126. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, 9 udaltzain lanpostu oposizio bidez betetzeko, Iruñeko Udaltzaingorako

Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzordeak, 2017ko ekainaren 13an egin bilkuran, erabaki zuen deialdia onartzea.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da 9 udaltzain lanpostu –gehiago izan daitezke, 2017ko EEParekin bat– oposizio bidez betetzea, Iruñeko Udaltzaingorako, honako txanda hauetan banatuta, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3. artikuluan ezarritakoarekin bat.

a) Txanda irekiko lanpostuak:

–4 lanpostu.

b) Igoera-txandako lanpostuak, Nafarroako Administrazio Publikoetako langileei zuzenduak:

–5 lanpostu.

1.2. Igoera-txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa eskuratu ez dutelako, txanda irekikoei gehituko zaie.

1.3. Era berean, igoera-txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan oposizioa gainditurik ere lanposturik lortu ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako guztizko azken puntuazioaren arabera, non batu eginen baitira ezagutza-probaren puntuazioak, proba fisikoenak eta proba psikoteknikoena.

1.4. Deialdi honen ondorioz udaltzain izendatutako izangaiek polizia-eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak edukiko dituzte eta Foru Lege horrek ezartzen dituen mailetatik C mailaren barnean sartuko dira.

1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Prozedura honako arau hauen xedapenen arabera tramitatuko da: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Txanda irekia.

Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte oposizio honetako txanda irekian onartuak izateko:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Gutxienez 18 urte edukitzea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako titulua edo horien baliokidea den titulu bat edukitzea, edo hura erdiesteko maneran egotea, eskabideak aurkezteko mugaegunean.

Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, haien homologazio-egiaztagiria eduki beharko da eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean.

d) Deialdiaren jomuga den lanpostuak berezko dituen eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdiaren IV. eranskinak jasotzen dituen ezein zio medikorengatik baztertzeko moduan ez egotea.

e) Doluzko delitu bat dela kausa kondenatua ez izatea, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, edo eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) Ibilgailuak gidatzeko A2 eta B motako baimenak edukitzea.

g) Armak aldean eramateko konpromisoa, eta, behar izanez gero, erabiltzekoa. Horretarako, eskatzaile bakoitzak horren gaineko erantzukizunpeko adierazpena eginen du.

3.2. Igoera-txanda.

Txanda irekiko izangaiek bete beharreko baldintzez gain, igoera-txandakoek honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finko izatea, haietan benetan zerbitzua ematen gutxienez bost urtez aritu izana egiaztatzea eta borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea.

b) Nafarroako Polizia Kidegoetako kidea izanez gero, haietan benetan zortzi urtez zerbitzua eman izana.

c) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoak edo beheragokoak izatea.

3.3. Aipatu baldintzak eskabideak aurkezteko mugaegunean bete beharko dituzte izangaiek, salbu eta 3.1.f) letran adierazitakoa, zeina, hasiera batez, nahiko izanen baita betetzea deialdiaren 7.3.6 zenbakian aipatzen den Oinarrizko Prestakuntza ikastaroa egin behar duten izangaien behin-behineko zerrenda argitara ematen den egunean.

4.–Eskabideak.

4.1. Epea eta tokia, deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko.

a) Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu ahalko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezartzen diren bideetako edozein erabiliz.

c) Eskabidea posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, Postetxeko langileek eskabidean data jarri eta sinatu dezaten, hura ziurtatu eta Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrera igorri aurretik. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute oposizioan parte hartzeko eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko ezarritako epea bukatzen den egunean.

d) Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean jasota dagoen ereduarekin bat etorriko dira, eta eskuragarri egonen dira Iruñeko Udalaren Herritarrendako Arreta bulegoetan eta Interneten (www.pamplona.es), edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean, deialdia (I. eranskina) argitaratzen denean.

4.2. Izangaiek deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1. Ziurtagiria, izena emateko eskubide tasa dela-eta 11,40 euro Iruñeko Udalari ordaindu izana egiaztatzeko. Tasa hori ordaindu ezean, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa Iruñeko Udalak honako finantza entitate hauetan dituen kontuetan ordain daiteke, haietan dirua sartuz edo haietara transferentzia eginez: La Caixa (ES98 2100 9161 40 2200089727), Laboral Kutxa (ES22 3035 0039 34 0390900005) eta Nafarroako Rural Kutxa (ES07 3008 0001 14 1103447429), edo Udaleko Diruzaintzan (Merkatuko kalea 7-9, 2. solairua). Ordainagirian ezinbestean honako datu hauek agertuko dira:

–Izangaiaren izen-abizenak.

