168. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EGUESIBAR

Deialdia, Eguesibarko Udalaren zerbitzuko udaltzain izateko lanpostu bat oposizioz betetzeko

2017ko abuztuaren 17ko Alkatetzaren ebazpen bidez onetsi zen Eguesibarko udaltzain izateko lanpostu bat, kopurua handitzen ahal dela, oposizio bidez betetzeko deialdia.

Hautapen prozesua arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea eta haren ondoko aldaketak; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

Argitara ematen da behar diren ondorioak izan ditzan.

Sarrigurenen, 2017ko abuztuaren 17an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Eguesibarko Udalaren udaltzain izateko lanpostu bat txanda irekiko oposizio bidez betetzea (Udaleko plantilla organikoan 10.5 zenbakia duena).

1.2. Deialdiaren xede den lanpostuaren kopurua hautapen-prozesuan handitzen ahalko da, betiere izangaiak deialdi honetan aurreikusitako oinarrizko prestakuntza ikastaroan sartu baino lehen.

Lanpostu kopuruaren handitzean aplikatzekoa izanen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina).

Plaza kopurua handituz gero, igoera txanda bidez plaza horietarako aukera izan nahi duten izangaiek baldintzak hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa, eta Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.

Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, igoera txandan esku hartzeko baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

b) Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

c) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

1.3. Izendatzen den izangaiak polizien eginkizunak beteko ditu, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean ezarritakoak, eta foru lege horretan ezartzen diren mailetatik C mailaren barnean geldituko da sailkaturik.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Prozedura hau arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adinez nagusi izatea eta erretiroko adina ez gainditzea.

c) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokideren bat izatea.

Atzerrian eskuraturiko tituluak izanez gero, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izan beharko da.

d) Lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea eta deialdiaren III. eranskinean agertzen diren arrazoi medikoengatik baztertzeko moduan ez egotea.

e) Dolozko delitu bat dela kausa kondenatua ez izatea, ezta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) Gutxienez A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.

g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen adierazpenaren bidez adieraziko da.

3.2. Baldintza horiek denak eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dira, 3.1.f) eta 3.1.b) oinarrietakoak izan ezik. Lehenbizikoari dagokionez, oinarrizko prestakuntza ikastarorako (deialdiko 7.3 atalean aipatua) izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako bete beharko da, eta, bigarrenari dagokionez, aski izanen da eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen betetzea.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak non eta noiz aurkeztu behar diren.

a) Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Eskabideak Eguesibarko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Herritarrendako Harrera Bulegoa, Garajonay 1, 31621 Sarriguren-Eguesibar), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan.

c) Eskabidearen eredu ofiziala deialdiaren IV. eranskinean ageri da. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.valledeegues.es helbidean, edo deialdia argitaratzen deneko Nafarroako Aldizkari Ofizialetik abiatuta.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.2. Izangaiek eskabidearekin batera aurkeztu behar dituzten gainerako agiriak:

a) Izangaiak II. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela frogatzen duen ziurtagiri mediko ofiziala.

b) Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 6 euro ordaindu izanaren ziurtagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Sistema hauetakoren bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

–Sarrera eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez eginez, kontu zenbaki honetan: ES71 2100 5323 4922 00081658 (La Caixa). Horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

  • Izangaiaren izen-deiturak.
  • NANa/IFZ.
  • Kontzeptua: udaltzain izateko probak 2017.

c) Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen fotokopia konpultsatua.

d) Deialdi honetan eskatzen den titulu akademikoaren fotokopia.

e) Euskararen ezagutzaren egiaztagira (originala edo kopia), hala dagokionean.

f) Igoera txandako aukera baliatu nahi duten izangaiek -betiere plaza kopurua handituz gero- abiaburuko lanpostua, maila eta bertan duten antzinatasuna frogatzen dituen agiria aurkeztu beharko dute, zein administraziotakoak diren, hartan ziurtagiriak emateko eginkizuna esleitua duen organoak luzatua.

