168. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Antolaketa administratiboaren erregelamendu berria onestea

Tuterako Udalak, 2017ko ekainaren 26an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen ordura arte indarrean zen antolaketa administratiboaren erregelamendua indargabetzea, eta Tuterako Udalaren antolaketa administratiboaren erregelamendu berria onestea.

Ikusirik, orobat, aipatu 6/1990 Foru Legearen 325.4 artikuluan ezarritakoa, bertan zehazten baita ez dela nahitaezkoa jendaurreko aldia ematea entitatearen antolamendua ukitzen duten erregelamenduak onesterakoan, eta horixe da hain zuzen oraingo hau.

Ikusirik, orobat, aipatutako 6/1990 Legearen 326. artikuluan ezarritakoa, adierazten baitu toki entitateek onetsitako erregelamenduek ez dutela eragin juridikorik izanen harik eta haien testua, osorik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den arte.

Erabaki hau behin betikoa da bide administratiboan; beraz, honako errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke haren kontra (eta ez da zilegi izanen errekurtsorik paratzea, harik eta ebazpen tramitean dagoen errekurtsoa espresuki ebatzi arte edota ustezko ezespena gertatu arte):

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Tuteran, 2017ko ekainaren 27an.–Alkatea, Eneko Larrarte Huguet.

Tuterako Udalaren antolaketa administratiboaren Erregelamendua

Estatua eratzen duten lurralde entitateei Konstituzioak onartzen dien autonomiaren ondorioz entitate horiek beren administrazio publikoa dute eta, hortaz, baita beren burua antolatzeko beharrezko eskumenak ere. Hori dela eta, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriz baietsi du honako hau: “administrazio publikoek jarduteko aukera zabala dute beren egiturak sendotu, aldatu edo osatzeko tenorean eta beren zerbitzuko langileen estatusa taxutu edo zehazteko, antolaketa aldetik” (SSTC 57/1990, 293/1993 eta 9/1995).

Toki entitateen kasuan, autoantolaketaren printzipio horrek badu, gainera, babes konstituzional berariazkoa 140. artikuluan, non honako hau ezartzen baita: “Konstituzioak udalerrien autonomia bermatzen du. Nortasun juridiko guztia izanen dute. Alkateaz eta zinegotziez osatutako haien udalei dagokie gobernatu eta administratzea...”.

Horrenbestez, sektoreko antolamendu juridikoak toki entitateei esleitzen die, espres, autoantolaketarako ahalmena (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 4. art.), hau da, beren gobernu eta administrazio egitura zehaztu eta eratzeko ahala, beren interesak kudeatzeko egokiena iruditzen zaiena har dezaten.

Bestetik, 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduaren 5., 6., 7. eta 10. artikuluetan finkatuta dago Nafarroako toki araubidearen berezitasunaren oinarria, aukera eman baitzion Foru Diputazioari araubide berezi eta berariazkoa ezarri eta eratzeko Nafarroako udalerrientzat; orobat, 1925eko azaroaren 4ko Errege Lege-Dekretuan, Nafarroako araubidea eta Udalen 1925ko Estatutua bateratzeko oinarriak onesten dituen horretan.

Berrikiago, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoak, 46. artikuluan, Foru Komunitatearena baino ez diren eskumenak ezartzen ditu toki araubidearen arloan, eta honako hau aipatzen du:

“Toki Administrazioaren arloan, honako hauek dagozkio Nafarroari:

a) Gaur egun dituen ahalmenak, 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduan, 1925eko azaroaren 4ko Errege Dekretu Itunduan eta xedapen osagarrietan ezarritakoaren babesean.

b) Aurrekoekin bateragarriak izan eta Estatuko oinarrizko legeriaren arabera autonomia erkidegoei edo probintziei dagozkiekeenak.

Nafarroako udalerriek Nazioko gainerako udalerriei oro har aitortuko zaien autonomia izanen dute, gutxienez ere.”

Ahalmen horretaz baliatzean, Tuterako Udala, urte hauetan, hainbat udal zerbitzuren egitura organiko-administratibo eta funtzionalaren jabe egin da, toki entitateentzat beharrezkoak diren organoen (Alkatea, Osoko Bilkura, Gobernu Batzarra eta abar) udal antolaketaren osagarri.