–NANa / IFZ.

–Ordainketa zein kontutan egin den eta horren zenbakia.

–Kontzeptua: Oposizioa Iruñeko Udaltzaingorako. 2017. urtea.

2. Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia (aurkia eta ifrentzua).

3. Igoera-txandako izangaiek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, lanean ari diren administrazioan horretarako esleiturik dagoen organoak emana, abiaburuko lanpostua, maila eta bertan duten antzinatasuna egiaztatzeko.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Oposizioan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein Udalaren webgunean argitara dadin aginduko du. Horretarako, bi zerrenda osatuko dira, honako hauen arabera:

1. Txanda irekiko izangaiak.

2. Igoera-txandako izangaiak.

5.2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratu eta ondoko hamar egun balioduneko epearen barnean, interesdunek erreklamazioak egin ahalko dituzte, eta akatsik baldin bada, zuzendu.

5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaitutakoan, eta, halakorik balitz, horiek ebatzitakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesteko, eta horiek argitara emanen dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein Udalaren webgunean. Ebazpenak zehaztuko du oposizioa osatzen duten probak egiten hasteko tokia, data eta ordua.

6.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Osaera.

Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Xabier Ibáñez Sagardoy jauna, Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorreko zuzendaria.

–Ordezkoa: Jesús Munárriz Salinas jauna, Iruñeko Udaltzaingoko udaltzainburua.

–Epaimahaikidea: Javier Arrobarren Barrena jauna, Iruñeko Udaltzaingoko komisario nagusia.

–Ordezkoa: Francisco Bacaicoa Nuñez jauna, Iruñeko Udaltzaingoko komisario nagusia.

–Epaimahaikidea: Eduardo Muñoz Albero jauna, Iruñeko Udaltzaingoko inspektorea.

–Ordezkoa: Jesús Estanga Goñi jauna, Iruñeko Udaltzaingoko inspektorea.

–Epaimahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaritza-organoek proposatutako ordezkari bat.

–Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaritza-organoek proposatutako ordezkari bat.

–Epaimahaikide-idazkaria: Víctor Sarasa Astrain jauna, Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorreko legelaria.

–Ordezkoa: Javier García Martínez jauna, Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorreko legelaria.

6.2. Eraketa eta jarduna.

–Epaimahaiburuak aurrez deitua, Epaimahaia eratuko da, probak egiten hasi baino lehen eta onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epearen barruan.

–Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

–Halaber, kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balioa eduki dezaten, Epaimahaiburuak eta Epaimahaikide-idazkariak, edo, bestela, haien legezko ordezkoek, bertan egon beharko dute.

–Epaimahaiak gehiengoz erabakiko du deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sor daitezkeen arazo guztiei buruz.

–Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote administrazio-prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen bada, eta hori jakinarazi, deialdia egin duen organoari.

–Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen bada.

–Epaimahaiak aholkulari adituak deitu ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aipatu aholkulariak zein bere espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Oposizioaren garapena.

7.1. Oposizioak bi hautapen-fase edukiko ditu; lehenean honako proba baztertzaile hauek eginen dira: II. eranskineko gaitegiaren gaineko proba, proba fisikoa, proba psikoteknikoa eta medikoa. Bigarren fasean, Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa gainditu beharko da.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ematen den ebazpenean bertan zehaztuko dira lehen proba egiten hasteko tokia, eguna eta ordua.

7.2. Hautapen-faseko probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo Gidabaimena aldean dutela azalduko dira haietara. Oro har, oposiziotik baztertuak izanen dira, iragarritako data, ordu eta tokietan bertaratzen ez diren izangaiak, horretarako zioa edozein izanik ere.

Hautapen-faseko proba bakoitzaren kalifikazio-aldia amaitutakoan, Epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta webgunean emanen ditu argitara behin-behineko kalifikazioak, eta bost egun naturaleko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkez ditzaten. Behin Epaimahaiak alegazioen gainean ebatzi eta gero, behin betiko kalifikazioak onetsiko ditu, eta horiek ere Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko dira. Halaber, jakitera emanen dira, kasuaren arabera, gainditu duten izangaiak eta baztertuak, bai eta hurrengo proba egiteko tokia, data eta ordua, betiere proba egin baino gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago.

7.3. Prozeduraren faseak, dokumentazioa, ikastarorako behin betiko onarpena, praktiketako funtzionarioen izendapena eta Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa.

