150. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

257/2017 FORU AGINDUA, uztailaren 3koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, ordainketa bakarreko laguntza ekonomikoen oinarri arautzaileak onesten dituena, 2017tik 2020ra bitarteko kuotetarako diru-sarrera nahikorik ez duten familia gurasobakarrei etxebizitzak alokatzen laguntzeko.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak, besteak beste, honako eginkizun eta helburu hauek ditu: Familiari Laguntzeko Planean aipatzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea eta familiarentzako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea eta horien jarraipena egitea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Foru agindu honen xedea da diru-sarrera nahikorik ez izateagatik pilatuta bizi diren familia gurasobakarrei etxebizitza duin batean alokairu araubidean sartu eta egoten laguntzeko laguntza ekonomikoak ematea arautuko duten oinarri arautzaileak ezartzea; egoera horretan, familia unitateko kide guztiek etxebizitza partekatu bateko logela bakarrean bizi izan behar dute.

Laguntza hau banakako ebaluazioaren bidez emanen da, hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Deialdi bakoitzerako erabilgarri dauden aurrekontuak agortzen direnean, eskaerak ezetsi eginen dira.

Laguntza horietarako zuzkidura osoa aurrekontu-ekitaldi bakoitzari dagokion gastuen partidan ezarriko da, eta aurreikusitako gastua baimenduko da, baita laguntza bakoitzerako zenbateko zehatzak ere.

Espedientean dauden txosten tekniko eta juridikoak ikusirik, non agerian gelditzen baita laguntzak ematea egokia eta interes sozialekoa dela eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, eta ikusirik, orobat, Nafarroako Gobernuaren 2017ko ekainaren 28ko Erabakia, laguntza hauek banakako ebaluazio araubidearen bitartez ematea baimentzen duena.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ordainketa bakarreko laguntza ekonomikoak emateko oinarri arautzaileak onestea 2017tik 2020ra bitarteko kuotetarako diru-sarrera nahikorik ez duten eta pilatuta bizi diren familia gurasobakarrei etxebizitzak alokatzen laguntzeko. Oinarri horiek eranskinean jaso dira.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

3. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

4. Foru agindu hau Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari eta Eskubide Sozialetako Departamentuko Kontabilitate Zentroari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari igortzea.

Iruñean, 2017ko uztailaren 3an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

1. ERANSKINA

Diru-sarrera nahikorik ez duten familia gurasobakarrei etxebizitzen alokairuaren arloko laguntza ekonomikoak emateko oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea ordainketa bakarreko laguntza ekonomikoak banakako ebaluazioaren araubidean ematea da, diru-sarrera nahikorik ez duten eta pilatuta bizi diren familia gurasobakarrei etxebizitza batean alokairu araubidean sartu eta egoten laguntzeko.

Bigarrena.–Terminoen glosarioa.

Oinarri hauen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira kontuan:

1. Pilaketa: gurasoak eta haren ardurapeko adingabeek osatutako familia unitate gurasobakarra 2 pertsonakoa edo gehiagokoa izatea eta logela bakarrean bizi izan beharra edukitzea.

2. Familia unitatea: gurasoak eta seme-alabek hirugarren oinarrian ezarri bezala osatutakoa. Horretarako, gurasoa izanen da aita ala ama. Halaber, izaera horrekin parekatzen da tutoretza edo familia-harrera iragankorra (urtebetetik gorakoa) edo iraunkorra haren ardurapean duen pertsona, baldin eta adingabeak harekin batera bizi badira haren ardurapean.

3. Familia gurasobakarra:

Heldu batek eta haren seme-alaba adingabeek osatutakoa, honako kasu hauetan:

a) Gurasoetako bakar batek legez aitortutako seme-alabak.

b) Alargun batek eta haren ardurapeko seme-alabek osatutako familiak.

c) Banantzearen edo dibortzioaren ondorioz gurasobakartasun egoeran daudenak.

d) Guraso-ahalaren etenaldi iragankorra edo behin betikoa (urtebetekoa, gutxienez) dutenak, baldin eta guraso eskatzaileak jagoletza esklusiboa badu.

e) Dagokion ebazpen administratibo edo judizialaren bidez adingabe bat edo batzuk harreran (urtebetez, gutxienez) dituen guraso eskatzailea dutenak.

f) Halaber, senar-emazteek edo izatezko bikoteek osatutako familiak, baldin eta genero indarkeriagatik elkarrekin bizi ezin badira edo gastua onesten den ekitaldi berean kide bat espetxean badago gutxienez 6 hilabetez etengabe.

