150. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Idakirolak SL sozietatearen memoria eta estatutuak.
Behin betiko onespena

Antsoaingo Udalak, 2017ko ekainaren 28ko osoko bilkura arruntean, erabakia hartu zuen aipatu merkataritza-sozietatea sortzeko espedientea eta haren estatutuak behin betiko onesteko; argitara ematen da testu osoa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 70. artikuluan xedatutakoa betetzeko. Hona hemen:

ANTSOAINGO UDALAREN IDAKIROLAK SL
UDAL SOZIETATEAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

1. artikulua.

Idakirolak SL izeneko merkataritza sozietatea eratu da, toki erakunde baten eremuko eta erantzukizun mugatuko sozietate gisa. Kapitaleko Sozietateei buruzko Legea, toki araubidearen gaineko legeak eta estatutu hauek izanen ditu arau.

2. artikulua.

Idakirolak SL erantzukizun mugatuko sozietatea da. Udal enpresa den aldetik, nortasun juridikoa izanen du bere xedeak betetzeko, legezko xedapenetan eta estatutu hauetan ezarritako mugak gainditu gabe.

3. artikulua.

Sozietatearen helburua udal ekintzan eraginkortasun handiagoa lortzea da. Horretarako, sozietatearen xedea da Antsoaingo kirol instalazioen eta espazio eszenikoaren kudeaketa zerbitzua ematea.

Sozietate hori Udalaren beraren bitartekotzat eta zerbitzu teknikotzat hartuko da, Antsoaingo Udalaren kirol instalazioen kudeaketa haren esku utzi ahal izateko.

Sozietateak ez du irabazteko asmorik izanen, kirol arloko sozietate pribatua izanen baita. Sortzen diren irabaziak sozietatean inbertituko dira berriz, sozietateak pertsona fisikoei ematen dizkien zerbitzuak hobetzeko.

4. artikulua.

Aurreko artikuluan aipatutako jarduerak Sozietateak gauzatzen ahalko ditu zeharka, helburu bera edo antzekoa duen edozein elkartetan (nortasun juridikoa izan ala ez) parte hartuz.

5. artikulua.

Sozietateak mugarik gabeko iraupena izanen du, eta eraketaren eskritura egiten den egunean hasiko da jardunean.

6. artikulua.

Sozietateak Antsoaingo Udalean izanen du helbidea, Udaletxean (Udaletxe plaza 1, Antsoain).

Administrazio organoak sozietatearen helbidea udal mugarte bereko beste toki batera aldatzeko eskumena izanen du.

II. KAPITULUA

7. artikulua.

Kapital soziala 3.300 eurokoa izanen da, sozietateko 110 partaidetza banaezin eta metagarritan zatitua. Partaidetza bakoitzak 30 euroko balio izendatua du eta elkarren segidako zenbaki bana dute, 1etik 110era bitartekoak, biak barne. Antsoaingo Udalak kapital osoa harpidetu eta ordainduko du, eta kapitala osatzen duten partaidetza guztien titular bakarra izanen da, Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 89. artikuluan xedatutakoaren arabera. Kapitala ezin da transferitu eta enpresaren xederako baizik ezin da erabili, baina handitu edo txikitu egin daiteke, legezko xedapenei jarraituz.

Kapital soziala handitu edo txikitzen ahalko da, Batzar Orokorrak hala erabakitzen badu. Aitzinetik Administrazio Kontseiluak idatzizko txostena eginen du horrelako aldaketa justifikatzeko.

III. KAPITULUA

8. artikulua.

Sozietatea zuzendu eta administratzeko organoak honakoak izanen dira:

–Batzar Orokorra.

–Administrazio Kontseilua.

–Gerentzia.

9. artikulua.

Batzar Orokorra sozietatearen organo gorena da. Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 92. artikuluan xedatu bezala, Antsoaingo Udalbatzako kideek eratuko dute, berariaz hala eratzeko deia egiten denean. Udalbatzako burua izanen du buru, edo Batzarrak izendatzen duen pertsona.

10. artikulua.

Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 92. artikuluan xedatutakoaren arabera, Batzar Orokor gisa eratutako Udalbatzaren funtzionamendua, prozedurari eta erabakiei dagokienez, toki araubideari buruzko legeei lotuko zaie, eta gainerako gai sozialetan erantzukizun mugatuko sozietateen araubideari buruzko arauak aplikatuko dira.

11. artikulua.

Udalbatzak, sozietatearen Batzar Orokor gisa diharduenean, honako eginkizunak izanen ditu:

–Administrazio Kontseilua izendatu, berritu edo berrestea, estatutu hauetan ezarritakoari jarraituz.

–Estatutuak aldatzea.

–Kapitala handitu edo txikitzea.

–Inbentarioa, balantzeak, emaitzen kontua, memoria eta kudeaketari buruzko urteko txostena onestea.

–Auditoreak izendatzea.

–Kapitaleko Sozietateei buruzko Legeak Batzar Orokorrari ezartzen dizkion gainerako eginkizunak.

12. artikulua.

Batzar Orokorra urtean behin bilduko da derrigorrean bilkura arruntean, lehen seihilekoan, sozietatearen kudeaketa zentsuratzeko edo onesteko, hala behar denean aurreko ekitaldiko kontuak eta balantzea onesteko, mozkinen xedea erabakitzeko, halakorik bada, eta bilkurako gai zerrendari eutsiz bere eskumeneko aferei buruzko erabakiak hartzeko.

13. artikulua.

Aurreko artikuluan aipatutako bilkura arruntaz gain, Batzar Orokorrak bilkura berezia eginen du behar den guztietan, aldez aurretik lehendakariak deituta, Administrazio Kontseiluak edo gutxienez Udalbatzako legezko kideen laurdenak hala eskatuz gero.

14. artikulua.

Aldez aurretik bilkurarako deia egiten ez bada, Udalbatzako kide guztiak bildu eta aho batez batzarra egitea erabakitzen badute, Batzar Orokorra deituta eta edozein gairi heltzeko modu baliozkoan eratuta geldituko da.

15. artikulua.

Batzar Orokorreko idazkariak bilera bakoitzeko akta eginen du. Batzar Orokorraren aktak Udalbatzarenak bezala onetsiko dira, terminoetan eta eran, eta ondorio berak izanen dituzte. Sozietateko Batzar Orokorraren Akten Liburu Berezian inskribatuko dira, lehendakariak eta idazkariak sinatuta, eta idazkariak zainduko ditu.

16. artikulua.

Batzar Orokorreko kide ez diren Administrazio Kontseiluko kideek haren bilkuretan parte hartzen ahalko dute, hizpidearekin baina botorik gabe, bai eta kudeatzaileak ere.

17. artikulua.

Administrazio Kontseiluak zuzenduko du sozietatea. Batzar Orokorrak izendatutako 5-9 lagunek osatuko dute.

Batzar Orokorrak lau urterako izendatuko ditu kontseilukideak, baina Udalbatzako kide diren aldetik izendatuak izan direnek izaera hori galduz gero, kontseilukide izateari utziko diote besterik gabe, kide berriek ordezten dituzten unean bertan. Kargu-uzte hori berariaz erabaki beharko du Batzarrak eta, ondoren, Merkataritza Erregistroan inskribatu beharko da.

18. artikulua.

Udalbatzako kideek Administrazio Kontseiluan parte hartzen ahalko dute. Kontseilukideek ordezkaritza karguetan aritzeko ezgaitasun eta bateraezintasunak izan ditzakete, indarra duen legerian ezarritakoak.

Administrazio Kontseiluko burua Antsoaingo Udaleko alkatea izanen da, kontseilukidea bada, edo zinegotzi bat, Batzar Orokorrak izendatutako kontseilukidea bada. Kontseiluko buruordea kontseiluburuaren lekuan ariko da hura kanpoan, gaixorik edo karguan aritzeko ezindurik dagoenean, eta haren ahalmen guztiak izanen ditu.

