151. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

“Burlatako 0-3 Haur Eskola” kudeatzeko modua zuzeneko kudeaketara aldatzeko espedientea, eta Udalaren Merkataritza Sozietateko Estatutuen onespena. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2017ko uztailaren 27an eginiko osoko bilkura arruntean, besteak beste, ondoan idatzita dagoen erabakia hartu zuen:

Udalak, 2017ko maiatzaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen “0-3 Haur Eskola” zerbitzu publikoaren kudeaketa moduaren aldaketa egiteko komenentzia eta aukeraren justifikazio-memoria, zeharkako kudeaketatik zuzenekora aldatuz, Udalaren Merkataritza Sozietatea sortuz eta estatutuen proiektua landuz. Sozietatearen kapital guztia Udalarena da, aipatu zerbitzu publikoa kudeatzeko.

Osoko bilkuraren delako erabakia jendaurrean jarri zen eta 2017ko 106. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu. 30 egun naturaleko epean EZ da alegaziorik edo oharpenik egin.

Legez ezarritako izapideak eginda, Idazkaritzaren txostena ikusirik, eta Udalaren Zerbitzu Orokorren Informazio Batzordeak 2017ko uztailaren 18an emandako aldeko irizpena kontuan hartuz,

ERABAKI DA:

Lehendabizikoa.–Behin betiko onestea “0-3 Haur Eskola” zerbitzu publikoaren kudeaketa moduaren aldaketa egiteko komenentziaren eta aukeraren justifikazio-memoria, zeharkako kudeaketatik zuzenekora aldatuz, Udalaren Merkataritza Sozietate bat sortuta.

Bigarrena.–Behin betiko onestea, emandako txostenaren ondoriozko aldaketekin, Udalaren Merkataritza Sozietatea arautuko duten estatutuak. Sozietatearen kapital guztia Udalarena da, eta helburua du 0-3 lehen zikloko Haur Hezkuntzako Udal eskolako zerbitzua ematea eta zuzenean kudeatzea Burlatako udalerrian.

Hirugarrena.–Behin betiko onestea “Bizkarmendia, S.L.” izena eta kapital guztia Udalarena duen Merkataritza Sozietatea eratzea, helburua duena 0-3 lehen zikloko Haur Hezkuntzako Udal eskolako zerbitzua kudeatzea eta garatzea Burlatako udalerrian. Helburua du, halaber, haur eta gazteentzako eskolaz kanpoko, aisialdiko eta denbora libreko jarduerak sustatu, antolatu eta kudeatzea. Sozietatea hezkuntzako zinegotzigoari/arloari atxikia egonen da, indarra duen udalaren antolamenduaren arabera.

Kapital soziala 3.300 eurokoa izanen da, sozietateko 110 partaidetza banaezin eta metagarritan zatitua. Partaidetza bakoitzak 30 euroko balio izendatua du eta elkarren segidako zenbaki bana dute, 1etik 110era bitartekoak. Udal honek, kapital sozial gisa, hiru mila eta hirurehun euroko zenbatekoa jarri eta ordainduko du (3.300 euro) eta partaidetza guztien titular bakarra izanen da.

Laugarrena.–Erabaki hau eta Estatutuen testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bostgarrena.–“Bizkarmendia, S.L.” Sozietatearen eraketa eskritura publikoan jasotzea eta Merkataritza Erregistroan inskribatzea, eta Alkatetzari baimena ematea, erabaki honek eragina izateko behar diren agiri guztiak sina ditzan.

Seigarrena.–Baimena ematea, halaber, Notarioaren aurrean edo, behar bada, Merkataritza Erregistroaren aurrean behar dena argitzeko edo zuzentzeko, Udal sozietatea Erregistroan inskribatzeari dagokionez. Hori eginik, eraginik gabe geldituko da baimena, berariaz ezeztatu beharrik izan gabe.

Zazpigarrena.–Deklaratzea osoko bilkurak Batzar Orokorraren eginkizunak bereganatuko dituela, eta ondoko udalkideak izendatuko dituela Administrazio Kontseiluko kide, ukatu gabe gero izendatu daitezkeela eratzeko eskrituran.

–Lehendakaria: Udaleko Alkatea, José-María Noval Galarraga.

