126. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

194/2017 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko musikako lanbide ikasketek eta dantzako ikasketa ez-arautuek 2017-2018 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko jarraibideak onesten dituena.

Ikusirik Arte Ikasketen Atalak eman duen aldeko txostena, 2017-2018 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko musikako lanbide ikasketek eta dantzako ikasketa ez-arautuek izanen duten eskola egutegia prestatzeko jarraibideak onets daitezen.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko musikako lanbide ikasketek eta dantzako ikasketa ez-arautuek 2017-2018 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko jarraibideak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Arte Ikasketen Atalera eta ukitutako ikastetxeetara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 17an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko musikako lanbide ikasketek eta dantzako ikasketa ez-arautuek 2017-2018 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko jarraibideak

1.–Egutegia.

Musikako lanbide ikasketei eta dantzako ikasketa ez-arautuei dagokien eskola egutegiak baldintza hauek beteko ditu:

1. Ikasturtea 2017ko irailaren 1ean hasi eta 2018ko ekainaren 30ean bukatuko da.

2. a) Eskolak ez dira irailaren 4a baino lehen hasiko, ez eta irailaren 6a baino geroago ere. Ikasturtea egun horietan hastea eragozten duten arrazoi objektiboak daudenean, ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzak beste proposamen bat eginen du, betiere eranskin honen 3.a) baldintzan ezarritako eskola egunen kopurua errespetatuta.

b) Eskolen bukaera: eskolen hasieraren arabera, honako taulan agertzen den bezala:

ESKOLEN HASIERA

ESKOLEN BUKAERA

Irailaren 4a

Ekainaren 4a baino geroago ez

Irailaren 5a

Ekainaren 5a baino geroago ez

Irailaren 6a

Ekainaren 6a baino geroago ez

c) Irailaren 1etik eskolak hasi bitarteko egunetan programazio lanak, zikloetako bilerak, departamentuko bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dituzte irakasleek.

d) Eskolak bukatu eta ekainaren 30era arte, aparteko azterketak, ikasturtearen berrikusketa eta ebaluazio lanak, irakasgaien memoria didaktikoak, departamentu didaktikoen memoriak, amaierako memoria eta beharrezkoak diren administrazio egintza guztiak eginen dira.

e) Musikako lanbide ikasketen 6. mailako ikasleen azken ebaluazio arrunta egiteko azken eguna: maiatzaren 19a.

Ebaluazio hori egin ondoren, eskolak ematen jarraituko da, bai ebaluazioa gainditu ez duten ikasleak prestatzeko bai probak egiteko asmoa duten ikasleak prestatzeko.

Batxilergoko irakasgai komunak egiten ari diren eta unibertsitatean sartzeko probetara aurkezteko asmoa duten ikasleen kasuan, dagozkien ziurtagiriak Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetara igortzeko azken eguna maiatzaren 25a izanen da.

f) Musikako lanbide ikasketen ebaluaziorako aparteko deialdia ekaineko bigarren hamabostaldian eginen da ikasle guztientzat.

6. mailako ikasleentzat, aparteko deialdi hori ekainaren 9an eginen da beranduenez, bateragarriak izan daitezen musikako lanbide ikasketen aparteko deialdiaren azterketak eta Batxilergoko bigarren mailako aparteko deialdia. Hori guztia, unibertsitatean sartzeko aparteko deialdian parte hartzeko aukera izan dadin; hortaz, beranduenez ekainaren 15ean igorriko zaie dagokien ziurtagiria inplikatuta dauden Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei.

3. a) 165 eskola egun izanen dira gutxienez, bai musikako lanbide ikasketetan bai Nafarroako Dantza Eskolan.

b) Egutegia aldatu behar denean, hura lehen aldiz egitean erabilitako prozedura berari jarraituko zaio, betiere gutxieneko eskola egunak errespetatuta.

c) Eskola egunetan ezin izanen dira eskolak eten kontrolak, probak edo azterketak egiteko, ikasturteko azken hiru eskola egunetan izan ezik. Era berean, ezinezkoa izanen da eskolak etetea ebaluazio batzarrak edo klaustroak egiteko.

d) Ikasleak bakarkako eskoletara edo taldekoetara agertzen ez badira ere, ikastetxeak eskola horiek ematen jarraituko du.

