122. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BERRIOBEITI

Deialdia, zerbitzu anitzetako langile enplegatuen arduraduna izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren
bidez betetzeko

Alkatetzak 2017ko ekainaren 2an emandako ebazpenaren bidez deialdia onetsi zen, Berriobeitiko Udaleko zerbitzu anitzetako langile enplegatuen arduraduna izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko. Honako hauek dira deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Berriobeitiko Udaleko zerbitzu anitzetako langile enplegatuen arduraduna izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzea.

1.2. Oposizio-lehiaketa honetarako deia egin da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

1.3. Deialdi honen karietara izendatua den izangaiak, dagozkion hautaprobak gainditu ostean betiere, zerbitzu anitzetako langileen arduraduna izanen da, C mailakoa, jabetza hartzen duenetik edo lanpostuan lanean hasten denetik. Aurretik okupatzen zuen lanpostua automatikoki amortizatuko da, eta ondorioz, plantilla organikoko lanpostu kopurua ez da handituko.

1.4. Deialdiko lanpostua betetzeko izendatzen den langileak Berriobeitiko Udaleko plantilla organikoan zerbitzu anitzetako langileen arduradun lanpostuarentzat ezarritako ordainsariak eta osagarriak jasoko ditu.

1.5. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko izangaiak izendapenaren aitzin zuen araubide juridikoa. Gizarte Segurantzaren araubide berari eutsiko dio.

1.6. Izendatuak bere mailan eta kategorian agintzen zaizkion eginkizunak beteko ditu, besteak beste:

–Zerbitzu anitzetako alorreko lanen plangintza eta programazioa: proiektu txikiak, mantentze-lanak eta gorabeherenak, lan zama banatuz dauden bitartekoen eta aurreikusitako epeen arabera.

–Ikuskapen, neurketa, plangintza... jarduerak egitea, parkeak, eremu publikoak eta hiri altzariak, urbanizazioak, obrak, obrak eta gainerako elementuak (arketak) egoera onean daudela bermatzea, eta zerbitzu anitzetako enplegatuei dagozkien obra eta lanak zuzentzea.

–Ezarritako irizpideetatik eta plangintzatik abiatuz, udalerriko eraikinen, obren eta instalazioen segurtasuna kontrolatzea.

–Planak edo programak sortu eta gauzatzea, udaleko teknikariekin elkarlanean, zerbitzu anitzen planifikaziorako, garapenerako eta jarduketarako behar adina (hiri altzariak mantentzeko plana; neguko plana; biltegien ordena, garbiketa eta kontrol planak; altzarien identifikazioa eta inbentario plana, ...).

–Planak ikuskatu eta gaurkotzea, baita hiri altzarien inbentarioak eta planoak ere.

–Lanak astero antolatzea, bai eta horiek egiteko makineria, erreminta, ibilgailu eta materialak ere.

–Langileen jarduerak eta lanak gainbegiratzea: kaleen garbiketa, igeltserotzako konponketak, Udalak eskatutako egiturak eta aparatuak jarri eta kentzea, mantentze-lanak hiri altzarietan eta bideetako seinaleetan, lorezaintza...

–Lantaldeak antolatzea (langileak).

–Udaleko Langileen Alorra eta antzematen dituen gabeziak kontrolatuko ditu, eta langileei eta agindutako eginkizunei dagozkien lan-gaztiguak egin beharko ditu.

–Zerbitzu anitzetako langileria zuzendu, antolatu, koordinatu eta gainbegiratzea, horretarako helburuak eta jardunbideak ezarrita, eta eginkizunak banatzea langileen artean, funtzionamendua egokia izan dadin.

–Lan programa betetzeaz arduratzea (jarraipena eta ebaluazioa), uneoro programaren egoerari eta aurreikuspenei buruzko informazioa erraz eta modu fidagarrian eskura duelarik.

–Mantentze lanetan, jarraibideak eta jarduteko irizpideak ezartzea.

