163. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Aldaketa, Kulturako eta Jaietako Udal Patronatuaren estatutuetan. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2017ko apirilaren 27an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Kulturako eta Jaietako Udal Patronatuaren estatutuen aldaketa. Erabakia 2017ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 23an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu estatutuetan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Burlatan, 2017ko uztailaren 6an.–Alkatea, José M.ª Noval Galarraga.

BURLATAKO UDALAREN KULTURAKO ETA JAIETAKO PATRONATUAREN ESTATUTUAK

Hitzaurrea

Kulturako eta Jaietako Udal Patronatuaren Zuzendaritza Batzordeak, ikusirik Kulturako eta Jaietako Udal Patronatuaren estatutuak eguneratu beharra, 1985eko otsailaren 21eko osoko bilkuran onetsi baitziren, artikuluak aldatu eta berrikusi ditu, legeari eta Kulturako eta Jaietako Udal Patronatuaren egungo barne antolaketari jarraikiz, 2008ko azaroaren 3an.

Sarrera

Burlatako Udalak eta Burlatako kultura eta arte taldeek Patronatu hau berendako sortzea erabaki dute, Burlatan kultur ekintza sustatzen segitu behar baita, partaidetza eta deszentralizazio bideratu gabea haien ezaugarriak izanik.

Udalak Kulturako eta Jaietako Patronatuaren eskura utziko ditu bere teknikariak, lokalak (Kultur Etxea, etab.) eta posible den materiala, Patronatu horrek programatzen duen kultur jarduera ahalik eta hobekien gauzatzeko.

I. TITULUA

Xedea, izaera, eginkizunak

1. artikulua. Burlatako Kulturako eta Jaietako Patronatua, Udalak 1985eko otsailaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez sortu baitzen, toki mailako erakunde autonomo gisa eratu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192.2.b) eta 196. artikuluetan eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 85.2.A.b) artikuluan xedatuari jarraikiz.

2. artikulua. Eratu da kultura eta kultur adierazpide guztiak, jaietakoak barne, gaztelaniaz nahiz euskaraz, sustatu, zabaldu eta garatzen lagundu beharrez, herritar orok aukera izan dezan ondasun horretaz gozatzeko.

3. artikulua. Kulturako eta Jaietako Udal Patronatua, beraz, zuzenbide publikoko udal erakundea da, independentea, berezko nortasun juridikoa duena, Burlatako Udalak sortua kulturan dituen interesak modu deszentralizatuan kudeatu beharrez. Gaitasun juridikoa izanen du agintari, erakunde eta partikularren aitzinera agertzeko, bere xedeak bete beharrez, bai eta ekintza administratibo eta jurisdikzionalei ekiteko edo bere interesen defentsan demandatu gisa agertzeko ere. Bere autonomiagatik ere, Udalaren babespean ariko da, harena baita Patronatuaren gorengo zuzendaritza eta geriza, indarra duen araudiarekin eta estatutu hauekin bat.

4. artikulua. Patronatua denbora mugagaberako eratu da, eta desegiten ahalko eta iraungirik gelditu estatutu hauetan eta indarra duen araudian aurreikusten den gisan.

5. artikulua. Patronatuak ahalmena du zernahi egintza egiteko, 2. artikuluan adierazi diren xedeak betetzearren. Irabazi asmoa ez da horietariko bat izanen. Hona hemen haren eginkizunak:

1.–Hitzarmenak eta kontratuak sinatzea.

2.–Lanabesak eta tresnak erostea, ez ordea higiezinak, baita horiek besterentzea ere, bidezko bada.

3.–Estatuari, korporazio publikoei eta erakunde pribatuei diru-laguntzak eta bertzelako laguntzak eskatzea.

4.–Kulturako eta Jaietako Patronatuaren plantilla organikoa proposatzea, Burlatako Udalak osoko bilkuran onets dezan.

5.–Kulturako eta Jaietako Patronatuaren urteko aurrekontua proposatzea, Burlatako Udalak osoko bilkuran onets dezan.