–1. Batzordekidea: Lourdes Garrido Belza, Burlatako Udaleko zinegotzia.

–2. Batzordekieda: Xabier Maiza Mayo, Burlatako Udaleko zinegotzia.

–3. Batzordekidea: Ramón Alzorriz Goñi jauna, Burlatako Udaleko zinegotzia.

–4. Batzordekidea: Juan Carlos González Muñoz, Burlatako Udaleko zinegotzia.

Burlatan, 2017ko uztailaren 28an.–Alkatea, José-María Noval Galarraga.

“BIZKARMENDIA, S.L.” UDAL SOZIETATEAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

1. artikulua.

“Bizkarmendia, S.L.” izeneko merkataritza sozietatea eratu da, toki erakunde baten eremuko eta erantzukizun mugatuko sozietate gisa. Kapitaleko Sozietateei buruzko Legea, toki erakundearen gaineko legeak eta estatutu hauek izanen ditu arau.

2. artikulua.

“Bizkarmendia, S.L.” erantzukizun mugatuko sozietatea da, udal enpresa den aldetik, eta nortasun juridikoa izanen du bere xedeak betetzeko, legezko xedapenetan eta estatutu hauetan ezarritako mugak gainditu gabe.

3. artikulua.

Sozietatearen helburua udal ekintzan eraginkortasun handiagoa lortzea da. Horretarako, sozietateak xede hauek ditu:

1. 0-3 lehen zikloko Haur Hezkuntzako Udal eskolako zerbitzua ematea eta kudeatzea Burlatako udalerrian.

2. Haur eta gazteentzako eskolaz kanpoko, aisialdiko eta denbora libreko jarduerak sustatu, antolatu eta kudeatzea.

Helburu hori garatzeko, hurrengo eginkizunak gauzatuko dira:

a) Obrak eta zerbitzuak kudeatu eta ustiatzea, horretarako kontzesioa lortuz gero, kasu bakoitzean aplikatu beharreko arauei jarraituz.

b) Bereak izanik, Udalak sozietateari atxikitzen dizkion egungo eta etorkizuneko lokalak eta orubeak kudeatu eta ustiatzea.

Sozietate hori Udalaren beraren bitartekotzat eta zerbitzu teknikotzat hartuko da.

4. artikulua.

Aurreko artikuluan aipatutako jarduerak Sozietateak gauzatzen ahalko ditu zeharka, helburu berdin edo antzekoa duen edozein elkartetan (nortasun juridikoa izan ala ez) parte hartuz.

5. artikulua.

Sozietateak mugarik gabeko iraupena izanen du, eta eraketaren eskritura egiten den egunean hasiko da jardunean.

6. artikulua.

Burlatako udalerrian (Nafarroa) egonen da helbide soziala, Larraiñetako plaza, zk.g. (Udaletxea).

Administrazio organoak sozietatearen helbidea udal mugape bereko beste toki batera aldatzeko eskumena izanen du.

II. KAPITULUA

7. artikulua.

Kapital soziala 3.300 eurokoa izanen da, sozietateko 110 partaidetza banaezin eta metagarritan zatitua. Partaidetza bakoitzak 30 euroko balio izendatua du eta elkarren segidako zenbaki bana dute, 1etik 110era bitartekoak, biak barne. Burlatako Udalak kapital osoa harpidetu eta ordainduko du, eta kapitala osatzen duten partaidetza guztien titular bakarra izanen da, Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 89. artikuluan xedatutakoaren arabera. Kapitala ezin da transferitu eta enpresaren xederako baizik ezin da erabili, baina handitu edo txikitu egin daiteke, legezko xedapenei jarraituz.

Kapital soziala handitu edo txikitzen ahalko da, Batzar Orokorrak hala erabakitzen badu. Aitzinetik Administrazio Kontseiluak idatzizko txostena eginen du horrelako aldaketa justifikatzeko.

III. KAPITULUA

8. artikulua.

Sozietatea zuzendu eta administratzeko organoak honakoak izanen dira:

–Batzar Orokorra.

–Administrazio Kontseilua.

–Gerentzia.

9. artikulua.

Batzar Orokorra sozietatearen organo gorena da. Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 92. artikuluan xedatu bezala, Burlatako Udalbatzako kideek eratuko dute, berariaz hala eratzeko deia egiten denean. Udalbatzako burua izanen du buru, edo Batzarrak izendatzen duen pertsona.