Kontseiluak berak izendatuko du bere idazkaria. Kontseiluko kidea nahiz Kontseilutik kanpokoa izan daiteke eta, hala denean, hizpidea bai baina botorik ez du izanen Kontseiluaren bileretan.

Edozein kontseilukidek proposatuz gero, alkate udalburuak izendatutako teknikari espezializatuek Administrazio Kontseiluaren bileretan parte hartu ahal izanen dute, hizpidearekin baina botorik gabe.

Kontseilari kargua dohainik da.

19. artikulua.

Kontseiluak bilkura arrunta sei hilean behin gutxienez eginen du, eta bilkura berezia, berriz, kontseiluburuak dei egiten duenean edo gutxienez bi kontseilukidek hala eskatzen dutenean. Bilkurak sozietatearen egoitzan edo Kontseiluak hautatzen duen tokian eginen dira.

Kontseiluburuari edo haren ordezkoari dagokio deialdiak egitea, gai zerrenda eta guzti. Deialdia kontseilukideei banan-banan jakinarazi behar zaie, bilkurarako ezarritako ordua baino berrogeita zortzi ordu lehenago, gutxienez.

Kontseilua modu baliozkoan eratuko da kontseilukideen erdiak gehi bat edo haien ordezkariak bilduz gero.

Erabakiak bilkurara agertutako edo bertan ordezkatutako kontseilukideen gehiengo osoaz hartuko dira, eta berdinketarik gertatuz gero, lehendakariaren edo haren ordezkoaren botoak ebatziko du.

Administrazio Kontseiluaren erabakiak aktetan jasoko dira eta aktak liburu egokian transkribatuko dira. Kontseiluburuak edo haren ordezkariak eta Kontseiluko idazkariak sinatuko dituzte aktak.

20. artikulua.

Kontseiluak sozietatearen negozioak kudeatuko ditu, igorpen eta trafiko eragiketak eginen ditu eta sozietatea ordezkatuko du, hala epaiketan nola epaiketatik kanpo. Bereziki, jarduera horiei dagokienez, legeak eta estatutuek Batzar Orokorrerako gordetzen ez dituzten ahalmenak eman zaizkio Kontseiluari. Gainera, ondotik aipatzen diren ahalmenak izanen ditu, besteak beste:

1.–Ondasun higigarriak eta higiezinak, landalurrekoak nahiz hirilurrekoak, eskubide gorpuzgabeak, kontzesioak, lizentziak, patenteak, hornidurak eta errentamenduak administratu, eskuratu, baliatu eta, oro har, besterendu eta kargatzeko egintza guztiak, eta horiei dagokienez, mota horretako guztiak eratu, geroratu, aldatu, subrogatu eta azkentzen ahalko ditu; era berean, hipotekak eta oro har eskubide errealak eratu, aldatu eta azkentzen ahalko ditu.

2.–Elkarketak, eransketak, zatiketak, bereizketak, hondarren eta obra berrien deklarazioak egitea, horiek jabetza horizontalaren araubidean eratuz, kuotak edo elementu komun eta gastuen partaidetzak esleituz, sortzen diren elkarteak arautzea egokitzat jotzen dituen arau edo estatutuen bidez, deskripzioen zabalkuntzak, azaleren zuzenketak eta beste kontzeptu batzuenak egitea, zortasunak eta gainerako eskubide errealak eratu eta iraungitzea.

3.–Sozietateko langileak izendatzea eta bereiztea, haien soldatak eta ordainsariak finkatzea, behar diren zuzenketak egitea eta langileak kaleratzea; arrisku mota guztietarako aseguratzea, istripuak barne; hauteskunde sindikaletan edo lan hauteskundeetan parte hartzea eta ematen zaizkion karguak onartzea.

4.–Sozietatearen afera eta negozio guztien barne eta kanpo kudeaketan aritzea; kontabilitatearen ardura izatea eta legeak eskatzen dituen kontabilitate liburuak erabiltzea; kontuak, kanbio-letrak, igorpen eta trafikoko gainerako agiriak eta erresaka kontuak formalizatu eta aurkeztea.