6.–Irizpide argi eta eraginkorrak ezartzea, honako hauez den bezainbatean:

6.1.–Burlatako kultur programazio eta garapena sustatzea era bertako kultur programazioa eta jaietakoa antolatzea.

6.2.–Kultur jardueretarako diru-laguntzak.

6.3.–Kultur hitzarmenetarako oinarriak.

6.4.–Gizarte etxeak eta lokal publikoak kultur jardueretarako erabiltzeko irizpideak.

7.–Udalaren beraren barnean kultura eta esparru horri eragiten dioten pertsona fisiko edo juridikoak koordinatzea, bereziki beren jarduketa eremua kulturaren arloarekin loturak dituzten departamentuekin.

8.–Jardueren gainean urteko txostena baloratu eta onestea.

9.–Kanpokoekin ere koordinatzea, bertzeak bertze kulturaren eta irakaskuntzaren entitateekin, Vianako Printzearekin, erkidego autonomoekin, ministerioen delegazioekin eta Nafarroako Gobernuarekin.

10.–Kultur trukeak bultzatzea.

11.–Folklore, musika edo antzerki talde mota guztiak sustatzea.

II. TITULUA

Ondarea eta araubide juridikoa

6. artikulua. Kulturako eta Jaietako Udal Patronatuaren ondarea bere ondasun higigarri nahiz higiezinek osaturik dago, baita toki mailako erakunde autonomo honen bidez egiten den zerbitzu publikoaren helburuak betetzeko hari lotzen edo atxikitzen zaizkion bere ondasun guztiek ere, jabariaren titulartasunagatik ere, hura Burlatako Udalarena izanen baita.

Kulturako eta Jaietako Udal Patronatuak ondasunen gainean dituen eskumenak, bere gain uzten den ondarearen ustiapena eta administrazioa izanen dira. Orobat, ohiko trafiko juridikoa izanen diren ondasunak eskuratu nahiz besterentzeko ahalmena izanen du.

Kulturako eta Jaietako Udal Patronatua iraungi ondotik, atxikitako ondarea Burlatako Udalera itzuliko da, ustiapenaren ondoriozko gehikuntzekin eta kanpoko ekarpenekin, halakorik bada.

Ondasun horiek guztiak, bere baliabide ekonomikoekin erosi direlako Patronatuarenak baizik ez direnak espresuki zehaztuta, inbentario bereizi batean bilduko dira eta hura eranskin gisa gehituko Burlatako Udalaren inbentario orokorrari. Inbentario hori etengabe eguneratuko da, baita urtero zuzendu ere, Burlatako Udalaren osoko bilkurari aurkeztuko baitzaio, ekitaldi bakoitzeko kontu ematearekin batera. Patronatuaren ardura izanen da inbentarioko ondarea zaintzea, eta horren erantzukizuna hirugarren alderdiei eskatuko zaie, edozein arrazoi dela-eta ondare horrekin harremanik badute.

7. artikulua. Toki araubidearen gaineko legeetan ezarritakoari jarraikiz, Udalak osoko bilkuran onetsiko d(it)u Patronatuak bere eskumeneko zerbitzuak egitean sorrarazten dituen tasa eta prezio publikoak ordainarazteko ordenantza fiskala(k). Patronatuari dagokio aipatu tasa horiek kobratzea, eta zenbatekoak Kultur Etxeko aurrekontuko diru-sarreren partidetan sartuko dira.

8. artikulua. Kulturako eta Jaietako Udal Patronatuak bere aurrekontuaren aplikazio eta garapena eginen du, bere kontabilitate independentea eramanez, kontabilitate publikoaren araubidearen menean eta Burlatako Udalaren kontu hartzailetza zerbitzuek ikuskatuta.