10. artikulua.

Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 92. artikuluan xedatutakoaren arabera, Batzar Orokor gisa eratutako Udalbatzaren funtzionamendua, prozedurari eta erabakiei dagokienez, toki araubideari buruzko legeei lotuko zaie, eta gainerako gai sozialetan erantzukizun mugatuko sozietateen araubideari buruzko arauak aplikatuko dira.

11. artikulua.

Udalbatzak, sozietatearen Batzar Orokor gisa diharduenean, honako eginkizunak izanen ditu:

–Administrazio Kontseilua izendatu, berritu edo berrestea, estatutu hauetan ezarritakoari jarraituz.

–Estatutuak aldatzea.

–Kapitala handitu edo murriztea.

–Inbentarioa, balantzeak, emaitzen kontua, memoria eta kudeaketari buruzko urteko txostena onestea.

–Auditoreak izendatzea.

–Kapitaleko Sozietateei buruzko legeak Batzar Orokorrari ezartzen dizkion gainerako eginkizunak.

12. artikulua.

Batzar Orokorra urtean behin bilduko da derrigorrean bilkura arruntean, lehen seihilekoan, sozietatearen kudeaketa zentsuratzeko edo onesteko, hala behar denean aurreko ekitaldiko kontuak eta balantzea onesteko, mozkinen xedea erabakitzeko, halakorik bada (mozkinak objektu sozialaren zerbitzua hobetzeko bakarrik erabili ahal izanen dira) eta bilkurako gai zerrendari eutsiz bere eskumeneko aferei buruzko erabakiak hartzeko.

13. artikulua.

Aurreko artikuluan aipatutako bilkura arruntaz gain, Batzar Orokorrak bilkura berezia eginen du behar den guztietan, aldez aurretik lehendakariak deituta, Administrazio Kontseiluak edo gutxienez Udalbatzako legezko kideen laurdenak hala eskatuz gero.

14. artikulua.

Udalbatzako kide guztiak bildu eta aho batez batzarra egitea erabakitzen badute, Batzar Orokorra deituta eta edozein gairi heltzeko modu baliozkoan eratuta geldituko da.

15. artikulua.

Batzar Orokorreko idazkariak bilera bakoitzeko akta eginen du. Batzar Orokorraren aktak Udalbatzarenak bezala onetsiko dira, eta ondorio berak izanen dituzte. Sozietateko Batzar Orokorraren Akten Liburu Berezian inskribatuko dira, lehendakariak eta idazkariak sinatuta, eta idazkariak zainduko ditu.

16. artikulua.

Batzar Orokorreko kide ez diren Administrazio Kontseiluko kideek haren bilkuretan parte hartzen ahalko dute, hizpidearekin baina botorik gabe, bai eta kudeatzaileak ere.

17. artikulua.

Administrazio kontseiluak zuzenduko du sozietatea. Kontseiluak gehienez bost (5) kide izanen ditu, Batzar Orokorrak izendatuak. Kideak Udalbatzako talde politiko guztiek proposatu beharko dituzte, osoko bilkuran duten proportzionaltasun printzipioarekin bat.

Batzar Orokorrak lau urterako izendatuko ditu kontseilukideak, baina Udalbatzako kide diren aldetik izendatuak izan direnek izaera hori galduz gero kontseilukide izateari utziko diote besterik gabe, kide berriek ordezten dituzten unean bertan. Kargu-uzte hori berariaz erabaki beharko du Batzarrak eta, ondoren, Merkataritza Erregistroan inskribatu beharko da.

18. artikulua.

Udalbatzako kideek Administrazio Kontseiluan parte hartzen ahalko dute. Kontseilukideek ordezkaritza karguetan aritzeko desgaitasun eta bateraezintasunak izan ditzakete, indarra duen legerian ezarritakoak.

Administrazio Kontseiluko burua Burlatako Udaleko alkatea izanen da, kontseilukidea bada, edo zinegotzi bat, Batzar Orokorrak izendatutako kontseilukidea bada. Administrazio Kontseiluak izendatutako kontseiluko buruordea kontseiluburuaren lekuan ariko da hura kanpoan, gaixorik edo karguan aritzeko ezindurik dagoenean, eta haren ahalmen guztiak izanen ditu.

