126. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

Laburpena, Osasuneko zuzendari nagusiak ekainaren 15ean emandako 768/2017 ebazpenarena. Ebazpen horren bidez deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi dira osasun arloko Nafarroako lanbide elkargoek 2017. urterako antolatutako etengabeko prestakuntzako jarduerak diruz laguntzeko.

Oharra: testu osoa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index). BDNS (Identifikazioa): 352786.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 88. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Foru Komunitateko osasun administrazioak osasun arloko irakasle eta profesionalen etengabeko prestakuntza bultzatuko du, lanbide ezagupenak herritarren beharretara hobeki egokitzeko eta ezagupenak eguneraturik edukitzeko.

Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 132/2015 Foru Dekretuak, bestalde, Osasun Zuzendaritza Nagusiari esleitu dio, besteak beste, prestakuntzaren arloko laguntzak eta diru-laguntzak deitzeko, emateko eta kudeatzeko eskumena.

Osasun arloko lanbide elkargoek prestakuntza planak antolatzen dituzte urtero elkargokideentzat, eta plan horien baitan, elkargokideek beren lanbidearen jardunean, izan esparru publikoan izan esparru pribatuan, lanbide gaitasunak hobetzeko jarduerak eskaintzen dira, zeinak interesekoak baitira Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legetik heldu diren osasun politika eta helburuetarako eta osasun arloko plan estrategikoetarako.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten diru-laguntza eskuratzeko.

Espedientean txosten teknikoa eta dagokion txosten juridikoa biltzen dira, bai eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ere, eta horrek agerian uzten du laguntzen deialdia eta bere oinarri arautzaileen onespena egokiak eta legezkoak direla.

Iruñean, 2017ko ekainaren 15ean.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.

Iragarkiaren kodea: F1707964