7.3.1. Prozeduraren faseak:

Hautapen-fasea honako proba hauek osatuko dute:

a) Proba teorikoa: test erako ariketa eginen dute izangaiek, II. eranskineko gaitegian agertzen diren gaiei buruzkoa, non idatziz erantzun beharko baitute 100 galdera teoriko-praktikok osatutako galdetegi bat. Galdetegiko galdera guztietan hiru aukera egonen dira erantzuteko, eta horietako bakarra izanen da baliozkoa. Erantzun baliozko bakoitzeko 1,50 puntu jasoko dira, eta oker emandako erantzun bakoitzeko 0,50 puntuko balorazio negatiboa emanen da. Galdera bakoitzaren banakako balorazioa berdina izanen da. Izangaiek gehienez ere bi ordu erabiltzen ahalko dituzte proba egiteko. Proban gehienez ere 150 puntu eskura daitezke. Bazterturik geratuko dira 75 puntura iristen ez diren izangaiak.

b) Gaitasun fisikoa neurtzeko proba: izangaiek deialdiaren III. eranskinean jasota dauden ariketa fisikoak egin beharko dituzte, eta horietako bakoitza baztertzailea izanen da. Proba hau osatzen duten ariketak Epaimahaiak ezarritako ordenan eginen dira, eta horiek egun bakar batean edo batzuetan egitea erabakitzen ahal du. Ariketa bakoitza baloratuko da “gai” edo “ez gai” gisara. “Ez gai” izanen dira deialdiaren III. eranskinean ezarritako gutxienekoak gainditzen ez dituzten izangaiak, bai eta dopinaren kontrako kontrolean positibo ematen dutenak ere.

Izangaiak dopinaren kontrako kontrola egitera beharturik daude, dela ariketak egiten ari diren bitartean, dela beste edonoiz, Epaimahaiak noiz eskatu eta orduan. Praktika debekatuak atzemateko edo egiaztatzeko xedeko analisiak dagokion organo espezializatuak eginen ditu. Ondorio horietarako, debekatutzat jotzen dira hala Kirol Kontseilu Gorenak 2013ko abenduaren 20an emandako Ebazpenaren I. eranskinean jasotako substantziak, gai farmakologiak, dopin-metodoak eta manipulazioak (kirol arloan debekatutako substantzien eta metodoen zerrenda, 2013ko 312. “Estatuko Aldizkari Ofizialean”, abenduaren 30ekoan argitaratua). Bestalde, indarrean daude Kirol Kontseilu Gorenaren Lehendakaritzak kirol arloan debekatuta dauden metodoen eta substantzien zerrenda onesteko 2006ko abenduaren 21ean emandako Ebazpenaren IV. eta V. eranskinak (animaliengan, galgoengan eta zaldi-probetan hurrenez hurren), Kirol arloan Osasuna babesteari eta Dopinaren kontrako Borrokari buruzko azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoaren Lehen Xedapen Gehigarrian xedatutakoari jarraikiz. Halaber, VI. eranskinak indarrean dirau kirol arloan dopina erabiltzearen kontrako Unescoren nazioarteko Konbentzioaren II. Eranskinari aurka egiten ez dion orotan. Bazterturik geldituko dira aipatu kontrolean positibo ematen duten izangaiak eta kontrola egiteari uko egiten diotenak.

Bigarren proba egin baino lehen, eta bigarren probarako deitutako izangaien zerrenda argitaratzean emanen den epearekin bat, izangaiek ziurtagiri mediko ofiziala aurkeztu beharko dute, jarduneko kolegiatu batek sinatua eta inprimaki ofizialean emana, non berariaz adieraziko baita izangaiak badituela baldintza fisiko eta sanitario nahikoak, aipatu proba fisikoak egiteko.

c) Gaitasun psikoteknikoaren proba: izangaiek proba batzuk eginen dituzte lanpostuaren lanbide-profilaren beharkizunetara noraino egokitzen diren neurtze aldera. Nafarroako Administrazio Publikoko Institutuaren Psikologia Aplikatuko Sailak edo horrek izendatutako langileek eginen dituzte probak, eta haien balorazioak lotesleak izanen dira Epaimahaiarentzat. Gaitasun psikoteknikoaren proban gehienez ere 50 puntu lor daitezke. Bazterturik geratuko dira 25 puntura iristen ez diren izangaiak.

