150. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

25E/2017 FORU AGINDUA, uztailaren 4koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako museoetan eta bilduma museografiko iraunkorretan inbertsioak egiteko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

1985. urtetik aurrera, Nafarroako Gobernuak museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak eman ditu, haien titulartasuna zeinahi delarik ere. Laguntzak, urte hauetan guztietan, kultura sektore horretako araudiaren eta diru-laguntzei buruzko legediaren aldaketen menpe egon dira, baita aurrekontu erabilgarriaren menpe ere. Bestetik, diruz lagundutako arloak instalazio horien funtzionamendua, jarduerak eta inbertsioak izan dira, aldian aldikoa. Hori guztia interes sozialekotzat hartzen delako erakunde horiek mantentzea eta haien garapenari laguntzea.

Museoen Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu du museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako diru-laguntzen deialdia onestea, horretarako 40.000 euroko gastua baimentzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako museoetan eta bilduma museografiko iraunkorretan inbertsioak egiteko diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20003-A2310-7816-333100: Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak

2017

40.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2017ko uztailaren 4an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

2017. URTEAN NAFARROAKO MUSEOETAN ETA BILDUMA MUSEOGRAFIKO IRAUNKORRETAN INBERTSIOAK EGITEKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDI PUBLIKOAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da diru-laguntzak ematea Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografikoen Erregistroan inskribaturik dauden museoetan eta bilduma museografikoetan 2017an egiten diren inbertsio gastuak ordaintzeko.

2.–Aurrekontua.

Deialdi honetara 40.000 euro bideratuko dira, 2017ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak” izeneko A20003-A2310-7816-333100 partidaren kargura.

3.–Laguntzen helburua.

Hauxe da diru-laguntza hauen helburua:

–Bildumen prebentziozko zainketa eta segurtasuna hobetzeko sistemak ezartzea.

–Bildumen kontrola, kudeaketa eta ezagutza hobetzea.

–Pertsonak museoko eraikinera eta hango edukietara iristeko bideak erraztea.

–Zentroaren bilduma iraunkorra osatzen duten ondasunak zaharberritzeko proiektuak sustatzea, betiere deialdia argitaratzen den egunean Museoen Zerbitzuan baldin badaude.

Gainera, eskatzaileek bestelako proiektuak aurkezten ahalko dituzte, norberaren eginkizun eta helburuen arabera.

Eskatzaile bakoitzak proiektu bat edo gehiago aurkezten ahalko ditu diru-laguntzen deialdi honetan, baina proiektu bakar bati emanen zaio diru-laguntza, hain zuzen, 12. puntuko irizpideak eta baremoa aplikatuta puntuazio handiena lortzen duenari, proiektuen arteko lehentasun-hurrenkeraren arabera. Onuradun berari beste proiektu baterako diru-laguntza emanen zaio, bakar-bakarrik baldin diru-laguntzak banatzeko lehenbiziko fasea itxi ondoren aurrekontuan diru erabilgarririk gelditzen bada.

Diruz lagunduko diren proiektuak exekuzio fasean edo bukatuak egon daitezke, baina, betiere, 2017. urtean egin eta bukatu beharko dira. 2017. urtean aitortzen diren zentroen kasuan, aitorpena eman ondoren egiten diren proiektuak baizik ezin dituzte aurkeztu.

4.–Diru-laguntzen zenbatekoa eta mugak.

Proiektuek lortzen duten puntuazioaren arabera emanen dira diru-laguntzak, 12. puntuan jasotako balorazio irizpideak aplikatuz. Honela puntuatuko da:

–Puntuazioaren ordenaren arabera, onartutako aurrekontuaren %80 emanen zaie proiektuei, gehienez ere 10.000 euro proiektuko, partidaren zuzkidura bukatu arte.

–Azkeneko proiektuari soberako gerakina ematen ahal zaio.

5.–Gastu diruz lagungarria.

