126. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

118/2017 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Justiziako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez lekualdatze-lehiaketarako deia egiten da, hutsik dauden lanpostu generiko batzuk betetzeko, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko mediku forentseen kidegoan.

Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 531. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, baita abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 43. artikulutik 48.era eta 51.etik 53.era bitartean ezarritakoari jarraikiz ere (errege dekretu horren bidez onetsi zen erregelamendua Justizia Administrazioko funtzionarioen sarrerari, haien lanpostuak betetzeko moduari eta haien lanbide igoerari buruz), dei egiten da mediku forentseen kidegoko funtzionarioen artean lekualdatzeen ondorioz hutsik gelditzen diren lanpostu generiko batzuk betetzeko, lekualdatze-lehiaketa bidez, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuan, I. eranskinean azaltzen direnak, oinarri hauen arabera:

Lehena.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko lanpostuen zerrendan lekualdatzeen ondorioz hutsik gelditzen diren lanpostu generikoak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzea.

Deialdi honetan, Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan eta abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuan (horren bidez onetsi zen erregelamendua Justizia Administrazioan sartzeari, bertako lanpostuak betetzeari eta bertako funtzionarioen lanbide-igoerari buruz) zehazki aurreikusirik ez dauden gai guztietan, funtzio publikoari buruzko lege orokorretan xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.–Parte hartzeko betebehar eta baldintzak.

1. Lehiaketa honetan parte har dezakete mediku forentseen kidegoko karrerako funtzionarioek, edozein izanik ere beren destinoko lurralde eremua, baldin baldintza orokorrak eta deialdi honetako beharkizun zehatzak betetzen badituzte, parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean, eta lehiaketa behin betiko ebatzi arte mantentzen badituzte.

2. Mediku forentseek lehiaketa honetan parte har dezakete baldin eskaerak aurkezteko epea bukatzean bi urte igaro badira behin betiko destinoa esleitu zien lekualdatze lehiaketaren deialdia egin zuen ebazpena eman zenetik, edo behin betiko destinoa esleitu zien ebazpena eman zenetik, funtzionario berrien kasuan.

Urteak zenbatzeari begira, lehenbiziko urtea izanen da kasuan kasuko ebazpena eman zen urte naturala, kontuan hartu gabe zein egunetan eman ziren, eta bigarren urtea izanen da hurrengo urte naturala.

Behin betiko destinorik ez duten funtzionarioak lehiaketetan parte hartzera beharturik daude, indarra duen araudiarekin bat, eta zaie denbora muga hori aplikatzen.

3. Ezin izanen dute lehiaketa honetan parte hartu:

a) Epai irmo baten bidez eginkizun gabetuak direnak, gabetzeak iraun bitartean.

b) Interes partikularra edo familia biltzea dela eta, borondatezko eszedentzian dauden mediku forentseak, egoera horretan nahitaez egon beharreko gutxieneko epea bitartean.

c) Nahitaez lekualdatzeko zehapena dutenak (zehapena egin zen herri bereko destinoak hartzeko bakarrik), harik eta urtebete edo hiru urte igaro arte, egindako falta astuna edo oso astuna izan den, hurrenez hurren.

d) Aurreko lehiaketa batean destinoa lortu, eta esleitu zitzaien destinoaren jabetza hartu ez dutenak.

Hirugarrena.–Eskatzen ahal diren lanpostuak.

Lehiaketa honetan ez da lanpostu hutsik eskainiko. Nolanahi ere, lehiaketa honen ebazpenaren ondorioz hutsik gelditzen diren lanpostu generikoak eskatzen ahalko dira, sartuko baitira lekualdatzeen ondoriozko lanpostu huts gisa. Horiek I. eranskinean zerrendatu dira.

Laugarrena.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

1. Lehiaketa honetan parte hartzeko eskaerak agindu honen II. eranskineko ereduaren arabera egin behar dira, bete beharreko atal guztiak betez.

