163. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE

Etxebizitzen Alokairu Sozialaren gaineko Ordenantza.
Behin betiko onespena

Uharteko Udalak, 2017ko martxoaren 30ean egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Etxebizitzen Alokairu Sozialaren Ordenantza.

2017ko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 11n, bai eta Udalaren iragarki oholean ere, eta legezko epea iraganik eta alegazioak ezetsi ondoren, testu osoa argitara ematen da honen ondotik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean indarra har dezan.

Uharten, 2017ko uztailaren 5ean.–Alkate udalburua, Alfredo Javier Arruiz Sotes.

ORDENANTZA, UHARTEKO ETXEBIZITZEN ALOKAIRU SOZIALA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Azken urteetan herritar askoren diru-sarrerak eta eros-ahalmena murriztu dira, eta horregatik premia biziko baliabidea den etxebizitza bat eskuratzea arazo handia da familia askorentzat.

Uharteko eta Esteribarko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak atzemandako eskaria ikusita, eta legegintzaldi honetan etxebizitzaren eta kohesio sozialaren arloan garatzen ari den politika aktiboaren barnean, Uharteko Udalak ziklo bat burutzen du neurri honekin: bere bizitza-parkearen %10 alokairu sozialera eta aterpe premiara bideratzea.

Ordenantzak, zehazki, etxebizitza horiek alokairu sozialaren bidez eskuratzea arautu nahi du, arrazoizko prezioekin, alokatzen duten familien errenta-mailara egokituak.

LEHEN TITULUA

Helburuak eta baliabide eskuragarriak

1. artikulua. Xede orokorra.

Uharteko pertsonek eta familia unitateek Udalaren etxebizitzak alokairu sozialaren bidez eskuratzeko araubidea ezartzea, betiere Uharteko eta Esteribarko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileak badira.

2. artikulua. Etxebizitzak.

Ordenantza honen helburuak betetzeko, Areaceak Oihana kaleko 17an dituen 4 etxebizitza erabiliko dira:

1.–Beheko solairuan E letra duena.

2.–1. solairuan L letra duena.

3.–2. solairuan C letra duena.

4.–4. solairuan J letra duena.

BIGARREN TITULUA

Udalaren etxebizitzen alokairu sozialaren hartzaileak

3. artikulua. Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

3.1. Ordenantza honetan arautzen diren udal etxebizitzak eskuratzeko, eskaera bat aurkeztu beharko da Uharteko Udalaren erregistroan, eta eskatutako agiriak erantsiko zaizkio egiaztatzeko eskatzaileek ordenantza honetan aipatzen diren baldintzak betetzen dituztela.

3.2. Udal etxebizitzen alokairu sozialaren onuradun izateko, baldintza hauek bete behar dira:

a) Uharten erroldaturik egotea, 2 urteko antzinatasunarekin gutxienez.

b) Ondoko taulan ezarritakoak baino handiagoak ez izatea familiaren diru-sarrerak:

OAEAP: 14 pagen arabera kalkulatuko da.

Familia unitatea edo bizikidetasun unitatea. Gehieneko diru-sarrerak hilean, batez beste azken 6 hilabetean.

Kide 1: OAEAP halako 2.

2 kide: OAEAP halako 2,25.

3 kide: OAEAP halako 2,5.

4 kide: OAEAP halako 2,75.

5 kide edo gehiago: OAEAP halako 3.

c) OAEAPren urteko zenbatekotik gorako balioa duen ondare higigarria ez izatea (horretarako, banku-kontuak hartuko dira aintzat, eta eskaera noiz egiten den, horren aurreko hiruhilekoan jasotzen den batez besteko saldoa konputatuko da).

Artikulu honetan xedatutakoa interpretatzeko ondorioetarako, familia unitatearen hileko diru-sarrera guztien eta ondarearen batura hartuko da horren baliabide ekonomikotzat, ondokoa barnean dagoelarik:

–Lan-etekinen bidezko diru-sarrera garbiak. Norberaren konturako lan-etekinak kalkulatzeko, BEZaren aitorpen fiskalaren azken hiruhilekoari dagozkionak zatituko dira aitorpenaren hilabete kopuruarekin.