Gastu diruz lagungarritzat ulertuko da deialdi honetan araututako datetan egiten dena, baldin 3. puntuan adierazitako inbertsio proiektu bat egiteko baldin bada inolako zalantzarik gabe. Museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako edo haien jarduera eta jarduketetarako dauden beste deialdi batzuetan sartzen ahal diren proiektuak ez dira diruz lagungarriak izanen.

Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

6.–Onuradunak.

Deialdi hau argitaratzen den egunean Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrek eska ditzakete diru-laguntza hauek.

Kanpoan gelditzen dira:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzapeko museoak.

–2017ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan inbertsioetarako partida izendunak dituzten museoak eta bilduma museografikoak.

7.–Betebeharrak.

Eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

–Laguntza publikoen onuradunentzat Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa betetzea.

–Zerga Administrazioaren Estatuko Agentziarekin, Nafarroako Zerga Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

8.–Agiriak.

Eskatzaileek 1. eranskinean agertzen den eskabidea aurkeztu beharko dute, behar bezala betea eta museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren titularrak edo baimendua dagoen pertsonak sinatua, agiri hauekin batera:

–Eskatzailearen IFZ (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio).

–Ordezkariaren NANa, bidezkoa denean (instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio).

–Ordezkaritzaren frogagiria, bidezkoa denean (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio). Kargu publikoek ez dute beren ordezkaritza frogatu beharrik.

–Erantzukizunpeko adierazpena, onuradun izateko baldintzak betetzen dituela adierazten duena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera (2. eranskina).

–Museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren jardueraren memoria eta kontuak (gastuak eta diru-sarrerak), 2016. urteari dagozkionak.

Memoriak atal hauek izanen ditu:

  • Erakundearen jarduera: bisita gidatuak, material didaktikoa, tailerrak, audiogidak, webgunea eta sare sozialak, Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunak, beste erakunde batzuekiko lankidetza, zabalkunde jarduera eta jarduketak, lanen mailegua eta beste.
  • Egindako hobekuntzak: eraikinean, bilduma egonkorrean, erakusketa iraunkorrean; kontserbazio eta zaharberritze lanak.
  • Jendearentzako ordutegiak: hilabetean osotara zenbat ordu irekitzen den eta zein astegunetan irekitzen den dohainik.
  • 2016. urtean denera izandako bisitarien kopurua, datuak biltzeko Museoen Zerbitzuaren Eskuliburuan gomendatzen denaren arabera.
  • Beste hizkuntza batzuen erabilera honako hauetan: seinaleztapena eta errotulazioa, bisita gidatuak, zabalkunderako euskarriak, webgunea, gizarte sareak eta erabiltzaileentzako arreta.

–2017. urterako jardueren plana, adierazita zenbat ordu irekiko den, hilabetez hilabete, eta dohainik zein astegunetan irekitzen den.

–2017ko gastuen eta diru-sarreren aurrekontua (3. eranskina). Toki entitateek museorako edo bilduma museografiko iraunkorrerako bideratu dituzten partiden ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

–Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak inbertsioetarako dituen beste laguntza edo diru-laguntza batzuen gaineko aitorpen berariazkoa. Laguntza-eskaera hau aurkezterakoan beste laguntza-eskaeraren bat baldin badute oraindik ebatzi gabe, hori ere aipatu beharko da.

–Laguntzaren xedeko proiektuaren memoria xehatua, eduki hauekin gutxienez ere: egoeraren deskribapena, esku-hartze proiektua, hura eginen duten langileak, aurrekontu xehatua eta egiteko epeak. Zainketa eta zaharberritze tratamenduen kasuan, memoriak, horiez ganera, honako hauek jasoko ditu: Ondasunaren eta bere kontserbazio egoeraren azalpena; lagin analitikoak hartzea; esku hartzeko irizpideak; eta beharrezkotzat jotzen diren agiri grafiko eta fotografikoak.

–Eskatzen den diru-laguntzaren xedeko inbertsioa onesteko organo eskudunak hartutako erabakiaren ziurtagiria. Eskatzailea toki erakunde bat bada, idazkariak egindako ziurtagiria, eskatzen den diru-laguntzaren xedeko inbertsioa onesteko udalak hartu zuen erabakiarena.