4.3. Baldin eta 4.1 eta 4.2 ataletan aurreikusitakoa betetzen ez bada, izangaia kanporatu eginen da.

4.4. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzendu ahalko dira, noiznahi ere.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, Alkatetzaren ebazpenaren bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko. Hautaprobak non, noiz eta zer ordutan eginen diren zehaztuko da erabaki horretan.

Era berean, izangai onartu eta baztertuen zerrendak, bai behin-behinekoa bai behin betikoa, interesdunen eskura egonen dira hala Udalaren ediktu oholean nola interneteko www.valledeegues.es web orrialdean.

6.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Osaera.

Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Alfonso Etxeberria Goñi, Eguesibarko Udaleko alkatea.

–Ordezkoa: Helena Arruabarrena Polite, Segurtasuneko zinegotzi ordezkaria.

–Epaimahaikidea: Javier Moreno Gállego, Nafarroako Segurtasun Eskolako Prestakuntza Fisikoko teknikaria.

–Ordezkoa: Iñigo de Carlos Mina jauna, Eguesibarko Udaltzaingoko burua.

–Epaimahaikidea: Ramón Duque Molina, Eguesibarko Udaltzaingoko kaboa.

–Ordezkoa: Jesús Moriones Oyaga, Eguesibarko Udaltzaingoko kaboa.

–Epaimahaikidea: Alfredo Ondarra Ramos, Nafarroako Gobernuko Segurtasunaren Koordinazio Ataleko burua.

–Ordezkoa: Egoi Beperet Redín, Burlatako Udaltzaingoko burua.

–Epaimahaikidea: langileen ordezkari bat, Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordeak izendatua.

–Ordezkoa: langileen ordezkari bat, Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordeak izendatua.

Idazkaria: Jesús Marco Rincón, Eguesibarko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Teresa Osta Peteiro, Eguesibarko Udaleko Giza Baliabideen arduraduna.

6.2. Eraketa eta jarduna.

Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiko buruak eta idazkariak edo haien ordezko legezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari, administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu. Aditu horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7.–Oposizioa nola eginen den.

7.1.1. Lehenbailehen hasiko da. Hautapenaldiko proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu beharko dute.

Deialditik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Lehenengo fasea hautapenaldia izanen da: I. eranskineko gai zerrendari buruzko probak, gaitasun fisikoa neurtzekoak, proba psikoteknikoak, euskara proba eta medikoa; bigarren fasean, oinarrizko prestakuntza ikastaro bat gainditu beharko da. Proba hauek baztertzaileak izanen dira, psikoteknikoa salbu.

Oposizioaldiko proba bakoitza zuzendu ondoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Udalaren iragarki oholean, gainditu duten eta baztertu diren izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

7.1.2. Oposizioaldiko probak.

Oposizioaldian proba hauek izanen dira:

a) Proba teorikoa: hautapen proba bat izanen da, eta galdera sorta bati erantzun beharko zaio: erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina horietariko bakarra izanen da zuzena. Deialdiko I. eranskinean aipatzen diren gaiei buruzko galderak izanen dira. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Parte honetan, gehienez ere, 150 puntu erdiesten ahalko dira. Erantzun oker bakoitza galderaren balioaren heren bat kenduta zigortuko da hiru erantzun aukeran badira, eta laurden bat kenduta lau erantzun aukeran badira.

Baztertuak izanen dira gutxienez 75 puntu erdiesten ez dituztenek eta lehendabiziko 30 izangaien artean ez daudenak, hurrengo atalean adierazi moduan.

Galderak deialdia argitaratzeko egunean indarrean dagoen araudiari buruzkoak izanen dira.

b) Gaitasun fisikoa neurtzeko probak: II. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko eta puntuatzeko, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak ezartzen duen hurrenkeran eginen dira proba horretako ariketak. Proba honek gehienez ere 40 puntuko balorazioa izanen du.

