152. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

801/2017 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 2ko 799/2016 Ebazpenaren aldaketa onesten duena; hartan, NNPEK-Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarentzako 2016-2020 aldirako laguntzaren oinarri arautzaileak onetsi ziren, Nafarroako Foru Komunitatean produkzio ekologikoaren kontrol-agintaritza den aldetik.

Abenduaren 20ko 617/1999 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako ekoizpen ekologikoaren eta nekazaritzako produktu eta elikagaietan horren adierazgarria jartzearen gaineko erregelamendua onetsi zuen. Bere 5. artikuluaren arabera, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseilua (NNPEK) izanen da kontrol-agintaritza bakarra Nafarroako Foru Komunitatean.

15. artikuluaren arabera, Kontseiluak finantzabide hauek izanen ditu: beren enpresarako kontrol araubidea onartu duten operadoreek emandako diru kopuruak; jasotako diru-laguntza, legatu eta dohaintzak; ordaintzat jasotzen diren diru kopuruak; bere ondarea osatzen duten ondasunak eta ondare horren emaitza edo errentak; eta beste edozein titulurengatik dagozkion guztiak.

Nekazaritza sektorean printzipio hauek aplikatzeko tresna juridiko bat dira Europar Batasunaren zuzentarau hauek: Nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako estatu-laguntzei 2014-2020 aldian aplikatu beharreko zuzentarauak. Zuzentarauetan biltzen diren laguntza moten artean, “Nekazaritzako produktuen ekoizleek kalitate araubideetan parte hartzeko laguntzak” daude (1.1.9 atalean). Kalitate araubideei lotutako laguntza horietan, diru-laguntza jaso dezaketen gastuak dira “derrigorrezko kontrol neurriena, kalitate araubideei lotuak, agintaritza eskudunek edo haien izenean eta Europar Batasunaren edo estatuaren araudiarekin bat hartuak”. Kalitate araubide horietako bat Produktu ekologikoak ekoizteari eta etiketatzeari buruzko 834/2007 Erregelamenduan ezarritakoa da.

Zuzentarauetako 1.1.9 atalaren 284. puntuaren arabera, onuradunei ezin zaie ordainketa zuzenik egin laguntza emateko, kontrol neurriaren erakunde arduradunari egin behar zaiolako.

Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren abuztuaren 2ko 799/2016 Ebazpenaren bidez, NNPEK-Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarentzako 2016-2020 aldirako laguntzaren oinarri arautzaileak onetsi ziren, Nafarroako Foru Komunitatean produkzio ekologikoaren kontrol-agintaritza den aldetik.

Aipatu ebazpenean xedatutakoarekin bat, diru-laguntzak ematen dira NNPEK-ek egiten dituen kontrol ofizialeko jarduketen urteko kontrolen kostuarengatik eta produktoreek kontrol gastuetarako ordaindutako kuotengatik. Horrenbestez, NNEPK-k bere baliabideekin finantzatu behar du operadoreek estaltzen ez dituzten kontrolen kostua.

NNEPK irabazi-asmorik gabeko entitatea da, eta egiten dituen jarduerak finantzatzea arazo larria da harentzat. Horrek arriskuan jartzen du 834/2007 (EE) Erregelamenduaren arabera egin behar diren nahitaezko kontrolak behar bezala gauzatzea.

Horrenbestez, beharrezkoa da diru-laguntzaren oinarri arautzaileetan ordainketak aurreratzeko aukera gehitzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluari jarraikiz.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren abuztuaren 2ko 799/2016 Ebazpena aldatzea. Ebazpen horren bidez, NNPEK-Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluari, Nafarroako Foru Komunitatean ekoizpen ekologikoaren kontrol-agintaritza den aldetik, 2016-2020 aldian eman beharreko laguntzaren oinarri arautzaileak onesten dira. Horrenbestez, ebazpenaren oinarri arautzaileei buruzko I. eranskinaren zazpigarren oinarria honela idatzita geldituko da:

“Zazpigarren oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Dagokion diru-laguntza ordainketa partzialetan ordain daiteke, behin jarduera burutu dela egiaztatu ondoren, edo ordainketa aurreratu baten bidez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Onuradunak diru-laguntza ordainketa partzialen bidez jasotzea hautatzen badu:

a) Ekainaren 30etik aurrera, lehenbiziko ordainketa eskatzen ahalko da, ordaintzeko eskaera aurkezten den egunera arte egindako gastu hautagarriengatik. Ordaintzen ahal den gehieneko zenbatekoa emandako laguntzaren %50 da.

b) Bigarren ordainketa, diru-laguntzaren gainerakoa, urte bakoitzeko abenduaren 1etik aurrera, ordura arte guztira egindako eta aurreko ordainketan ez lagundutako kontrol eta ziurtapen jarduerari zuzenean esleitutako gastuak aurkeztu ondoren.

