203. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

525E/2017 EBAZPENA, urriaren 3koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez 2017ko diru-laguntzen deialdia onesten da jarduera ekonomikoko eremuetan NGA sareak hedatzeko proiektuetarako.

Belaunaldi berriko sarbiderako sareak (NGA) hedatzeko, Nafarroako Banda Zabaleko 2016-2021 Plan Zuzentzailea prestatu da. Dauzkan lau ardatz estrategikoetako bat da jarduera ekonomikoko eremuetan konektagarritasuna hobetzea. Jarduera ekonomikoko eremuetan, banda zabaleko sare eta zerbitzuak jasateko azpiegiturak izateak enpresen garapena bultzatzen du, eta, hala, berrikuntza errazten du, eta enpresen lehiakortasuna sustatzen. Era berean, horiek nahitaezkoak dira 4.0 Industriako modeloekin lotutako teknologiak ezartzeko.

Elkarlan publiko-pribatuaren modeloan, uste da diru-laguntza publikoen deialdiak dakarrela bideragarritasun handiena eremu horietan hedapena azkartzeko, eta, bestetik, horrela baliatzen direla hobekien operadoreen baliabideak eta esperientzia, hedapenerako eta enpresa bezeroei zerbitzuak emateko.

Deialdian, diruz lagungarriak izanen dira jarduera ekonomikoko eremuetan NGA sareak hedatzeko proiektuak baldin Informazioaren eta Agenda Digitalaren Estatuko Idazkaritzak (SESIAD) identifikatu baditu “NGAko zona zuri” gisa, eta haren arabera laguntza publikoak jasotzen ahal badituzte. 2018ko urriaren 15a arteko epea izanen da proiektuak gauzatzeko. Deialdi hau onesteko urte anitzeko gastu-konpromisoa hartzea baimendu da Nafarroako Gobernuak 2017ko irailaren 13an hartutako Erabakiaren bidez.

Ekainaren 5eko 462/2015 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat (haren bidez arautu ziren administrazio publikoen arteko koordinaziorako tresnak eta prozedurak, laguntza publikoen arloan informazioaren gizartea bultzatzeko, banda zabaleko sareen eskaintza eta eskuragarritasuna sustatzearen bidez), Informazioaren eta Agenda Digitalaren Estatuko Idazkaritzak aldeko txostena eman du laguntzen deialdi honetarako.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2017ko diru-laguntzen deialdia onestea jarduera ekonomikoko eremuetan NGA sareak hedatzeko proiektuetarako, Nafarroako Banda Zabaleko 2016-2021 Plan Zuzentzailearen esparruan.

2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. 1.200.000 euroko gastua baimentzea guztira, ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko, honako honen kargura: 2017ko gastuen aurrekontuko “Banda zabala ezartzeko diru-laguntzak” izeneko 810011-81220-7709-467902 partidaren baliokide gisa 2018ko gastuen aurrekontuan sartuko den partida.

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810011-81220-7709-467902: Banda zabala ezartzeko diru-laguntzak

2018

1.200.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2017ko urriaren 3an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia. Izaskun Goñi Razquin.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da belaunaldi berriko banda zabaleko sareen estaldura zabaltzea, jarduera ekonomikoko eremu horietarako non ez dagoen telekomunikazioetako azpiegiturarik oso abiadura handiko Interneteko sarbide-zerbitzuak emateko eta non ez dagoen aurreikusia hurrengo hiru urtean ere halakorik izatea.

Nafarroako Banda Zabaleko 2016-2021 Plan Zuzentzailearen esparruaren barnean daude deialdi honetako diru-laguntzak. Plan horren 2. Jokalekuak helburua du banda zabala ultralasterrak iristaraztea jarduera ekonomikoko eremuetan dauden enpresei, sustatzearren gehiago eta efizienteago erabil daitezela informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, eta, hala berrikuntza, produktibitatea eta lehiakortasuna handitzearren.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Onuradun izateko, beharrezkoa da diru-laguntza eskatzeko unean beharkizun hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, sektore pribatukoak, izatea:

a) Behar bezala gaitutako operadorea izatea, Telekomunikazioei buruzko maiatzaren 9ko 9/2014 Lege Orokorraren 6. eta 7. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

b) Egoki den azpiegituren lurralde plana aurkeztu izana, hain zuzen ere maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean aurreikusitakoa (foru lege haren bidez antolatu ziren Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioaren oinarrizko estazioak). Hartan, adieraziko dira erabilitako estazioak, uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioaren oinarrizko estazioetan oinarritutako sareen proiektuen kasuan.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren inprimakiaren bidez frogatuko da hori.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

d) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Europako Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jo ondoren.

2. Ez dira laguntza hauen onuradun izanen krisian dauden enpresak, honako hauetan ezarritako definizio eta baldintzekin bat: krisian dauden finantzaz bestelako enpresak salbatu eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko jarraibideak (EBAO: C249, 2014/07/31) eta Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua (haren bidez merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezarri ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).

3. oinarria.–Hedapenerako proiektuetarako baldintzak.