Urtero, Patronatuaren ustiapen eta kapital aurrekontua eginen da, Udalaren aurrekontu eta kontuei ezarritako arauei egokitua; Patronatuburutzak Zuzendaritza Batzordeari aurkeztuko dio, onets dezan. Aurrekontu hori Udalaren aurrekontu orokor eta bakarraren barnean sartuko da, eranskin gisa, eta berari igorriko zaio urte bakoitzeko arazoaren 1a baino lehenago, legeak eskatzen dituen agiriekin batera. Horrela eratu den aurrekontua Burlatako Udalari igorriko zaio osoko bilkuran onetsi, zuzendu edo itzul dezan, Ogasuneko informazio batzordearen bitartez.

9. artikulua. Urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan, Patronatuaren kontuak osatuko dira, bertan sarturik aurreko urtean aurrekontuan, ondarean eta diruzaintzan egin diren eragiketa guztiak. Une bakoitzean legez zehazten diren jarraibideak jarraituko dira kontuak osatzeko.

Patronatuburutzak proposaturik Zuzendaritza Batzordeak kontuak onetsi ondoan, Udalari igorriko zaizkio, aginduzko dokumentazioarekin batera, onets ditzan.

III. TITULUA

Administrazioa eta antolaketa

10. artikulua. Zuzendaritza Batzordea izeneko kide anitzeko organoa eta Patronatuburutza ariko dira Kulturako eta Jaietako Udal Patronatuaren gobernu eta administrazioan.

I. KAPITULUA

Zuzendaritza Batzordea

11. artikulua. Zuzendaritza Batzordea da Patronatuaren goi mailako kudeaketa eta gobernua bere gain hartzen dituen organoa. Hauxe da osaera:

Batzordeburua: Burlatako Udaleko alkate udalburua edo Kultur zinegotzia, haren eskutan uzten badu, Kulturako eta Jaietako Udal Patronatuko batzordekide zinegotzien artetik.

Batzordeburuordea: Kulturako eta Jaietako Udal Patronatuko batzordekide zinegotzi bat, Udalak osoko bilkura batean hautatua.

Idazkaria: Kultur koordinatzailea (hizpidea duela, baina botorik gabe). Postua hutsik badago, edo kanpoan edo eri badago, Patronatuko administrari-ofizial bat ariko da haren ordez.

Batzordekideak:

Kulturako eta Jaietako Patronatuko Batzordeak 6 kide izanen ditu zinegotzien artetik eta 6 kide herritarren artetik.

–Batzordekide zinegotziak Burlatako Udalaren osoko bilkuran hautatuko dira, Udalean ordezkaturik dauden talde politikoen artean; ahaleginak eginen dira udal talde guztiak ordezkaturik egon daitezen.

–Batzordekide herritarrak Kulturako eta Jaietako Patronatuan parte hartzen duten talde eta elkarteen ordezkarien artean hautatuko dira, hurrengo puntuan zehazten den gisan:

–Entitateetako batzordekideak:

  • Batzordekide 1, peñen ordezkari.
  • 2 batzordekide, kultur talde eta elkarteen ordezkari.
  • 3 batzordekide, Patronatuarekin hitzarmena duten talde artistikoen ordezkari.

12. artikulua. Batzordekide herritarrak libreki kargugabetzen ahalko ditu hautatu dituenek, eta haiek hautatzeko prozedura bera erabiliz.

13. artikulua. Batzordekide herritarren agintaldia urtebetekoa izanen da, txandaka aldatuko baita parte hartzen duten taldeen artean.

14. artikulua. Batzordekide bakoitzak ordezko bat izendatuko du, hizpidea eta botoa dituela, bere ordez ari dadin Zuzendaritza Batzordearen bileretara joaten ahal ez denean.

15. artikulua. Bilkuretara interesa dutenak joaten ahalko dira, betiere idatziz eskatu badute eta patronatuburuak baimena eman badie. Pertsona horiek hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

16. artikulua. Batzordekideak kargugabetzen eta berriak izendatzen direnean, horren berri emanen zaio betiere Zuzendaritza Batzordeari.

17. artikulua. Zuzendaritza Batzordea berriz ere hautatuko da Udalbatza berritzen delarik.

