151. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MELIDA

Ordenantza, Administrazio elektronikoa arautzen duena.
Behin betiko onespena

Melidako Udalak, 2017ko martxoaren 16an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Administrazio Elektronikoa arautzen duen Ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2017ko maiatzaren 8ko 87. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen eta espedientea 30 eguneko epean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da eta ohartarazten ezen honako erabaki honen aurka –xedapen administratiboa baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Melidan, 2017ko ekainaren 23an. –Alkate-udalburua, José María Sesma Aznarez.

ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA.–Xedea eta aplikazio-esparrua.

1. artikulua. Xedea.

2. artikulua. Aplikazio-esparrua.

II. KAPITULUA.–Identifikazio- eta autentifikazio-sistemak.

3. artikulua. Identifikazio- eta autentifikazio-sistemak.

III. KAPITULUA.–Egoitza elektronikoa.

4. artikulua. Egoitza elektronikoa.

5. artikulua. Prozeduren katalogoa.

6. artikulua. Egoitza elektronikoaren edukia.

7. artikulua. Ediktuen taula elektronikoa.

8. artikulua. Publizitate aktiboa.

9. artikulua. Kontratatzailearen profila.

IV. KAPITULUA.–Erregistro elektronikoa.

10. artikulua. Erregistro elektronikoaren sorrera eta funtzionamendua.

11. artikulua. Erregistro elektronikoaren izaera eta eraginkortasuna.

12. artikulua. Erregistro elektronikoaren eginkizunak.

13. artikulua. Erregistro elektronikoaren arduraduna.

14. artikulua. Erregistro elektronikoan sartzea.

15. artikulua. Eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztea.

16. artikulua. Eskaerak, idazkiak eta komunikazioak errefusatzea.

17. artikulua. Epeen kontaketa.

V. KAPITULUA.–Jakinarazpen elektronikoak.

18. artikulua. Jakinarazpenen baldintza orokorrak.

19. artikulua. Jakinarazpen elektronikoak egitea.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.–Egoitza elektronikoa abian jartzea.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.–Erregistro elektronikoa abian jartzea.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.–Segurtasuna.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.–Datuak babestea.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.–Zerbitzuen Zuzentarauaren leihatila bakarra.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.–Garapena gaitzea.

ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.–Ordenantza honen xedapenak aplikatzea .

AZKEN XEDAPENA.–Indarrean sartzea.

I. KAPITULUA

Xedea eta aplikazio-esparrua

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da udal-administrazioaren alderdi elektronikoak arautzea, eta egoitza elektronikoaren, erregistro elektronikoaren eta administrazioko kudeaketa elektronikoaren araubide juridikoa sortu eta zehaztea. Horren bidez gauzatzen da herritarrek Udalaren zerbitzu publikoen sarbide elektronikoa erabiltzeko duten eskubidea.

2. artikulua. Aplikazio-esparrua.

Ordenantza hau aplikatuko zaio Udalari eta horren mendeko edo horri lotutako zuzenbide publikoko erakundeei, bai eta herritarrei ere, Udal-administrazioarekin dituzten harremanetan.

II. KAPITULUA

Identifikazio- eta autentifikazio-sistemak

3. artikulua. Identifikazio- eta autentifikazio-sistemak.

Erabiliko diren identifikazio eta autentifikazio sistemak ezarrita daude Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen I. tituluko II. kapituluan.

Udal-administrazioaren aurrean elektronikoki identifikatzeko garaian, interesdunek edozein sistema erabiltzen ahalko dute, betiere aldez aurreko erregistrokoa bada eta erabiltzailearen identitatea ziurtatzeko aukera ematen badu. Zehazki, ondoko sistema hauek erabiltzen ahalko dira:

a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko onartuetan edo gaituetan oinarritutako sistemak, aipatu ziurtagiriak Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak badira. Ondorio horietarako, aipatu ziurtagiri elektroniko onartuetan edo gaituetan sartuta ulertuko dira pertsona juridikoenak eta nortasun juridikorik gabeko entitateenak.

b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko onartuetan edo gaituetan oinarritutako sistemak, aipatu ziurtagiriak Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak badira.

c) Gako itunduko sistemak eta Udal-administrazioak ontzat eman dezakeen edozein sistema, ezartzen diren modu eta balditzetan.