Lehenbiziko eranskina sinatua aurkeztuz gero, Museoen Zerbitzuari berariazko baimena ematen zaio Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuaren bidez eskura ditzan eskatzaileak bere zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko agiriak, hain zuzen, Zerga Administrazioaren Estatuko Agentziakoa, Nafarroako Zerga Ogasunekoa eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzakoa.

9.–Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da (larunbat eta igandeak barne), deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

10.–Eskaerak aurkezteko tokia.

Eskaerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Erregistroan aurkezten ahalko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan ere. Eskabideak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko sinadura elektronikoa beharko da.

Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan agerrarazteko bulegoaren izena, harrera data eta tokia. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.

Aurkezpena Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egiten denean izan ezik, eskabidearekin batera aurkezten den dokumentazioa paperean eta euskarri digitalean aurkeztu beharko da, tramitazioa eta balorazioa errazte aldera.

11.–Tramitazio faseak.

11.1. Akatsak konpontzea eta aurretiko balorazioa.

Eskaerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Museoen Zerbitzuak tramitatuko ditu.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Museoen Zerbitzuko teknikariek aurkezten diren eskaeren aurretiko ebaluazio teknikoa eginen dute.

Diru-laguntza eskaera osorik ez badago edo akatsen bat baldin badu, Museoen Zerbitzuak errekerimendua eginen dio eskatzaileari zuzendu dezan, eta horretarako zazpi egun naturaleko epea (larunbatak eta jaiegunak barne) emanen dio, akatsak zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Eskatzaileak epearen barrenean aurkezten ez badu dokumentazioa, eskaerari uko egiten diola ulertuko da eta bere espedientea artxibatuko da.

Jakinarazpena posta elektronikoaren bidez eginen da, eskatzaileak eskabidean (I. eranskina) adierazten duen helbide elektronikora.

11.2. Balorazioa.

Aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da, honako hauek osatua:

Batzordeburua:

–Mercedes Jover Hernando andrea, Nafarroako Museo Ataleko burua. Ordezkoa: Alicia Ancho Villanueva andrea, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko burua.

Mahaikide idazkaria:

–Juana María Marco Goñi andrea, museoetako goi mailako teknikaria, Museoen Zerbitzukoa. Ordezkoa: Pilar Cabodevilla Górriz andrea, Museoen Zerbitzuko museoetako goi mailako teknikaria.

Batzordekideak:

–Ana Berta Balduz Azcárate andrea, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko goi mailako teknikari zaharberritzailea. Ordezkoa: Violeta Romero Barrios andrea, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko goi mailako teknikari zaharberritzailea.

–Javier Sancho Domingo jauna, Ondare Arkitektonikoaren Ataleko burua. Ordezkoa: José Luis Franchez Apezetxea jauna, Ondare Arkitektonikoaren Ataleko arkitektoa.

–Efrén Munárriz Clemos jauna, Nafarroako Kultura Kontseiluko Museoen Batzordeko kidea. Ordezkoa: Ioar Cabodevilla Antoñana andrea, Nafarroako Kultura Kontseiluko Museoen Batzordeko kidea.

Batzordeak 12. puntuan ezarritako irizpideen arabera baloratuko ditu eskaerak, eskatutako azkeneko dokumentazioa jasotzen den egunetik hasita hamabost egun naturaleko epean gehienez. Batzordearen irizpena loteslea izanen da. Museoen Zerbitzuak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen dio Vianako Printzea Erakundea-Nafarroako Zuzendaritza Nagusiari.

12.–Balorazio irizpideak.