2. Eskaerak Nafarroako Justiziako zuzendari nagusiari igorri beharko zaizkio, eta deialdi hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta, egun berean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunean aurkeztu beharko dira Justizia Zuzendaritza Nagusiko Erregistro Orokorrean (Iratxeko monasterioa kalea, 22, behea, 31011-Iruña).

Aldizkarietan egun berean argitaratzea ezinezkoa bada, ezartzen diren baldintza eta epeak kontatzeko, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzearen data hartuko da aintzat.

3. Halaber, eskaerak aurkez daitezke Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren moduetako edozeinetan. Eskaerak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko dira, postako funtzionarioak, ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkien.

4. Eskumenak bereganatu dituzten autonomia erkidegoetako organoetan destinoa duten funtzionarioek kasuan kasuko organoan aurkeztuko dute eskaera, eta Ministerioaren eskumeneko eremuan destinoa dutenak, berriz, Justizia Ministerioan.

5. Lehiaketa honetan parte hartzeko eskaera bakarra izanen da funtzionario bakoitzarentzat, nahiz eta eskatutako lanpostuak eskumenak eskualdatuak dituzten autonomia erkidegoetakoak izan. Lanpostu horietako deialdiak aldi berean eginen dituzte autonomietako gobernuek.

Parte hartzeko eskaera bat baino gehiago aurkeztuz gero, azken-azkena baizik ez da kontuan hartuko.

6. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, parte-hartzaileek ezin izanen dute beren eskaera aldatu edo baliogabetu.

7. Egindako eskaera loteslea izanen da eskatzailearentzat, eskabideak aurkezteko epea betetzen denean.

8. Eskaerarekin batera ondoko agiriak emanen dira:

a) Jabetzan duen azkeneko lanpostua esleitzeko ebazpenaren fotokopia.

b) Eszedentzian dauden lehiakideek eszedentzia emateko ebazpenaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.

9. Eskabidea jasotakoan, azken destinoko organo eskudunak mediku forentseen kidegoan emandako zerbitzuen jatorrizko ziurtagiri eguneratua eginen du, adierazita hasiera egunetik (eguna, hilabetea, urtea) bukaera egunera (eguna, hilabetea, urtea) bitarteko zerbitzuak, eta eskabideari erantsiko dio.

Halaber, langileria-organo horrek, eskabidearen goiburuan edo erantsitako orri batean, hizkuntzengatiko puntuazioa jarriko du, eta adieraziko du ea funtzionarioak egungo destinoan egin duen aldia abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 46. artikuluan legez ezarritako aldia den (errege dekretu horren bidez onetsi zen erregelamendua Justizia Administrazioan sartzeari, bertako lanpostuak betetzeari eta bertako funtzionarioen lanbide-igoerari buruz), eta funtzionarioa arau horren 43.2 artikuluan aurreikusitako egoeretakoren batean dagoen.

Bosgarrena.–Baldintzatutako eskaerak.

Bi funtzionariok Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Instituturako iragartzen diren lanpostu hutsak nahi izanez gero, aukera izanen dute beren eskaera baldintzapean jartzeko, hau da, destinoa biek herri berean lortzeko eskaera egin dezakete, eta hori gertatu ezean, biek egindako baldintzapeko eskaerak deuseztatu eginen dira. Eskaera baldintzatu hori egiten duten funtzionarioek eskabidean C atalean zehaztu beharko dute, norekin baldintzatzen duten, horrexen izen-deiturak eta IFZ adieraziz, eta beste funtzionarioaren eskaeraren fotokopia aurkeztu. Lehiakideetariko baten batek C atalean adierazten ez badu, bi eskabideak baliorik gabe geldituko dira.

Funtzionarioek eskabidearen C atala betetzen badute, ulertuko da, besterik gabe, baldintzapeko eskaera egin nahi dutela, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 48.2 artikuluan aurreikusita dagoena (errege dekretu horren bidez onetsi zen erregelamendua Justizia Administrazioan sartzeari, bertako lanpostuak betetzeari eta bertako funtzionarioen lanbide-igoerari buruz).

Seigarrena.–Lehiaketako baremazioa.