1. Belaunaldi berriko sarbiderako sareen (NGA) hedapen-proiektuek (oso abiadura handikoak behar dute: 100 Mb/s gutxienez), barnean direla sarbide-sare horietara konektatu ahal izateko behar-beharrezkoak diren sare tarteak, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Kokaturik egon behar dute deialdi honen II. eranskinean helburu gisa ezarritako loteetan sartutako jarduera ekonomikoko eremuetan. Eremu horiek dira jarduera ekonomikoko zona geografiko batzuk non enpresak biltzen diren, lehentasunez enpresa industrialak, Informazioaren eta Agenda Digitalaren Estatuko Idazkaritzak 2017rako identifikatu dituenak “NGAko zona zuri” gisa, hautatuak izateko irizpideak betetzen dituztelako, egun estaldurarik ez izateagatik, ezta hurrengo urteetarako hedapen-planik ere.

b) Lote bereko jarduera ekonomikoko eremu guztietan aurreikusia egon behar du oso abiadura handiko banda zabaleko zerbitzuen hedapena, baita jarduera ekonomikoko eremu bakoitzeko higiezinen unitate guztietan ere. Lote bakoitzeko, puntuazio handiena duen proiekturako bakarrik onetsiko dira laguntzak, oinarri hauetan ezarritako ebaluazio irizpideekin bat.

c) Jende guztiarentzako zerbitzuak emateko erabiliko dira batez ere. Ez dira diruz lagungarriak izanen sare pribatuak, erabiltzaile kopuru murritz bati bakarrik zuzendutakoak, ezta Mbone hutsak direnak ere, ez daudenak zuzenean bideraturik azkeneko erabiltzaileei zerbitzuak ematera, helburu diren eremuetan.

d) Gainerako operadoreek ere erabiltzeko aukera duten azpiegitura sareak izan behar dute. Ez dira diruz lagungarriak izanen laguntzaren onuradun den operadoreak bakarrik erabiltzekoak diren azpiegituretarako gastu-partidak, betetzen ez dituztenak oinarri hauetan aipatutako handizkako zerbitzuetarako beharkizunak, edo agintari nazional eskudunek ezarritakoak.

e) Ez da laguntza emateko baldintza izanen konponbide teknologiko zehatz bat hedatzea, eta eskatzaileek proiektuetan adierazi eta arrazoitu beharko dituzte eremu bakoitzerako konponbide teknologiko egokienak.

2. Belaunaldi berriko sarbiderako sareek (NGA) gutxieneko beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Gutxienez ere 100 Mb/s-ko abiadurako transferentzia nominala ahalbidetzea saretik erabiltzailearengana. Hori neurtzeko, azken erabiltzailearen hurbileneko operadorearen sare-ekipoaren irteeran eginen da neurketa. %80ko emaria bermatuko da denboraren %95ean.

b) Gutxienez ere 20 Mb/s-ko abiadurako transferentzia nominala ahalbidetzea azken erabiltzailearengandik sarera. Hori neurtzeko, azken erabiltzailearen hurbileneko operadorearen sare-ekipoaren irteeran eginen da neurketa. %80ko emaria bermatuko da denboraren %95ean.

c) Bi norabideetan mugarik gabeko datu transferentzia ahalbidetzea, eta zerbitzuaren ezaugarriak ez aldatzea.

d) Zerbitzuaren eskuragarritasuna segurtatzea, adierazitako kalitatearekin, denboraren %98an, hilabete naturaleko tartean, azken erabiltzaile bakoitzarentzat.

e) Segurtatzea ezen datu transmisiorako zerbitzuaren kalitate parametroek jasaten dituztela denbora errealeko multimediako komunikazio elektronikoak. Horretarako erreferentziazko balio hauek ezartzen dira:

–Jitter gehienekoa: Best Effort.

–Best Effort baino gutxiagoko atzeratzea.

–Gehienez ere %0,8ko paketeen galera tasa.

f) Gehienez ere 30 egun naturaleko epean erantzutea erabiltzaileek egiten dituzten zerbitzuaren alta eskaerei, betiere lortu behar ez bada lizentziarik, okupazio eskubiderik edo bide igarotzeko eskubide berariazkorik, edo operadoreari egotzi ezin zaion beste arrazoi batzuk tartean badaude. Kasu horretan, operadoreak deskonta ditzake arrazoi horiei dagozkien atzerapenak, betiere aldez aurretik eskatzaileari komunikazioa bidalita.

g) 24 orduko epean konpontzea zerbitzua etetea dakarten gorabeheren %95.

4. oinarria.–Inbertsio eta gastu diruz lagungarriak.

1. Hedapen proiektuak gauzatzeko beharrezkoak diren eta horiekin zuzeneko lotura duten inbertsioak eta gastuak diruz lagungarriak izanen dira. Zehazki:

a) Azpiegiturak eta obra zibila. Honako hauen gastuak: ingeniaritza zibila, hoditeriak, lineak, kutxetak, dorreak eta antzeko beste elementu fisiko batzuk, beharrezkoak direnak proiektuaren xede den telekomunikazio-sarearen kableak, sistemak, aparatuak eta ekipoak hedatzeko, salbu oinarri honetako 3. apartatukoak.

b) Ekipamendua eta beste material batzuk. Honako hauen kostua: proiektua gauzatzeko behar diren sistemak, aparatuak eta ekipoak eskuratzea, instalatzea eta integratzea, betiere onuradunaren ondarearen zati izatera igarotzen badira eta inbentariatzen badira.

c) Langileria gastuak. Onuradunaren langileriari dagokionez, proiektura zuzenean dedikatutako orduen kostua. Betiere, diruz lagungarria den aurrekontu guztiaren %7 gehienez. Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen dira administraziorako, kontabilitaterako, giza baliabideetarako, kudeaketarako, marketinerako eta zuzendaritzarako langileria gastuak.

d) Proiektuari egozten ahal zaizkion beste kostu batzuk. Sare-hedapenak berarekin dakarrenean beste operadore batzuen telekomunikazioetarako azpiegiturak erabiltzea, horiek erabiltzearekin lotutako ohiko kostuak, gehienez ere 3 urtez.