Kontseiluak berak izendatuko du bere idazkaria. Kontseiluko kidea nahiz Kontseilutik kanpokoa izan daiteke eta, hala denean, hizpidea bai baina botorik ez du izanen Kontseiluaren bileretan.

Edozein kontseilukidek proposatuz gero, Administrazio Kontseiluaren bileretan parte hartzen ahalko dute alkate-udalburuak, Kontseiluko burua bada, edo, kasua bada, burutzan dagoenak izendatutako teknikari adituek, hizpidea dutela baina botorik gabe. Orobat, Haur Eskolako familien ordezkariak gonbidatuak izaten ahalko dira Kontseiluaren bileretara, hizpidea dutela baina botorik ez.

Kontseilari karguak dohainik dira.

19. artikulua.

Kontseiluak bilkura arrunta sei hilean behin gutxienez eginen du, eta bilkura berezia, berriz, kontseiluburuak dei egiten duenean edo gutxienez bi kontseilukidek hala eskatzen dutenean. Bilkurak sozietatearen egoitzan edo Kontseiluak hautatzen duen tokian eginen dira.

Kontseiluburuari edo haren ordezkoari dagokio deialdiak egitea, gai zerrenda eta guzti. Deialdia kontseilukideei banan-banan jakinarazi behar zaie fax edo hartu-agiriarekiko posta ziurtatuarekin, bilkurarako ezarritako ordua baino berrogeita zortzi ordu lehenago, gutxienez.

Kontseilua modu baliozkoan eratuko da kontseilukideen erdiak gehi bat edo haien ordezkariak bilduz gero. Kontseilukide bakoitzak beste bati eman ahalko dio bere ordezkaritza, baina bilkurako inork ezin izanen ditu bi kontseilukide baino gehiago ordezkatu.

Erabakiak bilkurara agertutako edo bertan ordezkatutako kontseilukideen gehiengo osoaz hartuko dira, eta berdinketarik gertatuz gero, lehendakariaren edo haren ordezkoaren botoak ebatziko du.

Administrazio Kontseiluaren erabakiak aktetan jasoko dira eta aktak liburu egokian transkribatuko dira. Kontseiluburuak edo haren ordezkariak eta Kontseiluko idazkariak sinatuko dituzte aktak.

20. artikulua.

Kontseiluak sozietatearen negozioak kudeatuko ditu, igorpen eta trafiko eragiketak eginen ditu eta sozietatea ordezkatuko du, hala epaiketan nola epaiketatik kanpo. Bereziki, jarduera horiei dagokienez, legeak eta estatutuek Batzar Orokorrerako gordetzen ez dituzten ahalmenak eman zaizkio Kontseiluari. Gainera, ondotik aipatzen diren ahalmenak izanen ditu, besteak beste:

1. Ondasun higigarriak eta higiezinak, landalurrekoak nahiz hirilurrekoak, eskubide gorpuzgabeak kontzesioak, lizentziak, patenteak, hornidurak eta errentamenduak administratu, eskuratu, baliatu eta, oro har, besterendu eta kargatzeko egintza guztiak, eta horiei dagokienez, mota horretako guztiak eratu, geroratu, aldatu, subrogatu eta azkentzen ahalko ditu; era berean, hipotekak eta oro har eskubide errealak eratu, aldatu eta azkentzen ahalko ditu.

2. Elkarketak, eransketak, zatiketak, bereizketak, hondarren eta obra berrien deklarazioak egitea, horiek jabetza horizontalaren araubidean eratuz, kuotak edo elementu komun eta gastuen partaidetzak esleituz, sortzen diren elkarteak arautzea egokitzat jotzen dituen arau edo estatutuen bidez, deskripzioen zabalkuntzak, azaleren zuzenketak eta beste kontzeptu batzuenak egitea, zortasunak eta gainerako eskubide errealak eratu eta iraungitzea.

3. Sozietateko langileak izendatzea eta bereiztea, haien soldatak eta ordainsariak finkatzea, behar diren zuzenketak egitea eta langileak kaleratzea; arrisku mota guztietarako aseguratzea, istripuak barne; hauteskunde sindikaletan edo lan hauteskundeetan parte hartzea eta ematen zaizkion karguak onartzea.