–Funts publiko nahiz pribatuen kargura finantzatutako aurreikuspen sozialeko araubideetan sartutako prestazio eta pentsio aitortuak.

–Ondare elementuak ustiatzearen ondoriozko diru-sarrerak.

Hileko diru-sarrerak kalkulatzeko, azken seihilekoko lan-etekinen bidezko eta ondare-etekinen bidezko diru-sarreren batura seirekin zatituko da. Ondorio horietarako, eskaera egitean etxebizitzaren eskatzaileak eskuragarri duen benetako ondarea baloratuko da.

Honako hauek salbuetsiko dira familia unitatearen baliabide ekonomikoetatik:

–Helburu zehatz baterako diren laguntza ekonomikoak, eta halakotzat joko dira larrialdiko laguntzak, bekak, eskolako jantokietarako prestazio ekonomikoak, familia eta lana bateratzeko udal prestazio ekonomikoak, gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuen pizgarri ekonomikoak eta familia unitatearen behar jakin bat betetzeko eman den beste edozein.

–Adingabeak familian hartzeak ekarritako gastuak konpentsatzeko Nafarroako Gobernuak ematen dituen prestazio ekonomikoak.

–Seme-alaba adingabe bakoitzeko edo minusbaliotasun frogatua duen adinez nagusi bakoitzeko ematen diren familia prestazioak.

–Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa, laguntzaile pertsonala izateko prestazio ekonomikoa eta familiaren ingurunean egiten den zaintzarako eta zaintzaile ez-profesionalei sostengua emateko prestazio ekonomikoa, horiek denak Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean aurreikusitakoak.

–Familiaren jabetzak, non ez duen horren balioak iradokitzen behar adinako baliabide ekonomikoak dituztela.

3.3. Etxebizitza bat jabetzan dutenek ezin dute udal etxebizitza horietako bat eskuratu, etxebizitza horrek beharrezko baldintzak betetzen baditu bertan bizitzeko.

Aurrekoaren salbuespena da etxebizitza erabili ezin izatea banantze edo dibortzio baten epai judizial baten ondorioz, edo legeak edo ohiturak etxebizitzaren jabetza eskubidearen erabileran eta luperketan ezartzen duen beste edozein mugarengatik; edo etxebizitza 200 kilometrora edo gehiagora egotea, lekualdaketak deserrotze larriak ekartzen badio pertsona horri edo familiari eta frogatzen badu benetan saiatu dela denboran zehar hura besterentzen katastroko baliotik gorakoak ez diren prezioetan arlo horretan espezializatutako higiezin enpresetan.

3.4. Etxebizitza horiek eskuratu ahal izateko, udal zergak ordainduak izan beharko dira, eta inolako zorrik ez izan Uharteko Udalean, geroratuta edo zatituta dauden zorren eta zerga-zehapenen kasuan izan ezik edo Udalak, familia unitatearen aparteko inguruabarrak ikusirik, horien betearazpena eten edo baimentzen duen kasuetan izan ezik.

4. artikulua. Adjudikatzeko prozedura.

Ondotik zehazten diren faktoreak baloratuko dira. Horien maila desberdinen puntuazioa izanen da bakoitzari bukaerako taulan ematen zaiona, eskariari lehentasuna emateko ondorioetarako.

4.1. Egoera ekonomikoa:

Diru-sarrera guztiak konputatuko dira, bizikidetza unitateko kideen kopuruaren arabera, ondoko taulari jarraituz.

–Lehen maila: 3.2.b) artikuluan etxebizitza eskuratzeko baldintza gisa eskatzen direnen %40ra arteko etekinak.

–Bigarren maila: 3.2.b) artikuluan etxebizitza eskuratzeko baldintza gisa eskatzen direnen %40tik %60ra arteko etekinak.

–Hirugarren maila: 3.2.b) artikuluan etxebizitza eskuratzeko baldintza gisa eskatzen direnen %60tik %80ra arteko etekinak.

4.2. Familia unitatea:

Familia-unitatetzat joko da eskatzaileak osatzen duena gehi, kasua bada, berarekin bizi den pertsona, ezkontza edo pareko afektibitate-harremanean elkartuta, sexu orientazioa edozein dela ere, gehi, kasua bada, eskatzailearekin bizi, eta harekin bigarren gradurainoko odol-ahaidetasuneko lotura edo lehen gradurainoko ezkontza-ahaidetasunekoa duten pertsonak. Familia unitateari atxikitako hirugarrenak ez dira kontuan hartuko, ez bada behar bezala frogatzen eta arrazoitzen.