2. Diruz lagungarria den gastua 30.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), obra gauzatzeko gastuen kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), ekipo ondasunez hornitzearen kasuan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu, eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian, laguntzen fitxan baitago.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo lehendik egin bada hornitzaileen aukeraketa prozesu bat, bermatzen duena eskaintza tekniko-ekonomiko hoberena aukeratu dela. Edonola ere, halakoak frogatu beharko dira aipatu inprimakian.

3. Gastu eta inbertsio hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Interesak eta gainerako finantza gastuak. Nolanahi ere, diruz lagungarria izanen da finantza aktibo finko berriak eskuratzea finantza errentamendu bidez, salbu ondasun higiezinak eta lotutako instalazioak eta obrak, baldin 6.2 oinarrian aipatutako epean egiten bada eragiketa.

Kasu horretan, onuradunak konpromisoa hartu behar du ondasuna erosteko aukera gauzatzeko, kontratua bukatutakoan, eta horrek berarekin dakar eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaintzea. Ez dira diruz lagungarriak izanen errentatzailearen marjinak, interesak, gastu orokorrak eta finantza-errentamenduari lotutako aseguruen gastuak.

b) Ekipoak eta azpiegiturak amortizatzeko, mantentzeko eta konpontzeko gastuak.

c) Lurrak eta lokalak eskuratzea.

d) Bigarren eskuko ekipoak eta instalazioak eskuratzea.

e) Bulegoko materiala eta ekipamendua.

5. oinarria.–Azpikontratazioa.

1. Diru-laguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoaren %70era arteko azpikontratazioa egin daiteke hirugarrenekin. Ondorio horietarako, ulertuko da azpikontratazioa egiten dela onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen duenean proiektuaren zati bat gauzatzea, nahiz eta berez egin ditzakeen jarduerak izan, horretarako baliabideak dituelako. Kontratistek onuradunarekiko betebeharrak izanen dituzte soilik; onuradunak diru-laguntzaren xede den jarduera behar bezala burutzeko erantzukizun osoa izanen du administrazioaren aurrean.

Azpikontratazioa 60.000 eurotik gorakoa eta emandako diru-laguntzaren %20tik gorakoa denean, kontratua idatzita egin beharko da, eta frogagiriekin batera aurkeztu.

2. Onuradunak diruz lagundutako jardueraren gauzatze partziala kontratatu edo azpikontratatu dezake hari lotutako enpresekin, baldin eta ondokoa betetzen bada:

a) Laguntzen eskaeran jasotzen bada eta organo kudeatzaileak, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak, kontzesioaren ebazpenean irizten badu gastu hori diruz laguntzen ahal dela.

b) 4. oinarrian diruz laguntzeko zehazten diren gastuetako bati badagokio hitzartutako jarduera.

c) Onuradunaren eta hari lotutakoaren arteko faktura eta ordainagiri bidez justifikatzen badira gastuak. Orobat, fakturaren kontzeptuei heltzen dieten agiriak aurkezten badira, onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, langileria gastuak justifikatzeko nominak; hirugarren baten faktura azpiegituren obretarako, ekipamendua eta beste material batzuk eskuratzeko, etab.).

Ez da onartuko kostuak gainetik egoztea, industria mozkina aplikatzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik.

Ondorio horietarako, lotutako enpresatzat hartuko dira Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako loturaren bat elkarren artean dutenak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

6. oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa eta gauzatzeko epea.

1. Jarduera ekonomikoko eremuen lote bati dagokion proiektu bakoitzean, diruz lagungarriak diren gastu eta inbertsioen %50etik %80ra bitartekoa izanen da laguntzen intentsitatea. Proiektu bakoitzerako eskatutako diru-laguntza portzentajea adierazi beharko da eskaeran.

2. Proiektuak gauzatu eta gastu diruz lagungarriak egiteko epea izanen da eskaera aurkezten denetik zerbitzua ematen hasteko gehieneko epearen artekoa. 2018ko urriaren 15ekoa izanen da aipatutako zerbitzua ematen hasteko epea. Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu denean.

Inola ere ez dira diruz lagungarriak izanen eskaera aurkeztu aurretik hitzartu edo egin diren inbertsioak eta gastuak.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epea, eta hurrengo hilabetean argitalpen-egunaren zenbaki bera duen egunean amaituko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, zeina 15. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

3. Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

8. oinarria.–Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.

1. Eskatzaile bakoitzeko eskaera bakarra onartuko da. Bertan, interesatzen zaizkion lote guztiei dagozkien sareak hedatzeko proiektuak bildu beharko ditu. Eskatzailea lote batean baino gehiagotan interesatua badago, memoria bat aurkeztu beharko du 3. ataleko f) letran aipatzen den lote bakoitzeko.

2. Laguntzen fitxatik abiatuta, inprimakiak, erantzukizunpeko adierazpena egiteko ereduak eta laguntzak eskatzeko bete eta aurkeztu beharreko gainerako agiri elektronikoak eskuratzen ahalko dira.