Gaitasun psikoteknikoaren probak proba fisikoak eta proba teorikoa gainditu dituzten izangaiek eginen dituzte.

d) Proba medikoak. Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiei, deialdiko lanpostuak baino gehiago izanik eta Kalifikazio-epaimahaiak zehazten duen kopuruan, proba medikoak egitera dei eginen zaie, gaitasun psikofisikoa egiaztatu beharrez, deialdiaren 3.1 ataleko d) letran ezarritakoari jarraikiz. Osasun-azterketa Iruñeko Udalaren Lan Osasuneko Zerbitzuak eginen du.

Proba medikoetan izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. “Gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

7.3.2. Lanpostu kopurua handitzea.

–Deialdiko lanpostuen kopurua handitzen ahalko da, hautapen-prozesuak dirauen bitartean eta izangaiak deialdian aurreikusitako Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa egiten hasi baino lehen.

–Lanpostuen kopurua handitzean, kontuan hartuko da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina).

–Kopurua handituz gero, lanpostuak handitzearen gaineko Ebazpena argitara emanen da Iruñeko Udalaren iragarki-taulan eta webgunean, bai eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.

–Eskuragarri dauden lanpostu guztiak zehaztu eta Epaimahaiak osasun-azterketaren balorazioak jaso ondoren, Epaimahaiak izangai onartuen zerrenda prestatuko du, lanpostu hutsak esleitzeko ekitaldian parte hartzeko, betiere lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta bi txandak kontuan harturik, irekia eta igoerakoa.

7.3.3. Lanpostuen esleipena.

a) Lanpostuak esleitzeko ekitaldia Prestakuntza Ikastaroa baino lehenago eginen da, zehazte aldera zeintzuek duten benetan tokia betetzeko dauden lanpostuetan.

b) Ekitaldiaren xedea da azkenik dauden lanpostuak betetzea, hautapen-faseko probetan eskuratutako puntuazioaren arabera.

c) Epaimahaiak bi zerrenda eginen ditu horretarako, guztizko puntuazio handienetik txikienera ordenatuta; bata igoera-txandako izangaiek osatua, eta bestea, izangai guztiek osatua. Dei egiten hasiko da, handienetik txikienera, lehenik igoera-txandako zerrendan agertzen direnei, txanda horretako lanpostuak haiei esleitzeko, eta, horiek betetakoan, gauza bera eginen da izangai guztiak jasotzen dituen zerrendarekin txanda irekiko lanpostuak betetzeko, salbu eta igoera-txandan jada hautaketa egin dutenen kasuan.

d) Ekitaldi honetan lanpostua lortzen duten izangaien zerrendan agertzen direnak Oinarrizko Prestakuntza Ikastarorako behin-behinekoz proposatuak izanen dira, betiere horien kopurua ezin delarik izan deitutako lanpostuak baino gehiago, eta Epaimahaiak argitara emanen du izangai horien zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta webgunean, bakoitzaren guztizko kalifikazioak zehaztuta.

7.3.4. Dokumentazioa eta ikastarorako behin betiko onarpena:

Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroan parte hartu ahal izateko, behin-behinekoz onartutako izangaiek egiaztatu beharko dute, hamar egun naturaleko epean, aipatu zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratzen denetik hasita, deialdiaren 3.1 zenbakiko c), e) eta f) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean, Epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako tituluaren edo horien baliokidea den tituluaren aurreko eta atzeko aldeen fotokopia konpultsatua.

–Deialdian eskatutako gidabaimenen aurreko eta atzeko aldeen fotokopia konpultsatua.

–Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko ez dela doluzko delitu bat dela kausa kondenatua izan, ez dela administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua izan, eta ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

–Justizia Ministerioaren pean den Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, egiaztatzeko izangaiak ez duela aurrekari penalik, edo horiek ezereztatu direla.

–Erantzukizunpeko adierazpena, armak aldean eramateko, eta, beharrezkoa balitz, erabiltzeko konpromisoa hartuta.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

–Halakorik balitz, deialdiaren 8.2. zenbakiaren laugarren paragrafoan aipatzen den aukera baliatzeko agiria.

Aurreko tramiteak bete eta gero, Epaimahaiak behin betiko zerrenda jendaurrean jarriko du, puntuazio altuenetik txikienera ordenatuta, eta jakitera emanen du zer izangai onartu diren Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa egiteko. Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangairen batek eskatutako dokumentazioa aurkeztu ezean edo osasun-azterketa gainditu ezean, haren ordez beste bat sartuko da behin betiko zerrendan, nor eta gainditu duten izangaietan puntuaziorik altuena eduki eta galdatutako betekizunak betetzen dituena.

