168. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

250/2017 EBAZPENA, abuztuaren 7koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez oinarri arautzaileak onesten dira Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren XII. edizioaren Sail Ofizialerako, eta 21.150 euroko gastua baimentzen da, guztira, edizio horretako sarietarako.

Kultur Ekintza Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du, non eskatzen baitu oinarri arautzaileak onets daitezela Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren XII. edizioaren Sail Ofizialerako, sarietarako 21.150 euroko gastua baimendu dadila eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea ere baimendu dadila.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren XII. edizioaren Sail Ofizialaren oinarri arautzaileak onestea.

2. 21.150 euroko gastua baimentzea, 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Punto de Vista Jaialdiaren sariak” izeneko A20002 A2530 4809 334105 partidaren kargura, edo 2018ko aurrekontuan ondorio horietarako sortzen denaren kargura, betiere hartarako kreditu nahikoa eta egokia badago.

3. Oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko abuztuaren 7an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Fernando Pérez Gómez.

NAFARROAKO GOBERNUKO KULTURA, KIROL ETA GAZTERIA DEPARTAMENTUAK PUNTO DE VISTA ZINEMA DOKUMENTALAREN NAZIOARTEKO XII. JAIALDIA ANTOLATU DU.
HONA HEMEN OINARRIAK

Hitzaurrea

Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia zinema dokumentalaren joera berriak ezagutzeko topalekua da. 2005ean sortu zenetik, Jean Vigoren konpromiso etiko eta zinematografikoa izan du erreferentetzat. Urtero egiten da, Iruñean, eta Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak antolatzen du.

2018an, jaialdia Iruñean eginen da (Baluarte-Biltzar Jauregia eta Auditorioa), martxoaren 5etik 10era.

SAIL OFIZIALA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK

1.–Lanak onartzea eta haien edukia.

1.1. Lehiaketan edozein nazionalitatetako film dokumentalek har dezakete parte, 2015eko abuztuaren 1etik aurrera egin badira. Kanpoan geratuko dira fikziozko filmak, instituzionalak, publizitatekoak, erreportajeak edo kazetaritza lanak.

1.2. Ez da mugarik gaiei, iraupenari eta jatorrizko hizkuntzari dagokienez.

1.3. 35 minutuko iraupena edo txikiagoa duten pelikulak film laburtzat hartuko ditu programazio taldeak eta horien lehiaketan sartuko dira. 35 minututik gorako iraupena duten pelikulak, berriz, pelikula luzetzat jo, eta pelikula luzeen lehiaketan sartuko dira.

1.4. Hizkuntzari dagokionez, jatorrizko hizkuntza ingelesa, gaztelania edo euskara ez bada, ingelesezko, gaztelaniazko edo euskarazko azpitituluak jarriko dira aurkeztutako bertsioan.

1.5. Filma ez da onartuko baldin eta, aldez aurretik, Espainiako zinema-areto komertzialetan eman bada, modu komertzialean editatu bada edo Espainiako telebista-kateren batek edo Interneteko plataforma batek eman badu (edo zinema jaialdia baino lehen ematekoa bada). Puntu hori bete ezean, filma jaialdiko Sail Ofizialetik aterako da.

1.6. Lehiaketa honetara aurkeztea bestelako sariekin edo entitate publiko edo pribatuen diru-laguntzekin bateragarria da, 1.5 puntuan xedaturiko salbuespenak salbuespen.

2.–Eskaerak aurkeztea.

2.1. Zinema jaialdira aurkezten diren filmen gaineko eskubideen jabe diren ekoizle edo zuzendariek beraiek inskribatu beharko dituzte filmak. Izena ematea doakoa da, eta zinema jaialdiaren web-orrian eginen da (www.puntodevistafestival.com), bertan filma inskribatzeko gaituko den sisteman.

2.2. Zinema jaialdiaren antolatzaileek ustekizuna dute ezen lehiaketan parte hartzen duten ekoizle edo zinemagileak aurkezten dituzten filmak erakusteko eskubideen jabe direla. Nolanahi ere, zinema jaialdiaren antolatzaileek ez dute beren gain hartzen oinarri hauen puntu hau urratzeagatik etor litekeen inolako erantzukizunik.