3. Eskaera honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira):

a) Nafarroako Jarduera Ekonomikoko Eremuetan Nafarroako Banda Zabala Hedatzeko 2017ko Planaren inprimakia.

b) Eskabidea sinatzen duenaren ordezkaritza-ahalaren egiaztagiria eta enpresaren IFZ. Laguntzak kudeatzen dituen organoak noiznahi eskatzen ahal die sinatzaileei erabiltzen ari diren ordezkaritzaren gaineko egiaztagiria aurkeztea.

c) Eskatzailea behar bezala gaitutako operadorea dela egiaztatzeko agiria. Horretarako, Telekomunikazioei buruzko maiatzaren 9ko 9/2014 Legean araututako Operadoreen Erregistroan izena emana dutela egiaztatzeko agiria aurkeztu beharko dute.

d) “Erantzukizunpeko adierazpena”, frogatzen duena 2.1 oinarriko c) eta d) letretan aipatutako betebeharrak betetzen direla.

e) “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia eta, zein den kasua, 4.2 oinarrian aipatzen diren hiru eskaintzak.

f) Proiektuaren memoria bat jarduera ekonomikoko eremuetako lote bakoitzeko, non, gutxienez, hurrengo puntuan azaltzen direnak azalduko diren.

g) Proiektua zuzen baloratzeko interesekotzat jotzen diren agiri guztiak.

Agiri horietako batek gainditzen badu Erregistro Orokor Elektronikoarentzat ezarritako tamaina, agiri hori aurrez aurre aurkeztea onartuko da, laguntzak eskatzeko ezarritako epearen barrenean. Horretarako, aurretik telematika bidez aurkeztu duen eskaeraren espediente zenbakia eta erregistro zenbakia adierazi beharko ditu.

4. Lote bakoitzerako aurkezten den memoriak gutxieneko egitura hau izanen du:

a) Exekuzioari buruzko laburpena.

b) Mapa bat, hedapenaren xedeko eremuaren mugapen geografikoa eta ezaugarriak adierazita. Adierazi beharko dira jarduera ekonomikoko eremuan kokatutako enpresen kopurua eta langileen kopurua, eta, orobat, enpresa horiek jarduketaren aurretik daukaten Internet konexioaren ezaugarri tekniko eta ekonomikoak.

c) Aurrekontu xehakatua, 4.1 oinarrian aurreikusitako kontzeptu diruz lagungarrien araberakoa. Gertatuko balitz proiektua jarduketa zabalago baten parte izatea, baztertutako eremuak hartzen dituela, arrazoituta azaldu behar da aurrekontuko zer zati dagokion baztertutako eremu horiei.

d) Eskatutako laguntza aurrekontu diruz lagungarriaren zer ehuneko den (hamarrenik gabe); ehuneko horrek 6.1 oinarriaren diru-laguntza tartean egon beharko du.

e) Zer eragin sozioekonomiko izanen duen proiektuak jarduketa eremuan.

f) Proiektu teknikoa, adierazita faseak eta mugarriak eta egin beharreko jarduera nagusiak, hala nola baimenak lortzea, obra zibila egitea, ekipoak erostea, horiek instalatzea eta zerbitzu ematen hastea.

g) Hedatuko den soluzio teknologikoaren konexio abiadura eta deskribapena, sare arkitekturaren laburpen orokor bat eginda, bai eta sarbide sareko eta ahalmen handiko datu sareen nukleoarekin konexioa egiteko presentzia puntu guztien zerrenda bat adierazita ere.

h) Bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioa; negozio plan bat jaso behar da, aldagai nagusien bilakaerak izan litzakeen egoerak adierazten dituena eta justifikatzen duena laguntza beharrezkoa dela proiektua gauzatu ahal izateko.

i) Merkataritza ustiapenari eta komunikazioari buruzko plana, merkataritza ustiapena noiz hastea aurreikusten den adierazita, bai eta aurreikusitako merkataritza jarduerak eta jarduera ekonomikoko eremuan kokatutako enpresei zerbitzu emateko planak ere behin proiektua gauzatutakoan.

5. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

9. oinarria.–Diru-laguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 6. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Eskaerak baloratzeko Ebaluazio Batzordea eratuko da, honela osatua:

a) Enpresa Sustapenaren Zerbitzuko zuzendaria.

b) Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko bi ordezkari.

c) 4.0 Industria Sustatzeko Ataleko burua.

d) 4.0 Industria Sustatzeko Ataleko teknikari bat.

3. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

PUNTUAZIOA

a) Eskatutako laguntza txikiena estalitako enpresa bakoitzeko

15

b) Enpresen estaldura handiena

10

c) Loteak lehenestea

10

d) Eragin sozioekonomikoa

Garapen ekonomikoa

Enpleguaren sorrera

Beste eragin sozioekonomiko batzuk

10

e) Proiektu teknikoa

Mugatze geografikoa eta guneen ezaugarriak zehaztea

Faseak eta mugarriak identifikatzea

Jarduerak eta horretarako baliabideak zehaztea

Lotutako arriskuak identifikatzea eta kudeatzea

15

f) Konexio abiadura handiena

25

g) Bideragarritasun ekonomikoa eta finantzarioa

Negozio plana zehaztea

Aurreikusten den eskaeraren sentikortasun analisia

Laguntza beharraren justifikazioa

10

h) Merkataritza ustiapenari eta komunikazioari buruzko plana

Merkataritza ustiapena noiz hasiko den aurreikustea

Aurretiaz eginen diren merkaturatze jarduerak

Zerbitzuak emateko planak

5

a) Eskatutako laguntza txikiena estalitako enpresa bakoitzeko.

Irizpide honetan, lote bakoitza osatzen duten jarduera ekonomikoko eremu guztietan kokatutako enpresa kopurua eta eskatutako diru-laguntza hartuko dira kontuan. Aurkeztutako proiektu bakoitzerako, enpresa bakoitzeko eskatutako diru-laguntzaren ratioa kalkulatuko da (Proiektu ratioa). Irizpide honi dagokion gehieneko puntuazioa ratio txikiena duen proiektuari emanen zaio (Gutxieneko ratioa), zer lotetara aurkeztu den kontuan hartu gabe. Gainerako proiektuen puntuazioa kalkulatzeko, formula hau aplikatuko da:

Puntuazioa = 15 * [(Gutxieneko ratioa) / (Proiektu ratioa)]

b) Enpresen estaldura handiena.