Ezin izanen da inola ere familia gurasobakarra izan edozein motatako homizidioen dolozko delitua egiteagatik epai judizial irmoaren bidez zigortu den alarguna, biktima ezkontidea edo ezkontide ohia bazen edo antzeko afektibitate harreman batengatik hari lotuta zegoen pertsona bazen.

Hirugarrena.–Onuradunak.

1. Laguntza honen onuradun izanen dira aurreko oinarrian definitu diren familia gurasobakarrak, diru-sarrera nahikorik ez izateagatik etxebizitza eskuratzeko zailtasun larriak dituztenak eta pilatuta bizi direnak, honako inguruabar hauetan:

a) Seme-alabek guraso eskatzailearekin bizi beharko dute. Alde horretatik, ulertzen da ikasketek, lanak, tratamendu medikoak, errehabilitazioak edo antzeko arrazoiek eragindako aldi baterako banantzeak (barneratzea dakarten kasuak barne, adingabearen erantzukizun penala arautzen duen araudiaren arabera) ez duela apurtzen gurasoarekiko edo tutoretza edo harrera duen pertsonarekiko bizikidetza.

b) Seme-alabek 18 urtetik beherakoak izan beharko dute. Adin muga hori 25 urtera luzatuko da, baldin eta:

1.–Seme-alabak unibertsitate ikasketak, lanbide heziketa edo maila baliokideko beste ikasketa espezializatu batzuk ikasten ari badira.

2.–%33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortuta badute.

c) Oinarri hauen ondorioetarako, familiek gurasobakar izateari utziko diote, tutoretza edo harreraren bidezko jagoletza duen pertsona edo gurasoa beste pertsona batekin ezkontzen bada, legedi zibilaren arabera izatezko batasuna osatzen badu edo familia unitateak gurasobakar izateko ezartzen diren baldintzetako edozein betetzeari uzten badio.

Laugarrena.–Betebeharrak.

Oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko, honako betebehar hauek bete beharko dira laguntza eskatzen den unean, eta hura hartzen den bitartean mantendu:

1. Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean dagoen etxebizitza bat alokatzeko aurrekontratua edo kontratua izatea, Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legean ezarri bezala formalizatua.

2. Alokairuaren truke ordaindu beharreko errenta eguneratua 7.800 eurokoa edo txikiagoa izatea urtean. Ondorio horietarako, ordaindu beharreko errentaren zenbatekoa zehazteko ez dira kontuan hartuko maizterrak kontratuan bere gain hartzen dituen gainerako betebehar ekonomikoak, adibidez, erkidegoaren gastuak, zerbitzu eta hornidura gastuak, tasak eta zergak.

3. Laguntzaren onuradun diren pertsonen ohiko bizitoki iraunkorra izatea alokatutako edo alokatu beharreko etxebizitza.

4. Alokatutako etxebizitzan ohiko bizitoki iraunkorra duten edo izanen duten pertsonen diru-sarreren batura alokairuaren truke ordaindu beharreko urteko errenta baino handiagoa eta familia unitate eskatzailearen diru-sarreren gehieneko muga (foru agindu honen zazpigarren oinarriaren 1. idatz-zatian ezarritakoa) baino txikiagoa izatea, pertsona horiek alokairu kontratuaren titular diren ala ez kontuan hartu gabe.

5. Laguntzaren ondorioetarako aintzat hartzen diren familia unitate eskatzaileko kide guztiak alokatutako etxebizitzan elkarrekin bizi izatea, bigarren klausularen f) letran ezarritako salbuespenetan izan ezik.

6. Familia unitate eskatzaileko kide guztiak Nafarroako Foru Komunitateko herriren batean erroldatuta egotea urtebeteko antzinatasunarekin, gutxienez.

7. Familia unitate eskatzailea pilaketa egoeran egotea, oinarri hauen bigarren klausularen 1. idatz-zatiaren arabera.

Bosgarrena.–Emakidaren iraupena.