Interesdunek edozein bitarteko erabili ahal izanen dute sinatzeko, betiere ziurtatzen bada adierazitako borondatearen eta adostasunaren egiazkotasuna, bai eta dokumentuaren osotasuna eta aldaezintasuna ere.

Interesdunek Udal-administrazioarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzea erabakitzen badute, honako bitarteko hauek onetsiko dira izenpetzeko:

a) Onartutako edo gaitutako eta aurreratutako sinadura elektronikoko sistemak, ziurtagiri elektroniko onartuetan edo gaituetan oinarritutakoak, aipatu ziurtagiriak Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak badira. Ondorio horietarako, aipatu ziurtagiri elektroniko onartuetan edo gaituetan sartuta ulertuko dira pertsona juridikoenak eta nortasun juridikorik gabeko entitateenak.

b) Onartutako edo gaitutako eta aurreratutako zigilu elektronikoko sistemak, ziurtagiri elektroniko onartuetan edo gaituetan oinarritutakoak, aipatu ziurtagiriak Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak badira.

c) Udal-administrazioak ontzat eman dezakeen beste edozein sistema, ezartzen diren modu eta baldintzetan.

Oro har, administrazio-prozeduran aurreikusitako edozein jarduketa gauzatzeko, nahikoa izanen da interesdunek aldez aurretik beren nortasuna egiaztatzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015) aurreikusitako edozein identifikazio-bitartekoren bidez.

Administrazio publikoek honako prozedura hauetarako baino ez diete eskatuko interesdunei sinadura nahitaez erabiltzeko:

a) Eskaerak egiteko.

b) Erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkezteko.

c) Errekurtsoak jartzeko.

d) Akzioetan atzera egiteko.

e) Eskubideei uko egiteko.

III. KAPITULUA

Egoitza elektronikoa

4. artikulua. Egoitza elektronikoa.

Udalaren egoitza elektronikoa eratzen da, honako URL honetan eskuragarri: https://melida.sedelectronica.es/.

Egoitza elektronikoaren titulartasuna udal-administrazioaren izanen da.

Egoitza elektronikoak printzipio hauek bete behar ditu: gardentasuna, publizitatea, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, erabilgarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.

Egoitza elektronikoa erabiliko da norbere burua identifikatzeko eta komunikazio segurua bermatzeko, webgunearen autentifikaziorako ziurtagiri onartua edo kualifikatua edo horren baliokidea erabiliz.

Egoitza elektronikoa erabilgarri egonen da herritarrentzat urteko egun guztietan eta egunaren hogeita lau orduetan. Mantentze-lan tekniko edo operatiboarekin lotutako arrazoi justifikatuak tartean direnean baino ezin izanen da eten egoitzaren erabilgarritasuna, eta ezinbesteko denboraz baino ez. Aurrez iragarri behar da etenaldia, egoitza elektronikoan bertan, kasuan-kasuan posible den aurrerapenarekin. Egoitzaren funtzionamendua ezustean eteten bada, posible den guztietan, erabiltzaileari horren berri ematen dion mezu bat helaraziko zaio.

5. artikulua. Prozeduren katalogoa.

Aipatu 39/2015 Legearen 53.1 f) artikuluan ezarritakoa betez, interesdunak eskubidea du, besteak beste, informazioa eta orientabidea jasotzeko indarreko xedapenen arabera egiteko asmoa duen proiektuek, jarduketek edo eskabideek bete beharreko baldintza juridiko edo teknikoei buruz.