5.–Kontu korronteak eta kreditu kontuak irekitzea aurrezki kutxetan eta edozein bankutan, edo sozietate eta entitate pribatu nahiz publikoetan, eta haiek baliatzea, txekeak, ordainketa aginduak eta gainerako agiriak emanez.

6.–Era guztietako zorrak, libramenduak eta ordainketa aginduak kobratu eta ordaintzea, horien gainean ordainagiriak eta ordain gutunak ematea eta bermeak kitatzea, hipoteka-bermeak eta pignoraziozkoak barne; zorren ordainketa gisa edozein motatako ondasunen lagapenak onartzea, higigarrien eta eskubide errealen lagapenak barne, eta eskubideak eta aukerak onartzea; lurreko, itsasoko eta aireko garraioak kontratatzea; salgaiak, gutunak, ziurtagiriak, igorpenak, telegramak eta gutuneria orokorra jasotzea aduana, aireportu, tren geltoki, biltegi edo gordailuetatik, baita administrazioetatik eta telegrafo zerbitzuetatik ere.

7.–Zenbatekoak eskudirutan maileguz hartzea edozein entitateri eta beste edozein establezimenduri, komeni diren interes eta baldintzekin, adibidez, eta nolanahiko bermeak onartu eta ematea, baita hipoteka-bermeak ere.

8.–Sozietatearen memoria, inbentarioa eta balantzea idatzi eta prestatzea, galera eta irabazien kontuan, eta funts berezien ezarpenari buruz erabakitzea.

9.–Sozietatea ordezkatzea epaiketan eta epaiketatik kanpo, agintari, entitate eta partikularren aurrean, estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako eta udalerrietako erakunde eta bulegoen aitzinean, maila, mota eta jurisdikzio guztietako magistratura, epaitegi eta auzitegien, Etxebizitzako ordezkaritzen edo haien eskumenak bere gain dituen erakundearen, Ogasun, Industria eta Lan ordezkaritzen, Trafiko, Herri Lan eta Hirigintza burutzen eta Estatuko Administrazioko beste edozeinen aitzinean, espedienteetan, ekintzen eta salbuespenen erabilpenean, sustatzaile, jardule, laguntzaile edo demandatu gisa, edozein dela ere espedientea, epaiketa edo jurisdikzioa, eta haietan probak proposatzea, lekukoak errefusatzea, funtzionarioak ezestea, errekurtsoak paratzea, prozeduretan etsi eta amore ematea, fidantzak eta gordailuak eratu eta garaiz kentzea, posizioei erantzutea eta epaiketan aitortzea.

10.–Sozietatearen xedeak betetzea eta horretarako aurretik egin behar diren urrats guztiak egitea.

11.–Enkanteetan, lehiaketetan eta zuzeneko lehiaketetan parte hartzea, zerbitzuak, obrak eta produktu, material edo manufaktura-gaien hornidurak kontratatzeko; agiriak, aitorpen edo dokumentuak aurkeztea; behin-behineko eta behin betiko esleipenak onartzea.

12.–Ahalorde orokor edo bereziak ematea, bere eginkizun guztiak edo batzuk besteren esku uzteko; auzitegietako prokuradoreak eta legelariak izendatzea, epaiketan ordezkari aritzeko behar diren ahalmenak emanez; emandako ahalordeak ezeztatzea eta ordezpenak baimentzea; mota guztietako notario-aktak eskatzea; jakinarazpen eta errekerimenduak egin, jaso eta erantzutea; agiri publiko eta pribatuak formalizatzea eta, oro har, bere jarduera berezia garatzeko behar den guztia egitea.

13.–Sozietateko kudeatzailea izendatzea.

14.–Ekitaldi ekonomiko bakoitzaren amaieran, sozietateak aurreko ekitaldian egindako kudeaketari buruzko memoria aurkeztea Udalbatzari.

21. artikulua.

Kontseiluburuari dagokio ordezkapen ahalordea, estatutuetan zehaztutako xede sozialean sartzen diren egintza guztietan.

22. artikulua.