2.3. Zinema jaialdiak inskripzioaren sinatzailearekin baizik ez ditu negoziatuko filmak zinema jaialdian parte hartzearen ondoriozko alderdi guztiak, eta hura izanen da arduradun bakarra, filmaren ekoizpenean parte hartu duten gainerako enpresak eta pertsonak gorabehera.

2.4. Filmak web-orriaren bidez inskribatzeko azken eguna 2017ko irailaren 15a da. Izena emateko eskabidean URL esteka gehituko da filma ikusteko eta baita filma ikusi eta behera kargatu ahal izateko pasahitza ere. Ez da DVD kopiarik onartuko, pelikulak ikusteko soilik Interneteko estekak erabiliko dira.

2.5. Zinema jaialdiaren antolatzaileek bermatzen dute jaialdira igorritako pelikula hautapen batzordeak bakarrik behera kargatu eta ikusiko duela. Hautaketa prozesua bukatuta, film guztiak ezabatuko dira, hautatu direnak izan ezik.

2.6. Filmak inskribatzeko unean, filmaren ekoizle edo banatzailearen zinpeko aitorpena eskatuko da, zeinean adieraziko den filma ez dela eman Espainiako zinema-areto komertzialetan, ez dela modu komertzialean editatu eta ez dela eman Espainiako telebista kateetan edo Interneteko plataformetan (edo ez dela emanen 2018ko apirilaren 1a baino lehen, baldin eta filma jaialdirako hautatzen bada).

2.7. Jaialdiaren antolatzaileek inskripzioaren eta filma jaso izanaren ziurtagiria igorriko diete lehiakideei mezu elektroniko bidez.

3.–Hautaketa.

3.1. Nafarroako Gobernuko Kulturako zuzendari nagusiak hautapen batzorde bat izendatuko du, aurkeztutako lanen artean hautaketa egiteko. Zinema jaialdiaren Zuzendaritza Artistikoko kideek eta zinema dokumentalen arloko aditu batzuek osatuko dute batzorde hori.

3.2. Batzordeak lanak hautatuko ditu, zinema jaialdiaren oinarri diren ideiei eta kalitate eta sormen irizpideei jarraikiz:

–Punto de Vista jaialdirako dokumentala topagunea da.

Dokumentala da ikusle garen aldetik ikus-entzunezko objektu zehatz batekin ezartzen dugun erlazio subjektiboa. Dokumentala, beraz, topagunea da.

–Punto de Vista jaialdia da topaketak zenbait mailatan sortzeko gunea, borondate berritzailez eta gainditzailez.

Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia topagunea da, esan bezala, zenbait mailatan. Lehenik, ikusle, zinemagile eta teorikoak elkartzen ditu dokumentalaren eta ez-fikzioaren adierazpen heterodoxo eta mugako guztien inguruan. Bigarren, espazioaren eta denboraren topagunea da. Punto de Vistak iritsi nahi luke, urtez urte, mundu osoko zinema dokumentala bateratzeko lekua izatera. Baina, horrekin batera, dokumentalaren iraganaren eta etorkizunaren arteko elkarrizketa plaza ere izan nahiko luke. Ez-fikziozko zinemaren askotariko tradizioek proposamen arriskutsu eta berritzaileenekin topo eginen duten tokia. Beraz, Punto de Vista jaialdiak bere burua elkarrizketarako gune gisa kontzebitzen du, non topaketa horiek denak sortzen baitira borondate berritzailez eta gainditzailez.

–Punto de Vista jaialdiak arreta berezia eskaintzen die beren lanarekin proposamen arriskatua eta bilaketa eskatzen duena egin duten ikus-entzunezkoen sortzaileei.

Jaialdiaren funtsezko helburuetako bat da beren obraren bidez bilaketarako proposamen ausartak egiten dituzten sortzaileak hartzea; beren langintza ulertzen dutenak testuinguru historiko eta sozial jakin batzuetan gizakia eta gizakiaren bizimodua ezagutzeko prozesu gisara; errealitateari buruz gogoeta egiten duten egileak beren sorkuntzen bidez eta beren proposamen formalen subjektu direnekin eta beren lanen hartzaileekin ezartzen duten harreman etikoaren bidez. Jaialdi honek ibilbide bateko geltokia izan nahi du errealitatearen pertzepzioa eta hura adierazteko eta hartaz pentsatzeko moduak ikus-entzunezko baliabideen bitartez zabaltzen dituzten zinemagileentzat. Jaialdia, finean, gogoeta dakarten eta errealitatea ulertzeko ahalegina egiten duten film dokumental guztiak hartzeko prest dago.

