140. ALDIZKARIA - 2017ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

66/2017 FORU DEKRETUA, ekainaren 28koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua zati batean aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuaren bidez (142. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 23an), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen, baita departamentu bakoitzari zegokion eskumen esparrua ere. Foru dekretu hori lehendakariaren abuztuaren 10eko 23/2015 Foru Dekretuak aldatu zuen (156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 12an).

Era berean, abuztuaren 12ko 59/2015 Foru Dekretuaren bidez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, geroko garapena galarazi gabe. Foru dekretu hori 157. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 13an.

Irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Dekretu hori 2016ko 190. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 30ean. Aipatu foru dekretua azaroaren 16ko 105/2016 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen (2016ko 228. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, azaroaren 25ean).

Irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretu horren bidez onetsitako egitura aldatzea proposatu du Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko ekainaren 28ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Zati batean aldatzen da irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena. Hona aldaketak:

Bat.–71. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“71. artikulua. Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzua.

b) Toki Azpiegituren Zerbitzua.

c) Toki Antolamendurako Zerbitzua.”

Bi.–79. artikuluaren c) idatz-zatia aldatzen da. Hona testu berria:

“c) Toki Antolamendurako Zerbitzuko eta Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuko atalei laguntza ematea toki azpiegituren plan berriak ukitzen dituzten legeak prestatzen, eta programak eta aurkeztutako obrak hautatzeko irizpideak planteatzea”.

Hiru.–4. atalaren izena aldatzen da, honela idatzita agertuko dena:

“4. ATALA

Toki Antolamendurako Zerbitzua”

Lau.–81. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“81. artikulua. Toki Antolamendurako Zerbitzuaren esparru materiala.

Toki Antolamendurako Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, ondoko eginkizun hauek:

a) Nafarroako toki entitateen eskumenak aztertu, analizatu eta defendatzea.

b) Nafarroako toki administrazioari lotutako arauak proposatu, aztertu eta tramitatzea.

c) Nafarroako toki entitateen udal planta eta antolaketa administratiboa aztertzea eta analizatzea, haien hobekuntza sustatu eta bultzatzeko.

d) Toki zerbitzuak batera emateko prozesuak sustatzea espazio funtzional egokietan, haien kalitatea hobetzeko, eta horretarako prestatzen diren laguntza neurrien berri ematea toki entitateei.

e) Toki entitateak elkartzeko figurak sortu, garatu, haien jarraipena egin eta ebaluatzea.

f) Antolaketaren eta Berrikuntza Publikoaren Zerbitzuarekin koordinatuta, toki entitateei aholkularitza ematea sistema informatiko berriak eta kudeaketa administratiborako teknika berriak ezartzeko prozesuetan, bai eta prozedura eta tramite administratiboak erraztu eta sinplifikatzeko ere.

g) Hobekuntza prozesuak aztertzea eta bultzatzea toki entitateetako langileen kudeaketaren arloan.

h) Eskatzen duten toki entitateen gobernu organoekin lankidetzan aritzea arlo juridikoan.

i) Toki entitateen jarduketen legezkotasuna eta interes orokorra kontrolatzeko eginkizun legalak betetzea.

j) Mankomunitateak sortu, aldatu eta iraungitzeari buruzko nahitaezko txostenak egitea.

k) Kontzejuak eta barruti administratiboak sortu, aldatu eta iraungitzeko espedienteak tramitatzea.

l) Nafarroako udalerriak mugatzeko eta haien mugapeak aldatzeko espedienteen tramitazioa.

m) Nafarroako udalerrien izena, bandera, armarria eta hiriburua aldatzeko onespenaren prozedurak kudeatzea.

n) Kudeaketa Batzordeak eratzeko espedienteak kudeatzea.

o) Toki Araubideko Foru Batzordeari eta Lurralde Mugaketako Batzordeari laguntza juridiko-administratiboa ematea eta haien idazkaritzako lanpostuak betetzea.

p) Toki-tributuetan onetsitako hobari fiskalen konpentsazio ekonomikoen eskaerak tramitatzea, bai eta nahitaezkoak ez diren toki zerbitzuenak ere.

q) Legeak ezartzen dituen baimenak kudeatzea ondasun eta eskubideak besterendu, laga, trukatu eta zergapetzeko.

r) Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenen betearazte subsidiariorako prozedurak kudeatzea.

s) Desjabetze espedienteak kudeatzea eta bultzatzea.

t) Toki Entitateen Erregistroa, Interesen Erregistro Berezia, Toki Entitateen Akten Erregistroa eta Toki Ordenantzen Erregistroa kudeatzea.

u) Nafarroako toki entitateek arlo juridikoarekin lotuta egiten dizkioten txosten edo argibide eskaerei erantzutea.

v) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.”