3. Diru-laguntza ordaintzeko eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Memoria teknikoa, entitateak egindako kontrol eta ziurtapen jarduketak eta entitateko langileek egindako lanak azaltzen dituena. Bigarren ordainketaren eskabidearekin batera entregatuko da.

b) Itxitako azken ekitaldiko egoera-balantzea eta galeren eta irabazien kontua. Bigarren ordainketaren eskabidearekin batera entregatuko da.

c) Ordura arte guztira egindako kontrol eta ziurtapen jarduerari zuzenean esleitutako langileen gastuen frogagiriak, bai eta kontrol eta ziurtapenerako beharrezkoak diren gainerako gastuenak ere.

d) Diruz lagun daitezkeen gastuei dagozkien ordainketen frogagiriak.

e) Kontrol eta ziurtapen kostuen hobaria aplikatzen zaien operadoreen zerrenda eta bigarren ordainketaren eskabidearekin batera entregatu beharreko frogagiriak.

f) Erakundearen kontabilitate analitikoaren laburpena, urteko kontrol eta ziurtapen jarduerari buruzko datu eta emaitzekin. Bigarren ordainketaren eskabidearekin batera entregatuko da.

4. Onuradunak diru-laguntza ordainketa aurreratu baten bidez jasotzea hautatzen badu, emandako diru-laguntzaren zenbateko osoa eskatu beharko du, diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak hornitzea beharrezkoa dela justifikatuta. Horretarako, behar hori justifikatutzat joko da, diruz lagundu beharreko jardueraren diruzaintza-defizita eskatu den zenbatekoaren %75 bada gutxienez.

5. Aurrerakina ordaintzeko eskaera ekitaldi bakoitzeko ekainaren 1etik aurrera aurkezten ahalko da, eta, horrekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Itxitako azken ekitaldiko egoera-balantzea eta galeren eta irabazien kontua.

b) Ekitaldiko gastu eta diru-sarreren aurrekontua.

c) Hileko kutxako fluxen aurreikuspena eta entitate osoaren diruzaintzako egoera-orria, baita ekitaldi osoko hileko kutxako fluxen aurreikuspenari buruzko beste agiri bat ere, diruzaintzak kontrol eta ziurtapen lanen inguruan izan duen bilakaera jasotzen duena.

d) Eskatutako laguntzaren zenbatekoa duen bankuko abala, 60.000 eurotik gorako aurrerakinak direnean.

6. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak eskatutako agiri guztiak ikuskatuko ditu, eta aurkezturiko gastuak, frogagirien balioa eta beste agirien askitasuna onetsiko ditu. Halaber, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuari justifikazio-kontuaren dokumentazio osoa aurkeztuko dio, berak ikuska dezan.

7. Onuradunak ordainketa aurreratua aukeratzen badu, aurreko puntuan ezarritako egiaztapenak laguntzaren xede diren jarduketak amaitu ondoren eginen dira, eta, nolanahi ere, laguntzaren xede diren jarduerei dagokien urtearen hurrengoko lehen lauhilekoaren barnean. Ondorio horretarako, eskatzaileak oinarri honen 3. zenbakian aipatzen den dokumentazioa aurkeztuko du hurrengo urteko martxoaren 31 baino lehen.

Ezin izanen zaio onuradunari ordainketa aurreraturik egin, baldin eta horrek bere borondatez konkurtso-egoeraren deklarazioa eskatu badu, prozeduraren batean kaudimengabetzat jo badute, konkurtso-egoeran badago –bertan hitzarmen batek indarraldia hartu ezean–, kontu-hartze judizial baten pean badago edo, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, desgaitutzat jo badute, konkurtso-egoera deklaratzeko epaian ezarritako desgaikuntza aldia bukatu gabe.

8. Espedientea ixtean egiaztatzen baldin bada zenbateko aurreratuak zehaztu den laguntza baino handiagoak direla, dirua itzultzeko espedientea tramitatuko da.

9. Nolanahi ere, zerbitzu honek frogagiri osagarriak eskatzen ahalko dizkio NNPEKri, egoki baderitzo, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko, eta Administrazioaren datu-baseak kontsultatzen ahalko ditu, Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuta dituela egiaztatzeko.

2.–Aldaketa hau Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) erregistratzea.

3.–Ebazpen honen aurka, administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5.–Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko uztailaren 4an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F1708613