Proba honetan soilik izangai hauek parte hartuko dute: gutxienez 75 puntu erdietsi dituztenak eta proba teorikoan 30 kalifikaziorik altuenen artean daudenak. Gainerako izangaiak baztertuko dira. Hogeita hamargarren postuan puntuazioaren berdinketa gertatuz gero, puntuazio bera duten pertsona guztiak pasako dira. Gainerako izangaiak baztertuko dira.

Izangai guztiak dopinaren kontrako kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Kasuan kasuko organo espezializatuak eginen ditu debekatutako jarduerak atzeman edo egiaztatzeko analisiak. Horrenbestez, debeku dira Kiroletako Kontseilu Gorenak 2007ko abenduaren 28an eman Ebazpenaren I. eranskinean ageri diren substantzia, gai farmakologiko, dopin metodo eta manipulazioak (kirolean debekatutako substantzien eta metodoen zerrenda, 2008ko 5. Estatuko Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 5ean, argitaratua) eta, bestalde, indarra duten Kiroletako Kontseilu Goreneko Lehendakaritzak kirolean debeku diren metodo eta substantzien zerrenda onesteko 2006ko abenduaren 21ean emandako Ebazpenaren IV. eta V. eranskinek (animaliengan, galgoengan eta lehiaketa hipikoetan debekaturik dauden substantzien eta metodoen zerrendak dituztenak, hurrenez hurren), Osasuna Babesteari eta Kiroleko Dopinaren kontra borrokatzeari buruzko azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarrian xedatuaren babesean. VI. eranskinak ere indarrean segitzen du, kirolean dopina erabiltzearen kontrako UNESCOren Nazioarteko Konbentzioaren II. eranskinari aurka egiten ez dion guztian. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten pertsonak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.

c) Proba psikoteknikoa. Zenbait proba psikotekniko eginen dira, izangaiak lanpostuko lanbide-profilaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko. Proba hauek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko ditu eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako. Gehienez ere 10 puntu emanen dira proba honetan, eta ez da baztergarria izanen.

d) Euskara ezagutzaren proba: gehienez ere 12,76 puntu izanen ditu. Proba hau egitea hautazkoa da eta ez du izaera baztertzailerik.

Puntuazioa horretarako berariaz prestatutako proba espezifikoak gainditzearen araberakoa izanen da; bost zailtasun maila izanen dira, eta adierazitako gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio maila bakoitzari.

Euskararen ezagutzaren balorazioa Eguesibarko Euskararen erabilera eta sustapenerako ordenantzaren 16., 17. eta 18. artikuluetan ezarritakoaren arabera eginen da.

Proba ez da egin beharko EGA titulua edo beste titulu ofizial bat aurkeztuz gero, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea. Horrek deialdi honetan euskaraz jakiteari emandako gehieneko balorazioa jasoko du, 12,76 puntu.

Titulu hori izan ezean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, 1/5 jasoko da (2,55 puntu), A2 maila izanez gero 2/5 (5,10 puntu), B1 izanez gero 3/5 (7,65 puntu) eta B2 izanez gero 4/5 (10,20 puntu). Titulu baliokideek balorazio bera izanen dute. Bestela, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzarengatik gehieneko puntuazioaren 1/12 lortuko da.

e) Proba medikoak: a) b) c) eta d) ataletan aurreikusitako probak egindakoan, epaimahaiak Udalaren iragarki oholean emanen du argitara oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinekoz onartu diren izangaien zerrenda, azken puntuazioen hurrenkeraren arabera, handienetik txikienera.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaiek beren gaitasun psikofisikoak egiaztatzeko beharrezko diren proba medikoak onartuko dituzte (deialdiri dagozkion plaza kopuruan eta hala badagokio plaza kopuruaren handitzean), deialdi honetako 3.1 ataleko d) letran ezarritako moduan. Osasun azterketa Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuko Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak eginen du edo, hala behar bada, behar bezala onetsitako kanpoko entitate batek, eta horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

Osasun azterketetan izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. “Gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

Izangai batek “ez gai” kalifikazioa jasoko balu, proba medikoetara zerrendan hurrengoa dena deituko da, erdietsitako puntuazio osoaren arabera eta deialdiko plaza guztiak (eta hala dagokionean gehitutakoak) bete arte .