–Lehen maila: familia unitateak 4 kide edo gehiago izatea.

–Bigarren maila: familia unitateak 3 kide izatea.

–Hirugarren maila: familia unitateak 2 kide izatea.

4.3. Diru-sarreren prekarietatea:

Ondokoa hartuko da kontuan adierazten diren mailak zehazteko:

–Lehen maila: diru-sarrerarik gabe edo diru-sarrera prekarioekin: familia unitatean pertsona nagusiak (edo beste kideek) inongo diru-sarrerarik ez dutenean, edo dagokien errenta bermatuaren %100ekoak edo handik beherakoak direnean.

–Bigarren maila: diru-sarrera prekarioak: familia unitatean pertsona nagusiak (eta/edo beste kideek) enplegua duenean aldi baterako kontratu batekin (jakin gabe berrituko dioten hiru hilabeteko epean) edo langabeziaren prestazioa iraungitze datarekin duenean, edo ekonomia informaleko diru-sarrerak dituenean, errenta bermatuaren %120ra artekoak.

–Hirugarren maila: diru-sarrera egonkorrak ordenantza honetan ezarritako mugara arte: familia unitatean pertsona nagusiak (eta beste kideek) soldatapeko enplegu bat dutenean, finkoa edo mugagabea izan, edo sei hilabetetik gorako eta lanaldi osoko kontratu bat duenean, edo bestelako diru-sarrera finkoak dituenean, pentsioen edo errenta bermatuaren %120tik gorako diru-sarreren gisara.

4.4. Osasuna:

–Lehen maila: familia unitatean %65eko minusbaliotasuna edo handik gorakoa duten pertsonak, edo III. graduko mendekotasuna (mendekotasun handia) edo II. gradukoa (mendekotasun larria) dutenak, mendekotasunari buruz indarrean dagoen legedian zehazten den moduan.

–Bigarren maila: familia unitatean %33tik %65era bitarteko kalifikazioa dutenak, edo I. graduko mendekotasuna (mendekotasun moderatua) dutenak.

–Hirugarren maila: familia unitatean autonomia murrizten duten patologia kronikoak dituzten pertsonak, osasun tratamendu etengabeak behar dituztenak.

4.5. Diskriminazio positiboko elementuak:

Eskatzaileak eta/edo bizikidetza unitateko edozein pertsonak bete ditzakete ondoko baldintzak, zein behar bezala arrazoitu eta neurtuko baitira.

–Familia gurasobakarra.

–Adingabe bat edo gehiago.

–Etxebizitzarekin loturarik izan gabe, sorturiko gertaera traumatiko puntualak, ondorio fisiko eta psikiko larriak dakartzatenak, mediku txosten batean adieraziak.

–Gizarte desabantailak, adina (55 urtetik gorakoak), sexua (emakumeak), jatorria (jatorrian edo hizkuntzan oinarritutako zailtasunak) eta abarrengatik.

–Diru-sarreren %25 baino gehiago etxebizitzan gastatzea.

–Familia unitatean pertsona batek baino gehiagok izatea minusbaliotasunaren kalifikazioa edo mendekotasunaren balorazioa.

–Errehabilitazio sozio-sanitarioaren edo sozio-pertsonalaren prozesu zehatzak, eboluzio zuzenekoak.

–Jarduketa planen eta/edo gizarteratze hitzarmenen gaineko akordioak, Udalaren gizarte zerbitzuetako langileekin izenpetuak.

Kasu bakoitzaren barrenean egoera bat zenbat aldiz errepikatzen den, horrenbeste faktore konputatuko dira:

–Lehen maila: diskriminazio positiboko lau faktore edo gehiago.

–Bigarren maila: diskriminazio positiboko bi edo hiru faktore.

–Hirugarren maila: diskriminazio positiboko faktore bat.