Bost.–82. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“82. artikulua. Toki Antolamendurako Zerbitzuaren egitura.

Toki Antolamendurako Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Toki Administrazioaren Antolamenduaren Atala.

b) Tokiko Kudeaketaren Atala.

c) Toki Entitateetako Langileen Kudeaketa eta Aholkularitza Atala.”

Sei.–83. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“83. artikulua. Toki Administrazioaren Antolamenduaren Atalaren esparru materiala.

Toki Administrazioaren Antolamenduaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, ondoko eginkizun hauek:

a) Nafarroako toki entitateen eskumenak aztertu, analizatu eta defendatzea.

b) Nafarroako toki administrazioari lotutako arauak proposatu, aztertu eta tramitatzea.

c) Intereseko azterlan eta analisi juridiko, sozial, soziologiko eta estatistikoak egitea arlo hauen hobekuntza sustatu eta bultzatzeko: udal plantaren konfigurazioa, toki entitateen antolaketa administratiboa, toki entitateak elkartzeko figurak eta udal zerbitzuak.

d) Toki zerbitzuak batera emateko prozesuak sustatzea espazio funtzional egokienetan, haien kalitatea hobetzeko, eta horretarako prestatzen diren laguntza neurrien berri ematea toki entitateei.

e) Toki entitateak elkartzeko figurak sortu, garatu, haien jarraipena egin eta ebaluatzea.

f) Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuarekin lankidetzan aritzea aurreko ataletako proposamenen inpaktu ekonomikoak ebaluatzeko.

g) Departamentuari aholkularitza juridikoa ematea toki administrazioaren arloan.

h) Nafarroako Gobernuaren beste departamentu batzuekin elkarlanean aritzea toki entitateei lotutako gaiak aztertu eta kudeatzeko.

i) Eskatzen duten toki entitateen gobernu organoekin lankidetzan aritzea arlo juridikoan.

j) Toki entitateentzat interesgarria den informazioa sortu, banatu eta zabaltzea, toki administrazioari dagozkion gaien gaineko konpilazio eta argitalpenak prestatzea eta administrazio eta kontratu bidezko prozedura orokorrak (bereziki euskarri informatikokoak) erraztu, arrazionalizatu eta sinplifikatzeko irizpideak eta eredu-agiriak ezartzea.

k) Toki entitateen jarduketen legezkotasuna eta interes orokorra kontrolatzeko eginkizun legalak betetzea, langileen arloan izan ezik.

l) Mankomunitateak sortu, aldatu eta iraungitzeari buruzko nahitaezko txostenak egitea.

m) Kontzejuak eta barruti administratiboak sortu, aldatu eta iraungitzeko espedienteak tramitatzea.

n) Nafarroako udalerriak mugatzeko eta haien mugapeak aldatzeko espedienteen tramitazioa.

o) Nafarroako udalerrien izena, bandera, armarria eta hiriburua aldatzeko onespenaren prozedurak kudeatzea.

p) Antolaketaren eta Berrikuntza Publikoaren Zerbitzuarekin koordinatuta, toki entitateei laguntza ematea Administrazio Elektronikoa abian jartzeko eta lan prozesuak modernizatzeko.

q) Toki Araubideko Foru Batzordeari laguntza juridiko-administratiboa ematea eta hango idazkaritza lana egitea.

r) Lurralde Mugaketako Batzordeari laguntza juridiko-administratiboa ematea eta hango idazkaritza lana egitea.

s) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.”

Zazpi.–84. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“84. artikulua. Tokiko Kudeaketaren Atalaren esparru materiala.

Tokiko Kudeaketaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, ondoko eginkizun hauek:

a) Nafarroako tokiko arlotik horretarako ezartzen diren bideetatik egiten zaizkion txosten edo argibide eskaerei erantzutea.

b) Legeak ezartzen dituen baimenak kudeatzea ondasun eta eskubideak besterendu, laga, trukatu eta zergapetzeko.

c) Desjabetze espedienteak kudeatzea eta bultzatzea.

d) Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenen betearazte subsidiariorako prozedurak tramitatzea.

e) Toki entitateekin lotura duten espedienteen egoerari buruzko azterlan eta txostenak egitea.

f) Kudeaketa telematikorako tresnak aztertzea eta horiek Nafarroako toki entitateetan ezar daitezen sustatzea.

g) Nafarroako toki entitateei aplikagarri zaizkien balorazio txostenak ezartzen eta berrikusten parte hartzea.

h) Erroldatze Kontseiluaren Probintzia Atalean parte hartzea eta hari bere eginkizunetan laguntzea.

i) Kudeaketa Batzordeak eratzeko espedienteak kudeatzea.

