126. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

768/2017 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dira osasun arloko Nafarroako lanbide elkargoek 2017. urterako antolatutako etengabeko prestakuntzako jarduerak diruz laguntzeko.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 88. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Foru Komunitateko osasun administrazioak osasun arloko irakasle eta profesionalen etengabeko prestakuntza bultzatuko du, lanbide ezagupenak herritarren beharretara hobeki egokitzeko eta ezagupenak eguneraturik edukitzeko.

Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 132/2015 Foru Dekretuak, bestalde, Osasun Zuzendaritza Nagusiari esleitzen dio, besteak beste, prestakuntzaren arloko laguntzak eta diru-laguntzak deitzeko, emateko eta kudeatzeko eskumena.

Osasun arloko lanbide elkargoek prestakuntza planak antolatzen dituzte urtero elkargokideentzat, eta plan horien baitan, elkargokideek beren lanbidearen jardunean, izan esparru publikoan izan esparru pribatuan, lanbide gaitasunak hobetzeko jarduerak eskaintzen dira, zeinak interesekoak baitira Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legetik heldu diren osasun politika eta helburuetarako eta osasun arloko plan estrategikoetarako.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten diru-laguntza eskuratzeko.

Espedientean txosten teknikoa eta dagokion txosten juridikoa biltzen dira, bai eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ere, eta horrek agerian uzten du laguntzen deialdia eta bere oinarri arautzaileen onespena egokiak eta legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Deialdia onestea osasun arloko Nafarroako lanbide elkargoek 2017. urterako antolatutako etengabeko prestakuntzako jarduerak diruz laguntzeko.

2. Aipatu laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen eranskinean xedatuarekin bat.

3. Honako partida honen kargura egin daitekeen gastua baimentzea, gehienez ere 60.000 eurora arte: Nafarroako 2017ko Aurrekontu Orokorretako “Etengabeko prestakuntzarako hitzarmena” izeneko 512001 51310 4819 311200 partida.

6. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa para daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2017ko ekainaren 15ean.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

Oinarri arautzaileak osasun arloko Nafarroako lanbide elkargoek 2017. urterako antolatutako etengabeko prestakuntzako jarduerak diruz laguntzeko.

1.–Xedea eta helburu publikoa.

Deialdi honen helburua da etengabeko prestakuntzarako laguntzak emateko araubidea ezartzea, osasun arloko Nafarroako lanbide elkargoek 2017. urterako antolatutako jarduerak egiteko, eta xede du, orobat, osasun arloko profesionalen ezagupena etengabe hobetzea eta berrikustea, ezagupen horiek herritarren osasun beharretara egokitzeko eta Nafarroako osasun sistemaren kalitatea hobetzeko.

2.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdiko laguntzak osasun arloko lanbide tituludunen elkargoek eskatzen ahalko dituzte, baldin eta egoitza soziala Nafarroan badute eta lanbide horiek Osasun Arloko Lanbideen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 2. artikuluan araututa baldin badaude.

Laguntzen onuradun diren lanbide elkargoek ez dute egon behar, eskaera aurkezteko unean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere.

Zerga betebeharrak eguneratuta eduki behar dira, bai Gizarte Segurantzari dagozkionak, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei itzuli beharreko zorrei dagozkienak, laguntza emateko ebazpen proposamena egiten den egunean.

Baldintzak diruz laguntzen den jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

3.–Inbertsio diruz lagungarriek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honen kontura, lanbide elkargoek antolatutako etengabeko prestakuntzako ikastaro, mintegi eta tailerrek jasotzen ahalko dute laguntza, baldintza hauek betez gero:

a) 2017ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean eman behar dira.

b) Jarduerek 2 ikastorduko iraupena izan behar dute gutxienez eta 100 ordukoa gehienez.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, jarduerek Nafarroako Etengabeko Prestakuntzaren Batzordearen akreditazioa izan behar dute, eta dagokion diru-laguntza ordaintzeko aurkeztu beharreko frogagiriekin batera egiaztatuko da hori.