1. Alegatu eta frogatzen diren merezimenduak baloratzeko, lehiaketan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den eguna hartuko da erreferentzia gisa.

2. Baremo honen arabera ebaluatuko dira merezimenduak:

A) Antzinatasuna, 60 puntu gehienez. Mediku forentseen kidegoan titular gisa emandako zerbitzu urte bakoitzeko, 2 puntu. Urtetik beherako denbora tarteak proportzionalki baloratuko dira, 0,00555556 puntu eguneko, eta hilabeteak hogeita hamar egunekotzat hartuko dira.

B) Euskaraz jakitea, ahoz eta idatziz, 12 puntu gehienez. Hizkuntza horren ezagutza honela baloratuko da:

Nafarroako Foru Komunitatean, abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 5. artikuluan ezartzen diren eremu euskaldunean eta mistoan, ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuan (2009ko 81. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 3koa) eta irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa) ezarritakoari jarraikiz, euskararen ahozko eta idatzizko ezagutzagatik, maila bakoitza gainditu izana behar bezala frogatuta organo eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez, gehienez ere, eta ondorio hauetarako soilik, gehienez ere 12 puntu emanen dira, frogatutako ezagutza mailaren arabera, honela:

1.–B1 mailako ziurtagiria edo baliokidea: 4 puntu.

2.–B2 mailako ziurtagiria edo baliokidea: 8 puntu.

3.–C1 mailako ziurtagiria edo baliokidea: 12 puntu.

Lehiaketak fase bakarra izanen du, eta hartan baremoko A eta B ataletako merezimenduak baloratuko dira.

Zazpigarrena.–Lanpostuak esleitzea.

Deialdi honetako seigarren oinarrian ezarritako baremoen arabera lortutako puntuazioak emanen du lanpostuak esleitzeko lehentasun-hurrenkera.

Guztirako puntuazio bera duten bi izangai izanez gero, kidegoan antzinatasunik handiena duenaren alde ebatziko da eta berdinketak irauten badu, kontuan hartuko da kidegoan sartzeko hautaprobetan, barnean dela bertako hizkuntza edo bertako zuzenbidea, lortutako hurrenkera zenbakia hartuko.

Zortzigarrena.–Esleitutako destinoen ezaugarriak.

1. Lehiaketa honen ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira, maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuak aurreikusitako ondorioetarako (errege dekretu hori zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainei buruzkoa zen). Beraz, ez dute sortuko inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik.

2. Destinoei uko egiterik ez dago, Justiziako Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, haien lanpostuak betetzeari eta haien lanbide igoerari buruzko Erregelamenduaren 53. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bederatzigarrena.–Lehiaketaren ebazpena.

1. Lehiaketa hau Justizia Ministerioak eta Nafarroako Foru Komunitateko organo eskudunak ebatziko dute modu koordinatuan. Ebazpenerako epea sei hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina.

2. Ebazpenean, agertuko dira destinoa esleitu zaien interesdunen jatorrizko lanpostua eta herria, eta, era berean, beren egoera administratiboa, baldin jardunekoa ez bada, eta funtzionario bakoitzari esleitutako lanpostua.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 29an.–Justiziako zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita (214/2015 Foru Agindua, irailaren 28koa), Justiziako Gizarte Zerbitzuko zuzendaria, Jesús Jiménez de Luque.

I. ERANSKINA

Hirugarren oinarriaren aplikatuz eskatzen ahal diren I. eranskin honetako lanpostuak.

ORDENA. ZK.

DESTINOKO ZENTROA

IZENA

HERRIA PROBINTZIA

LANP. HUTSAK

ONDORIOZKO LANP.

HIZKUNTZA

80

Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutua

Mediku forentse orokorra

Iruña

(Nafarroa)

0

BAI

BAI

II. ERANSKINA

Lekualdatze-lehiaketan parte hartzeko eskaera, hutsik dauden lanpostu generiko batzuk betetzeko, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuan, mediku forentseen kidegorako (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1707674