Inbertsio gastuetarako laguntza eskaerak 100 puntuz baloratuko dira gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

a) Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan duen inskripzio mota (25 puntu gehienez), honen arabera: museoa, 10 puntu; bilduma museografiko iraunkorra, 5 puntu; titulartasun publikoa, 10 puntu; titulartasun pribatua, 5 puntu; Nafarroako Museoen Sisteman sartutako museoa edo bilduma museografiko iraunkorra, 5 puntu.

b) Proiektuaren kalitatea (45 puntu gehienez), honen arabera:

–Proiektua nola egokitzen den diru-laguntzaren helburuetara, 15 puntu gehienez (bildumen prebentziozko zainketa eta segurtasuna eta bildumen kontrola, kudeaketa eta ezagutza hobetzeko sistemak ezartzea, 15 puntu gehienez; pertsonak museoko eraikinera eta hango edukietara iristeko bideak erraztea, 10 puntu gehienez; zaharberritze proiektuak, 5 puntu gehienez).

–Proiektuaren memoria: 5 puntu gehienez.

–Proiektua hedatzko plana: 5 puntu gehienez.

–Proiektuaren irismen soziala: 5 puntu gehienez.

–Euskararen erabilera: 5 puntu gehienez. Kontuan hartuko da seinaleztapenean, errotulazioan, zabalkunderako euskarrietan eta abarretan zenbat erabiltzen den.

–Gaztelania eta euskara ez diren hizkuntzak erabiltzea: 5 puntu gehienez. Kontuan hartuko da seinaleztapenean, errotulazioan, zabalkunderako euskarrietan eta abarretan zenbat erabiltzen den.

–Genero-ikuspegia betetzea 3/2007 Lege Organikoaren arabera: 5 puntu gehienez.

c) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak 2016. urtean kultura arloan egindako bidea (15 puntu gehienez), honen arabera:

–Erakundearen jarduera: 9 puntu gehienez. Alderdi hauek baloratuko dira: bisita gidatuak, material didaktikoa, tailerrak, audiogidak, webgunea eta sare sozialak, Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunak, beste erakunde batzuekiko lankidetza, zabalkunde jarduera eta jarduketak, lanen mailegua eta beste.

–Jendearentzako ordutegiak: 3 puntu gehienez. Kontuan hartuko da hilabetean osotara zenbat ordu irekitzen den eta zein astegunetan irekitzen den dohainik.

–Bisitari kopurua: 3 puntu gehienez, Museoen Zerbitzuaren Eskuliburuan datuak biltzeko agertzen diren gomendioen arabera.

d) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-garapenean egiten duen ekarpena (15 puntu gehienez), honen arabera:

–5.000 biztanletik beherako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 15 puntu.

–5.000 eta 20.000 biztanle bitarte dituzten udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 10 puntu.

–20.000 biztanletik gorako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 5 puntu.

Ez dute laguntzarik jasoko deialdiaren 12.b) puntuaren balorazioan puntuazioaren %50era (22,5 puntu) iristen ez diren eskaerek (puntu horretan honako hau baloratzen da: proiektuaren kalitatea eta nola egokitzen zaien museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren ezaugarriei, horien helburuei eta jarduketa-lerroei).

13.–Ebazpena.

Laguntzen kontzesioa Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez eginen da, eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Atarian argitaratuko da (http://www.navarra.es/home_es/Trámites/).

Deialdia eman gabe gelditzen ahal da, osorik edo partez.

14.–Diru-laguntzen ordainketa.

Diru-laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, agiri hauek aurkeztuta 2017ko abenduaren 12a baino lehen:

–Gastuen eta ordainketen frogagiriak eta proiektuak edo jarduerak eragindako gastuenak.

–Diruz lagunduriko proiektuaren edo jardueraren memoria. Zaharberritze lanen proiektuetan, azken memoria, 4. eranskinean jasotako arauei jarraituz.

15.–Gastuen eta diru-sarreren justifikazioa eta epea.

Gastuen eta ordainketen justifikazioa eta diru-sarrerena honela eginen da:

–Proiektuak eragindako gastu eta diru-sarrera guztien zerrenda, bakoitzaren fakturak edo banku-agiriak erantsita.

–Frogagiriak 2017an datatuak izan beharko dira, eta justifikatzeko epea bukatu baino lehen ordainduak (2017ko abenduaren 12ra arte). Gainera, fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera bete beharko dira.

–Onuradunak funts berekiak edo bestelako diru-laguntza edo baliabideak erabili baldin baditu helburu berberetarako, justifikazioan aipatu beharko ditu.

Aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen edo zerbitzuen horniduren kasuan, diruz lagungarria den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada diru-laguntza eskatu baino lehen. Hori justifikatzeko, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

Proiektuko gastu guzti-guztiak frogatu beharko dira. Laguntzaren portzentajea behar bezala justifikatutako gastu osoari aplikatuko zaio, kontzesioan ezarritako gehieneko muga gainditu gabe.

Proiektuaren memoria eta frogagiriak aurkezteko epea 2017ko abenduaren 12an bukatuko da. Onuradunak epe horretan aurkezten ez baditu frogagiriak, kontzesioa indarrik gabe utziko da.

16.–Kultur mezenasgoa: Diruz lagundutako jardueren interes soziala.

16.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektu edo jarduerek, baldin lege horren 4. artikuluan aurreikusitako pertsona edo entitate onuradunek egiten badituzte, interes soziala izanen dute foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

16.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

Onuradunak, toki entitatea izan ala ez, Kultur Mezenasgoari buruzko Foru Legean ezarritako zerga pizgarriak aplikatu ahal izateko, betebehar hauek bete beharko ditu:

–Mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak zehaztea memoria batean, eta laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina ebaluatzea.

–Diruz lagundutako proiektuaren babesletza-kontratuen kopia igortzea, honako hauek adierazita: kontratugileen eta kontratua sinatzen dutenen identifikazioa, kontratuaren xedea, iraupena eta egikaritze-epea, bai eta babesletzaren onuradunak publizitatearen kontzeptu gisa urte bakoitzean guztira jasoko duen zenbatekoa ere.

–Ziurtagiriak luzatzeari eta Nafarroako Zerga Ogasunari informazioa bildaltzeari buruz ezarritako betebeharrak betetzea, hots, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren Erregelamenduaren 22.2 artikuluan ezarrita daudenak (erregelamendu hori Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren bidez onetsi zen).

17.–Onuradunek bete beharrekoak.

–Laguntza hau emateko oinarri izan den helburua betetzea, diru-laguntza ematean Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak ezarritako jarraibide teknikoekin bat etorriz.

–Eskumena duten kontrol organoek (nazionalek zein Europar Batasunekoek) finantza kontrolerako eta egiaztapenerako egiten dituzten lanak onartzea eta eskatzen zaien informazioa ematea.

–Diruz lagunduriko proiektua finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera eta baliabideen berri ematea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari justifikazioa egiten duen egunean.

–Hasierako proiektuan egiten diren aldaketa guztien berri ematea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari. Aldaketa horiek egiteko erakunde horren adostasuna beharko da.

–Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartzea proiektua hedatzeko erabiltzen diren euskarri guztietan. Nafarroako Museoen Sistemaren barrenean dauden museoek beren logotipoa ere erabili beharko dute.

–Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko epea bukatu arte.

–Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena (5. eranskina) hilabeteko epean aurkeztea, diru-laguntza ematen dela jakinarazten denetik.

–Gastuen eta ordainketen frogagiriak diru-sarrerenak eta urteko jardueren memoria ezarritako epean aurkeztea.

17. puntuan adierazitako betebeharrak betetzen ez badira, emandako diru-laguntza ez da ordainduko.

18.–Bateragarritasuna beste diru-laguntza batzuekin.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek helburu bererako ematen dituzten beste diru-laguntzekin, betiere haien zenbatekoek gainditzen ez badute diruz lagunduriko jardueraren kostua. Deialdi honen bidez ematen den diru-zenbatekoa eta beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuetatik edo jardueraren berezko funtsetatik datorrena baturik jardueraren kostua gainditzen bada, ordaindu beharreko diru-laguntzari muga bat ezarriko zaio jarduerak superabitik izan ez dezan.

19.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

1. ERANSKINA

Eskaera.

2. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena.

3. ERANSKINA

2017ko aurrekontua.

4. ERANSKINA

Zaharberritzeari buruzko memoria prestatzeko arauak.

5. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1708844