Antolaketaren egituran hobekuntzak egin daitezkeenez beti, 2009an hainbat jarduketa burutu ziren Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuarekin batera Udalaren antolamendua eta egitura garai hartako premiei eta inguruabarrei egokitzeko proposamen bat egitearren, honakoak helburu: udal politikak behar bezala garatu ahal izatea eta herritarren beharrei ahalik eta modu eraginkorrean erantzutea.

Kontuan harturik, alde batetik, 2009. urtean onetsitako antolaketa azterlan horren konklusioak, betiere hark ezarritako esparruan; bestaldetik, toki entitate honetako lanaren errealitate praktikoa eta 2009an onetsitako antolaketa eta ordainsari egituraren bilakaera; eta, azkenik, gaur egungo testuinguru ekonomiko eta soziala, gobernu taldeak beharrezkotzat jotzen du udal plantilla organikoak lanpostu gehiegi ez izatea, 2009tik 2017rako tartean argi gelditu baita lanpostu batzuk ez direla ezinbestekoak. Aldi berean, udal teknikarien artean antzemandako egoerak direla-eta, objektibatu behar dira lan baldintza batzuk. Horren ondorioz, zerbitzuen gaineko ardura hartu ohi duten teknikari lanpostu batzuen balorazio berri bat planteatu da, 2009an beste lanpostu batzuekin egindakoarekin koherentzia mantentzeko, eta aginte lana dela-eta erantzukizuneko osagarria aplikatzen zaie ekipoak eta/edo zerbitzuak koordinatu, agindu eta gainbegiratzeko.

Hala, udal egitura multzo hauetan egituratzen da:

Alorrak.

Udalaren administrazioak funtzionatzeko antolatu dituen unitateak dira, eta haiei egokitu beharko zaizkie alkateak, oro har, Gobernu Batzarreko kideei egiten dizkien eskuordetzeak. Udalak legez bereganatuta dituen eskumenez baliatzean gauzatzen duen jarduera administratiboaren sektore homogeneo bati edo gehiagori erantzuten diete haien eraketak eta eremu materialak. Udal administrazioaren goreneko zuzendaritza eratzeko oinarria dira; horretarako, bakoitzak hartzen dituen zerbitzuak planifikatzen, koordinatzen, zuzentzen eta kontrolatzen dituzte.

Alorreko zuzendariaren lanpostua zuzendaritza sailekoa da, eta bere alorreko lana zuzendu, kudeatu, koordinatu eta kontrolatzeko erantzukizuna du, izan daitezkeen unitate administratiboak barne direla. Oro har, eginkizun hauek dagozkio: aztertzea, txostenak egitea, aholkatzea eta proposamenak egitea, betiere goi mailan.

Unitate administratiboak.

Zerbitzu batez osatutako unitateak, edo zenbait zerbitzuz, alor bati atxikiak edo zuzenean Alkatetzaren menpe egon daitezkeenak. Egituratzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

–Funtzionalak (homogeneotasuna, kidetasuna, interrelazioa).

–Aurrekontuari dagozkionak.

–Langileak.

–Autosufizientzia, emaitzak sortzeko.

Funtsean, betearaztea, txostenak egitea eta proposatzea dagokie, zein bere eremu materialean; gainera, haien mendeko zerbitzuek egindako jarduerak koordinatzea.

Aurreko guztia oinarritzat harturik, unitate administratiboek tamaina eta/edo konplexutasun handiagoa edo txikiagoa izanen dute.

Udalaren egitura.

Ondoren, labur-labur zehazten dira antolaketa, bete beharreko eginkizunak eta langileen kontrola:

A.–Zuzenean Alkatetzaren menpe dauden unitate administratiboak:

–Alkatetzaren Kabinetea:

  • Alkatetzaren Idazkaritza.
  • Erakundeekiko eta kanpoko harremanak.
  • Kanpora begirako jarduketen koordinazioa eta gainbegiratzea.
  • Harremanak komunikabideekin.

–Idazkaritza Nagusia:

  • Udal organoen nahitaezko lege aholkularitza.
  • Udal organoen egintza eta erabakien fede publikoa.
  • Interesen erregistroa.
  • Deskontzentrazio administratiboko idazkaritza, hala behar duten organoetarako.
  • Ezkontza zibilak eta egitatezko bikote egonkorrak.
  • Hauteskundeak.