7.3.5. Praktiketako funtzionarioen izendapena:

Udaltzain izateko Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroan parte hartzen duten izangaiak Iruñeko Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko dira Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpen baten bidez, salbu eta aitzinetik Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionarioak badira.

7.3.6. Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa:

–Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak (ESEN) emanen du, gainditu egin beharko da eta honako arau hauek zedarrituko dute: Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretua eta aplikagarriak diren gainerako xedapenak.

–2007ko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 29.3 eta 43.4 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izanen da aipatu Eskolako zuzendariak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroetako edukien berdintasuna edo baliozkotasuna frogatzen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori aipatu Eskolak eginen du, interesdunak eskatuta. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari dagokio, orobat, beste ikastaro eta diploma batzuk osorik edo partez baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman badituzte, edo Eskolak berak lehenago eman baditu, betiere edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kasuan-kasuan dagokion kalifikazioa ere emanen du.

–Prestakuntza ikastaroak dirauen bitartean, hartan parte hartzen duten izangaiek C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko dute, bai eta, hala badagokie, familia-laguntza ere.

–Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa egiten duten Iruñeko Udaleko langile finkoek abiaburuko lanpostuari dagozkion lansariak jasoko dituzte, betiere praktiketako funtzionarioari dagozkionak baino handiagoak badira.

–Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta bazeuden. Halakoetan, horrexetan segituko dute.

–Praktiketako funtzionario izateak ez du ematen eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik.

–Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du kasuan kasuko izangaiak jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinarazi beharko zaio. Baja hori Epaimahaiak Udalari jakinaraziko dio.

–Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroan onartua izan baino lehen egindako osasun-azterketaz gain, izangaiek edozein unetan agintzen zaizkien osasun proba guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 3.1 d) letran aipatzen den baldintza betetzen segitzen dutela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, Epaimahaiak erabakiko du izangai horiei baja ematea hautapen-prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

–Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa gainditzen duten izangaiek, hautapen-prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaie, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute eskuratu nahi duten lanpostuaz jabetu arte.

–Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroan, izangaiek “gai” edo “ez gai” kalifikazioa eskuratuko dute, lortutako puntuazioaren ordenaren arabera. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak prestakuntza-ikastaroko izangaiei zentzu horretan ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira Kalifikazio-epaimahaiarentzat.

–Oposiziotik bazterturik geldituko dira Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa gainditu ez duten izangaiak.

–Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa gainditutzat jotzeko, ikastaroko arlo guzti-guztiak gainditu beharko dira. Gainditzeko, ikastaroaren programan ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 atera beharko da gutxienez, arlo bakoitzean.

7.3.7. Azken kalifikazioa.

Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa zein den jakiteko, hautapen-prozesu osoko puntuazio guztiak batuko dira, hau da, hautapen-fasean gehi Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroan lortutakoak.

8.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

8.1. Izendapena.

–Behin Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa amaitutakoan, Epaimahaiak argitara emanen du gainditu dutenen zerrenda, guztira lortu duten puntuazioaren hurrenkeran, eta izendapen-proposamena eginen du gainditu duten izangaien alde.

–Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa amaitu eta gero, gaindituen zerrendan dauden izangaiek zin egin edo hitz eman beharko dute Nafarroako Foru Eraentza errespetatu eta beteko dutela, Konstituzioari eta Legeari men eginen dietela eta karguari dagozkion betebeharrak zintzoki beteko dituztela.

–Eskatutako agiriak aurkeztu ondoan, Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabakiaren bidez, Iruñeko Udaleko funtzionario eta udaltzain izendatuko dira oposizioa gainditu duten eta aurreko atalean xedatutakoa betetzen duten izangaiak, betiere txanden hurrenkeraren eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

–Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Lanpostuaz jabetzea.

–Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.

–Lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izateari uztea.

–Ezarritako egunean lanpostuaz jabetzen ez direnek –ezinbesteko kasuetan izan ezik– Iruñeko Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

–Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede diren lanpostuetarako izendatuak izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatuko dira, eta alta emanen zaie araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badaude edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emanak badira; orduan, eta izendatu aitzin, aukeratzen ahalko dute babes araubide horretan segitzea edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza zein organok egin eta horri zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintzaren erabakia argitaratu edo jakinarazi eta hortik aitzina.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2017ko ekainaren 13an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDF).

II. ERANSKINA

Lehen probarako gai-zerrenda (teorikoa)

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Hitzaurrea. Aitzin titulua. I. titulua: Oinarrizko eskubide eta betebeharrak.

2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Udalerria. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. III. titulua, I. kapitulua, II. saila: Udalen funtzionamendua. Iruñeko Udala: antolamendua, funtzionamendua eta osaera.