–Punto de Vista jaialdiak balioesten du errealizatzaileek filmetako subjektuekin eta publikoarekin duten konpromiso etikoa.

Punto de Vista jaialdian, nahitaezkoa da dokumentalistak errealitatearekin duen konpromisoa, eta horrek berarekin dakar triangelu erlazioa ezartzea bai bere obretako subjektuekin bai ikusleekin, ikus-entzunezko bitartekoaren bidez.

–Punto de Vista jaialdiaren Sail Ofizialak errazten du errealitatea ezagut dadila eta modu independentean adieraz dadila.

Bere sail guztien bitartez, baina bereziki bere nazioarteko lehiaketaren bitartez, Punto de Vistak ezagutzera emanen dituen filmetan ez-fikzioa adierazpide zinez independentea da, eta sozialki beharrezkoa.

–Punto de Vista jaialdia ez-fikziozko zinemaren ospakizuna da.

Azkenik, jaialdiak erraztu nahi du zinemagileen eta ikusleen arteko topaketa, filmak diren ezagutza partekatuko proposamenen bidez. Jaialdiaren bidez, aldi berean, eztabaida eta hausnarketa teorikoa piztu nahi dira. Jaialdi hau dokumentalaren eta, oro har, ez-fikzioaren ospakizuna da.

3.3. Hautaketaren emaitzak 2017ko abenduaren 22a baino lehen komunikatuko zaizkie parte-hartzaileei, mezu elektronikoz edo interesdunak jakinarazpena jaso izana frogatzen duen edozein bideren bitartez. Egun hori pasatzen bada interesdunen bati hautaketaren emaitzen berri berariaz eman gabe, ulertuko da lana ez dela hautatu.

3.4. Lana hautatzen baldin bada, lehiakideak proiekzioko kopia igorri beharko du formatu hauetako batean: DCP edo bereizmen handiko fitxategi digitala (jaialdiko departamentu teknikoak ezartzen dituen ezaugarri teknikoekin). Zinema jaialdiak, gainera, hautatuak izan direnei markarik gabeko segurtasun kopia eskatzen ahalko die, behar bezalako kalitatea duen formatu batean.

3.5. Jaialdiko zuzendaritzak eskubidea du kopiarik ez onartzeko, baldin eta zinema jaialdiko sail teknikoaren kontrola egin ondoren proiekziorako desegokiak direla ondorioztatzen bada. Halaber, kopian irregulartasunik balego, txosten teknikoa igorriko die filmen titularrei edo ordezkariei.

3.6. Jaialdiak bere gain hartuko ditu Sail Ofizialerako hautatutako lanak igortzeko gastuak. Euskarriak DCP badira, eta KDM beharko balute proiekziorako, KDMak prestatzeko kostuak filmaren ekoizleek edo ordezkariek ordainduko dituzte. Jaialdia kopien segurtasunaz arduratuko da, horiek egoitzara iristen direnetik itzultzen diren arte.

3.7. Hautatutako lanak erakusteko kopiak 2018ko otsailaren 16a baino lehen iritsi beharko dira Iruñera. Helbide honetara igorriko dira:

–Baluarte Nafarroako Biltzar Jauregia eta Auditorioa.–Punto de Vista Zinema Jaialdia.

–Baluarte plaza. 31002 Iruña (Nafarroa).

–Espainia.

3.8. Sail Ofizialeko filmak jatorrizko bertsioan emanen dira, gaztelaniazko, ingelesezko edo euskarazko azpitituluekin, baldin eta horietako ezein ez bada jatorrizko hizkuntza. Jaialdia arduratuko da kopiaren gaztelaniazko azpitituluak prestatzeaz. Horretarako, filmaren jatorrizko behin betiko bertsioaren artxibo digital bat eskatuko da eta kasuan kasuko azpitituluak gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez, zeinak barne erabilerakoak eta isilpekoak izanen diren.