II. KAPITULUA

Patronatuburutza

18. artikulua. Alkatea da, berez, Kulturako eta Jaietako Udal Patronatuko burua. Edozein inguruabar dela-eta Alkatetza berritzen bada, Patronatuburutza ere aldatu beharko da, eta alkate berria izanen da patronatuburu. Alkateak, Kulturako eta Jaietako Udal Patronatuko buru den aldetik, haren egiazko burutza uzten ahalko du Kultur zinegotziaren eskuetan, Alkatetzaren ebazpen baten bidez.

19. artikulua. Patronatuburuak eginkizun hauek ditu:

–Patronatuaren legezko interesen ordezkari izatea mota guztietako egintza edo kontratuetan, nolanahiko agintari, epaitegi, erakunde, korporazio, partikular eta abarren aitzinean.

–Egiten diren zerbitzuak zuzendu, ikuskatu eta bultzatzea.

–Bilkura arrunt nahiz berezien deialdia egitea, bertan buru egitea eta bertan behera uztea, eztabaidak zuzentzea eta bilkurak burututzat jotzea.

–Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiak betetzea edo betearaztea.

–Urteko aurrekontuaren proiektua nahiz aurreko ekitaldiko kontuen itxiera proposatzea Kulturako eta Jaietako Patronatuko Zuzendaritza Batzordeari.

–Patronatuaren plantilla organikoa proposatzea Zuzendaritza Batzordeari.

–Patronatuaren urteko aurrekontua proposatzea Zuzendaritza Batzordeari.

–Patronatuari atxikitako langile guztien goi mailako zuzendaritza eramatea.

–Egindako jardueren gaineko ebaluazioa eta urteko txostena aurkeztea.

–Karguari dagozkion bertzelako eskumenak.

20. artikulua. Patronatuburuak kalitateko botoa izanen du berdinketak gertatzen direnean. Boto hori erabiltzeko Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/85 Legean xedatutakoari lotuko zaio, bai eta hura garatzeko ematen ahal diren erregelamenduei edo xedapenei ere.

III. KAPITULUA

Patronatuburu ordezkaria

21. artikulua. Patronatuburu ordezkaria patronatuburuaren ordez ariko da eta haren eskumenak bere gain hartuko ditu, patronatuburuak egiazki haren eskuetan uzten baditu bere ahalmenak. Halakoetan, bere jarduketen berri eman beharko dio Zuzendaritza Batzordeari.

IV. KAPITULUA

Buruordea

22. artikulua. Buruordeak patronatuburuaren eginkizunak hartuko ditu bere gain, postua hutsik dagonean edo kanpoan edo eri dagoenean.

V. KAPITULUA

Idazkaritza

23. artikulua. Idazkariari dagozkio:

–Zuzendaritza Batzordearen bilkuren aktak idaztea eta onesteko aurkeztea.

–Patronatuaren jardueraren gaineko liburu eta agiriak zain daitezen agintzea.

–Zuzendaritza Batzordearen egintza eta erabakiak eta Patronatuburutzaren ebazpenak luzatzea, hala behar denean.

–Batzordekideei aholku ematea, hala behar den guztietan.

VI. KAPITULUA

Kudeatzailetza

24. artikulua. Kudeatzaile koordinatzailearen gain egonen da lanak egitea eta zerbitzua administratzea, betiere Zuzendaritza Batzordearen eta patronatuburuaren agindupean.

Honako hauek Kudeatzailetzaren eginkizun berariazkoak dira, Udaleko kontu hartzailearen aholkularitzarekin:

–Alorraren helburuak zehaztea Patronatuko Zuzendaritza Batzordeari aurkezteko. Irizpideak eta ezagutza teknikoak ekarriko ditu eta egoki iruditzen zaizkion ekintza eta neurriak proposatuko.

