14. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

72/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 4koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, industriako ETEetako inbertsiorako laguntzen 2016ko deialdia aldatzen duena.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren ekainaren 2ko 611/2016 Ebazpenaren bidez, 2016ko deialdia onetsi zen industriako ETEetako inbertsiorako laguntzak emateko, bai eta oinarri arautzaileak ere (2016ko 106. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 2koa). Orobat, 14.652.358,90 euroko gastua baimendu zen: 638.926,90 euro 2016ko aurrekontuaren kargura, eta 14.013.432,00 euro 2017ko aurrekontuaren kargura.

Deialdiaren kudeaketak proiektuak gauzatzeko epeekin eta aurrekontuaren kudeaketarekin bat egin dezan, bidezko da gastuaren hasierako aurreikuspenak doitzea, haien zati bat 2017. urtetik 2018ra eramanda eta, aldi berean, oinarri arautzaileak egokitzea, inbertsioak gauzatzeko epeak eta haien justifikazioa aurkeztekoa doituta.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak 2016ko abenduaren 21ean hartutako erabakiaren bidez, 8.800.000,00 euroko urte anitzeko gastu konpromisoa baimendu zen 2018rako, zenbateko bera kenduta 2017rako hartutako konpromisotik.

2017rako beste deialdi bat egitea aurreikusita bada ere, proiektuak gauzatzeko hasieran finkatutako epeak kontuan hartuta laguntza eskaerarik aurkeztu ez zuten enpresei kalterik ez egitearren, beste epe bat ireki da eskaerak aurkezteko. Betiere, laguntza berriak emanen dira aurrekontu krediturik bada deialdi honetan baimendutakoaren barrenean.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Industriako ETEetako inbertsiorako laguntzen deialdiarentzat baimendutako gastua aldatzea, “Industrietako inbertsioetarako diru-laguntzak. Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilea” (PEP elementua. E-15/000114-01) izeneko 810007 81210 7701 422206 kontu-sailaren kargura. Honela gelditu da:

2016 (euroak)

2017 (euroak)

2018 (euroak)

GUZTIRA

638.926,90

5.213.432,00

8.800.000,00

14.652.358,90

2. Aipatu laguntzen oinarri arautzaile hauek aldatzea:

2.1. Hauxe izanen da “Diru-laguntza izan dezaketen gastuak” izeneko 4. oinarriaren 1. ataleko d) letraren testua:

“d) Eskaera egunaren eta 2017ko abenduaren 31 artean egin beharko dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuak. Ondorio horietarako, egindako gastutzat hartuko da aldi horretan fakturatzen eta pagatzen dena, salbu errentamendu finantzarioaren bidez finantzatutakoa, hurrengo 2. atalean eta 11.3 oinarrian xedatutakoari jarraituko baitio.”

2.2. “Diru-laguntza ematea” izeneko 8. oinarriaren 3. atala kendu da.

2.3. Hauxe izanen da “Egindako inbertsioaren justifikazioa” izeneko 9. oinarriko 1. atalaren testua:

“1. Enpresa onuradunek hurrengo datetan aurkeztu beharko dituzte frogagiriak:

a) 2017ko ekainaren 30ean bukatzea aurreikusita dauden proiektuak: 2017ko irailaren 30a arte.

b) 2017ko ekainaren 30etik abenduaren 31ra bitarte bukatzea aurreikusita dauden proiektuak: 2018ko urtarrilean.

Aurkezpen hori baino lehen, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak dokumentu bat igorriko die enpresa onuradunei, laguntzan sartzen diren inbertsioak zehaztuta, telematika bidez osatu eta aurkeztu beharko dena, laguntzen fitxaren bitartez, gainerako frogagiriekin batera.”

3. Oinarri arautzaileetako aldaketak, aurreko atalean jasotakoak, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen ebatzi gabe dauden laguntza eskaerei bakarrik aplikatuko zaizkie.

4. 15 eguneko epea irekitzen da laguntza eskaera berriak aurkezteko. Eskaera berri horiei laguntzak emateko, aurrekontu kreditua beharko da horretarako, deialdi honetan baimendutakoaren barrenean.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2017ko urtarrilaren 4an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

Iragarkiaren kodea: F1700234