerak, hartan aplikatzen den legeria nazionala errespetatzen dela informazio eta sustapen jardueretarako prestatzen den material guztian.

3.–Marka komertzialak baztertzea.

Ekintza Planetik baztertu direla merkataritza marken sustapenarekin zerikusia duten jarduerak.

4.–Legez kanpoko laguntzaren onuraduna.

Ez dela baliatu Batzordearen erabaki baten ondorioz bateraezin deklaratutako legez kanpoko inolako laguntzaz, harik eta enpresa horrek itzuli arte edo blokeatutako kontu batean sartu arte legez kontra jasotako laguntza bateraezin horren zenbateko osoa eta dagozkion errekuperazio-interesak.

5.–Krisian dauden enpresak.

Ez dela krisian dagoen enpresa bat. Horretarako, nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako estatu-laguntzei 2014tik 2020ra bitarte aplikatu beharreko Europar Batasunaren zuzentarauen 35.15 puntuan dagoen definizioa hartuko da aintzat (2014/C 204/01, hemendik aurrera Zuzentarauak).

6.–Azoka eta erakusketetan inskribatzea eta parte hartzea.

Ekoizleen parte-hartze indibiduala aurreikusten duten azoka eta erakusketetan, ekoizle guztiek izanen dute parte hartzeko aukera, baldintza berdinetan.

IV. ERANSKINA

Gastu diruz lagungarrien mugak

Pertsona eta egun bakoitzeko muga hauek ezartzen dira dietetarako eta mantenurako, joan-etorrietarako eta sari sinbolikoetarako:

a) Ostatua: 90 euro Espainian eta 120 euro Espainiatik kanpo.

b) Mantenua: 50 euro Espainian eta 60 euro Espainiatik kanpo.

c) Autoan egindako kilometrajea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileentzat kasuan kasuko ekitaldirako ezartzen dena.

d) Lehiaketetan emandako sari sinbolikoak: gehienez ere 300 euro sari bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: F1713786