Zentzu berean, 39/2015 Legearen 16.1 artikuluak ezartzen du erregistro bakoitzera sartzeko egoitza elektronikoan agertuko dela bertan egin daitezkeen tramiteen zerrenda eguneratua.

Ondorio horietarako, Udalak publikoki jakitera emanen du egoitza elektronikoko prozedura eta jarduketen katalogoa, eta eguneratua izanen du katalogo hori.

6. artikulua. Egoitza elektronikoaren edukia.

Egoitza elektronikoak legedi aplikagarrian ezarritako edukia izanen du; eta, edozein kasutan, honako hauek adieraziko dira:

a) Egoitza behar bezala erabiltzeko beharrezko informazioa, egoitza elektronikoaren mapa edo horren baliokidea den informazioa barne, nabigazio-egitura eta eskuragarri dauden atalak zehaztuz.

b) Egoitzako ziurtagiriak egiaztatzeko sistema; zuzenean eta doan eskuragarri egon beharko da.

c) Egoitzan onartu edo erabilitako sinadura elektronikoko sistemak.

d) Udal-administrazioak erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda (ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta horiek ematen dituztenen ezaugarriak barne), bai eta horiek egiaztatzeko sistema ere.

e) Erregistro elektronikorako sarbide bat eta egoitzaren bidez irisgarriak diren erregistro elektronikoa edo elektronikoak sortzeko xedapenerako sarbidea.

f) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa.

g) Informazio administratiboaren inbentarioa, Udalak emandako prozeduren eta zerbitzuen katalogoarekin.

h) Herritarrak Udal-administrazioarekin komunikatzeko duen eskubideaz baliatzean erabil ditzakeen baliabide elektronikoen zerrenda.

i) Iradokizunak eta kexak egiteko bitartekoak.

j) Espedientearen tramitazio-egoerarako sarbidea, halakorik dagoenean, interesdunak bere burua identifikatu ondoren.

k) Egoitzako organo edo organismo publikoek egindako eta egiaztapen-kode seguruarekin autentifikatutako dokumentuen egiazkotasuna eta osotasuna egiaztatzea.

l) Data eta ordu ofiziala.

m) Epeak zenbatzeko egun baliodun eta baliogabeen egutegia.

n) Adierazi eginen da zer egun eta ordutan dauden zabalik dokumentuak modu elektronikoan aurkezteko laguntza ematen duten bulegoak, interesdunek bitarteko elektronikoak erabiltzean laguntza jasotzeko duten eskubidea bermatuz.

o) Eguneratutako direktorio geografikoa, interesdunari bere etxetik gertuen dagoen erregistroen gaietan laguntza emateko bulegoa identifikatzen lagunduko diona.

p) Administrazio-organo, -zentro edo -unitateen indarreko identifikazio-kodeak.

q) Egoitzaren titulartasuna duen organoaren identifikazioa, bai eta kudeaketaren arduradunena eta bertan eskuragarri jartzen diren zerbitzuena ere eta, halakorik dagoenean, bertatik eratorritako azpiegoitzena.

7. artikulua. Ediktuen taula elektronikoa.

Egoitza elektronikoak ediktuen taula elektroniko bat izanen du. Bertan legearen eta araudien arabera zehazten diren ekintzak eta komunikazioak argitaratuko dira.

Udalak jakinarazpen edo ediktuen argitaratze-daten kontrola bermatuko du bitarteko tekniko egokiekin, epeak zenbatzeko ondorioetarako data horien egiaztapena ziurtatzeko.

8. artikulua. Publizitate aktiboa.

Udalak aldian behin emanen du argitara jarduketa publikoen funtzionamenduarekin eta kontrolarekin loturiko jardueren gardentasuna bermatzeko beharrezkoa den eguneratutako informazioa, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko Legeak (abenduaren 9ko 19/2013) xedatutakoaren arabera.