j) Toki-tributuetan onetsitako hobari fiskalen konpentsazio ekonomikoen eskaerak tramitatzea, bai eta nahitaezkoak ez diren toki zerbitzuenak ere.

k) Nafarroako toki entitateek hondamendi naturalak gertatzen direnean konpentsazio ekonomikoa jasotzeko egiten dituzten eskaerak tramitatzea.

l) Toki Inbertsioen Planari dagozkion txosten juridikoak ematea eta hura betearazteko prozesuan Toki Antolamendurako Zerbitzuari dagozkion administrazio tramiteak egitea.

m) Administrazio eta antolaketa sostengua ematea Toki Antolamendurako Zerbitzuaren jarduerei, Nafarroako toki entitateen udal planta eta antolaketa administratiboa hobetzeko asmoz.

n) Antolaketaren eta Berrikuntza Publikoaren Zerbitzuarekin koordinatuta, toki entitateei aholkularitza ematea sistema informatiko berriak eta kudeaketa administratiborako teknika berriak ezartzeko prozesuetan, bai eta prozedura eta tramite administratiboak erraztu eta sinplifikatzeko ere.

o) Espedienteen Erregistro Orokorra, Interesen Erregistro Berezia, Toki Ordenantzen Erregistroa, Toki Entitateen Erregistroa eta Toki Entitateen Akten Artxiboa kudeatzea.

p) Udal errolden kudeaketa subrogatua egitea.

q) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.”

Zortzi.–85. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“85. artikulua. Toki Entitateetako Langileen Kudeaketa eta Aholkularitza Atalaren esparru materiala.

Toki Entitateetako Langileen Kudeaketa eta Aholkularitza Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, eginkizun hauek:

a) Nafarroako toki entitateen organoei aholkularitza ematea langileekin eta antolaketarekin lotutako gaietan, betiere toki entitateek planteatzen dituzten aferei ematen zaizkien erantzunetan koherentzia eta barne koordinazioa izan dadila zainduz.

b) Toki entitateen egintzetan legezkotasuna eta interes orokorra kontrolatzeko eginkizunak betetzea langileen arloan.

c) Toki Entitateen Idazkaritza, Kontu-hartzailetza eta Diruzaintzako lanpostuak betetzeko prozesuak aztertu eta bultzatzea.

d) Aholkularitza legala ematea Idazkaritzako eta Kontu-hartzailetzako lanpostuak hautatzeko prozeduretan.

e) Laguntza juridikoa ematea Nafarroako toki entitateetan destinatutako langileen lanpostuak hautatzeko epaimahaiei eta haietan parte hartzea.

f) Toki Administrazioaren Zuzendaritza Nagusiak deiturik Idazkaritzako eta Kontu-hartzailetzako lanpostu hutsak betetzeko egiten diren deialdiak kudeatzea.

g) Idazkaritzako eta Kontu-hartzailetzako lanpostuen aldi baterako kontrataziorako zerrendak kudeatzea, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari dagozkionak.

h) Toki entitateei aholkularitza ematea idazkarien eta kontu-hartzaileen diziplina erantzukizuneko kasuetan.

i) Toki entitateen zerbitzuko langileen arloan espedienteak prestatzea eta berrikustea, organo jurisdikzionalei igortzeko.

j) Toki entitateetako langileekin lotutako gaietan txosten juridikoak ematea.

k) Toki entitateei helaraztea haiei eragiten dieten espedienteen egoerari buruzko azterlan eta txostenak.

l) Aholkularitza ematea Nafarroako Toki Administrazioaren berrantolaketaren baitan langileak berrantolatzeko egiten diren prozesuetan eta haien jarraipena egitea.

m) Toki entitateei aholkularitza juridikoa ematea Nafarroako Toki Administrazioaren berrantolaketaren baitan sor litezkeen gaietan.

n) Aholkularitza eta txosten juridikoak ematea udalez gaindiko toki entitateen inguruan.

o) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.”

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Izendapenak.

Berretsi egiten dira foru dekretu honen bidez ezarritako egituraren arabera izen berari eusten dioten zerbitzu eta ataletako buruen izendapenak, egin ziren baldintza berberetan, bai eta, orobat, Toki Antolamendurako eta Toki Entitateei Laguntzeko Zerbitzuko zuzendariarena, zeina aurrerantzean Toki Antolamendurako Zerbitzua izanen baita, eta Tokiko Kudeaketa eta Aholkularitza Ataleko buruarena ere, zeina aurrerantzean Tokiko Kudeaketaren Atala izanen baita.

Bigarren xedapen gehigarria.–Unitateen iraupena.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atalak baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin jarraituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekotasunez, egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte izan dituzten eginkizunekin bat.

2. artikulua. Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko ekainaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1708160