7.1.3. Proba medikoen ostean eta hurrengo atalean adierazten den dokumentazioa egoki bete ondoren, oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin betiko onartutako izangaien zerrenda argitaratuko du epaimahaiak, erdietsitako puntuazio osoaren hurrenkeraren arabera, proba bakoitzeko puntuazioak handienetik txikienera gehituz.

7.1.4. Dokumentazioa.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartu ahal izateko, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Eguesibarko Udaleko ediktuen oholean jendaurrean jarri eta handik hamabost egun naturalean, izangaiek frogatu beharko dute deialdiaren 3. ataleko c), e), f) eta g) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, ondoko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Eguesibarko Udalaren Erregistro Orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako tituluaren edo horien balio bereko tituluaren fotokopia konpultsatua, bi aldeetatik.

–Deialdian eskatutako gidabaimenen aurreko eta atzeko aldeen fotokopia konpultsatua.

–Erantzukizuneko aitorpena, adierazteko ez dela dolozko delitu bat dela kausa kondenatua izan, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

Eguesibarko Udaleko Giza Baliabideen Alorrak Justizia Ministerioaren Zigortu eta Auzi-iheslarien Erregistro Nagusiari eskatuko dio izangaiek aurrekari penalik ez dutela edo haiek deuseztu direla frogatzen duen agiria eta ofizioz erantsiko dio espedienteari.

–Zin egin edo hitzematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

–Armak eramateko konpromisoa hartzeko erantzukizuneko aitorpena.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

Epaimahaiak, ikusirik izangaiek aurkeztutako dokumentazioa eta azterketa medikoaren emaitzak, hautapen prozesuan sortutako bajak ezarriko ditu, eta baja haiek bazterturik gelditu ez diren beste izangai batzuekin beteko ditu, betiere proba medikoak gainditu eta eskatutako dokumentazioa aurkezten badute. Hori egindakoan, oinarrizko prestakuntzako ikastarora onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da Udalaren iragarki oholean edo www.valledeegues.es webgunean.

8. Lanpostuen kopurua handitzea.

Eguesibarko Udalak deialdiaren xedeko lanpostuen kopurua handitu ahalko du, deialdia onetsi ondoren sortutako premiengatik eta aurrekontuaren arabera, betiere hurrengo oinarrian aurreikusitako oinarrizko ikastaroa egin aurretik.

Lanpostu hutsen kopurua handitzen bada, kopurua handitzen duen ebazpena Eguesibarko Udaleko iragarki oholean, haren web orrian eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Halaber, ukitutako izangaiei jakinaraziko zaie.

9.–Oinarrizko prestakuntza ikastaroa.

Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da eta gobernatuko dute Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak horren gainean ezarritako aginduek eta aplikagarriak diren gainerako xedapenek.

2007ko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 29.3 eta 43.4 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroetako edukien berdintasuna edo baliozkotasuna frogatzen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori Nafarroako Segurtasun Eskolak luzatuko du, interesdunak eskatuta. Halaber, Nafarroako Segurtasun Eskolari dagokio bertze ikastaro eta diploma batzuk osotasunean edo zati batean baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Nafarroako Segurtasun Eskolak berak lehenago, betiere edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kasua bada, kalifikazioa ere emanen du.

Izangaiek, prestakuntza-ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko dute, bai eta, hala badagokie, familia laguntza ere.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta zeudenak, horrexetan segituko baitute.