Irizpide honetan, lote bakoitza osatzen duten jarduera ekonomikoko eremu guztietan kokatuta dauden eta estaldura jasoko duten enpresen kopurua hartuko da kontuan (Lotearen enpresa-kop.). Irizpide honi dagokion gehieneko puntuazioa enpresa gehien estaltzen dituen proiektuari emanen zaio, zer lotetara aurkeztu den kontuan hartu gabe (Gehieneko enpresa-kop.). Aurkeztutako gainerako proiektuen puntuazioa kalkulatzeko, formula hau aplikatuko da:

Puntuazioa = 10 * [(Lotearen enpresa-kop.) / (Gehieneko enpresa-kop.)]

c) Loteak lehenestea.

Loteak bi lehentasun mailatan sailkatuko dira:

–P1, lehentasun handieneko loteak; 10 puntu jasoko dituzte.

–P2, gainerako loteak; 5 puntu jasoko dituzte.

Lote bakoitzari emandako lehentasun lotea II. eranskinean dago zehaztuta.

d) Eragin sozioekonomikoa.

Proiektuen eragin sozioekonomikoa baloratzeko, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

–Garapen ekonomikoan duen eragina, inguruabar hauek kontuan hartuta, besteak beste: hedapenek zer ekarpen eginen duten enpresak deslokalizatu ez daitezen, horrek eremuan eragin dinamizatzaile handia baitu, zer ekarpen eginen duten garapen ekonomiko txikiagoko eremuetan kokatutako industrialdeetan inbertitzea erakargarriagoa izan dadin eta zer ekarpen eginen duten jarduera galdu duten industrialdeak suspertze aldera.

–Enpleguaren sorrera.

–Beste eragin sozioekonomiko batzuk.

e) Proiektu teknikoa.

Proiektuaren zehaztapen eta egokitasun maila baloratuko da, honako faktore hauek kontuan hartuta: jarduera gunea zehaztea eta haren ezaugarriak adieraztea, faseak eta mugarriak identifikatzea, jarduerak eta horretarako baliabideak zehaztea eta egon litezkeen lotutako arriskuak kudeatzea.

f) Konexio abiadura handiena.

Irizpide honetan, lehentasuna emanen zaie konexio abiadura handiago bat bermatuko duten soluzio teknologikoak dituzten proiektuei. Lote bakoitzari emanen zaion puntuazioa formula honen arabera kalkulatuko da:

Puntuazioa =25* [A+ (B*(1/5))] / (A+B)

A = Loteko jarduera ekonomikoko eremuak, konexio abiadura 300 Mbp-koa edo hortik gorakoa dutenak.

B = Loteko jarduera ekonomikoko eremuak, konexio abiadura 100 Mbp-koa edo hortik gorakoa eta 300 Mbp-koa baino baxuagoa dutenak.

g) Bideragarritasun ekonomikoa eta finantzarioa.

Honako hauek zehaztea baloratuko da: negozio plana, eskaerak izan litzakeen egoera ezberdinen sentikortasun analisia eta laguntza beharraren justifikazioa.

h) Merkataritza ustiapenari eta komunikazioari buruzko plana: Honako hauek baloratuko dira: zerbitzuen merkaturatze plana, merkataritza ustiapena hasteko aurreikuspena eta sareetan zerbitzua emateko planak behin haiek hedatutakoan.

4. Ebaluazioa eskaeran eta proiektuaren memorian aurkeztutako informazioaren gainean baino ez da eginen. Kontuan hartuta laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen direla, ezin izanen da eskaeretan borondatezko hobekuntzarik egin.

10. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

1. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak, Ebaluazio Batzordearen irizpena ikusirik, organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena. Bertan adieraziko da onuradunek diru-laguntza kobratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenak ondokoa edukiko du, gutxienez:

a) Enpresa onuradunen zerrenda, bakoitzari diruz lagundu zaizkion loteak adierazita. Diruz lagundutako lote bakoitzean, lortutako puntuazioa eta laguntzaren zenbatekoa adieraziko da.

Gertatuko balitz proiektu bat baino gehiago izatea jarduera ekonomikoko eremuen lote berarentzat, laguntza baloraziorik handieneko proiektuari soilik ematea proposatuko da.

b) Baztertu beharreko loteen zerrenda, arrazoituta. Hartan, zehaztu egin beharko da, halakorik balego, zer lote baztertu diren deialdiaren aurrekontuko kreditua agortzeagatik.

2. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. 2018ko martxoaren 30a izanen da ebazpena eman eta eskatzaileen helbide elektroniko gaitura jakinarazteko azken eguna.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

3. Laguntzei uko egin edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, laguntza ematen ahalko zaie kreditu eskasiagatik baztertuta gelditu diren eskaerei, betiere behar adinako diru-izendapena dagoenean. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako lehentasun ordenari jarraituko zaio.

11. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

2018ko urriaren 15era bitarte, onuradunek honako dokumentazio tekniko-ekonomikoa aurkeztu behar dute laguntzen fitxetan, proiektuak gauzatu direla justifikatzeko:

a) Justifikazioaren inprimakia, laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa.

b) Proiektuaren exekuzioaren memoria zehatza, eskakizunak betetzen direla ziurtatzeko behar den informazio guztia izanen duena eta, bereziki, alderdi hauek:

–Egindako jarduerak eta lortutako helburuak estaldurari dagokionez.