–Patronatuaren eta haren aurrekontuen kudeaketa ekonomiko egokiaz arduratuko da, ezarritako behar, helburu eta programen arabera; kontabilitate eta diruzaintza lanak zuzenduko ditu, eta haien kontrola eta segimendua eginen ditu Udaleko kontu hartzailearen sostengu eta aholkularitzarekin.

–Langileen gaineko zuzendaritza lanak beteko ditu, eta begiratuko du bere ardurapeko langileek nork bere esku utzitako lanak betetzen dituela, langileen motibazioa eta laneko giro ona zainduz, hori guztia Giza Baliabideen Departamentuaren aholkularitzarekin.

–Behar den laguntza teknikoa emateaz gain, bere ardurapeko langileen prestakuntza eta garapena erraztuko ditu, betiere erakundearen beharrekin bat eginik.

–Herritarrei harrera egin, eta informazioa eta orientabideak emanen dizkie bere lan esparruko gaietan.

–Herritarren eskakizunak eta eskaerak kudeatuko ditu, haiek betetzeko behar diren ekintzak taxutuz.

–Zuzendaritza Batzordeari berriak, argibideak eta aholkuak helaraziko dizkio, txostenak eginen ditu eta egin litezkeen hitzarmenak aztertuko.

–Ekipamendu eta instalazioen artatze eta mantentze lanak zuzendu eta gainbegiratuko ditu.

–Patronatuaren erosketen kudeaketaz arduratuko da, baita ondasunen inbentarioa eguneraturik edukitzeaz ere.

–Kanpoko zerbitzuak azpikontratatzeko eskatu eta proposatuko du eta baldintza teknikoen orriak prestatuko ditu; orobat, zeharka kudeatzen diren zerbitzuen kontrola eta segimendua eramatea.

–Bere eginkizunak betetzeko behar diren harreman eta loturak finkatu eta garatuko ditu bertzelako erakunde, entitate, profesional, elkarte eta abarrekin, eta horretarako, hitzarmenak prestatuko ditu eta diru-laguntzak proposatuko.

–Alorreko agirien sistemez arduratuko da, bai fisikoez bai informatikoez, eta berak finkatuko ditu agiriok antolatu eta eguneraturik edukitzeko irizpideak, arauak eta jarraibideak.

–Udal instalazioak erabiltzeko kudeaketa zuzenduko du, horiek erabiltzeko erregelamendu eta arauak prestatuko ditu eta betetzen direla begiratuko.

–Zerbitzua hobetzen saiatuko da, behar diren ekintzak eta aldaketak oro proposatuz zerbitzua hobetze aldera.

–Alorrak landu beharreko programa eta jarduerak diseinatu eta planifikatuko ditu, baita haiek antolatu eta abian jarri ere, hartutako erabaki eta irizpideei jarraikiz.

–Kultur jarduerarekin lotutako taldeak trebatu eta bultzatuko ditu eta behar den laguntza teknikoa emanen die, antolaketak ezarritako betebeharrekin bat.

–Herritarren mugimendu eta ekimenak sustatu eta sostengatuko ditu bere jarduera esparruan, elkarren arteko jardueren plangintza egin ahal izateko.

–Herritarren eskakizunak eta eskaerak kudeatuko ditu, haiek betetzeko behar diren ekintzak taxutuz.

–Antolaturiko jarduera eta programak iragartzeaz eta ezagutarazteaz arduratuko da.

–Programaturiko jarduerak nola betetzen diren ebaluatu eta haien segimendua eginen du, eta beharrezkoak diren zuzenketak sartuko.

–Kultur Etxeko espazioak erabiltzeko ordutegiak antolatuko ditu.

–Etengabeko harremana izanen du Udalaren gainerako alorrekin, udalerrian kultura bultzatzeko.

–Udalerriko kultur eta jai programak taxutu eta planifikatuko ditu, eta zuzendari lanak eginen ditu horiek antolatu, abian jarri, kontrolatu eta bukatzeko tenorean.

–Aipatuez gain, bestelako zereginak beteko ditu, bere karguari lotutako gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat, ezarritako helburuak lortu beharrez agintzen zaizkionak.