4. a) Jaiegun izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko lan egutegi arruntean ere halakoak direnak: urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 4a, abenduaren 6a, abenduaren 8a eta maiatzaren 1a. Herriko zaindariaren eguna ere jaieguntzat joko da, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Komunitateko herrietako jaiak eta irakaskuntza bakoitzari dagokion zaindariaren eguna zehazten dituen arauan. 2018ko lan egutegi arruntean eskolako egutegiari eragiten dion jaiegunen bat egonez gero, ikastetxeek eskolako egutegia egokituko dute, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak emanen dituen jarraibideekin bat.

b) Herriko zaindariaren eguna, Nafarroako Foru Komunitateko herrietako jaiegunak zehazten dituen arauak ezarritakoa, eskola egun ez den batean gertatuz gero, ikastetxeak beste egun bat aukeratzen ahalko du haren ordez. Ikastetxeko zuzendariak herriko zaindariaren eguna ordezteko beste egun bat proposatuko dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariari.

c) Musikako kontserbatorio profesionalen zaindariaren jaieguna azaroaren 22a izanen da. Nafarroako Dantza Eskolako ikasketei dagokien zaindariaren jaieguna dantzaren nazioarteko eguna ospatzen den egunean izanen da.

d) Ikastetxeak jarritako eskola egunez gainerako egunak, aurreko ataletan jaiegun gisa finkatu ez badira, eskola gabeko lanegunak izanen dira.

5. Eskola gabeko egun bat gehiago, 4.d) baldintzan aipatzen direnei gehituta, izan nahi duten ikastetxeek ikasturtea bukatzeko egunak aldatu beharko dituzte, ikastetxe horrek ematen dituen ikasketetarako ezarri diren gutxieneko eskola egunak bermatzeko.

6. 165 eskola egun errespetatzen badira, ikastetxeetako zuzendariek hezkuntza mailako zaindariaren jaieguna, 4. baldintzan adierazten dena, aldatzen ahalko dute.

7. 4. eta 5. baldintzetan aipatzen diren eskola gabeko egunak ezin izanen dira erabili Aste Santuko eta Eguberrietako oporraldiak luzatzeko.

8. Eguberrietako oporrak abenduaren 23an hasi eta urtarrilaren 7an bukatuko dira, biak barne.

9. Aste Santuko oporrak martxoaren 29an hasi eta apirilaren 8an bukatuko dira, biak barne.

10. Iruñeko “Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionala Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioarekin koordinatuko da, eskola gabeko egunak eta hezkuntza mailako zaindariaren jaieguna, ahal den neurrian, berberak izan daitezen bi ikastetxeen egutegi proposamenetan.

11. Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak, zeinak, betiere, aparteko arrazoiengatik izanen baitira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, aztertu eta, zein den kasua, onets ditzan.

2.–Tramitazioa.

Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:

1. Ikastetxeko zuzendaritzak 2017-2018 ikasturterako eskola egutegiaren proposamena prestatuko du, eta, Eskola Kontseiluari entzun ondoren, kontserbatorio profesionalen kasuan, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorriko dio, beranduenez 2017ko ekainaren 12an, betiere “EDUCA” kudeaketa programak eskaintzen duen euskarri informatikoa erabiliz.

2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egutegiak eta ordutegiak onetsi edo ukatuko ditu, haiek aztertu ondoren. “EDUCA” kudeaketa programak ematen duen informatikako euskarriaren bidez iritsiko zaie ikastetxeei Ikuskapenaren jakinarazpena. 2017ko ekainaren 26a baino lehen jakinarazpenik hartzen ez duten ikastetxeetako egutegiak eta ordutegiak onetsitzat joko dira.

3. Ikastetxeren batek bere egutegi proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio 1. atalean ezarritako baldintzak betetzen dituen egutegi bat.

4. Egutegiak, onetsita direla, nahitaez bete beharko dituzte musikako lanbide ikasketak eta dantzako ikasketa ez-arautuak ematen dituzten ikastetxe guztiek. Ikastetxeko zuzendariaren erantzukizuna izanen da horiek betearaztea, eta egutegien ezarpenaren gainbegirada eta kontrola, aldiz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren gain egonen da.

5. Ikastetxe bakoitzaren egutegia ikastetxeko iragarki oholean ikusgai jarri beharko da, eta aldaezina izanen da, non eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ez duen horretarako baimen idatzia ematen.

6. 2017-2018 ikasturteko eskola egutegia.

Musikako lanbide ikasketak eta dantzako ikasketa ez-arautuak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1706148