Faktoreak neurtzeko taula:

FAKTOREAK

LEHEN

MAILA

BIGARREN

MAILA

HIRUGARREN MAILA

1.–Egoera ekonomikoa

5

3

1

2.–Familia unitatea

5

3

1

3.–Diru-sarreren prekarietatea

5

3

1

4.–Osasuna

5

3

1

5. –Diskriminazio positiboa

5

3

1

HIRUGARREN TITULUA

Udalaren etxebizitzak alokairu sozialaren
bidez erabiltzeko araubidea

5. artikulua. Udal etxebizitza erabiltzeko baldintzak.

Areaceak, kasuen deribazioaren eta balorazioaren ondoren, alokairu kontratu bat eginen du etxebizitza bakoitzaren hartzaileekin.

Aldi baterako errentamendua izanen da Areacearen eta maizterren arteko harreman juridikoa, Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 3.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Harremana 2 urtekoa izanen da, urtez urte luzatzen ahal dena etxebizitza adjudikatzeko betetzen ziren baldintzak mantentzen badira. Adjudikazio-hartzaileak etxebizitza alokatzeko beste epe bat eslei dakiola eska dezake, ezarritako epea bukatu baino bi hilabete lehenago gutxienez. Horretarako, beste eskaera bat egiteko behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu.

6. artikulua. Maizterren betebeharrak udal etxebizitzarekiko.

Maizterren ardura izanen da alokairu sozialaren bidez eskuratutako etxebizitzaren egoera onari eustea eta mantentze-lanak egitea. Printzipio hori urratzen bada, segituan utzi beharko dute etxebizitza. Horretarako, argazkien inbentario bat eginen da maizter bakoitza sartu eta ateratzen denean, Areaceak beharrezko doikuntzak egin ditzan alokairu berri bakoitzerako.

Halaber, etxebizitzetan sor litezkeen kalteen erantzuleak izanen dira. Kontratuan jasoko da zer ondorio ekarriko duen kasu bakoitzak.

Etxebizitzaren erabiltzaileei dagokie horniduren kontsumoak pagatzea (ura eta energia), baita komunitate gastuak ere.

Erabiltzaileek 20 euroko fidantza jarriko dute, itzuliko zaiena erabilera bukatuta, etxebizitza berrikusi ondoren.

7. artikulua. Kontraprestazio ekonomikoa.

Alokairuaren hileko kuota bat ezartzen da, ondoko irizpideetan oinarrituta:

–Gutxieneko gastuak hilean:

  • Gutxieneko gastuak etxebizitza bakoitzeko: 120,00 euroko gastua etxebizitzako hornidurarako (energia, ura, etab.). %20 handituko da familia unitateko kide bakoitzeko (N).
  • Gutxieneko gastuak pertsona bakoitzeko: 200,00 euroko gastua pertsona bakoitzeko (elikadura, garraioa, arropa, etab.). %65etik gorako minusbaliotasunak bi kidetzat hartuko dira.
  • Gutxieneko gastuak, guztira = 120 *(1+ 0,2 *N) + N*200.
  • Gasturik gabeko diru-sarrerak: diru-sarrera guztiak - gutxieneko gastu guztiak.

Alokairuaren hileko kuota kalkulatzeko, gutxieneko gastu guztien %10 batuko da gasturik gabeko diru-sarreren portzentaje progresiboarekin (ondoko taularen arabera).

Alokairuaren hileko kuota = gutxieneko gastu guztien %10 + gasturik gabeko diru-sarreren % progresiboa.

(Adibidez: gasturik gabeko diru-sarrerak 450,00 eurokoak balira, atal horretako alokairu kuota honakoa litzateke: lehenbiziko 200,00 euroen %15 + hurrengo 100,00 euroen %20 + gainerako 150,00 euroen %30).

Gasturik gabeko diru-sarrerak % progresiboa

200,00 euro bitarte %15.

201,00 eurotik 300,00 euro bitarte %20

301,00 eurotik 500,00 euro bitarte %30

501,00 eurotik 700,00 euro bitarte %35

701,00 eurotik 1.000,00 euro bitarte %40

1.000,00 eurotik gora: %45

–Edonola ere, ezartzen da gutxieneko hileko kuota 100 eurokoa izanen dela.

–Ekainaren azken hamabostaldian egiaztatuko da inguruabar pertsonal, familiar eta ekonomikoak aldatu diren ala ez.