4. Sozietatearen afera eta negozio guztien barne eta kanpo kudeaketan aritzea; kontabilitatearen ardura izatea eta legeak eskatzen dituen kontabilitate liburuak erabiltzea; kontuak, kanbio-letrak, igorpen eta trafikoko gainerako agiriak eta erresaka kontuak formalizatu eta aurkeztea.

5. Kontu korronteak eta kreditu kontuak irekitzea aurrezki kutxetan eta edozein bankutan, edo sozietate eta entitate pribatu nahiz publikoetan, eta haiek baliatzea, txekeak, ordainketa aginduak eta gainerako agiriak emanez.

6. Era guztietako zorrak, libramenduak eta ordainketa aginduak kobratu eta ordaintzea, horien gainean ordainagiriak eta ordain gutunak ematea eta bermeak kitatzea, hipoteka-bermeak eta pignoraziozkoak barne; zorren ordainketa gisa edozein motatako ondasunen lagapenak onartzea, higigarrien eta eskubide errealen lagapenak barne, eta eskubideak eta aukerak onartzea; lurreko, itsasoko eta aireko garraioak kontratatzea; salgaiak, gutunak, ziurtagiriak, igorpenak, telegramak eta gutuneria orokorra jasotzea aduana, aireportu, tren geltoki, biltegi edo gordailuetatik, baita administrazioetatik eta telegrafo zerbitzuetatik ere.

7. Zenbatekoak eskudirutan maileguz hartzea edozein entitateri eta beste edozein establezimenduri, komeni diren interes eta baldintzekin, adibidez, eta nolanahiko bermeak onartu eta ematea, baita hipoteka-bermeak ere.

8. Sozietatearen memoria, inbentarioa eta balantzea idatzi eta prestatzea, galera eta irabazien kontuan, eta funts berezien ezarpenari buruz erabakitzea.

9. Sozietatea ordezkatzea epaiketan eta epaiketatik kanpo, agintari, entitate eta norbanakoen aurrean, estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako eta udalerrietako erakunde eta bulegoen aitzinean, maila, mota eta jurisdikzio guztietako magistratura, epaitegi eta auzitegien, Etxebizitzako ordezkaritzen edo haien eskumenak bere gain dituen erakundearen, Ogasun, Industria eta Lan ordezkaritzen, Trafiko, Herri Lan eta Hirigintza burutzen eta Estatuko Administrazioko beste edozeinen aitzinean, espedienteetan, ekintzen eta salbuespenen erabilpenean, sustatzaile, jardule, laguntzaile edo demandatu gisa, edozein dela ere espedientea, epaiketa edo jurisdikzioa, eta haietan probak proposatzea, lekukoak errefusatzea, funtzionarioak ezestea, errekurtsoak paratzea, prozeduretan etsi eta amore ematea, fidantzak eta gordailuak eratu eta garaiz kentzea, posizioei erantzutea eta epaiketan aitortzea.

10. Sozietatearen xedeak betetzea eta horretarako aurretik egin behar diren urrats guztiak egitea.

11. Enkanteetan, lehiaketetan eta zuzeneko lehiaketetan parte hartzea, zerbitzuak, obrak eta produktu, material edo manufaktura-gaien hornidurak kontratatzeko; agiriak, aitorpen edo dokumentuak aurkeztea; behin-behineko eta behin betiko esleipenak onartzea.

12. Ahalorde orokor edo bereziak ematea, bere eginkizun guztiak edo batzuk besteren esku uzteko; auzitegietako prokuradoreak eta legelariak izendatzea, epaiketan ordezkari aritzeko behar diren ahalmenak emanez; emandako ahalordeak ezeztatzea eta ordezpenak baimentzea; mota guztietako notario-aktak eskatzea; jakinarazpen eta errekerimenduak egin, jaso eta erantzutea; agiri publiko eta pribatuak formalizatzea eta, oro har, bere jarduera berezia garatzeko behar den guztia egitea.

13. Sozietateko kudeatzailea izendatzea.

14. Ekitaldi ekonomiko bakoitzaren amaieran, sozietateak aurreko ekitaldian egindako kudeaketari buruzko memoria aurkeztea Udalbatzari.