–Kontu-hartzailetza:

  • Kontrola eta barne fiskalizazioa.
  • Aholkularitza eta kudeaketa ekonomiko-finantzarioa.
  • Aurrekontua prestatu eta kudeatzea.
  • Kontabilitatea.
  • Finantza arloko azterlanak.

–Udaltzaingoa:

  • Trafikoa erregulatu eta kontrolatzea.
  • Ordenantzak eta bandoak betetzea.
  • Atestatuak eta sorospena, istripuetan.
  • Herritarren segurtasuna.
  • Salaketak hartzea.
  • Azokak, merkatu txikiak eta eraikinak kontrolatzea.

–Aholkularitza juridikoa eta zuzenean Alkatetzaren menpe dauden beste unitate administratibo batzuen koordinazioa:

  • Aholkularitza juridiko orokorra.
  • Udalaren ordezkaritza eta defentsa juridikoa.
  • Ebazpen judizialen aurka errekurtsoak aurkeztea.
  • Udal alorrendako aholkularitza juridikoa, ebazpen judizialak betearazteari begira.
  • Ondarearen gaineko erantzukizunaren espedienteak.

–Artxiboa:

  • Agiritegi historikoa antolatu eta zaintzea.
  • Agiritegi administratiboa antolatu eta zaintzea.
  • Funts dokumentaletako kontsultei erantzutea.

–Antolaketa, kalitatea eta herritarren parte-hartzea:

  • Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzua.
  • Zerbitzu Orokorrak (estatistika, errolda, ediktuak eta abar kudeatzea).
  • Elkarteen eta herritarren entitateen erregistroa eta udal lokalen kudeaketa, elkarteek eta entitateek erabil ditzaten.
  • Kontsulta-kontseiluak eta partaidetza-foroak sustatu eta daudenak koordinatzea.
  • Antolaketa eta kalitate sistemak.

–Langileria:

  • Plantilla organikoa.
  • Nominak.
  • Lanpostuen sarrera eta hornidura kudeatzea.
  • Lan-kontratudunak eta administrazio-kontratudunak kontratatzea.
  • Langileen arloko errekurtsoak eta erreklamazioak ebaztea.
  • Prestakuntza.
  • Laneko arriskuei aurrea hartzea.

–Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak:

  • Oinarrizko informazio orokorra eta informazioaren tratamendua (datu zentroa).
  • Datu-basea, erregistroak eta fitxategiak prestatu, eguneratu eta seguru izatea.
  • Informatikaren eta telekomunikazioaren zerbitzuak.
  • Ekipo eta azpiegitura teknologikoak.
  • Erabiltzaileendako sostengua eta laguntza.

B.–Udal alorrak eta horien menpeko unitate administratiboak:

B.1. Ekonomia eta Ogasun Alorra:

–Merkataritza, Industria eta Enplegua:

  • Industriaren jarduera bultzatzea.
  • Industriaren azpiegiturak eta lurzorua kudeatzea.
  • Enpresendako hornidura sustatzea.
  • Eremu orokorreko sustapen proiektuak, sozioekonomikoak eta abar.
  • Laneko orientazioa eta lan poltsak.
  • Lantegi-eskolak
  • Enplegu programak.
  • Merkataritza eta eskulangintza antolatu eta sustatzea.
  • Hornidura Azoka.
  • Merkatarien elkarteentzako laguntza.

–Turismoa:

  • Turismoa sustatzeko neurriak planifikatu eta bultzatzea.
  • Turismoko azpiegiturak koordinatzea.
  • Tuterako turismo-eskaintza ezagutarazteko jarduketak.
  • Azoka eta biltzar jarduna sustatu eta bultzatzea.

–Ogasuna, Katastroa, Ondarea eta Erosketak:

  • Ordenantza fiskalak.
  • Errolda fiskalak.
  • Zergak, tasak eta prezio publikoak kudeatzea.
  • Tributuen gaineko azterlanak.
  • Kudeaketa, asegurua eta erreklamazioak.
  • Errentamenduak.
  • Ondasunen inbentarioaren mantentze-lanak.
  • Errolda fiskalak.
  • Erosketak kudeatzea.

–Diruzaintza:

  • Diru-bilketa eta funtsen kudeaketa.
  • Fidantzak eta abalak.
  • Diruzaintzako planak.
  • Kredituko eragiketak.
  • Diru-bilketa Agentzia.