Laguntza ekonomikoa hamabi hilabeterako emanen da, gehienez. Hala ere, bigarren klausularen 1. idatz-zatian deskribatutako egoeran egoteagatik laguntza ekonomikoa jaso zuen onuradunak diru-laguntza eskatzen ahalko du berriro eta epe berdinerako, baldintzak betetzen jarraitzen baldin badu, babestutako edo Alokairu-poltsari edo Etxebizitza Sozialen Foru Funtsari atxikitako etxebizitza bat benetan adjudikatu eta eman arte edo ondoz ondoko hiru urteetako gehieneko epea bete arte.

Seigarrena.–Laguntzak emateko prozedura.

Etxebizitza alokatzeko laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioaren araubidea izanen da.

Zazpigarrena.–Laguntzen zenbatekoa.

1. Laguntzen urteko zenbatekoa urte bakoitzean deialdia eta baimendutako gastua onesten dituen foru aginduan ezarritakoa izanen da. Dena den, ezin izanen da honako zenbateko hauek baino txikiagoa izan:

a) Gurasoak eta haren ardurapeko pertsona batek osatutako familia unitateak, laguntza eskatzen duen familia unitatearen errentaren likidazio-oinarria IPREM halako 2,3 baino handiagoa ez dutenak: beren ohiko bizileku iraunkorraren alokairuagatik ordaindu behar duten urteko errentaren %60, urtean 4.680 euro emanda etxebizitzako, gehienez ere.

b) Gurasoak eta haren ardurapeko bi pertsonak osatutako familia unitateak, laguntza eskatzen duen familia unitatearen errentaren likidazio-oinarria IPREM halako 2,3 baino handiagoa ez dutenak: beren ohiko bizileku iraunkorraren alokairuagatik ordaindu behar duten urteko errentaren %70, urtean 5.460 euro emanda etxebizitzako, gehienez ere.

c) Gurasoak eta haren ardurapeko hiru pertsonak edo gehiagok osatutako familia unitateak, laguntza eskatzen duen familia unitatearen errentaren likidazio-oinarria IPREM halako 2,3 baino handiagoa ez dutenak: beren ohiko bizileku iraunkorraren alokairuagatik ordaindu behar duten urteko errentaren %80, urtean 6.240 euro emanda etxebizitzako, gehienez ere.

2. Laguntza eskatzen duen familia unitatearen errenta kalkulatzeko, laguntzaren ondorioetarako aintzat hartzen diren pertsonen errentaren gaineko zergaren adierazpenaren likidazio-oinarriaren batura hartuko da kontuan; adierazpen hori aurkezpen epea mugaeguneratuta duen azken aldiari buruzkoa izanen da.

Zortzigarrena.–Familia unitate eskatzaileko kideak.

1. Oinarri hauen ondorioetarako, %33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortuta duen seme edo alaba bakoitza bi izanen balira bezala zenbatuko da.

2. Familia unitateko kide kopurua zenbatzeko, eskaera egiterakoan horrela jo daitezkeenak hartuko dira kontuan soilik.

Bederatzigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

1. Laguntza-eskaerak, eskatzaileak eta, zein den kasua, bere ordezkariak bete eta sinatuak, eredu normalizatuan aurkeztuko dira eskatzen den dokumentazioarekin batera.

2. Eskaerak aurkezteko epea aurrekontu-ekitaldi bakoitzeko deialdia onetsi eta gastua baimentzeko foru agindua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta kasuan kasuko ekitaldiko azaroaren 15ean bukatuko.

3. Laguntza-eskaerak Familiaren eta Adingabearen Zuzendariordetzako erregistroan (Abejeras kalea, 9; 31007 Iruña) aurkeztuko dira, inprimaki normalizatua erabiliz, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako gainontzeko tokietako edozeinetan, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari zuzenduko zaizkio.

4. Laguntza eskatzeko eta transferentzia bidez kobratzeko inprimakiak Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzaren bulegoetan, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan eta Iruñeko Udaleko auzoko unitateetan eskura daitezke, baita www.navarra.es Nafarroako Gobernuaren webgunearen bidez ere.

5. Laguntza eskatzen duen pertsonak edo horren ordezkariak sinatu beharko du eskabidea, eta hura aurkeztearekin baimena ematen zaio organo kudeatzaileari laguntzari buruzko datuak tramitatu eta egiaztatzeko beharrezko informazioa lor dezan, bai Zerga Ogasunetik, bai espedientearen gaineko ebazpena emateko eta eskatzaileak alegatutako datuak egiaztatzeko baliagarri gerta daitezkeen argibideak eman ditzakeen beste edozein erakunde publikotatik zein pribatutatik, zuzenean nahiz telematika bidez.