8. artikulua. Balorazio organoa.

Uharteko eta Esteribarko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea arduratuko da etxebizitzen eskaerak baloratzeaz.

Balorazio positiboa jasotzen duten eskaera guztiak, ordenantzan aurreikusitako baldintzak betez gero, alokairu sozialeko etxebizitzaren eskatzaileen erregistro bakarraren parte izanen dira. Erregistro hori ordenantza honen babeserako ezarriko da. Udal etxebizitza eskuratzeko eskaeren ereduak prestatuko dira, ordenantza honetan ezarritako irizpideetan oinarrituak.

Halaber, agiri bat prestatuko da Areaceak eta maizterrak etxebizitzaren erabilera egokiaz izenpetu beharreko konpromisoaren eredurako.

9. artikulua. Eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Honako hau da eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa, alokairu soziala eskuratzeko eskaerarekin batera:

–NANaren fotokopia edo Espainiako Estatuan legez bizi dela frogatzen duen agiriarena edo pasaportearena.

–Familia liburua, beharrezkoa bada.

–Familia unitateko kideen PFEZaren aitorpena, edo, hura aurkeztu beharrik ez badago, eskaera egin aurreko sei hilabetean izandako diru-sarreren edo etekinen zinpeko aitorpena, baita familia unitateko kide guztien higiezinen ondarearena ere. Aitorpenarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

  • Besteren konturako langileak: nominak edo enpresaren ziurtagiriak, azken 6 hilabeteei buruzkoak.
  • Erretirodunak edo pentsiodunak: kasuko urtean jaso beharreko pentsioaren edo prestazio ekonomikoaren ziurtagiria.
  • Bere konturako langileak: azken seihilekoko BEZaren hiruhilekoko aitorpena, eta seihileko horretako diru-sarreren zinpeko aitorpena.
  • Langabeak: enplegu eskaerako txartela eta Estatuko Enplegu Zerbitzuaren ziurtagiria, zehazten duena zer prestazio ari den jasotzen eta zein jaso den azken sei hilabetean.
  • 16 urte baino gehiago dituen eta araututako ikasketan ari ez den familia unitateko kide bakoitzari dagokion lan bizitzaren txostena, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emana.
  • Onuradunek jasotzen dituzten laguntzen, diru-laguntzen edo prestazioen ondoriozko beste diru-sarrera batzuk ematen dituen ebazpenaren fotokopia.
  • Familia unitateko kide bat edo bat baino gehiago beharturik ez badaude legez aitorpena aurkeztera, Nafarroako Foru Ogasunak emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztuko da.

–Hala dagokionean, genero indarkeriaren biktima dela frogatzen duen agiria.

–Hala dagokionean, banantze edo dibortzio epaiaren fotokopia, horren itun erregulatzailearena, edo hura lortzeko tramite judizialak hasita daudela frogatzen duen agiriarena.

–Eskaerari funtsa ematen dioten gertaerak frogatzen dituen beste edozein agiri.

Eskaera kudeatzen duenak, halaber, beharrezkotzat jotzen den dokumentazio osagarria eska dezake, egoera aztertzeko prozesuan.

10. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

–Etxebizitza familia unitateko kideen bizileku arrunt eta etengabea izatea. Erabat debekaturik dago espedientean jasotzen ez diren pertsonek erabiltzea etxebizitza.

–Etxebizitza ezin izanen da azpikontratatu edo osorik zein hein batean hirugarren batzuei laga, eta baldintza hori ez betetzeak lagapena deuseztatzea ekarriko du.

–Bizikidetzaren arauak errespetatzea, baita bizilagunen elkartekoak ere.

–Obrarik ez egitea udal baimenik gabe.

–Etxebizitza higiene eta kontserbazio egoera onean mantentzea eta barneko eta kanpoko elementuak eta elementu komunak zaintzea.

–Uharteko eta Esteribarko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean aurkeztutako eskabidearen bitartez, egoera sozio-familiarrean edo ekonomikoan izandako edozein aldaketaren berri ematea, eta Areaceari jakinaraztea instalazioan matxurarik badago.

–Higiezina gaizki erabiltzeagatik sortutako kalteengatik erantzutea.

Iragarkiaren kodea: L1708429