Alde horretatik, udalak honako hauek emanen ditu argitara:

–Erakundeei, antolakuntzari eta plangintzari buruzko informazioa.

–Garrantzi juridikoa duen informazioa, hau da, araudi propioak, hala ordenantzak edo araudiak nola zerga-araudiak edo izaera orokorreko beste edozein xedapen.

–Informazio ekonomikoa eta aurrekontuari buruzkoa, bai eta estatistikoa ere.

9. artikulua. Kontratatzailearen profila.

Egoitza elektronikotik Udalaren kontratatzailearen profilera sartzeko aukera egonen da, eta horren edukia bat etorriko da kontratazioari buruzko araudian xedatutakoarekin.

IV. KAPITULUA

Erregistro elektronikoa

10. artikulua. Erregistro elektronikoaren sorrera eta funtzionamendua.

Ordenantza honen bidez Udalaren eta haren mendeko zuzenbide publikoko erakundeen erregistro elektronikoa sortu da, funtzionamendu-araubidea zehaztu da eta ezarri dira bitarteko elektronikoen bidez egiten diren eskabide, idatzi eta komunikazioak aurkeztu eta bidaltzean bete beharreko baldintzak eta betekizunak.

Erregistro elektronikoaren funtzionamendua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015) eta ordenantza honetan ezarritakoaren arabera eginen da eta, horietan arautu ez diren alderdietan, aplikatzekoa den zuzenbide administratiboko araudian jasotakoaren arabera.

11. artikulua. Erregistro elektronikoaren izaera eta eraginkortasuna.

Udal honek erregistro orokor bat izanen du, eta, bertan, Udalean aurkeztutako edo jasotako dokumentu guztien idazpena eginen da.

Administrazio guzti-guztien erregistro elektronikoak guztiz elkarreragingarriak izanen dira, horien bateragarritasun informatikoa eta interkonexioa bermatuz, bai eta erregistroko idazpenak eta edozein erregistrotan aurkezten diren dokumentuak modu telematikoan bidaltzeko aukera emanez.

12. artikulua. Erregistro elektronikoaren eginkizunak.

Udalaren erregistro elektronikoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Idazkiak, eskabideak eta komunikazioak jasotzea, bai eta horien sarrerako idazpena egitea.

b) Eskabide, idazki eta komunikazioak aurkeztu izanaren ziurtagiri elektronikoak ematea.

c) Komunikazio eta jakinarazpen elektronikoak bidaltzea, bai eta horien irteerako idazpena egitea ere.

d) Legez edo arauz ematen zaien beste edozein.

13. artikulua. Erregistro elektronikoaren arduraduna.

Erregistro honen kudeaketaren erantzukizuna Udaleko Alkatetzarena izanen da.

14. artikulua. Erregistro elektronikoan sartzea.

Erregistro elektronikorako sarbidea «htpps://melida.sedelectronica.es/» URL helbidean dagoen Udalaren egoitza elektronikoaren bidez eginen da.

15. artikulua. Eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztea.

Administrazio honen aurrean modu presentzialean aurkeztutako dokumentuak digitalizatu egin beharko ditu dokumentu horiek jaso dituen erregistroen alorreko laguntza-bulegoak, 39/2015 Legearen 27. artikuluan xedatutakoaren arabera, horiek administrazio-espediente elektronikora sartzeko. Jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, arauaren arabera aurkeztutako dokumentuak administrazioak gorde behar dituen kasuen edo objektuak edo digitaliza ezin daitezkeen formatuan dauden dokumentuak aurkeztea nahitaezkoa den kasuen kalterik gabe.

Erregistro elektronikoak aukera emanen du eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko, eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan.

Erregistro elektronikoan egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialak erabiliko dira.

