126. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

195/2017 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako ikasketa artistikoak ematen dituzten ikastetxe publikoen eskola egutegia arautzen duena 2017-2018 ikasturterako, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokituta.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluaren VI. kapituluan arte ikasketak arautzen dira, besteak beste diseinuko goi mailako ikasketak.

Urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren bidez (gero urtarrilaren 23ko 21/2015 Errege Dekretuaren bidez aldatua), Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako goi mailako arte ikasketen antolamendua ezarri zen. Errege dekretu horren 4. artikuluan adierazten da goi mailako arte ikasketetan kredituen bidezko sistema europarra erabiliko dela.

Maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako diseinuko goi mailako graduko arte ikasketen oinarrizko edukia arautu zuen, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren printzipio orokorrekin bat.

Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 5ean emandako 30/2013 Foru Aginduaren bidez (gero Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 6ko 39/2015 Foru Aginduaren bidez aldatua), diseinuko goi mailako ikasketen plana eta antolamendua ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan.

Ikusirik Arte Ikasketen Atalak aldeko txostena eman duela jarraibideak onets daitezen Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko mailako arte ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoen eskola egutegia prestatzeko 2017-2018 ikasturterako, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokituta.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako ikasketa artistikoak ematen dituzten ikastetxe publikoen eskola egutegia prestatzeko arauak onestea 2017-2018 ikasturterako, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokituta. Arau horiek ebazpen honen eranskinean bildu dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Arte Ikasketen Atalera eta ukitutako ikastetxeetara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 17an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako ikasketa artistikoak ematen dituzten ikastetxe publikoen eskola egutegiari buruzko jarraibideak, 2017-2018 ikasturterako

1.–Egutegia.

Diseinuko goi mailako ikasketa artistikoak Nafarroako Foru Komunitatean ematen dituzten ikastetxe publikoen eskola egutegiak baldintza hauek beteko ditu 2017-2018 ikasturtean:

1. a) Ikasturtea irailaren 1ean hasiko da, eta ekainaren 30ean bukatuko.

b) Eskolak iraileko lehenbiziko astean hasiko dira, oro har, eta maiatzeko azkeneko astean bukatuko.

c) Irailaren 1etik eskolak hasi bitarteko egunetan programazio lanak, departamentuko bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dira.

d) Eskolak bukatu eta ekainaren 30a arte, azterketa arruntak eta bereziak, ikasturtearen berrikusketa eta ebaluazio lanak, memoria didaktikoak, departamentu didaktikoen memoriak, amaierako memoria eta beharrezkoak diren administrazio egintza guztiak eginen dira.

2. a) Irakaskuntza hauetan erabateko dedikazioan ari diren ikasleek, ikasturte bakoitzean, 36 asteko eskolaldia izanen dute.

b) Eskolaldi horren barnean eskola teoriko eta/edo praktikoak sartuko dira, eta azterketa eta ebaluazio probak egiteko eta prestatzeko denbora.

c) Seihileko bakoitza bukatuta, azken ebaluazio arrunta antolatuko da.

d) Ikasturtea bukatuta, ebaluazio berezia antolatuko da irakasgai bakoitzerako.

e) Gehienez ere bi aste erabiliko dira lehen ebaluazioko azterketak prestatu eta egiteko, eta beste bi aste bigarren ebaluazioko deialdi arruntaren azterketak (ikasturte bukaerako lana salbu) prestatu eta egiteko.

f) Egutegia aldatu behar denean, hura lehen aldiz egitean erabilitako prozedura berari jarraituko zaio, betiere gutxieneko eskola asteak errespetatuta.

g) Ikasleak bakarkako eskoletara edo taldekoetara agertzen ez badira ere, ikastetxeak eskola horiek ematen jarraituko du.

3. a) Jaiegun izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko lan egutegi arruntean ere halakoak direnak: urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 4a, abenduaren 6a, abenduaren 8a, maiatzaren 1a, herriko zaindariaren jaieguna eta kasuan kasuko ikasketen zaindariaren jaieguna. 2018ko lan egutegi arruntean eskolako egutegiari eragiten dion jaiegunen bat egonez gero, ikastetxeek eskolako egutegia egokituko dute, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak emanen dituen jarraibideekin bat.

b) Herriko zaindariaren jaieguna eskolarik gabeko egun batean egokitzen bada, ikastetxeak horren ordezko beste egun bat aukeratzen ahalko du. Ikastetxeko zuzendariak herriko zaindariaren eguna ordezteko beste egun bat proposatuko dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariari.

c) Ikastetxeak ezarriko du hezkuntza mailari dagokion jaieguna.

4. 36 eskola aste errespetatzen badira, ikastetxeko zuzendaritzak 3. baldintzan aipatzen den hezkuntza mailako zaindariaren jaieguna aldatzen ahalko du.

5. 3. baldintzan aipatzen diren eskola gabeko egunak ezin izanen dira erabili Aste Santuko eta Eguberrietako oporraldiak luzatzeko.

6. Eguberrietako oporrak abenduaren 23an hasi, eta urtarrilaren 7an bukatuko dira, biak barne.

7. Aste Santuko oporrak martxoaren 29an hasi, eta apirilaren 8an bukatuko dira, biak barne.

8. Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak, zeinak, betiere, aparteko arrazoiengatik izanen baitira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, onets ditzan.

9. Urtero, ekainean, berariazko sarrera probaren deialdi bat eginen da ezarrita dagoen espezialitate bakoitzerako. Egoki irudituz gero, beste deialdi bat egin liteke, ikasturtearen hasieran.

2.–Tramitazioa.

Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:

1. Ikastetxeko zuzendaritzak 2017-2018 ikasturterako eskola egutegiaren proposamena prestatuko du eta, Eskola Kontseiluari entzun ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko diseinuko goi mailako ikasketa artistikoak ematen dituzten ikastetxe publikoen kasuan, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorriko dio, 2017ko ekainaren 12an beranduenez, betiere “EDUCA” kudeaketa programak eskaintzen duen euskarri informatikoa erabilita.

2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, aztertu ondoren, egutegiak onetsiko ditu. Ikuskapen Zerbitzuaren jakinarazpen hori, orobat, “EDUCA” kudeaketa programaren euskarri informatikoaren bidez eginen zaie ikastetxeei. Egutegia onetsitzat joko da ikastetxeak horren gaineko jakinarazpenik jasotzen ez badu 2017ko ekainaren 26rako.

3. Ikastetxeren batek bere egutegi proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio 1. puntuan ezarritako baldintzak betetzen dituen egutegi bat.

4. Egutegiak onetsi ondoren, nahitaez bete beharko dituzte ikastetxe guztiek. Egutegia betearaztea ikastetxeko zuzendariaren erantzukizuna da, eta egutegien ezarpena gainbegiratzea eta kontrolatzea, berriz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuarena.

5. Ikastetxe bakoitzaren egutegia ikastetxeko iragarki oholean ikusgai jarri beharko da, eta aldaezina izanen da, non eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ez duen horretarako baimen idatzia ematen.

6. 2017-2018 ikasturteko eskola egutegia.

Diseinuko goi mailako arte ikasketak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1706149