215. ALDIZKARIA - 2017ko azaroaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2017ko urriaren 25ean hartua. Honen bidez, sailkapen espedientean azaltzen diren zabalera, trazadura eta bestelako ezaugarri fisiko orokorreko abelbideak daudela adierazten da, eta Tafallako udal-mugartean hondatu edo desagertutako mugarriak berrezartzea eta abelbideen trazaduraren aldaketa onesten da.

Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean xedatutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuari dagozkio, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak proposaturik, Nafarroako abelbideen erabilerak sailkatzeko eta berariaz arautzeko ahalmenak.

19/1997 Legearen arabera, sailkapena “adierazpen izaerako egintza administratibo bat da eta, horren bidez, abelbide bakoitzaren existentzia, zabalera, trazadura eta gainerako ezaugarri fisiko orokorrak zehazten dira”, mugaketa “egintza administratibo bat da eta, horren bidez, abelbideen mugak zehazten dira, sailkapenaren egintzan ezarritakoaren arabera”, eta mugarriztatzea “prozedura administratibo bat da eta, horren bidez, abelbideen mugak zehaztu eta modu iraunkorrean seinalatzen dira tokian berean.

Tafallako udal-mugarteko abelbideen sailkapena bide horiek errekuperatzeko eta horiei balio emateko aldez aurretik egin beharreko lana da, eta eragin onuragarria du lurralde antolamendurako eta landa ingurunea garatzeko.

Hondatu edo desagertutako mugarriak berrezartzearen helburua Nafarroako Gobernuak onetsitako mugaketa- eta mugarriztatze-akta duten abelbideak eguneratzea da, abelbidea zedarritzen duten mugarriei kokaleku zehatza emanez gaur egungo baliabideak erabiliz.

Administrazio prozesuaren tramiteak bete ondoren, lanaren jendaurreko epea barne, alegazio bat aurkeztu zen eta horri buruzko txostena egin da, eta halaxe jaso da espedientean.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Jarraian aipatzen diren abelbideak eta horiei loturiko tokiak daudela adieraztea. Bakoitzaren zabalera, trazadura eta gainerako ezaugarri fisiko orokorrak hondatu edo desagertutako mugarriak sailkatu eta berriz jartzeko eta trazadura aldatzeko espedientean ageri dira:

–Tafalla: Taustetik Urbasa-Andimendira doan errege altxonbidea, 9. zeharbidea, 6. iraganbidea eta 21. iraganbidea.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentura igortzea.

3. Erabaki hau Tafallako Udalari jakinaraztea, eta adieraztea erabakiak amaiera ematen diola administrazio bideari eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Espedientean interesa duten Administrazio Publikoek bigarren errekurtso mota hori jartzen ahal dute soilik.

Erabaki hau argitaratu edo jakinarazi, zein den kasua, eta biharamunetik hasita zenbatuko dira epeak.

Iruñean, 2017ko urriaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1712344