Erregistro elektronikoak modu automatikoan sortuko du egindako aurkezpenaren ziurtagiri bat, pdf formatuan eta onartutako identifikazio-sistemetako baten bitartez. Bertan azaldu beharko dira aurkezpenaren data eta ordua, erregistroko sarrera-zenbakia eta aurkezpen-formularioari atxikitako eranskinen zerrenda. Aurkezpenaren ziurtagiria ez ematea dokumentua ez jasotzearen baliokidea da, eta horren berri eman beharko zaio erabiltzaileari.

16. artikulua. Eskaerak, idazkiak eta komunikazioak errefusatzea.

Udal-administrazioak errefusatu ahal izanen ditu baldintza hauetan aurkezten diren dokumentu elektronikoak:

a) Kode gaiztoa dutenak edo sistemaren osotasuna edo segurtasuna arriskuan jar lezaketen gailuak dituztenak.

b) Dokumentu normalizatuak erabiltzen direnean, nahitaezko eremuak betetzen ez direnean edo dokumentuaren tratamendua ezinezko egiten duten inkongruentziak edo omisioak daudenean.

Erregistro elektronikoan aurkezten diren idazki eta komunikazioen eranskinak irakurgarriak eta ez-akastunak izanen dira. Normalean onartzen diren formatuak erabili ahal izanen dira (Udalaren egoitza elektronikoan publiko eginen dira horiek).

Kasu horietan, egoera horren berri emanen zaio dokumentua bidali duenari, dokumentua errefusatzeko arrazoiak jakinaraziz eta, posible denean, akats horiek zuzentzeko bitartekoak adieraziz. Interesdunak eskatzen duenean, dokumentua aurkezteko saiakuntzaren ziurtagiria emanen da, errefusatzeko arrazoiak adieraziz.

17. artikulua. Epeen kontaketa.

Interesdunek zein administrazio publikoek bete beharreko epeen kontaketari dagokionez, erregistro elektronikoa egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialek gobernatuko dute; horrek behar diren segurtasun-neurriak izanen ditu bere segurtasuna bermatzeko eta ikusgai egoteko.

Erregistro elektronikoa eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan egonen da erabiltzaileen eskura, salbu eta arrazoi teknikoak direla-eta beharrezkoak diren etenak direnean.

Epeen kontaketari dagokionez, honako hauek bete beharko dira:

–Epeak ordutan zehazturik badaude, ordu horiek baliodunak direla ulertu beharko da. Baliodunak izanen dira egun baliodun bat osatzen duten ordu guztiak.

Ordutan adierazitako epeak orduz ordu eta minutuz minutu zenbatuko dira dagokion ekintza egiten den ordu eta minututik, eta ezin izanen dute hogeita lau ordutik gorako iraupenik izan; horrelakoetan, egunetan adieraziko dira epeak.

–Epeak egunetan adierazten direnean, egun baliodunak direla ulertuko da; beraz, larunbatak, igandeak eta jaiegunak ez dira zenbatuko.

–Delako eskaera, idazki eta/oharra egun baliogabe batean sartzen bada, hurrengo egun balioduneko lehen orduan sartu dela ulertuko da. Horretarako, sarrerako idazpenean aurkezteko egun eta ordu hauek idatziko dira: dokumentua benetan jaso zeneko eguna eta ordua, baina hurrengo egun balioduneko lehen ordua adieraziko da sarrera-egun eta -ordu bezala.

–Eskabideen sarrera ezarritako epean egin dela ulertuko da, dagokion egunean hasten bada eta arrakastaz amaitzen bada. Epeen kontaketari dagokionez, baliagarria izanen da eta ondorio juridikoak izanen ditu erregistro-unitateak emandako ziurtagirian agertzen den sarrera-datak.

–Erregistro elektronikotik ez da irtengo inolako idazki edo komunikaziorik egun baliogabeetan.

–Udal Administrazioaren erregistro elektronikoari dagokionez, egun baliogabeak dira larunbatak, igandeak eta Estatuko, Nafarroako eta udalerriko hiriburuko laneko jaiegunen egutegi ofizialean zehaztutakoak. Ondorio horretarako, aukera izanen dute erabiltzaileek egoitza elektronikoan argitaratutako egutegia kontsultatzeko.