6. Eskaerak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio 10 eguneko gehieneko epean okerra zuzendu dezala, eta, hala egin ezean, eskaera bertan behera geldituko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

Hamargarrena.–Dokumentazioa.

1. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Familia Liburuaren fotokopia edo kideak familia unitateko partaide direla frogatzen duen antzeko agiriarena.

b) Familia-harrera onesten duen ebazpen administratibo edo judiziala, halakorik bada.

c) Banantzeari edo dibortzioari buruzko ebazpen judiziala, edo ezkontzaz kanpoko haurren gaineko neurriei buruzko ebazpen judiziala, halakorik bada, non frogatzen den zaintza eta jagoletza eskatzaileari esleitu zaizkiola.

d) Izatezko banantzea badago, demanda aurkeztu izanaren frogagiria edo egoera hori bermatzen duten bestelako agiriak aurkeztu beharko dira; eta, guraso-ahalaren aldi baterako edo behin betiko etenaldia badago, hori ezartzen duen ebazpen administratibo edo judiziala aurkeztu beharko da.

e) Eskatzailearen bikotekidea hil dela dioen deklarazioa, halakorik gertatu bada.

f) Familia unitateko kideak elkarrekin bizi direla frogatzen duen erroldatze eta/edo bizikidetza ziurtagiria, gehienez ere bi hilabete lehenago luzatua.

g) Bigarren oinarriaren 3.f) idatz-zatian aurreikusitako egoeretan, egoera horiek behar bezala frogatu beharko dira, genero indarkeriaren egoera edo espetxeratzea frogatzen duen ebazpen judiziala aurkeztuz.

h) Onuradunak sinatutako idazkia, non laguntza etxebizitzaren errentatzaileari ordaintzeko baimena ematen duen.

i) Laguntza errentatzaileari transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

j) Familia unitateari helburu bererako ematen ahal zaizkion laguntza ekonomiko gehiago ez jasotzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

k) Erabiltzen ari den eta eskatutako laguntza ekonomikoaren xede den etxebizitzaren alokairu kontratua edo aurrekontratua, Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legean ezarri bezala formalizatua. Etxebizitzaren katastro erreferentzia edo onesten diren prozedura telematikoen bidez eskuratzen den katastro ziurtagiri elektronikoa agertu beharko du, edo ziurtagiria edo entitate edo zerbitzu arduradunak horretarako emandako beste frogagiri bat.

l) Eskatzaileak eta, hala denean, familia unitate eskatzaileko kide bakoitzak aurkeztutako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren adierazpenaren fotokopia osoa –Zerga Ogasunak edo entitate laguntzaileek zigilatutako likidazio-orria barne–, diru-laguntza eskatzen den unean aurkezpen epea mugaeguneratuta duen azken aldiari buruzkoa. Errenta adierazpenik aurkeztu ez duten eta hori aurkeztera behartuta ez zeuden pertsonek betekizun horretatik salbuesten dituen ziurtagiria edo frogagiria erantsiko dute.

ll) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, auzoko unitateak edo erreferentziazko osasun etxeak egindako txosten soziala, familia unitate eskatzailearen pilaketa egoera egiaztatzen duena.

2. Aurrekoa gorabehera, interesdunak ez dira behartuta egonen beste administrazio publiko batzuek prestatutako agiriak aurkeztera, horiek kontsultatzeko edo jasotzeko baimena ematen badute, ezta dagoeneko Administrazioaren esku dauden agiriak aurkeztera ere; azken kasu horretan, zein unetan eta zein administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren adierazi beharko dute.

Hamaikagarrena.–Antolaketa eta instrukzioa.

1. Deialdi honen ondorioetarako, Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzako Familien Atalari esleitu zaizkio oinarri hauetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak. Oinarri hauetan instrukzio organoari egindako aipamenak atal horri egindakotzat hartuko dira.

2. Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritakoa kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

3. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Deialdi honetarako aurrekontu erabilgarria agortzen bada, eskaerak ezetsi eginen dira.

Hamabigarrena.–Ebaztea.