Praktiketako funtzionario izateak ez du eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik ematen.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du hautapen prozesuan jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Baja hori epaimahaiak Udalari jakinaraziko dio.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin betiko onartuak izan baino lehen egindako azterketa medikoaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan izangaiek agintzen zaizkien proba mediko guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 3.1 d) oinarrian aipatzen den baldintza betetzen segitzen dutela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai hori hautapen prozesutik kentzeko; ondorioz, praktiketako funtzionario izateari utziko zaio.

Prestakuntza ikastaroa gainditzen duten izangaiek, hautapen prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baztertuak izan ez badira, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute lanpostuaz jabetu arte.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira oposiziotik. Nafarroako Segurtasun Eskolak prestakuntza ikastaroko izangaiei ematen dien kalifikazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan, izangaiak “gai” edo “ez gai” kalifikatuko dira. Nafarroako Segurtasun Eskolak prestakuntza ikastaroko izangaiei zentzu horretan ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

Prestakuntza ikastaroa gainditutzat jotzeko, ikastaroko arlo guzti-guztiak gainditu beharko dira. Gainditzeko, ikastaroaren programan ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 atera beharko da gutxienez, arlo bakoitzean.

10.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, udaleko organo eskudunak probak gaindituta puntuaziorik altuena erdietsi duen izangaia Udaleko funtzionario izendatuko du.

Plaza kopurua handituz gero, deialdiko 1.2 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.2. Jabetza hartzea.

Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz.

Udaltzain lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izatetik gelditzea.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez duenak Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko ditu.

Hautaprobak gainditu, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaiak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emana bada; orduan, eta izendadu aitzin, babes araubide horretan segitzea aukeratzen ahal du edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritu nahi den egintza jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

I. ERANSKINA

Lehen probarako gai zerrenda

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atarikoa. Atariko titulua. I. titulua: Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: udalerria. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea. III. titulua, I. kapitulua, II. atala: udalen funtzionamendua.

3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: II. titulua, III. titulua eta V. titulua, II. kapitulua: administrazio errekurtsoak.

4.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa. I. titulua: Segurtasun Indar eta Kidegoak. II. titulua: Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak. III. titulua: autonomia erkidegoetako poliziak. IV. titulua: Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza. V. titulua: Udaltzaingoak. Bosgarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetan hirugarrena.

5.–15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Babesari buruzkoa: II. titulua: datu babesaren printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak. IV. titulua, I. kapitulua: titulartasun publikoko fitxategiak.

6.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena.

7.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.

8.–8/2007 Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

9.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

10.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duena.

11.–Eguesibarko Udalaren udal ordenantzak.

–Udal ordenantza, animalia arriskutsuak eta bestelakoak edukitzea arautzen duena

–Udalaren osasun ordenantza, Eguesibarko udal mugapean animaliak edukitzearen gainekoa

–Trafikoaren udal ordenantza

–Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko udal ordenantza.

–Merkataritza ez egonkorra arautzen duen udal ordenantza.

12.–Eguesibarko berdintasunerako plana.

13.–Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa. II. eta III. tituluak.

14.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. VII. titulua. Polizia arreta eta babes eraginkorra.

15.–Eguesibarko ezagutza orokorra: historia, arkitektura, industria, kale izendegia eta hiri ingurunea, nekazaritza herrilurrak, geografia, hidrologia eta hidrogeologia, lurpeko hidrogeologia, landaretza, fauna eta babesturiko naturguneak; Eguesibarko tradizioak eta usadio-ohiturak.

16.–Eguesibarko Udala; funtzionamendua, osaera eta ezagutza orokorra.

II. ERANSKINA

Proba fisikoari dagozkion ariketak

1. Bankako press-a, edo pisua jasotzeko proba, 36 kg gizonentzat eta 20 kg emakumeentzat.

Deskribapena: banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 36 edo 20 kiloko pisua goratu behar du, 60 segunduan, ahal duen aldi guztietan. Bi eskuekin goratuko du pisua, eta barra hartuko du sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari ahurraz heldu eta behatzak itxirik). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du.