–Eskaeraren memoriarekiko izandako desbideratzeen deskribapena eta zergatikoa, halakorik balego, betiere egindako aldaketak adierazita.

–Jasotako laguntzaren publizitate ekintzak, 12.1.g) oinarrian jasotakoari jarraikiz.

–3.2 oinarriko baldintza teknikoak betetzen direla justifikatzeko dokumentazioa.

–Gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua.

–Aurreko zerrendan identifikatutako fakturen eta gastu dokumentuen kopia digitalizatuak, bai eta haien ordainagiriak ere; horiek eskatzailearen izenean egon behar dute (banku dokumentuak baino ez dira onartuko). Gastuek eta ordainketek eskaeraren aurkezpen-data eta 2018ko urtarrilaren 15a bitarte eginak izan beharko dute.

–4.1.c) oinarriko langile gastuei dagokienez, proiektuari lotutako pertsonen zerrenda aurkeztu behar da, bai eta haietako bakoitzak egindako lanak eta emandako orduak eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren TC2ak ere.

Gertatuko balitz lote batean baino gehiagotan ematea hedapen proiektuetarako diru-laguntza, exekuzio memoria bat aurkeztu beharko da lote bakoitzeko.

12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, honako hauek aurkeztu beharko dira telematikoki:

–Diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako diru-laguntza.

–Diruz lagundutako hedapen proiektuaren laburpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa; Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, irailaren 9ko 330/2016 Errege Dekretuan xedatutakoaren ondorioetarako.

b) Diruz lagundutako proiektua egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode berariazko bat, diruz lagundutako proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiak behar bezala jasotzen dituena.

d) Laguntzen organo kudeatzaileari erraztea egiaztapenak egin ditzan, diruz lagundutako proiektuak egin direla ziurtatzeko.

e) Hala eskatzen duten gainerako operadoreei handizkako sarbidea ematea diruz lagundutako azpiegituretara, hurrengo oinarrian adierazitako terminoetan.

f) Sarea gutxienez 10 urtez edukitzea operatibo, eta hura behar bezala ustiatzeaz arduratzea eta azpiegitura guztien eta instalatutako ekipamendu guztien mantentze-lanak egitea.

g) Jasotako laguntzaren berri ematea, jarduera ekonomikoko eremuan ageriko toki batean kartel bat jarrita, testu hau duela:

“Belaunaldi berriko sarbiderako sarea (NGA) hedatzeko, Nafarroako Gobernuak diru-laguntza eman du Nafarroako Jarduera Ekonomikoko Eremuetan Banda Zabala Hedatzeko Planaren deialdiaren babespean, Nafarroako Banda Zabaleko 2016-2021 Plan Zuzentzailearen baitan”.

h) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

13. oinarria.–Handizkako zerbitzuak.

1. Diru-laguntzen onuradunek, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak adierazten dituen baldintzetan, diruz lagundutako azpiegituretarako handizkako sarbide efektiboa eskaini beharko diete gainerako operadoreei, gutxienez zazpi urtez, ekitatezko baldintza ez-baztertzaileetan.

Proiektuan zuntz optikoa hedatzea aurreikusiz gero, zuntz ilunera sartzeko aukera ere eskainiko da, erabateko desagregazio efektiboarekin, baita hodi, zutoin, armairu, kutxatila eta obra zibileko gainerako elementuetarako sarbidea ere. Azken horietarako sarbideak ez du denbora-mugarik izanen. Backhaul sareen kasuan, alokatutako lineen edo puntutik punturako zirkuituen handizkako zerbitzua ere sartuko da, sare hori inplementatzeko erabiltzen den teknologiaren arabera.

Desagregazioaz eta linea fisikora iristeko aukeraz gainera, NGA sarea hedatzeko hautatzen den aukerabide tekonologikoaren arabera, benetako eskari nahikoa badago, desagregazio birtualeko handizkako zerbitzu bat ere eman beharko da, hots, sarbide aktibo bat, sareen interkonexioa sarbide-sarearen abiaburuko zentralean berean izanen duena, izan ere, gerta liteke horixe izatea laguntzaren hartzailearen hirugarren operadoreek lehenetsiko duten aukera.

Sarrerako abiadura, gutxienez, 3.2 oinarrian ezarritakoa izanen da, eta, betiere, handizkako zerbitzuak ahalbidetu beharko du operadore onuradunak eskaintzen dituen txikizkako zerbitzuen errepikagarritasuna.

Handizkako sarbideen prezioak gehienekoak izanen dira, eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren prezioetan edo prezioak kontrolatzeko erabiltzen dituen printzipio eta baliabideetan oinarrituko dira.

Diruz lagundutako proiektuetan eroanbideak eraikitzen badira, sare bat baino gehiago eta sare mota ezberdinak hartzeko nahiko handiak izanen dira, 651/2014 EB Erregelamenduaren 52. artikuluan aurreikusita dagoen bezala (erregelamendu horren bidez merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezarri ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).

2. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak aholku eman diezaioke laguntza ematen duen agintaritzari oinarri honetan adierazitako handizkako sarbideen prezioei eta baldintzei buruz. Gainera, sarbidea eskatzen duten operadoreen eta laguntzen onuradun diren operadoreen artean sortzen diren auziak ebatziko ditu, eta jarraibideak emanen ditu oinarri honetan aipatutako handizkako sarbidea eman beharra benetan betetzen dela bermatzeko.