4.–Eskaerak aurkeztea.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak, lehentasunez, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira.

Ondoko toki hauetakoren batean ere aurkezten ahalko dira: Osasun Departamentuko Erregistroan (Armadaren etorbidea, 2, Iruña) edo Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren gainerako erregistro bulegoetan (zerrenda 2015eko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 25ean), bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz ere.

Posta bulegoen bidez aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onarpen data eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak agerraraz daitezen. Gainera, interesdunak, egokitzat jotzen badu, eskaera igortzen duen egun berean igorpenaren berri emanen dio Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari, telefax bidez edo bestelako bitarteko telematikoen bidez.

Nafarroako Gobernuaren atariko (www.navarra.es) tramiteen atalean eskuragarri dago 4.2 oinarrian aipatzen den eredu taula.

4.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerak agiri hauek bilduko ditu:

1.–Lanbide elkargoko presidenteak sinatutako eskaera.

2.–Zein prestakuntza jardueratarako eskatzen den diru-laguntza, hura deskribatzen duen memoria laburra, honako informazio hau dakarrena:

–Titulua.

–Mota: ikastaroa, mintegia edo tailerra.

–Jarduera noiz egin(en) den.

–Jarduera nori zuzendua dagoen.

–Prestakuntza beharraren justifikazioa.

–Irakaskuntza helburuak.

–Ikastordu eta irakastordu kopurua.

–Aurreikusten den ikasle kopurua.

–Modalitatea (presentziala, mistoa edo erdipresentziala, on line).

–Jardueraren zenbat edizio emanen diren.

Eskaerarekin batera, eskaeran jasotako jardueren laburpen taula bat aurkeztuko da, Excel formatuan, Nafarroako Gobernuaren atarian eskuragarri dagoen ereduarekin bat, eta han jasotako informazioa duela, zehatz-mehatz, hau: titulua, mota, jarduera noiz egin(en) den, ikastorduak, irakastorduak, ikasle kopurua, modalitatea eta edizio kopurua. Entitate eskatzailearentzat lehentasuna zein jarduerak duten adierazten duen proposamen bat ere gehitu behar da.

3.–Osasun Arloko Lanbideen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 2. artikuluan araututako osasun lanbide tituludunen elkargoak izanik, elkargokideen kopuruaren justifikazioa, 2017ko urtarrilaren 1eko kopurua kontuan hartuta.

4.–Eskatzailea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan ezarri debekuetan ez dagoela frogatzea erantzukizunpeko adierazpenaren bidez; izan ere, debeku horiek diru-laguntzaren onuradun izatea galarazten dute.

5.–Eskatzaileak Gizarte Segurantzako eta Nafarroako Zerga Ogasuneko zerga arloko betebeharrak egunean dituela erakusten duen justifikazioa.

4.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaera 4.2 atalean ezarritako edukiarekin eta formarekin bat ez badator, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezean, haren eskaera ezetsitzat joko duela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko du eta dagokionari jakinaraziko dio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

4.4. Diru-laguntza eskaera aurkezteak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Atalari esleitu zaizkio, eta hari dagokio deialdiaren ebazpen proposamena ematea 6. oinarrian adierazitako Ebaluazio Batzordeak emandako irizpenarekin bat. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, Prestakuntza Atal horretaz ari da.

Prozedura ebazteko eskumena Osasuneko zuzendari nagusiari dagokio.

6.–Ebaluazio Batzordea.

Ebaluazio Batzordeak baloratuko ditu aurkeztutako eskaerak eta hark ematen du, orobat, diru-laguntzak emateko proposamena jasotzen duen irizpena. Batzorde horren kide izanen dira:

María Jesús Guembe Suescun andrea. Prestakuntza Ataleko burua.

Javier Abad Vicente jauna. Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

Raquel Larrasoaña andrea. Kudeaketa Administratiboaren Bulegoko burua.

Victoria Garisoain Lerendegui andrea. Prestakuntza Kudeatzeko Bulegoko burua.

Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen aholkularitzak eskatzen ahalko ditu, eskaerak egoki baloratzeko.

7.–Diru-laguntzak emateko prozedura eta baloraziorako irizpideak.

7.1. Deialdi honetan ezartzen diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

7.2. Diru-laguntzak emateko prozedurak hiru fase ditu:

Lehen fasea: gehienez emanen den kantitate ekonomikoaren aurresleipena eta irakastordu diruz lagungarrien kopurua lanbide elkargo onuradun bakoitzeko.

Kantitate ekonomiko bat esleituko zaio aurrez onuradun bakoitzari, 1.500 euroko modulu finko bat aplikatuta eta modulu proportzional bat ere bai, osasun arloko lanbide tituludunetako elkargokide kopuruaren araberakoa, erabilgarri dagoen aurrekontua agortu arte.

Lanbide elkargo onuradun bakoitzari aurrez esleitutako guztizko zenbatekoaren ordez, irakastordu diruz lagungarriak esleituko dira, irakastordu bakoitzari 65 euro egozten dizkion modulu ekonomikoa kontuan hartuta.

Bigarren fasea: Jardueren sailkapena onuradun den lanbide elkargo bakoitzean.

Osasun arloko lanbide elkargo bakoitzaren barruan, diruz laguntzeko eskatutako jarduerak ordenatuta egonen dira, balorazio irizpide hauen arabera:

Dena delako jarduerak zer interes duen Nafarroako 2014-2020 Osasun Planeko estrategiei begira, kontuan hartuta jarduera bakoitzaren helburuek eta edukiak zer lotura duten Osasun Planean zehaztutako estrategiekin. Irizpide horren arabera, lanbide elkargo bakoitzaren jarduerak bi taldetan sailkatuko dira. 1. multzoan Osasun Planerako interes handikoak diren jarduerak egonen dira; hots, plan horretan zehaztutako estrategiekin lotura zuzena dutenak. 2. multzoan gainerako jarduerak egonen dira, aipatu planarekin zuzenean lotuta ez daudenak.

Erabilitako metodologia mota. Aurreko irizpidearen arabera zehaztutako multzo bakoitzerako, jarduerak bi azpimultzotan sailkatuko dira, zer metodologia erabili den. 1. azpimultzoan abileziak eskuratzea helburu duten tailer praktikoak sartzen dira, eta 2. azpimultzoan, berriz, ezagutzak eskuratzea helburu duten ikastaro eta mintegiak.

Azpimultzo horietako bakoitzaren barruan, lanbide elkargo bakoitzak adierazitako lehentasun ordenaren arabera ordenatuko dira jarduerak.

Hirugarren fasea: Lanbide elkargo onuradun bakoitzari diruz lagunduko zaizkion jarduerak hautatzea.

Hirugarren fasean, lanbide elkargo bakoitzari diruz lagunduko zaizkion jarduerak hautatuko dira, aurreko faseko sailkapen ordena kontuan hartuz: lehenik, 1. multzoko eta 1. azpimultzoko jarduerak, bigarrenik 1. multzoko eta 2. azpimultzoko jarduerak, hirugarrenik 2. multzoko eta 1. azpimultzoko jarduerak, eta azkenik 2. multzoko eta 2. azpimultzoko jarduerak.

Jarduerak hautatzeari utziko zaio lehen fasean aurrez esleitutako irakastordu kopurura iritsitakoan. Irizpide horri jarraiki hautatutako azken jardueraren irakastordu guztiak diruz laguntzerik ez dagoenean, erabilgarri dagoena aplikatuko zaio jarduera horri.

Salbuespenezko kasuetan eta betiere onuradunak aurrez justifikatuta eta eskatuta, hautatutako jarduera bati diruz lagunduko zaizkion orduen kopurua txikiagoa izaten ahalko da jarduera hori egiteko behar diren orduen kopurua baino.