V KAPITULUA

Jakinarazpen elektronikoak

18. artikulua. Jakinarazpenen baldintza orokorrak.

Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez eginen dira lehentasunez, eta beti interesdunak horiek bide horretatik jasotzeko betebeharra duenean.

Aurrekoa gora-behera, administrazioek jakinarazpenak bitarteko ez-elektronikoen bidez egin ahal izanen dituzten honako kasu hauetan:

a) Interesduna edo bere ordezkaria bat-batean agertzen denean erregistroaren alorreko laguntza-bulegoetan eta une horretan komunikazio edo jakinarazpen pertsonala eskatzen duenean.

b) Administrazioaren jardunaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoa denean jakinarazpena zuzenean ematea jakinarazpena egin behar duen administrazioko langile batek.

Erabilitako bitartekoa edozein izanik ere, jakinarazpenak beti izanen dira baliodunak baldin eta honako hauek idatziz jasotzeko aukera ematen badute: jakinarazpena bidali dela edo erabiltzeko moduan jarri dela, interesdunak edo haren ordezkariak jaso duela edo bertan sartu dela, eduki guztia, eta bidaltzailearen eta hartzailearen nortasun fidagarria. Egindako jakinarazpenaren egiaztagiria espedienteari atxikiko zaio.

Jakinarazpen elektronikoak jasotzeko betebeharra ez duten interesdunek edozein unetan erabaki eta jakinarazten ahal diote administrazio publikoari, horretarako ezartzen diren eredu normalizatuen bidez, ondorengo jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egiteko edo bide horien bidez egiteari uzteko.

Interesdunek adostasun orokorra eman dezakete udal-administrazioko tramite guztietarako, edo tramite baterako edo batzuetarako, adierazten dutenaren arabera.

Interesdunak, halaber, prozeduraren tramitazioan, udal-administrazioarekin komunikatzeko modua aldatu ahal izanen du, hasieran hautatakoa ez beste bitarteko bat aukeratuz, hala une horretatik aurrera jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egiteko eskatuz nola jakinarazpen elektronikorako baimena atzera botaz eta jakinarazpenak postaz jasotzeko eskatuz. Kasu horretan, organo eskudunari jakinarazi beharko dio, eta ondorengo jakinarazpenak jasotzeko helbide postal bat adierazi.

Aldaketa horrek ondorioak izanen ditu organo eskudunaren erregistroan jaso eta hurrengo egunetik aurrera egiten diren jakinarazpenetarako.

19. artikulua. Jakinarazpen elektronikoak egitea.

Jakinarazpen elektronikoa agerraldi elektronikoaren bidez eginen da.

Agerraldi elektronikoaren bidezko jakinarazpenean interesduna, behar bezala identifikatuta, dagokion administrazioaren jarduketaren edukira sartzen da udal-administrazioaren egoitza elektronikoaren bidez.

Agerraldi elektronikoak jakinarazpenaren ondorioak izan ditzan, baldintza hauek bete behar dira:

–Edukira sartu aurretik, interesdunak abisu bat ikusi beharko du, bertara sartzean administrazioaren jarduketaren jakinarazpena jasoko duela adieraziko duena.

–Dagokion informazio-sistemak edukira sartzeko ordua jasoko du, data eta ordua adieraziz, eta une horretatik aurrera jakinarazpena egintzat joko da, legezko ondorio guztietarako.

Jakinarazpen-sistemak aukera emanen du honako hauek egiaztatzeko: jakinarazpenaren xede den ekintza interesdunaren esku jarri den eguna eta ordua, bai eta horren edukira sartzekoa ere.