Oinak lehenbiziko goratzean nola dauden, horrela mantenduko dira ariketa osoan, aldatu gabe.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetuko da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Kasu hauetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Izangaiak ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

Errepikapenak eta puntuazioak:

PUNTUAZIOAK ERREPIKAPENAK

EZ GAI

5 PUNTU

6 PUNTU

7 PUNTU

8 PUNTU

9 PUNTU

10 PUNTU

GIZONAK

30 baino gutxiago

30-35 artean

36-40 artean

41-45 artean

46-50 artean

51-55 artean

56 edo gehiago

EMAKUMEAK

30 baino gutxiago

30-35 artean

36-40 artean

41-45 artean

46-50 artean

51-55 artean

56 edo gehiago

2. Ur inguruneko trebetasun probak (50 metro estilo librean).

Deskribapena: 25 metroko igerileku batean estilo librean igeri egitea, joan eta etorri.

Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 44,9 segundo gizonentzat eta 50,9 segundo emakumeentzat.

Ezin izanen da erabili urpeko betaurrekorik, ezta urpean ibiltzeko beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Saio bakarra eginen da.

Epaile kronometratzaileak “ya” esatean hasiko da ibilbidea.

Saioa baliogabetzat joko da, eta baztertzeko arrazoi izanen da, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak nahiz ertza euskarri moduan edo abiada hartzeko erabiltzen baditu.

–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz bulkada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

Puntuazioa: honako eskala honen araberakoa izanen da (segundoetan emandako denbora, ehunenak kontatu gabe).

Denbora eta puntuazioak:

PUNTUAZIOAK

DENBORAK

EZ GAI

5 PUNTU

6 PUNTU

7 PUNTU

8 PUNTU

9 PUNTU

10 PUNTU

GIZONAK

45’’ edo gehiago

44,9’’- 43,00’’ artean

42,9’’ - 41,00’’ artean

40,9’’ - 39,00’’ artean

38,9’’ - 37,00’’ artean

36,9’’ - 36,00’’ artean

36,00” baino gutxiago

EMAKUMEAK

51’’ edo gehiago

50,9’’ - 49,00’’ artean

48,9’’ - 47.00’’ artean

46,9’’ - 45,00’’ artean

44,9’’ - 43,00’’ artean

42,9’’ - 42,00’’ artean

42,00” baino gutxiago

3. Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzetik.

L1709882_0.pdf

Gauzatzeko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea “zortzi” baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin alde batera behin bertzera (A eta B ibilbideak grafikoan). Izangai bakoitzari bigarren aukera emanen zaio ibilbide bakoitzean, lehenengo saioa baliogabetzat hartzen bada.

Saio baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:

a) Izangaiak zutoin bat botatzen duenean.

b) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.

Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

b) Probarako aurreikusitako gehieneko denbora gainditzea.

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideak (A eta B) egiteko ematen duten denbora batuko da, kontuan hartuta ibilbideak bukatzen direla izangaia irteera marratik berriz pasatzen denean. Puntuazioa ondoko eskala honen araberakoa izanen da (segundoetan emandako denbora, ehunenak kontatu gabe).

Denbora eta puntuazioak:

PUNTUAZIOAK

DENBORAK

EZ GAI

5 PUNTU

6 PUNTU

7 PUNTU

8 PUNTU

9 PUNTU

10 PUNTU

GIZONAK

25”8 baino gehiago

25”4 - 25”7 artean

25”0 - 25”3 artean

24”7 - 24”9 artean

24”4 - 24”6 artean

23”9 - 24”3 artean

23”8 edo gutxiago

EMAKUMEAK

27”8 baino gehiago

27”4 - 27”7 artean

27”0 - 27”3 artean

26”6 - 26”9 artean

26”2 - 26”5 artean

25”8 - 26”1 artean

25”7 edo gutxiago

4. Erresistentzia-proba (Course Navetteren testa).

Gauzatzeko modua: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, seinalea entzutearekin batera, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Hortaz, izangai guztiek erritmo berean egin beharko dute lasterketa, eta ez da onartuko inork lasterketaren erritmoa gainditzea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Soinua tarte erregularren arabera emanen da. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarrago eginen da. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek.