–Zerbitzu anitzetako lanen eguneroko/aldizkako gaztiguak jaso, aztertu, datuen kontsigna eta laburpen-txostena egiteko ardura hartzea.

–Material eta ekipoak kontratatzeko beharrak proposatzea, lan programan oinarrituz eta behar den denborarekin, izan daitezkeen geldialdiak edo atzerapenak saihesteko, eta azpikontratatutako lanen kontrola eta jarraipena egitea.

–Gertatzen diren larrialdi, arazo eta beharrei irtenbidea ematea, zuzenketa egokiak eginez larrialdiak edo ezartzen diren lehentasunak nolakoak eta horrela.

–Lantaldeak egin beharreko obren planifikazioa, diseinua eta exekuzioa.

–Langile aski ote dagoen kontrolatzea, eta kontratazioak proposatzea oporretarako, erialdietarako eta halako iraupen jakineko lan berezietarako.

–Bere kargura dauden langileen lana gainbegiratzea eta behar duten laguntza teknikoa ematea, antolaketak ezarritako betebeharrekin bat.

–Biltegia kudeatzeko ezarritako irizpideak betetzea: inbentarioak egin, antolaketa, sailkapena, materialaren irteera-sarrerak eta abar.

–Hornitzaileei, enpresei eta merkatariei aurrekontuak eskatzea, ezarritako jarraibide eta prozeduren araberako lan edo materialen gainean, posible den orotan edo hala eskatzen zaionean.

–Bere sinadurarekin honako hauen erosketa-baleak gainbegiratzea, kontrolatzea eta baimentzea: lanetan edo obretan erabiltzen diren materialak, laneko arropak, erremintak, tresneria, makineriaren eta ibilgailuen berrikuspenak, udal eraikinen mantentze-lanak edo erosketak orokorrean.

– Ibilgailuen, erreminten eta makineriaren kontrolaz, mantentze-lanaz eta kontserbazioaz arduratzea.

–Urteko gastuen aurreikuspena eta kontrola, aurrekontuen bidez.

–Lantaldearen giza alderdiei eta harremanei kasu egitea, horiek bideratuz eta ebatziz, gogobetetasuna, ordena, diziplina eta genero berdintasuna bultzatuz.

–Herritarrek edo Udaleko beste alorrek egindako eskaerak bildu eta bideratzea, arduradunari jakinaraziz eta jarduteko lehentasunak ezarriz.

–Laneko arriskuen prebentzio arauak betetzea, bai eta segurtasun eta higiene arauak ere.

–Bere eskumeneko esparruari dagozkion gaztigu eta txostenak egitea, edozein motatakoak direlarik ere.

–Udaleko eta udal erakundeetako beste teknikariekin koordinatzea, irizpideak eta jarduketak bateratzeko, udal proiektuen plangintza egiteko eta abar.

–Bere eginkizunak betetzeko behar diren harreman eta loturak finkatu eta garatzea beste erakunde, entitate eta profesionalekin.

–Herritarrei harrera egitea eta argibideak eta orientabideak ematea bere ardurapeko gaietan.

–Alorraren hobekuntza sustatu eta hartan laguntzea eta, hartara, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintzak eta aldaketak proposatzea.

–Lana antolatzea, ezarritako xedeak beteko direla bermatu beharrez.

–Bere lan esparruko ordena zehatz eta doia mantentzea eta, hartara, bere eskura jarritako baliabideak egoera onean eta erabiltzeko maneran edukitzen ahalegintzea.

–Alorrari/Kudeaketa zentroari atxikitako gainerako langileekin aritzea lana metatzen denean edo norbait kanpoan edo eri dagoenean.

–Herritarrari egiten zaion zerbitzuaren hobekuntza bulkatzea eta horretan laguntzea. Hartara, kasuren batean behar izanez gero, egokitu beharko du, bere lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta Udalaren beharrak betetzeko.

–Aipatuez gain, bestelako zereginak beteko ditu, bere karguari lotutako gaitasun, kategoria, maila eta eta ahalmen profesionalekin bat, ezarritako helburuak lortu beharrez agintzen zaizkionak.