3.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa. I. titulua: Segurtasun Indar eta Kidegoak. II. titulua: Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak. III. titulua: Autonomia Erkidegoetako poliziak. IV. titulua: Estatuaren eta Autonomia Erkidegoen arteko lankidetza. V. titulua: Udaltzaingoak. Bosgarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetan hirugarrena.

4.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Funtzionario publikoak. I. kapitulua: Hautaketa. II. kapitulua: Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua: Mailak eta graduak. Laugarren xedapen iragankorraren eragina. IV. kapitulua: Administrazio-karrera. VI. kapitulua: Egoera administratiboak.

5.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: Atariko titulua: Zigor-bermeak eta zigor-legearen aplikazioa. I. titulua: Arau-hauste penala. II. titulua: Delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak.

6.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa, Poliziaren arreta eta babes eraginkorra. I. titulua eta VII. titulua.

7.–Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa. II. titulua eta III. titulua.

8.–22/2002 Foru Legea, uztailaren 2koa, indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzeari buruzkoa.

9.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalari buruzko Legea onesten duena: II. liburua: I. titulua: Salaketa. VI. titulua, II. kapitulua: Atxiloketa. IV. kapitulua: Defentsa eskubideaz baliatzea, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua, I. kapitulua: Sarrera eta erregistroa toki itxian.

10.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, Habeas Corpus prozedura arautzen duena.

11.–8/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

12.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa. Atarikoa. I., II. eta III. kapituluak. V. kapitulua (30. artikulutik 37.era, 47. artikulutik 49.era, eta 52. artikulua, denak barne). Seigarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetako hirugarrena.

13.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duena.

14.–Iruñeko Udaleko udal-ordenantza ez fiskalak:

–Udaleko Osasun Ordenantza, Iruñeko udal-mugartean animaliak edukitzeari buruzkoa.

–Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak Iruñeko udalerrian edukitzea arautzen duen Ordenantza.

–Aparkatze mugatuko eta murriztuko eremuak arautzen dituen Ordenantza.

–Eremu publikoan terrazak eta merkataritzari zein ostalaritzari loturiko bestelako elementuak jartzea arautzen duen Ordenantza.

–Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko Udal Ordenantza.

–Iruñeko udal-mugartean maila txikiko aisialdi-lokalen funtzionamendua arautzen duen Udal Ordenantza.

15.–Etika eta deontologia poliziala:

–Jokabide-kodea, legea betearazi behar duten funtzionarioentzat (34/169 Ebazpena, 1979ko abenduaren 17koa, Nazio Batuen Batzar Nagusiak emana).

–690/1979 Ebazpena, Europako Kontseiluaren Parlamentu Batzarrak emana, poliziaren gaineko deklarazioa egiten duena.

–10. Gomendioa (2001), Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak Europar Batasuneko Estatuei emandakoa, Poliziaren Etikari buruzko Europako Kodeari buruzkoa. (Ministroen Kontseiluak hartua 2001eko irailaren 19an, Ministroen Delegatuen 765. bilkuran).

16.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, adingabeen erantzukizun penala arautzen duena.

17.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun publikoak eta josteta-jarduerak arautzen dituena.

18.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Ikuskizun publiko eta josteta-jardueren ordutegi orokorra arautzen duena.

19.–202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta-jardueren katalogoa onetsi eta enpresa eta lokalen erregistroak arautzen dituena.

20.–33/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 2koa, aisiako jardueretan sartzeko eta haietan egoteko baldintzak arautzen dituena eta sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza-irizpideak eta eginkizunak ezartzen dituena.

21.–Alderdi kritikoak, polizia-testuinguruetan bitartekaritza ezartzeko.

22.–Polizia-bitartekaritza: Gatazken kudeaketa aldatzeko eskuliburua.

23.–Iruñeko geografia eta kale-izendegia (Udalaren webguneko testuarekin eta planoarekin bat).

24.–Gaztelaniaren oinarrizko ortografia.

III. ERANSKINA

Bigarren probari dagozkion ariketak (gaitasun fisikoa)

1. Bankako press-a, edo pisua jasotzeko proba, 38 kg gizonentzat eta 20 kg emakumeentzat.

Deskribapena: banku batean ahoz gora etzanda, izangaiak 38 edo 20 kiloko pisua goratu behar du, 60 segundoan, ahal duen aldi guztietan. Bi eskuekin goratuko du pisua, eta barra hartuko du sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari ahurraz heldu eta behatzak itxirik). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek.

–Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du.

–Oinak lehenbiziko goratzean nola dauden, horrela mantenduko dira ariketa osoan, aldatu gabe.

–Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetuko da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Ariketa bukatutzat emanen da honako kasu hauetan:

–Oin baten edo bien kontaktua galtzen badu bermatze-oinazpikoan.

–Izangaia gelditu egiten bada, ukondoak flexionaturik eta barra bularrean bermatuta duela.

Puntuazioa: “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen da, egindako errepikapenen arabera, eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK ERREPIKAPENAK

EZ GAI

gizonak

30 baino gutxiago

emakumeak

25 baino gutxiago

2. Uretan aritzeko gaitasunari buruzko proba (50 metro estilo librean).

Deskribapena: arnasa hartzeko mekanismoen kontrola zein uretan egokitzeko eta aritzeko gaitasuna baloratuko dira. 25 metroko igerileku batean joan-etorria eginen da estilo librean. Irteera igerilekuaren ertzetik eginen da, irteteko blokera igo gabe.

–Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 41” segundo gizonentzat eta 46” segundo emakumeentzat.

–Ezin izanen da erabili neoprenozko jantzirik, urpeko betaurrekorik, ezta urpean ibiltzeko beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak. Ezin da proba egiten hasi igerilekuaren barrutik.

–Saio bakarra eginen da.

–Epaile kronometratzaileak “ya” esatean hasiko da proba.

–Igerilekuaren ertzetik atera beharko da, zutik jarrita (bi oinak lurrean), uraren arrasetik eta geldirik egonda. Irteteko, ez da inolako blokerik edo euskarririk erabiliko.

Saioa baliogabetzat joko da, eta baztertzeko arrazoi, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak nahiz ertza euskarri moduan edo abiada hartzeko erabiltzen baditu.

–Igerilekuaren ertzei heltzen badie atseden hartzeko.

–Igerilekuaren hondoa ukitu edo hura erabiliz abiada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

–Noranzkoa aldatzean pareta ukitzen ez badu.

–Bi irteera baliogabe egiten baditu.

Puntuazioa: “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen da, honako eskala honen arabera (segundoetan emandako denbora, ehunenak kontatu gabe).

PUNTUAZIOAK DENBORAK

EZ GAI

gizonak

42” edo gehiago

emakumeak

47” edo gehiago

3. Zalutasun proba. (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzean.

L1707670_0.pdf

Ariketa nola gauzatu: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea “zortzi” baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikusi grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin norabide bakoitzean (A eta B ibilbideak, grafikoan). Izangai bakoitzak bi saio egiten ahalko ditu. Bigarrena lehenbizikoa baliogabetzat jo izan bada baino ez da eginen, eta minutu bateko atsedena emanen da bigarren saioa egiteko.

Saio baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:

–Izangaiak zutoin bat botatzen duenean.

–Izangaiak zutoin bat hartzen badu, eror ez dadin.

–Izangaia ibilbidetik ateratzen bada, hau da, lasterketako marra idealetik ateratzen bada (nahiz eta ibilbide zuzenetik itzuli).

Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

–Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

–Probarako aurreikusitako gehienezko denbora gainditzea.

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideak (A eta B) egiteko ematen duten denbora batuko da, kontuan hartuta ibilbideak bukatutzat joko direla izangaia irteera marratik berriz pasatzen denean. “Gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen da, honako eskala honen arabera (segundoetan emandako denbora, ehunenak kontatu gabe).

PUNTUAZIOAK DENBORAK

EZ GAI

gizonak

25”8 baino gehiago

emakumeak

27”8 baino gehiago

4. Erresistentzia proba. (Course Navette testa).

Proba nola gauzatu: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz. Izangaiek, seinalea entzutearekin batera, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak edo marretatik haragoko aldeak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Hortaz, izangai guztiek erritmo berean egin beharko dute lasterketa, eta ez da onartuko inor lasterketaren erritmoa gainditzea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra edo marratik harago zapalduz. Soinua tarte erregularren arabera emanen da. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa izanen da. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek.

Testaren xedea markatutako erritmoari jarraitzea da, eskatutako tarteak bete arte. Izangaia seinalea entzun baino lehentxeago abiatzen bada, behin baino gehiagotan, abisu bat emanen zaio. Izangaia seinalea baino lehen ateratzen bada eta metro bateko tartetik haratago joan bada, probari bukaera emanen zaio besterik gabe.