Jakinarazpena bitarteko elektronikoz egitea nahitaezkoa denean, edo interesdunak espresuki hori aukeratu duenean, ez onartutzat joko da haren edukia ez bada eskuratu jakinarazpena eskura jarri zenetik hamar egun natural igarotakoan.

Lehenengo xedapen gehigarria.–Egoitza elektronikoa abian jartzea.

Egoitza elektronikoa ordenantza honen behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da abian.

Bigarren xedapen gehigarria.–Erregistro elektronikoa abian jartzea.

Erregistro elektronikoa ordenantza honen behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da abian.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Segurtasuna.

Egoitza eta erregistro elektronikoen segurtasuna, bai eta herritarren zerbitzu publikoetarako sarbidearena ere, Segurtasun Eskema Nazionalean ezarritakoaren arabera arautuko da.

Udalaren osoko bilkurak bere segurtasun-politika onartu beharko du, administrazio elektronikoaren esparruan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen Errege Dekretuaren (urtarrilaren 8ko 3/2010) 11. artikuluan ezarritako gutxieneko edukiarekin.

Egoitza elektronikoetan publizitatea eman beharko zaie dagozkien adostasun-adierazpenei eta segurtasun-bereizgarriei.

Ohiko auditoretza orokor bat egin beharko da gutxienez bi urtean behin. Informazio-sisteman aldaketa esanguratsuak egiten diren bakoitzean, horiek beharrezko segurtasun-neurrietan eraginik izan badezakete, ezohiko auditoretza bat eginen da, eta horren arabera ezarriko da bi urteko epea kontatzeko data. Auditoretza-txostenak Segurtasun Eskema Nazionalaren 34.5 artikuluan ezarritako edukia izanen du.

Laugarren xedapen gehigarria.–Datuak babestea.

Telekomunikazio-sareen bidez ematen diren zerbitzuek eta harreman juridikoek bete egin beharko dituzte Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa, bai eta informazioaren tratamendu automatizatua, jabetza intelektuala eta informazioaren gizarteko zerbitzuak arautzen dituzten xedapen espezifikoetan jasotakoa ere.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Zerbitzuen zuzentarauaren leihatila bakarra.

Udalak bermatu eginen du, bere eskumenen alorrean, zerbitzu-emaileek beren jardueran sartzeko eta jarduteko beharrezko informazioa eta formularioak jaso ahal izanen dituztela Zerbitzuen zuzentarauaren leihatila bakarraren bidez (www.eugo.es), bai eta agintari eskudunek beren eskarien inguruan eman dituzten ebazpenak eta gainerako komunikazioak ere. Xede horretarako, Udalak koordinazioa sustatuko du jarduera batean sartu eta jarduteko beharrezko formularioak normalizatzeko.

Seigarren xedapen gehigarria.–Garapena gaitzea.

Alkatetza-presidentetza gaitu da antolakuntzaren arloan beharrezko diren neurriak har ditzan, ordenantza honetako xedapenak garatzeko, eta beharrezko alderdi teknikoak alda ditzan, komeni denean, normalizazioa eta elkarreragingarritasuna direla-eta edo, oro har, teknologiaren garapenari egokitzeko.

Zazpigarren xedapen gehigarria.–Ordenantza honen xedapenak aplikatzea.

Ordenantza honetan jasotako xedapenak aplikatu eginen dira Udalaren tresna teknologikoen garapen-maila kontuan izanik; Udala saiatuko da bere aplikazioak unean-unean erabilgarri dauden konponbideetara egokitzen, beharrezko egokitzapen-aldien kalterik gabe. Horiek eskuragarri daudenean, horren berri emanen da egoitza elektronikoan.

Azken xedapena.–Indarrean sartzea.

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta ez da indarrean jarriko bere testua osotasunean argitara eman arte eta Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen Legearen (apirilaren 2ko 7/1985) 65.2 artikuluan aurreikusitako epea igaro arte. Indarrean izanen da espresuki aldatu edo indargabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L1707762