3.9. Zinema jaialdiak obra hautatuen jendaurreko bi emanaldi antolatuko ditu, eta ez du emanaldi-eskubiderik ordainduko horiengatik.

3.10. Lehiatzaileak zuzendari(ar)en irudi bat eta pelikularen beste bi, gutxienez, eman beharko ditu, Punto de Vista jaialdiaren katalogoan edo beste edozein hedabidetan erabiliko direnak. Halaber, zinema jaialdian zehar hedabideei banatuko zaien informazio materiala eman beharko du, eta jaialdiari baimena, ikus-entzunezko hedabideek (barnean sartuta jaialdiaren web-orria) bere dokumentalaren hiru minutuko zatia erabil dezaten.

3.11. Erreferentzia behin katalogoan sartu ondoren, ezinezkoa izanen da alderdi baten erabakiz filma lehiaketatik kentzea.

4.–Epaimahai ofiziala.

4.1. Kulturako zuzendari nagusiak nazioarteko epaimahai ofizial bat izendatuko du. Epaimahaia arlo horretako aditu eta profesionalek osatuko dute. Epaimahaiak kanpoko idazkari bat behar badu, zinema jaialdiko zuzendaritza artistikoak bat izendatuko du, eta erabakiak hartzen direnean bertan egonen da, betiere boto-eskubiderik gabe.

4.2. Epaimahai ofizialak Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko 2018ko Jaialdiaren amaierako ekitaldian ezagutaraziko du bere epaia, ematen den sari bakoitzerako arrazoiak azalduko dituena, laburki.

4.3. Epaimahai ofizialaren erabakiak apelaezinak izanen dira.

5.–Gazteriaren Epaimahaia.

5.1. 18 eta 25 urte arteko 50 gaztek, gehienez, osatuko dute Gazteriaren Epaimahaia. Gazteriaren Epaimahaian parte hartzea borondatezkoa izanen da eta berekin ekarriko du Sail Ofizialeko film guztien emanaldietara joateko konpromisoa, goizeko saioetan. Epaimahai horretako kide izateko inskripzioa zinema jaialdiaren web-orriaren bidez eginen da, 2017ko azaroaren 1etik aurrera. 50 gazte baino gehiagok izena emanez gero, izena zein ordenatan eman duten, horren arabera eginen da azken hautaketa.

6.–Sariak.

6.1. Epaimahai ofizialak sari ofizialen adjudikaziorako proposamena egin beharko du:

–Punto de Vista sari nagusia pelikula onenarentzat: 10.000 euro. Epaimahaiaren iritziz zinema jaialdiko Sail Ofizialean pelikularik onena zein den, saria hari emateko proposamen arrazoitua eginen du, filmaren iraupena edo nazionalitatea gorabehera.

–Jean Vigo saria zuzendari onenarentzat: 5.000 euro. Sari horren bidez Jean Vigoren irudia omentzen da, eta Sail Ofizialeko pelikulen artean Vigoren lanaren balio etikoak eta formalak hobekien islatzen dituenari emateko proposamen arrazoitua eginen du epaimahaiak.

–Film labur onenarentzako saria: 3.000 euro. Saria 35 minutuko edo gutxiagoko iraupena duen film onenari emateko proposamen arrazoitua eginen du epaimahaiak.

–Aipamen bereziak: epaimahaiak gehienez ere bi aipamen berezi eginen ditu, diru-zuzkidurarik gabe.

Hiru sari ofizialak hiru pelikula desberdinek jasoko dituzte, alegia, film edo zuzendari batek ezin izanen du sari horietako bat baino gehiago bildu.

6.2. Epaimahaiak eman gabe uzten ahalko du edozein sari.

6.3. Horrez gain, sari berezi hauek emanen dira:

–Ikusleen sari berezia film onenarentzat: 1.650 euro.

–Gazteriaren saria pelikula onenarentzat: 1.500 euro.

6.4. Ikusleen sari bereziari dagokionez, zinema jaialdiko zuzendaritzak zehaztutako erregelamenduaren bidez arautuko da, eta jaialdian izan diren eta hautaketa prozesuan parte hartu nahi duten ikusleek eginen dute saria emateko proposamen arrazoitua, zinema jaialdiko zuzendaritzak ezartzen duen prozedurarekin bat.