Ondoren azaltzen diren kasuetan, proba bukatu eta ordura arte pasatako denbora kontatuko da:

–Izangaia gelditzea, salbu eta soilik une batez gelditzen bada 20 metroko marraren gainean pibotatzen ari denean, seinale akustikoaren zain.

–Izangaia bere kaletik ateratzea.

–Izangaiak ibilbide oso bat bukatzeko dagoen muturreko marra edo marratik harago ez zapaltzea.

–Seinale akustikoa entzuten denean, izangaia ez iristea 20 metroko marratik metro bateko eremura.

–Izangaiak hiru aldiz jarraian ez lortzea marra edo harago zapaltzea seinale akustikoak agintzen dionean. Seinaleak jotzen duen unean, marratik metro bateko tartera egotea onartuko da. Segurtasun metroaren barnean egonik, seinale akustikoa entzun baino lehen izangaiak marra zapaltzea lortzen ez duen aldiro, abisu bat jasoko du, eta kontrolatzailearen bi aldeetan kono bat ezarriz markatuko da. Abisu hori kendu eginen zaio baldin eta lortzen badu 20 metrora dagoen beste marra ukitzea seinale akustikoa entzutean. Hala egiten ez badu, bigarren abisu bat jasoko du. Bi abisu izanik, izangaia 20 metrora dagoen beste marrara iristen bada seinale akustikoarekin batera, biak kenduko zaizkio. Bestela, hirugarren abisu bat jaso eta probari bukaera emanen zaio.

Puntuazioa: “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen da izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako denbora-tarteen arabera (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), honako eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK TARTEAK

EZ GAI

gizonak

10 baino gutxiago

emakumeak

8 baino gutxiago

IV. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1. Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen-zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikus-eremu monokularra: ezin izanen da plano horizontalean 120º tik beherakoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikus-eremuko meridiano batetik bestera.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2. Entzumena. Entzuteko sistema:

–Entzumen-zolitasunaren galera monoaurala, 45 dB-ko edo gehiagokoa, 500dik 3.000 Hz-ra bitarteko frekuentzietan.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3. Hizkuntza:

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4. Giharren eta eskeletoaren aparatua:

–Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eginkizunetarako duen eraginaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio izanik ere.

–Eskoliosiak, 20º baino handiagoak.

–Zifosiak, 30º baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Espondilitis ankilosantea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eginkizunetarako duen eraginaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera.

5. Digestio-aparatua:

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, Ebaluazio-epaimahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Sabelaldeko paretako hernia, Ebaluazio-epaimahaiak baloratu beharrekoa.

–Uzki-esfinterreko ihesa.

6. Sistema kardiobaskularra:

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromea eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren nahasmendu mota guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako blokeo AB, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).

–Arterietako hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).

–Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

7. Arnas-aparatua:

–Arnas-aparatuaren afekzio kronikoak (Bronkitis kronikoa, BGBK, Enfisema, Bronkiektasiak).

–Pleurako isuri berrituak.

–Berezko pneumotorax berritua.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.

8. Nerbio-sistema:

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizanteak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

–Nerbio-sistema periferikoaren paralisiak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren alterazioak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9. Nahasmendu psikiatrikoak:

–Buruko nahasmendu organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

–Buruaren eta jokabidearen nahasmenduak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bestelako nahasmendu psikotikoak.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, nahasmendu depresibo errepikariak, depresioaldi larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Barne-bultzaden kontrolaren eta izaeraren nahasmenduak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10. Sexu- eta gernu-aparatua:

–Giltzurruneko gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-ihesa.

–Giltzurruneko polikistosia.

11. Sistema endokrinologikoa:

–Hipotalamo-hipofisario ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta guruin suprarrenalen bestelako nahasmenduak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Mellitus diabetesa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12. Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak:

–Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, haien hedadura, eginkizun-eragina eta kokapena direla-eta polizia lanetan aritzeko gaitasuna gutxiagotzen baldin badute.

13. Odola eta organo hematopoietikoak:

–Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemia anemiadunak.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitza eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren bestelako nahasmenduak.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Tratamendu kronikoak: antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO.

14. Beste hainbat:

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, Ebaluazio-epaimahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 25).

15. Azalpen orokorrak:

–Ebaluazio-epaimahaiak baloratuko ditu baztertzaileak diren patologiak, eginkizunetan duten ondorioen arabera eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, Ebaluazio-epaimahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Eginkizunetan eragina duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, Ebaluazio-epaimahaiaren iritziz, polizia-lanetan aritzea eragozten baldin badute.

Iragarkiaren kodea: L1707670