213. ALDIZKARIA - 2017ko azaroaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

273E/2017 EBAZPENA, urriaren 10ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Villatuertako udal-mugartean erretxinak fabrikatzen dituen instalazio baten Ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzen duena, ebazpen honen eranskinean zehaztatutako aldaketekin bat; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak instalazio horren Ingurumen baimen integratua eman, eguneratu eta aldatzeko lehendik tramitatutako espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gain, ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Kemira Ibérica SAU da.

Instalazio horrek Ingurumen baimen integratua du, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 18ko 619E/2016 Ebazpenaren bidez emana.

2017ko ekainaren 15ean, enpresak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu zuen, hezetan irauteko WS erretxinak (PAAE) fabrikatzeko lerroa abiarazteari buruzkoa.

Aitorpen horrekin batera aurkeztutako agiri teknikoak berrikusirik, ikusi da badirela aldaketa batzuk azkenean gauzatu den instalazioan. Aldaketa horiek eskatzen dute alde batetik, Ingurumen baimen integratuaren I. eranskinean dauden instalazioari buruzko datuak aldatzea, eta bestetik, instalazioan aldaketa baimendu zuen ebazpenean ezarritako funtzionamendu baldintza batzuk aldatzea. Azken hauek Ingurumen baimen integratuan sartu behar dira.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen-proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta honek ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Villatuertako udal-mugartean erretxinak fabrikatzen dituen instalazio baten Ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzea, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketen arabera. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari Ingurumen baimen integratua eman, eguneratu eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gain, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Kemira Ibérica SAU da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Kemira Ibérica SAUri, Villatuertako Udalari eta Nilsari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko urriaren 10ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1711650