VII. KAPITULUA

Zuzendaritza Batzordearen ahalmenak

25. artikulua. Zuzendaritza Batzordean mamituko da Patronatuaren nortasuna eta hortaz, ahalmena izanen du honako hauek egiteko:

a) Trafiko juridiko arrunta osatzen duten ondasun higiezinak erosi, besterendu, kargatu eta trukatzeko. Horretaz salbuetsirik egonen da bere xedeak bete ditzan Burlatako Udalak Patronatuari atxiki dizkion ondasunak besterendu, trukatu edo kargatzea.

b) Bere ondareko ondasunak administratzeko eta, hartara, Patronatuaren xede berariazkoetarako erabiltzeko.

c) Kulturako eta Jaietako Udal Patronatuaren gain dauden langileak izendatu, bereizi eta kontratatzeko, izanik horiek finkoak nahiz behin-behinekoak, gai honen gainean indarra duten legezko xedapenei jarraikiz, Udaleko Giza Baliabideen Departamentuaren aholkularitzarekin.

d) Mota guztietako herentzia, legatu eta dohaintzak onartzeko.

e) Klase guztietako ekintzak eta kontratuak baimentzeko, bai bere jarduketa esparruan bai Patronatuaren instalazioen antolaketa eta funtzionamenduan, zerbitzu publikoen kontratuak, emakidak etab. barne.

f) Bere jarduketa esparruaren barnean, klase guztietako jarduketa, erreklamazio eta demandak paratzeko justizia auzitegietan, bere interesen defentsan bada.

g) Urteko jarduketa plana onesteko, Udalak osoko bilkuran aurrekontuei dagokienez ezarritako mugekin.

h) Kultur programa arrunt nahiz bereziak onesteko, halakorik bada, Udalak osoko bilkuran aurrekontuei dagokienez ezarritako mugekin.

i) Ekitaldi ekonomiko bakoitzean egindako jarduketen, kudeaketaren eta horien balantzearen gaineko txostena onesteko. Hark bat eginen du Gobernu Batzordeak onetsi eta Udalaren osoko bilkuran berretsitako aurrekontuetan ezarri diren zenbatekoekin. Horren kontuak aurkeztuko dizkio Udalaren osoko bilkurari, ekitaldi bakoitzean Patronatuak izan duen funtzionamenduaren eta jarduketaren gaineko txostena aurkezturik.

j) Urte bakoitzeko ekitaldi ekonomikorako proiektatu diren jarduera guztiei dagozkien aurrekontuak onesteko, gero Udalak berretsi beharko baditu ere.

k) Patronatuko langileek osatzen duten plantilla Udalari aurkezteko, osoko bilkuran onets dezan.

l) Antolatu, zuzendu, ikuskatu eta neurri egokiak hartzeko, Patronatuaren eta haren instalazioen antolaketa eta funtzionamendua hobetu beharrez eta, hartara, jarduketa programak eta jarduera eta zerbitzuen barne arauak onesteko.

m) Edozein establezimendutan klase guztietako kontu korronteak eta aurrezki kontuak ireki, mantendu eta ixteko, eskudirutan nahiz balioetan.

n) Jai Batzordean proposaturiko ekintza guztiak berresteko.

o) Patronatuaren helburuak betetzeko behar diren eginkizun guztiak egiteko.

VIII. KAPITULUA

Batzordearen bilkura sistema

26. artikulua. Zuzendaritza Batzordeak hilabetean behin egiten du bilkura (eguna legegintzaldi bakoitzean zehaztuko da, Zuzendaritza Batzordearen erabaki baten bidez). Gainera, bilkura bereziak egiten ahalko ditu, betiere patronatuburuak edo Zuzendaritza Batzordeko kideen herenek erabakitzen badute. Horrela izanez gero, gehienez ere hamabortz egun baliodunean berandutuko da bilkura, eskatzen denetik hasita. Patronatuburutzak epe horretan deialdia egiten ez badu, Zuzendaritza Batzordea bertzerik gabe deiturik geldituko da epe hori burutu ondoko hamargarren egun baliodunean, eguerdiko hamabietan.