B.2. Lurraldearen Antolamenduaren Alorra:

–Hirigintza, Bulego Teknikoa eta Osasuna:

  • Planeamendua eta hiri antolamendua.
  • Planeamenduaren garapena eta kudeaketa.
  • Errehabilitazioa.
  • Hirigintzako lizentziak, jarduerakoak eta irekitzekoak.
  • Exekuzio-aginduak, aurri egoeraren espedienteak eta ordezko exekuzioak.
  • Hirigintzako diziplina eta ikuskaritza.
  • Udalaren lurzoruko ondarea.
  • Etxebizitzarako politika eta Etxebizitza eta Eraikinak Zaharberritzeko Bulegoa.
  • Azterlanak eta proiektuak.
  • Lehen aldiz ezartzeko, zaharberritzeko edo konpontzeko obrak.
  • Mantentze-lanak eta kontserbazioa (eremu publikoa, lorategiak, hiri-hornigarriak, eraikinak, igogailuak eta berokuntza).
  • Elikagaien ikuskaritza (prestaketa, salmenta eta kontsumoa).
  • Hilerria eta hileta-jarduerak.
  • Lagun egiteko animaliak.

–Kontrataturiko zerbitzuak:

  • Mantentze-lanetarako kontratuen plangintza eta kontrola.
  • Hiriko argiteria (kontserbatze eta mantentze lanak).
  • Hiriko garbiketa.

–Nekazaritza, Abeltzaintza, Mendiak, Ingurumena, Animalien Babesa eta Agenda 21:

  • Ondasun berekiak eta herri-lurrak.
  • Ureztatzeak ezarri eta modernizatzea.
  • Landazaintza.
  • Abeltzaintzako ustiategiak.
  • Ingurumenaren jasangarritasunerako zerbitzuak.
  • Tokiko Agenda 21 (Ingurumenerako Ekintza Plana eta Ingurumeneko Hezkuntza eta Sentsibilizazioa).
  • Lekune naturalak.

B.3. Hiri Bizitzaren Kalitaterako Alorra:

–Festak:

  • Herriko festak eta beste ekitaldi batzuk.

–Kirolak:

  • Udalaren kirol instalazioetako mantentze-lanak eta kudeaketa.
  • Kirola sustatu eta hedatzea.
  • Hiriko kirol jarduera koordinatu eta sustatzea.
  • Udalaren Kirol Eskola.
  • Hitzarmenak kirol erakunde eta entitateekin.
  • Kirol entitateendako diru-laguntzak eta laguntzak.
  • Kirol Medikuntza.

–Hezkuntza, Gazteria eta Gizarte Etxeak:

  • Hezkuntzako eraikinetako obra eta berrikuntzak sustatzea, baita dituzten zerbitzuak konpontzeko eta mantentzeko-lanak egitea ere.
  • 0-3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako Ikastetxeak.
  • Udalaren ludoteka.
  • Fernando Remacha Musika Eskola eta Kontserbatorioa.
  • Eskola eta irakaskuntzako lokalak erabiltzeko erregulazioa eta arauak.
  • Irakaskuntzaz kanpoko jardueretarako irizpideak kudeatu eta garatzea.
  • Eskola Kontseiluak eta Eskolatze Batzordea.
  • Gazteriaren Plana kudeatzea.
  • Gazteen elkarteak sustatzea.
  • Gazteentzako lokal eta guneak prestatu eta eraikitzeko lana sustatzea.
  • Gizarte Etxeetako mantentze-lanak eta sustapena.

B.4. Gizarte Zerbitzuen Alorra:

–Gizarte Ongizatea, Emakumea eta Berdintasuna:

  • Gizarte Zerbitzuen sisteman sartzeko programa orokorra.
  • Etxeko Laguntza Zerbitzua eta bestelako prestazioak, mendekotasuna duten pertsonentzat.
  • Gizarteratzeko eta lanera bideratzeko ekintzak. Prestakuntza eta Enplegua. Hiriko pobrezia eta gizarte-bazterkeria deuseztatzea.
  • Familiaren aldeko programak. Haurren eta gazteen egokitu ezinaren prebentzioa eta tratamendua.
  • Zentro eta zerbitzu berekiak kudeatzea.
  • Emakumeendako laguntza zerbitzua.
  • Berdintasun plana.

Iragarkiaren kodea: L1708129