21. artikulua.

Kontseiluburuari dagokio ordezkapen ahalordea, estatutuetan zehaztutako xede sozialean sartzen diren egintza guztietan.

22. artikulua.

Administrazio Kontseiluak kudeatzaile bat izendatuko du, zuzendaritza, kudeaketa eta betearazpen arloetako ahalmenak izanen dituena.

Gerentziaren eginkizunak Toki Entitateen Zerbitzuei buruzko 1995eko ekainaren 17ko dekretuaren 75. artikuluan ezarritakoak dira. Gerentziaren ebazpenak gai-zerrendan sartuko dira administrazio kontseiluaren saio bakoitzean, kide guztiek horren berri izan dezaten.

Orobat, Gerentziak Haur Eskolako Zuzendaritza Pedagogikoa izanen du bere gain.

23. artikulua.

Sozietateak bere eginkizunetarako behar dituen teknikari, administrari eta menpeko langile guztiak Administrazio Kontseiluak izendatuko ditu, kudeatzailearen proposamenari jarraituz, halakorik bada.

Langile guztiak enpresaren plantillan sartuko dira eta enpresarekin lan harremana izanen dute.

Langileak aukeratzeko (kudeatzailea, hezitzaileak, administrariak eta menpeko langileak), enplegu publikoan sartzeko mekanismoak aplikatuko dira nahitaez (publizitatea eta lehiakortasun librea), bai eta gaitasun, merezimendu eta berdintasun printzipioak ere.

IV. KAPITULUA

24. artikulua.

Sozietatearen ondareak biltzen ditu sozietatearen kapitala eta haren jabetzako era guztietako ondasun eta eskubideak, erosketetan, zuzeneko sustapenetan eta sozietatearen funtsekin egindako eragiketetan eskuratuak edo Burlatako Udalaren, Foru Komunitatearen, beste autonomia erkidego batzuen, probintzien edo udalerrien, Estatuaren edo norbanakoen lagapen, dohaintza eta diru-laguntzen bidez lortuak.

25. artikulua.

Sozietatearen ondareak baliabide hauek biltzen ditu:

–Sozietatearen kapitala, ondasunen, kredituen eta eskubideen errentak, emaitzak edo interesak.

–Burlatako Udalak ematen dizkion diru-laguntzak.

–Burlatako Udalak, Foru Komunitateak, beste autonomia erkidegoek, Estatuak, probintziek eta udalerriek edo partikularrek ematen dizkioten diru-laguntza, sorospen eta emariak.

–Ondasunak besterenduz eskuratzen dituen baliabideak.

–Kontratatzen dituen mailegu edo kreditu eragiketetatik datozenak.

–Entitate edo norbanakoek ematen dizkioten aurrerakinak, eta sozietateak lortzen ahal dituen legezko diru-sarrera guztiak.

V. KAPITULUA

26. artikulua.

Sozietatearen ekitaldia urte naturala bera izanen da.

Ekitaldi ekonomikoa amaitu ondoko hiru hilabetean sozietateak aurreko ekitaldiko kudeaketaren kontuak emateko balantzea eginen du, eta legezko epearen barnean Udalbatzari aurkeztuko dio, Batzar Orokor gisa onets dezan. Balantzearekin batera, egindako jardueraren eta lortutako emaitzen gaineko memoria aurkeztuko dio. Udalbatzak zentsura eginkizunak beteko ditu, zer zuzendu behar den adieraziz, eta, behar denean, erantzukizuna eskatuz.

27. artikulua.

Toki araubideari buruzko legerian eta Kapitaleko Sozietateei buruzko Legean aurreikusitako kasuetan sozietatea desegin eginen da, Batzar Orokorraren erabakiaren bidez.

Sozietatea likidatu behar izanez gero, Batzar Orokorrak likidazio batzordea izendatuko du. Batzordeko kideen kopurua bakoitia izanen da. Likidazio batzordea izendatzeak Administrazio Kontseiluaren ahalmenen amaiera ekarriko du.

Likidazio aldia burutu arte, Batzar Orokorrak urteko bilkura arruntak eta deitu behar diren bilkura berezi guztiak egiten jarraituko du, indarra duten xedapenen arabera.

Iragarkiaren kodea: L1709131