Administrazio Kontseiluak kudeatzaile bat izendatuko du, zuzendaritza, kudeaketa eta betearazpen arloetako ahalmenak izanen dituena. Gaitasuna berezia duen pertsona izendatuko da.

Kudeatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:

–Kontseiluaren erabakiak betetzea eta betearaztea.

–Sozietatearen jarduna zuzendu, kudeatu eta ikuskatzea.

–Kontseiluaren bilkuretan parte hartzea, hizpidearekin baina botorik gabe.

–Kontseiluak ematen dizkion gainerako eginkizunak.

23. artikulua.

Sozietateak bere eginkizunetarako behar dituen teknikari, administrari eta menpeko langile guztiak Administrazio Kontseiluak izendatuko ditu, kudeatzailearen proposamenari jarraituz, halakorik bada; langile guztiak enpresaren plantillan sartuko dira eta enpresarekin lan harremana izanen dute.

IV. KAPITULUA

24. artikulua.

Sozietatearen ondareak biltzen ditu sozietatearen kapitala eta haren jabetzako era guztietako ondasun eta eskubideak, erosketetan, zuzeneko sustapenetan eta sozietatearen funtsekin egindako eragiketetan eskuratuak edo Antsoaingo Udalaren, Foru Komunitatearen, beste autonomia erkidego, probintzia edo udalerrien, Estatuaren edo partikularren lagapen, dohaintza eta diru-laguntzen bidez lortuak.

25. artikulua.

Sozietatearen ogasunak ondoko baliabideak biltzen ditu:

–Sozietatearen kapitala, ondasunen, kredituen eta eskubideen errentak, emaitzak edo interesak.

–Antsoaingo Udalak ematen dizkion diru-laguntzak.

–Antsoaingo Udalak, Foru Komunitateak, beste autonomia erkidego, probintzia eta udalerriek, Estatuak eta partikularrek ematen ahal dizkioten diru-laguntzak, laguntzak eta dohaintzak.

–Ondasunak besterenduz eskuratzen dituen baliabideak.

–Kontratatzen dituen mailegu edo kreditu eragiketetatik datozenak.

–Entitate edo partikularrek ematen dizkioten aurrerakinak eta sozietateak lortzen ahal dituen legezko diru-sarrera guztiak.

V. KAPITULUA

26. artikulua.

Sozietatearen ekitaldia urte naturala bera izanen da.

Ekitaldi ekonomikoa amaitu ondoko hiru hilabetean sozietateak aurreko ekitaldiko kudeaketaren kontuak emateko balantzea eginen du, eta legezko epearen barnean Udalbatzari aurkeztuko dio, Batzar Orokor gisa onets dezan. Balantzearekin batera, egindako jardueraren eta lortutako emaitzen gaineko memoria aurkeztuko dio. Udalbatzak zentsura eginkizunak beteko ditu, zer zuzendu behar den adieraziz, eta, behar denean, erantzukizuna eskatuz.

27. artikulua.

Toki araubideari buruzko legerian eta Kapitaleko Sozietateei buruzko Legean aurreikusitako kasuetan sozietatea desegin eginen da, Batzar Orokorraren erabakiaren bidez.

Sozietatea likidatu behar izanez gero, Batzar Orokorrak likidazio batzordea izendatuko du. Batzordeko kideen kopurua bakoitia izanen da. Likidazio batzordea izendatzeak Administrazio Kontseiluaren ahalmenen amaiera ekarriko du.

Irabazi asmoko xedez, likidazioaren ondoriozko ondasun eta eskubideak oso-osorik izanen dira beste fundazio edo irabazi asmorik gabeko entitate batzuentzat, interes orokorreko helburuak baldin badituzte, eta haien ondasunak helburu horiek erdiesteari loturik baldin badituzte, baita deseginez gero ere.

Likidazio aldia burutu arte, Batzar Orokorrak urteko bilkura arruntak eta deitu behar diren bilkura berezi guztiak egiten jarraituko du, indarra duten xedapenen arabera.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Antsoainen, 2017ko ekainaren 29an.–Alkatea, Ander Andoni Oroz Casimiro.

Iragarkiaren kodea: L1708161