Bilkurak modu baliozkoan egin daitezen, beharrezkoa da bere hartan egotea patronatuburua, edo bere ordez ari dena, eta harez gain, idazkaria, hartzen diren erabakien akta egin behar baitu, eta batzordekideen gehiengo osoa. Quorumik ez bada, bigarren deialdian eratuko da, lehenbizikorako finkatu baino ordu erdi geroago, eta hartan aski izanen da hiru batzordekide izatea, horietan barne dela patronatuburua, edo bere ordez ari dena.

27. artikulua. Zitazioak idatzizkoak izanen dira, gutxienez ere bi lanegun lehenagotik egin beharko dira, eta eguneko gai zerrenda erantsiko zaie.

28. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen erabakiak baliozkoak izanen dira bere hartan diren pertsonen gehiengo soilaren botoen bitartez hartzen badira. Hartarako, patronatuburuaren kalitateko botoak trenkatuko ditu bozketan gertatzen diren berdinketak, baldin eta berdinketa hausteko bigarren bozketa eginda hura hausten ez bada.

29. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen bilkura arruntean gai berriren bat sartzea bozkatzen ahalko da, botoa emanda gehiengo osoa alde agertzen bada. Bilkura berezietan ez da gairik batere sartzeko aukerarik izanen.

IX. KAPITULUA

Jai Batzordea

30. artikulua. Herriko festak antolatzeko, Kultur Patronatuak lanerako bileretarako deialdiak eginen ditu, eta haiei Jai Batzordea erranen. Haietan parte hartuko dute Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztietako ordezkariek eta Kulturako eta Jaietako Patronatukoak diren talde eta elkarte guztiek. Orobat, Burlatako edozein biztanlek edo festetako beste edozein taldek parte hartzen ahalko du bilera horietan, aldez aurretik Patronatuari eskatuta.

31. artikulua. Jai Batzordeak urtarriletik uztailera arte eginen ditu bere bilerak, hilabetean behin.

32. artikulua. Bilerek izaera antolatzailea izanen dute; erabakiak Zuzendaritza Batzordeak hartuko ditu.

33. artikulua. Zuzendaritza Batzordeko idazkaria nor, huraxe bera izanen da Jai Batzordekoa ere, eta eginkizun berak izanen ditu.

X. KAPITULUA

Kultur elkarte eta taldeek Kulturako eta Jaietako Patronatuan izanen duten ordezkaritza

34. artikulua. Patronatuko Zuzendaritza Batzordean parte hartzen ahalko dute urte osoan kultur eta/edo festa jarduerak antolatzen dituzten elkarteek, Kulturako eta Jaietako Patronatuarekin hitzarmen artistikoak dituzten taldeek eta kultur jarduerak sustatzen dituzten elkarteek, guzti-guztiek egoitza soziala Burlatan badute.

35. artikulua. Hona zer datu aurkeztu behar dituzten Kulturako eta Jaietako Patronatuan sartzeko eskaera egin nahi duten elkarte edo taldeek:

–Talde edo elkartearen izena.

–Egoitza soziala edo helbidea, jakinarazpenetarako.

–Taldearen jarduera nagusia.

–Bertzelako jarduerak.

–Talde edo elkartearen estatutuak.

–IFK.

–Taldeak Patronatuan izanen lituzkeen ordezkarien izenak, eta horrekin batera, haien helbideak, telefonoak eta haien gainean interesa duen bertze edozein datu.

–Talde edo elkarteko kideen kopuru guti goiti-beheitikoa, edo finkoa, hala badu.

36. artikulua. Patronatuan parte hartzen duten elkarteak I. eranskinaren arabera sailkatzen dira.

37. artikulua. Kulturako Patronatuko Zuzendaritza Batzordeak erabakiko du betiere zer talde edo elkarte onar daitezkeen, irizpidetako harturik jarduera nagusia 2. artikuluan eta 34. artikuluan ezarriarekin bat etortzea.