Testaren helburua da markatzen den erritmoari eustea eskatzen diren epeak bete arte. Izangai bakoitzaren proba bukatuta, ordura arte baliatu duen tartea kontatutako da:

–Izangaia gelditzean.

–Izangaia bere kaletik ateratzean.

–Izangaiak ibilbide oso bat bukatzeko dagoen muturreko marra ez zapaltzea.

–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra zapaltzera seinale akustikoak agintzen dionean. Marratik metro bateko tartera egotea onartuko da, seinaleak jotzen duen unean. –Izangaia marjinaren barrenean ez egotea seinalea entzuten denean, behin bakarrik.

Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako denbora-tarteen araberakoa izanen da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), ondoko eskala honi jarraikiz:

Tarteak eta puntuazioak:

PUNTUAZIOAK

TARTEAK

EZ GAI

5 PUNTU

6 PUNTU

7 PUNTU

8 PUNTU

9 PUNTU

10 PUNTU

GIZONAK

10 baino gutxiago

10 - 10,5 artean

11

11,5

12

12,5

13

EMAKUMEAK

8 baino gutxiago

8 - 8,5 artean

9

9,5

10

10,5

11

III. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikus-eremu monokularra: ezin izanen da plano horizontalean 120º-tik beherakoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikus-eremuko meridiano batetik bestera.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzuteko sistema.

–500dik 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB-ko edo gehiagoko galera monoauraleko entzumen-zolitasuna.

–Orekari loturiko alterazioak, edozein etiologiatakoak.

3.–Hizkuntza.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4.–Giharren eta eskeletoaren aparatua.

–Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eginkizunetarako duen eraginaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20º baino handiagoak.

–Zifosiak, 30º baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Espondilitis ankilosantea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eginkizunetarako duen eraginaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera.

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Sabelaldeko paretako etena, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Uzki-esfinterreko gutxiegitasuna.

6.–Bihotz-hodietako sistema.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: aurre-eszitazio sindromea eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren alterazio mota guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako blokeo AB, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).

–Arterietako hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).

–Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

7.–Arnas aparatua.

–Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (Bronkitis kronikoa, BBEK, Enfisema, Bronkiektasiak).

–Pleurako isuri berrituak.

–Berezko pneumotorax berrituak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizanteak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

–Perlesia periferikoak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste alterazio motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren alterazioak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9.–Alterazio psikiatrikoak.

–Buruko alterazio organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

–Buruaren eta jokabidearen alterazioak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bertzelako alterazio psikotikoak.

–Gogo-aldartearen alterazioak (alterazio bipolarrak, alterazio depresibo errepikariak, depresioaldi larria, alterazio distimikoak).

–Antsietate-alterazioak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Barne-bultzaden kontrolaren eta izaeraren alterazioak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.–Sexu eta gernu-aparatua.

–Giltzurruneko gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-ihesa.

–Giltzurruneko polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

–Ardatz hipotalamo-hipofisarioaren alterazioak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrunen gaineko guruinen bestelako alterazioak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Mellitus diabetesa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, funtzioetan izan dezaketen eragina eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemia anemiadunak.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitza eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren bestelako alterazioak.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Bestelakoak.

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 25).

15.–Azalpen orokorrak.

–Ebaluazio mahaiak baloratuko ditu baztertzeko moduko patologiak, funtzioetan duten ondorioen arabera eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Funtzioetan eragina duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, ebaluazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

IV. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1709882