Baldin eta gertatzen bada hirugarren faseko irizpideak aplikatu eta lanbide elkargo baten jarduera diruz lagungarrien irakastorduen batura txikiagoa izatea lehen fasean aurrez esleitutako irakastordu diruz lagungarrien kopurua baino, soberakina beste elkargo batzuen jarduerei esleituko zaie, elkargoak zenbat elkargokide dituen, aurrez esleitutako irakastordu kopurua horren arabera proportzionalki handituz, prozesu berberaren arabera.

8.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Emanen den zenbatekoa honela zehaztuko da:

Jarduera bakoitzerako, diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, diruz lagunduko diren irakastorduen kopurua bider irakastordu bakoitzari 65 euro egozten dizkion modulu ekonomikoa eginen da.

Lanbide elkargo bakoitzari gehienez emanen zaion diru-laguntza honela kalkulatuko da: aurrez esleitutako zenbatekoa gehi prozesuan gerta litekeen hainbanaketa, baldin eta gertatuko balitz laguntza eskatu duen lanbide elkargo bat aurrez esleitutako irakastordu kopurura ez iristea.

9.–Ebazpena.

Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du diru-laguntzak eman edo ukatzea, instrukzio organoaren proposamenarekin bat.

Ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukaturik, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

10.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak jarduera bera garatzeko lor daitezkeen beste diru-laguntza batzuekin bateragarria da. Hori gertatuz gero, aditzera eman beharko da deialdiaren 12. oinarrian azaldutakoaren arabera.

Hala ere, diru-laguntzak, bakarrik edo beste entitate publiko edo pribatu batzuek jarduera berberetarako ematen dituzten beste batzuekin baturik, ez du inoiz ere gaindituko jardueren kostua.

Bateragarritasunaren ondorioetarako, jardueraren guztizko kostua deialdi honen 8. oinarrian ezarritako moduluen arabera kalkulatuko da.

11.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

11.1. Prestakuntza Atalak proposatuta ordainduko dira laguntzak, eta ebazpena eman beharko da 30 eguneko gehieneko epean, behin ezarritako eskakizunak justifikaturik.

11.2. Emandako laguntza osorik ordaintzeko, diruz lagundutako prestakuntza jarduerak egin direla justifikatu behar da aurrez.

Emandako laguntzak justifikatzeko, onuradunek agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Egindako prestakuntza jardueren memoria teknikoa, honako informazio hau jaso behar duena:

–Egindako ikastaro, mintegi eta tailerrak, hauek zehaztuta: jardueraren titulua, non eta noiz eman den, aurreikusitako irakastordu kopurua eta benetan emandakoa, aurreikusitako partaide kopurua eta benetan izandakoa, eta prestakuntza jarduera bakoitzaren kreditu kopurua.

–Partaideen zerrenda, hauek zehaztuta: partaide bakoitzaren izena, abizenak, NANa edo AIZ, eta telefonoa edo helbide elektronikoa.

Memoriarekin batera aurkeztu beharreko ereduak Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan daude eskuragarri: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

b) Jarduera bakoitzaren diru-sarreren eta gastuen balantzea jasotzen duen memoria ekonomikoa.

Diru-sarreretan zehaztuta egonen da partaideen matrikulen bidez jasotako guztizko zenbatekoa eta beste finantziazio iturri batzuekin lotutako bestelako diru-sarrerak. Gastuak xehakatuta adieraziko dira, hurrengo paragrafoan deskribatutako kontzeptuen arabera.

Laguntza justifikatzeko kontuan hartuko diren gastuak hauek izanen dira: prestakuntza jarduerarekin zuzenean lotutako gastuak, lokalen alokairua barne, eta zeharkako gastuak. Azken horiek ezin izanen dute gainditu jardueraren guztiko gastuen %15. Berariaz baztertzen dira gastu sozialak eta material inbentariagarriari dagozkionak.

11.3. Justifikazio agiriak ekitaldian zehar aurkezten ahalko dira, jarduerak bukatu ahala, betiere 2017ko azaroaren 15a baino lehen.