38. artikulua. Kulturako Patronatuko Zuzendaritza Batzordeak talde edo elkarte bat erregistrotik kentzen ahalko du, baldin eta bere datuak faltsutu baditu edo, izen ematearen ondotik, bere jarduera nagusia aldatu badu Kulturako Patronatuari horren berri eman gabe. Orobat, urte batez arrazoirik gabe Batzordearen bileretara joaten ez direnei baja automatikoa emanen zaie Patronatuan, eta eskubidea galduko dute.

IV. TITULUA

Bitarteko ekonomikoak

39. artikulua. Xedeak betetzeko eta gastuak finantzatzeko, bere baliabide ekonomikoak erabiliko ditu, honako hauek alegia:

a) Burlatako Udalak Kulturako eta Jaietako Patronatuarendako urtero finkatzen eta osoko bilkuran onesten duen diru ekarpena, gutxienez aurrekontu arruntaren %5 izanen dena.

b) Entitate publiko edo pribatuek, erakunde ofizialek, elkarteek, klubek edo nortasun juridikorik gabeko entitateek eta partikularrek ematen dizkioten diru-laguntza, sorospen eta laguntzak.

c) Bere jarduera berariazkoek ekartzen ahal dizkioten diru-sarrerak.

d) Bere aldeko dohaintzak, legatuak eta usufruktuak.

e) Patronatuari atxikitako ondarearen aprobetxamendu material nahiz juridikotik eratorritako produktu eta etekinak.

40. artikulua. Diruzain administratzaileak eramanen ditu Kulturako eta Jaietako Patronatuaren diru-sarrera eta gastuen kontu hartzailetza eta kontabilitatea, udalen kontabilitate publikoa egiteko irizpide eta moldeekin bat.

V. TITULUA

Udalaren tutoretza

41. artikulua. Udalak Patronatuaren urteko aurrekontuak onetsi beharko ditu, bai eta kreditu transferentziak nahiz sorrerak eta haren urteko kontuak ere; Udalari behar den epean aurkeztu beharko zaizkio, espedienteak aurrekontura edo udal kontuetara sartu ahal izateko.

Agiri horiei jardueren urteko plana erantsiko zaie, aurrekontuko inbertsioak justifikatze aldera, bai eta memoria bat ere, kontuen garapenei dagokienez.

42. artikulua. Orobat, nahitaezkoa izanen da Udalaren baimena, Udalaren jabetzakoak izan eta Kulturako Patronatuari atxikirik dauden ondasun higiezin nahiz instalazioentzat bereziki arriskugarri izan daitezkeen edo edozein motatako kargu edo kargaren ezarpena erakar dezaketen afera juridikoak egin ahal izateko.

VI. TITULUA

Xedapen orokorrak

43. artikulua. Zuzendaritza Batzordeak erabakiko ditu barne araubiderako beharrezkoak iruditzen zaizkion erregelamenduak.

44. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen eskumenekoa izanen da Kulturako Patronatuaren estatutu hauen eta barne araubideen interpretazioa, baita administrazio egintza guztiak ere.

45. artikulua. Edozein arrazoirengatik Kulturako Patronatua iraungitzen bada, Burlatako Udala izanen da haren oinordeko unibertsala.

46. artikulua. Estatutu hauek onesteko zer prozedura erabili zen, horixe bera erabiliko da aldatzeko.

47. artikulua. Estatutu hauetako xedapenek zuzenduko dute Kulturako Patronatua. Aurreikusi ez den orotan, aplikatzekoak izanen dira Foru Komunitatean indarra duten lege eta erregelamenduak eta gainerako xedapen orokorrak.

I. ERANSKINA

Kulturako eta Jaietako Patronatuko elkarteak

–Peñak.

–Kultur elkarteak.

–Hitzarmena duten talde artistikoak.

Iragarkiaren kodea: L1708449