3. Eskaintzen diren handizkako produktuen xehetasuna eta azpiegituran egin beharreko jarduketak zehaztuko dira, bakar-bakarrik, frogatuta badago hirugarren operadore baten arrazoizko eskaria dagoela. Arrazoizko eskaria dagoela ulertuko da baldin eta sarbidea eskatzen duenak negozio plan koherente bat ezartzen badu, produktua diruz lagundutako sarean garatzea justifikatzen duena, eta baldin eta eskualde geografiko berean ez badago beste operadorerik sarbide-produktu konparagarriren bat eskaintzen duena biztanle gehien hartzen duten eremuetan erabiltzen diren prezio bertsuetan.

14. oinarria.–Diru-laguntza ordaintzea.

1. 11. oinarrian adierazitako frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztu izana.

Betiere, 60.000 eurotik gorako diru-laguntza jasotzen duten proiektuetan, egiaztapen materiala eginen da azken likidazioa egin aurretik.

2. Finantza-errentamenduaren bidez finantzatutako inbertsioen kasuan, laguntza ordaindu aurretik egiaztatuko da onuradunak amortizatu duela, gutxienez, diru-laguntzaren zenbatekoa adinako kapitala.

3. Diru-laguntza ordaintzeko ebazpena Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emanen du, 2018ko abenduaren 31 baino lehen. Epe hori etenda geldituko da, aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.

15. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira pertsona eskatzaileen helbide elektroniko gaituan.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

2. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematikaren bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

16. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste diru-laguntza batzuekin.

SESIAD-Agenda Digitalaren Estatuko Idazkaritzaren NGA-Banda Zabala Hedatzeko Programaren 2017ko deialdian laguntza eskatu duten proiektuetan sartutako eremuak ezin izanen dira deialdi honetaz baliatu.

17. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea.

Laguntzen araubide hori salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 52. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituelako, zeinak merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen baititu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa).

18. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdiaren emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian (www.nafarroa.eus) argitaratuko dira.

19. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Helburu diren jarduera ekonomikoko eremuen loteak

Deialdi honen helburu diren loteak –eta barnean dituzten jarduera ekonomikoko eremuak– ondoko taulan agertzen dira.

Banda zabaleko sareak agudo hedatzeko estatuko laguntzei buruzko arauak aplikatzeko Europar Batasunaren jarraibideekin bat (Europako Batzordearen 2013/C 25/01 Komunikazioan agertzen dira), jarduera ekonomikoko eremu hauek “NGAko zona zuri” gisa identifikatu dira, eta laguntza publikoak jasotzen ahal dituzte, Informazioaren eta Agenda Digitalaren Estatuko Idazkaritzak egindako 2017ko kontsultaren arabera.

LOTEA

JARD. EKON. EREMUAREN IZENA

UDALERRIAREN IZENA

ESP KODEA

ETRS 1989 (30) KOORDENATUAK

LEHENTASUNA

X

Y

9.3.c) oinarria

NA001

Buñuelgo Industrialdea

Buñuel

31057000100

625438,48

4648143,61

5

El Castellar industrialdea

Ribaforada

31208000100

622807,11

4650524,21

5

N-232 Ribaforada industrialdea

Ribaforada

31208000100

621030,03

4650012,63

5

Cabanillasko Jarduera Ekonomikoko Eremua

Cabanillas

31062000100

621033,45

4655177,18

5

Cabanillasko biltegien eta industria txikien eremua

Cabanillas

31062000100

622474,03

4654451,70

5

Viñas Viejas abeltzainen eremua

Cabanillas

31062000100

622747,83

4654520,81

5

Fustiñanako abeltzainen eremua

Fustiñana

31108000100

626327,37

4653906,24

5

Fustiñanako industrialdea

Fustiñana

31108000100

624578,49

4653867,02

5

NA002

Rocaforteko industrialdea

Zangoza

31216000300

641430,06

4717193,60

5

NA003

Cintruenigoko iparraldeko eta hegoaldeko industrialdea

Cintruénigo

31072000100

599284,83

4658049,61

5

Corellako industrialdea(Ombatillo)

Corella

31077000100

599468,54

4662478,72

5

Dehesa de Ormiñen industrialdea

Fitero

31105000100

595647,88

4655953,57

5

NA004

Murchanteko Carrilabarca industrialdea

Murchante

31176000100

610655,61

4655101,76

5

La Serna industrialdea

Tutera

31232000100

611815,55

4659015,41

5

Zerbitzu zentroa eremua

Tutera

31232000100

614208,09

4655762,72

5

NA005

Las Navas industrialdea

Cadreita

31064000100

608218,11

4675244,09

5

Valtierra-Arguedas industrialdea

Valtierra, Arguedas

31249000100

614169,14

4671468,33

5

NA006

Bodega Romana industrialdea

Funes

31107000100

596474,72

4678732,04

5

El Olivo industrialdea

Milagro

31169000300

600925,19

4677632,23

5

Montehondo industrialdea

Milagro

31169000300

600412,55

4677721,23

5

Alesves 1 eta 2 industrialdea

Alesbes

31254000100

603631,93

4680431,20

5

NA007

El Cubo-El Alto industrialdea

Funes

31107000100

599876,49

4685432,48

5

Soto de la Sardilla industrialdea

Funes

31107000100

599477,03

4684680,26

5

La Dehesa-Los Llanos abeltzainen eremua

Funes

31107000100

597536,21

4686110,28

5

San Colombar industrialdea

Funes

31107000100

597742,14

4686659,32

5

El Campillo industrialdea

Martzilla

31163000100

602992,54

4686848,05

5

La Vergalada industrialdea

Faltzes

31104000100

601499,22

4693734,66

5

Faltzesko industrialdea

Faltzes

31104000100

601110,63

4693801,96

5

NA008

Andosillako industrialdea.