6.5. Gazteriaren sarirako proposamen arrazoitua Gazteriaren Epaimahaiak eginen du, zinema jaialdiko zuzendaritzak ezartzen duen prozedurarekin bat.

6.6. Sari bereziak jaialdiaren amaierako ekitaldian ezagutarazi eta banatuko dira.

6.7. Sarien adjudikaziorako proposamenak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiari igorriko zaizkio, eta hark jaialdia amaitu eta bi hilabeteko gehieneko epean emanen du ebazpena proposamenekin bat, bai eta ordainketak egiteko agindu ere. Adjudikazioaren gaineko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ordainketa banku transferentzia bidez eginen da, lana oinarri hauen 7.2 puntuan adierazitako formatuetan aurkezten bada eta kreditu nahikoa eta egokia baldin badago. Sarien zenbatekoak garbiak dira eta ez zaie atxikipen fiskalik aplikatuko.

6.8. Pelikula onenarentzako Punto de Vista sari nagusiaren zuzkidura ekonomikoa eta pelikula labur onenarentzako sariarena erdiz banatuko dira ekoizpen sozietatearen edo pelikula irabazlearen ustiatze-eskubideen titularraren eta pelikulako zuzendariaren artean. Zuzendari onenarentzako Jean Vigo sariaren zuzkidura ekonomikoa, Ikusleen Sari Bereziarena eta Gazteriaren Sariarena osorik ordainduko zaizkie pelikula irabazleen zuzendariei.

6.9. Saria jaso duten filmen ekoizleek edo ordezkariek konpromisoa hartzen dute horren berri emateko, filmen gaineko publizitate eta material guztietan, jaialdiko logotipoa erabiliz, jaialdiak berak emanen duena.

7.–Saritutakoen konpromisoa eta lanen zabalkundea.

7.1. Zinema jaialdiaren antolatzaileek konpromisoa hartzen dute aurkeztutako lanak osorik ez daitezen kopiatu edo zabaldu, lanak haien ardurapean dauden bitartean. Jaialdiaren zabalkundea egiteko, hautatutako lanen zatiak erabiltzen ahalko dira komunikabideetan (oinarri hauen 3.10 puntuan zehazten den bezala).

7.2. Sarietako bat jaso duten lanen egileek konpromisoa hartzen dute horien kopia bat emateko DCP edo bereizmen handiko fitxategi digitalean (zinema jaialdiko departamentu teknikoak ezartzen dituen ezaugarri teknikoekin), eta kopia bat DVDan jaialdiko bideotekarako. Kopia horrek gaztelaniazko azpitituluak izan beharko ditu, jaialdiak gaztelaniazko azpitituluekin .srt fitxategi bat bidali ondoren. Jaialdiko artxiboan utzitako kopiak Nafarroako Gobernuak antolaturiko beste zinema jaialdi eta irabazi-asmorik gabeko kultur ekintza batzuetara bidaltzen ahalko dira, betiere jasotako sarien aipamena eginez.

8.–Lanak itzultzea.

Hautatutako lanen kopiak, emanaldiak egiteko erabiliko direnak, lehiatzaileari itzuliko zaizkio, inskripzioan ezarritako jatorrizko tokira, 2018ko apirilaren 15a baino lehen. Bidalketa gastuak jaialdiak ordainduko ditu.

9.–Oinarrien interpretazioa eta errekurtsoak.

9.1. Lanak lehiaketara aurkeztuz gero, oinarri hauek oso-osorik onartuko dira. Oinarriak interpretatu eta betearaztea zinema jaialdiaren zuzendaritzari dagokio.

9.2. Arau hauen interpretazioan desadostasunik bada, gaztelaniazko testua aplikatuko da.

9.3. Zinema jaialdiko zuzendaritzak argituko du arau hauen interpretazioaren gainean sor daitekeen edozein zalantza.

Argibideak:

–Punto de vista Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia

–Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atala.

–Navarrería kalea, 39. 31001 Iruña (Nafarroa). Espainia

–www.puntodevistafestival.com.

–E-maila: info@puntodevistafestival.com.

–Telefonoa: 34-848 424 677.

Iragarkiaren kodea: F1710015