11.4. Instrukzio organoak, egoki baderitzo, faktura originalak eska ditzake edo froga gisa erabil daitezkeen beste agiri batzuk, laguntzari aplikatzen ahal zaizkion gastuen ordainketa egiaztatzen dutenak.

12.–Onuradunek bete beharrekoak.

Onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan zehazturiko moduan gauzatzea jarduera. 2017ko urriaren 31 baino lehen gauzatuko dira diru-laguntza jasotzen duten jarduerak, eta Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan garatuko dira.

b) Oinarri hauetan eskatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

e) Osasun Departamenduaren babesa jaso dela agertzea laguntza hauen kargura egindako jarduera guztietan.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

g) Gardentasunari buruzko betebeharrak.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargurako diru-laguntzak eskuratzen dituzten entitateek, laguntza horren zenbatekoa 20.000 eurotik gorakoa denean urte naturalean eta, gainera, entitatearen urteko aurrekontuaren edo negozio-zifraren %20 bada gutxienez, informazio gehigarria beharko dute aurkeztu.

Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.

Erreferentziako negozio-zifra edo aurrekontua, urtekoa, honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu gauzatua.

b) Diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aurreko kasuak gertatzen direnean, onuradunek hurrengo informazioaren berri eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazio hori hilabeteko epean igorri beharko da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Onuradunak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du. Kontzesioaren ebazpenarekin batera, horretarako eredu bat bilduko da, eta, hilabeteko epean igorri beharko da, ebazpena jasotzen denetik hasita.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

13.–Azpikontratazioa.

Onuradunek jarduera jakin baten kostuaren %100 azpikontratatzen ahal dute, eta diru-laguntzaren xedeko jarduera guztien %70era arte. Hornitzaileren batekin egindako gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela frogatu beharko du onuradunak, hiru aurrekontu aurkeztuz, salbu eta, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada.

14.–Baldintzak aldatzea.

14.1. Onuradunek, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat harturiko baldintzetan aldaketak izaten badira jarduera garatzean, horien berri eman beharko diote Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Atalari.

14.2. Diru-laguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok diru-laguntza emateko ebazpena aldaraztea ekartzen ahalko du eta, hala behar denean, egoki den zenbatekoa itzultzea.

14.3. Ez da beharrezkoa izanen diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea, ordea, lanbide elkargoak, objektiboki justifikatutako arrazoiak tarteko, honako hauek aldatzeko beharra frogatzen badu, horrelakoetan aski izanen baita Prestakuntza Atalak onartzea:

a) Jarduera baten ordez beste bat egitea, betiere eginen den jarduera ordezkatutako jardueraren multzo eta azpimultzo berekoa bada.

b) Jarduerak egiteko datak, prestakuntza modalitatea, jardueraren ordu kopurua edo diru-laguntza jaso duen jardueraren profilean egindako beste edozein aldaketa, betiere eginen den jarduerak ere Nafarroako Etengabeko Prestakuntzako Batzordeak emandako akreditazioa baldin badu.

Onartzen ahalko dira aldaketak jarduera egiteko datan, betiere jarduera 2017ko azaroaren 15a baino lehenago bukatzen bada.

Jarduera baten ordu kopuruan aldaketak onartuz gero, diru-laguntza ordaintzeko ebazpena egokitu beharko da, baina, edonola ere, ezin izanen da dena delako jarduerari esleitutako zenbatekoa handitu.

14.4. Aldaketak egiteko eskaeretan, aldaketa egiteko premia frogatzeko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere, diruz lagundutako jarduerak egiteko epea bukatu baino lehen.

15.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, jarduera egiten ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Jasotako dirua itzuli behar denean, ez dira berandutze-interesak eskatuko, baldin eta arrazoiak justifikatu eta jakinarazten badira eta instrukzio organoak onartzen baditu.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

16.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloan ezarritako erantzukizunen eta arau-hauste administratiboei buruzko zehapen araubidearen mende egonen dira.

Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.

17.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarri gabekoetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

18.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdiaren, oinarri arautzaileen eta horiek garatzeko egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F1707475