151. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

182E/2017 EBAZPENA, ekainaren 21ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Esako udal-mugartean 13,2 kV-eko lurpeko linea NA-15749 zutoinetik Esako EUTEra berritzeko proiekturako. Sustatzailea Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatea da.

2017ko maiatzaren 29an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Proiektatutako jarduketan, 13,2 kV-eko lurpeko linea elektriko berria egin gogo da, 160 metro inguruko luzera izanen duena, aurretik dagoen euskarri baten eta Esako EUTEren artean, aurretik dagoen beste linea bat ordezteko; izan ere, sakonera txikian eraiki zenez, lur gainean agertzen da zenbait puntutan, eta horrek saihestu beharreko arriskuak sorrarazten ditu (elektrokuzioa, linearen etenak eta abar). Linea berria aurrekoaren parean doa gutxi gorabehera. 50 cm-ko zabalera duen zanga baten barruan eta PVCzko 2 tutu izanda eraikiko da, 80 cm-ko kota gorria duen hareaz finkatuta. Zanga betetzeko, hegaleko hondeaketatik ateratako materiala erabiliko da, eta landare-lurra jarriko da berriro. Obrek ukitzen duten hegala Esatik Lasaitasuna urbanizaziora sartzeko errepidearen eta Esako EUTEren artean dago, eta bertan sastraka mediterraneoak eta arteak daude.

Espedientean Esako Udalaren txostena jasotzen da. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak jakinarazi du jarduketa baimenduta dagoela eta 11.2.a) artikuluaren barnean dagoela. Hori dela eta, ez du lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluarekin bat. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: Esako udal-mugartean 13,2 kV-eko lurpeko linea NA-15749 zutoinetik Esako EUTEra berritzea. Sustatzailea Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatea da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Obrak hasi aurretik, lan eremua, makinak pasatzeko eremuak eta materialak pilatzekoak zehaztuko dira. Ahalik eta gutxien ukituko da berezko landaredia, batez ere zuhaitzak, lan eremua ahalik eta txikiena izaten saiatuko baita. Gune horietan balizekin mugatuko da eremua.

–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan, baita ondoko lurretan ere. Obrek aldi baterako edo iraunkorki ukitutako gainazalak lur geruzaz estaliko dira; hura aldez aurretik kendu, eta behar bezala metatuko da irekitako zangen albo batean. Bertako belar hazi nahastuez ereinen dira azalera horiek.

–Baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko du zangak betetzeko erabiltzen ez den hondeaketa lurra.

–Zaharkituta geratzen diren azpiegitura guztiak (kableak, kutxetak eta abar) desmuntatu, eta baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu.

–Zuhaitzak ukitu behar badira, beharrezkoa izanen da Ingurune Naturalaren Zerbitzuko Pirinioaldea Kudeatzeko Atalaren baimena lortzea.

–Obrak abiarazi baino lehen, sustatzaileak gutxienez 72 ordu lehenago abisatu beharko dio Basozaintzari (609 907 084; ogfotafa10@cfnavarra.es), obren zuinketa ikuska dezan.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Esako Udalari, Basozaintzari (Tafalla-Zangoza barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko ekainaren 21ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1707943