1. Prozedura instruitu eta ebazpen proposamena eman ondoren, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak arrazoibidezko ebazpena emanen du eta eskatzaileari jakinaraziko dio, eskaera aurkezten denetik hiru hilabeteko epean.

2. Diru-laguntza ematen duen ebazpenean onuraduna eta diru-laguntzaren zenbatekoa jasoko dira.

3. Hiru hilabeteko epean ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

Hamahirugarrena.–Ordainketa.

1. Laguntza ekonomikoa Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.2. artikuluan ezarritakoaren arabera ordainduko da, emakidaren ebazpenarekin batera onartuko den ordainketa aurreratu bakarrean. Nolanahi ere, laguntza ordaintzeko beharrezkoa izanen da bi alderdiek sinatutako alokairu kontratua aurkeztea.

2. Onuradunak sinatutako baimena eman ondoren, laguntza alokairu kontratuan agertzen den errentatzailearen kontu korronteko zenbakian ordainduko da; zenbaki hori transferentzia bidez ordaintzeko aurkeztu den eskaeran adierazitakoa izanen da.

3. Administrazioa ez da inola ere behartuta egonen laguntzaren onuraduna eta etxebizitzaren maizterra denak errentatzaileari hilero ordaintzen ez dizkion zenbatekoak ordaintzera, ezta bestelako gastuak edo kalte-ordain ezberdinak ordaintzera ere.

Hamalaugarrena.–Laguntzaren aldaketa.

Laguntza emateko kontuan hartu diren unitatearen, familia errentaren edo beste inguruabar batzuen baldintzetan egondako edozein aldaketak laguntza aldatzea ekartzen ahalko du berekin, oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaren arabera.

Hamabosgarrena.–Onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunek laguntza hartzea eragiten duen alokairuaren xedeko etxebizitzan bizi beharko dute benetan laguntzak hartzen duen aldian, gutxienez.

2. Dena den, arrazoi justifikatuak direla-eta, onuradunek etxebizitza uzten badute, inguruabar horren berri eman beharko diote Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari 30 egun baliodun baino lehenago, gutxienez, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Onuradunek beren etxebizitzaren alokairuaren truke ordaindu behar duten urteko errentatik diruz laguntzen ez den ehunekoa ordaindu, eta ordainketa hori egin izana justifikatu beharko dute sei hilean behin, bankuko frogagiriaren bidez.

4. Laguntzen onuradunek, haiek jasotzeko baldintzetan aldaketaren bat izaten bada, horren berri eman beharko diote Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari, aldaketa izan eta 15 egun balioduneko epean.

5. Onuradunek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak egiten dituen kontrol jarduketak onartu beharko dituzte, eta kudeaketa organoak edo beste organo eskudun batzuek, indarra duen araudiarekin bat, eskatzen dizkieten agiriak eman.

6. Onartutako laguntzak itzuli beharko dituzte 17. oinarrian ezarri bezala, laguntza oinarritu zuen jarduera ez betetzeagatik edo Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako arrazoiengatik.

7. Laguntzaren xede den alokairu kontratua sinatzea hilabeteko epean, laguntza emateko ebazpena ematen denetik zenbatuta.

Hamaseigarrena.–Bazterketak eta laguntzen bateragarritasunaren araubidea.

Deialdi honetan araututako laguntza ekonomikoak bateraezinak izanen dira beste edozein administrazio publikok edo entitate pribatuk helburu bererako ezar dezakeen beste edozein laguntzarekin.

Hamazazpigarrena.–Itzulketak.

1. Laguntza eskuratzen bada horretarako behar diren baldintzak bete gabe onuradunari egotzi beharreko arrazoiengatik, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo partez, eta diru-laguntza bidegabeki ordaindu zenetik sortutako berandutze-interesak eskatuko dira, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Laguntza eskuratzen bada horretarako behar diren baldintzak bete gabe Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari egotzi beharreko arrazoiengatik, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo partez.

3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatutako kasuetan ere itzuli beharko dira jasotako diru kopuruak, osorik edo partez.

Hemezortzigarrena.–Argitaratzea.

Ematen diren diru-laguntzak ez dira argitaratuko, zeren, onuradunen datuak zabaltzea, diru-laguntzaren xedea dela-eta, pertsonen intimitatearen aurkakotzat jotzen baita, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1.b) artikuluan aurreikusi bezala.

Hemeretzigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aplikazio egintzen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Hogeigarrena.–Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1708749