Andosilla

31015000100

587029,94

4690850,24

5

Barañaingo industrialdea

Azagra

31042000100

590404,25

4685429,62

5

San Adriango abeltzainen eremua

San Adrián

31215000100

589050,88

4687430,55

5

San Adriango industrialdea

San Adrián

31215000100

587186,48

4688648,35

5

Arenal eremua

San Adrián

31215000100

588332,17

4687423,34

5

NA009

Beireko industrialdeko industrialdea

Erriberri

31191000100

611436,11

4703023,77

5

Barraquiel industrialdea

Tafalla

31227000100

608627,57

4707418,80

5

NA010

Lizarrako enpresen parkea

Lizarra

31097000100

580116,99

4721889,58

5

NA011

Dermau industrialdea

Altsasu

31010000100

567940,88

4748923,58

5

Errekabitarte industrialdea

Altsasu

31010000100

568555,20

4749035,92

5

Ibarria industrialdea

Altsasu

31010000100

566182,44

4750312,38

5

Isasia industrialdea

Altsasu

31010000100

567084,07

4748867,51

5

Lastai industrialdea

Altsasu

31010000100

567933,46

4749027,14

5

Ondarria industrialdea

Altsasu

31010000100

568628,69

4749210,95

5

NA012

Utzubar industrialdea

Arbizu

31027000100

577777,76

4751273,50

10

Arangorrieta industrialdea

Etxarri Aranatz

31084000100

575793,28

4751530,79

10

NA012

Tellerialde industrialdea

Etxarri Aranatz

31084000100

576581,13

4751297,09

10

Utzubar Txiki industrialdea

Etxarri Aranatz

31084000100

577307,04

4751073,84

10

Zumurdiñeta industrialdea

Etxarri Aranatz

31084000100

575600,18

4750362,24

10

Sarrarte industrialdea

Lakuntza

31138000100

579126,95

4752567,10

10

NA014

Elusender industrialdea

Areso

31031000100

585584,82

4771764,63

10

NA015

Osasuna Jarduera Ekonomikoko Eremua

Aranguren

31023000100

612957,63

4736816,87

5

Belanbutzu industrialdea

Aranguren

31023000800

613520,11

4736852,40

5

NA016

Noain-Ezkirotz industrialdea

Galar, Noain (Elortzibar)

31088000500

611324,25

4736975,66

5

Talluntxe industrialdea

Galar, Noain (Elortzibar)

31088000500

611863,98

4736164,16

5

Noain 2 Jarduera Ekonomikoko Eremua (izenik gabea)

Noain (Elortzibar)

31088000500

612027,07

4734195,82

5

Mocholi industrialdea

Noain (Elortzibar)

31088000500

611512,94

4734309,43

5

Noain-Arbide industrialdea

Noain (Elortzibar)

31088000500

611220,32

4734607,44

5

NA017

Iturrondo industrialdea

Burlata

31060000100

613090,30

4743049,12

5

Mugazuri industrialdea

Burlata

31060000100

612721,25

4742911,59

5

NA017

Eguesibarko industrialdea

Eguesibar

31086000600

617962,08

4742098,22

5

Berrikuntzaren Hiria

Eguesibar

31086001600

614409,33

4741392,26

5

Olloki industrialdea

Uharte, Esteribar

31122000100

615463,16

4743562,58

5

Landazabal industrialdea

Atarrabia

31258000100

613272,77

4743367,59

5

NA018

El Soto industrialdea

Berriobeiti

31902000100

607272,13

4744480,43

5

Plazaola industrialdea

Berriobeiti

31902000100

607349,96

4744848,24

5

Muskilda Industrialdea

Berriobeiti

31902000100

606139,19

4745937,22

5

Iruregaña industrialdea

Berriobeiti

31902000100

607587,46

4744199,82

5

Oltza Zendeako Jarduera Ekonomikoko Eremua (izenik gabea)

Oltza Zendea

31193001000

602765,56

4740882,56

5

NA019

Barañaingo industrialdea

Barañain

31901000100

607006,79

4740306,39

5

Arazuri-Orkoiengo industrialdea

Oltza Zendea, Orkoien

31906000100

605797,17

4741095,73

5

La Muga enpresa parkea

Orkoien

31906000100

607156,22

4741723,44

5

Ipertegi industrialdea

Orkoien

31906000100

606705,19

4741604,63

5

Mendikur industrialdea

Orkoien

31906000100

606916,44

4741799,40

5

NA022

Lekarozko enpresen campusa

Baztan

31050070200

619077,21

4777257,45

10

NA022

Datualde industrialdea

Baztan

31050070200

619841,03

4777218,88

10

Zaldubia industrialdea

Baztan

31050010400

617647,14

4776713,69

10

Ordoki industrialdea

Baztan

31050010400

622734,04

4781764,93

10

El Parral industrialdea

Cascante

31068000100

609513,51

4649588,90

10

NA024

Las Abuelas industrialdea

Cascante

31068000100

608535,90

4650242,52

10

NA025

El Ramal industrialdea

Lodosa

31157000300

576498,06

4696639,94

10

Los Cabezos industrialdea

Lodosa

31157000300

574707,63

4697488,87

10

El Juncarillo industrialdea

Sesma

31224000100

574516,79

4702353,61

10

Mendabiako industrialdea

Mendabia

31165000200

564536,48

4700299,62

10

Iragarkiaren kodea: F1711517