2.–Betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean eta izendapena egin arte:

a) Berriobeitiko Udalaren zerbitzuko langile finkoa izatea eta D mailan sailkatua egotea.

b) Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

c) Batxilergoko edo Lanbide Heziketako bigarren graduko titulua edo horien baliokidea izatea. Baldintza hori bete ezean, administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasun onartua duela frogatu beharko da.

d) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua frogatzea.

e) Dagozkion eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun funtzionala izatea. Gaitasuna badutela frogatu beharko dute hautaprobak gainditu eta lanpostuetarako izendatuak izateko proposatu ondoren, deialdi honen 7.4 oinarriaren adierazi bezala.

f) B1 motako gidabaimena izatea.

2.2. Betebehar horiek eskabidearekin batera egiaztatu beharko dira.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Berriobeitiko Udaleko erregistro orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, 30 egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunerako. Eskabide eredua eskuratzeko, Udaleko Erregistro Orokorrera jo beharko da.

3.2. Eskabideari, behar bezala bete ondotik, agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Deialdiaren 2.d) atalean aipatzen den tituluaren kopia konpultsatua, baldin eta izangaiak ez badu zortzi urteko antzinatasun aitortua deialdia argitaratzen den egunean.

b) B1 kategoriako gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

c) Deialdi honen 6.3 atalean eta II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien egiaztagirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, salbu eta Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuen egiaztagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak. Izangaiek merezimenduak baremoko puntuazio eskemari jarraikiz alegatu eta frogatuko dituzte.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Berriobeitiko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea burutu eta haiek ebatzitakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.4. Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ezean, alkateak deialdia bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

5.–Epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Juan M.ª Albizu Andueza, Berriobeitiko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Koldo Abrego Primo, Berriobeitiko Udaleko lehen alkateordea.

1. mahaikidea: David Azcona Ruiz de Galarreta, Berriobeitiko Udaleko arkitektoa.

Ordezkoa: José Manuel Goldaracena Goñi, Berriozarko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

2. mahaikidea: Luis Pierola Narvarte, nekazaritzako ingeniari teknikoa.

Ordezkoa: Silvia Barbarin Gomez, goi-mailako arkitektoa

3. mahaikidea: Roberto Leon Zaro, Berriobeitiko Udaleko funtzionarioen ordezkaria.

Ordezkoa: Maite Echarte Zambrano, Berriobeitiko Udaleko langileen ordezkaria.

Idazkaria: Jesús M.ª Llorens García, Berriobeitiko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: María Concepción Lopetegui Olasagarre, Antsoaingo Udaleko idazkaria.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia. Ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengo osoa bederen agertu gabe. Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeratakoren batean badaude. Halaber, izangaiek kalifikazio-epaimahaiko kideak errefusatzen ahalko dituzte, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan aurreikusitako egoeraren bat izaten denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira ariketak egiteko tokia eta eguna, eta hasteko ordua.

6.3. Lehiaketaldia.

6.3.1. Deialdiaren 3.3 oinarrian agindutakoaren arabera, merezimendu guztiak, administrazio publikoetan egindako zerbitzuenak izan ezik, organo deitzaileak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio, agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak, oposizio-lehiaketa honetan parte hartzeko eskaera aurkeztean; bestela, ez aurkeztutzat joko dira.

6.3.2. Alegatu eta frogaturiko merezimenduak deialdi honen II. eranskinean azaldu baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

6.3.3. Lehiaketaldian gehienez ere 30 puntu lortzen ahal dira, honela banatuak:

a) Titulu akademikoak: gehienez ere 5 puntu.

b) Egindako zerbitzuak: gehienez ere 12 puntu.

c) Prestakuntzako ekintzak: gehienez ere 5 puntu.

d) Prestakuntza, laneko arriskuen prebentzioan: gehienez ere 3 puntu.

e) Euskaraz jakitea: gehienez ere 5 puntu.

6.3.4. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

6.3.5. Lehiakideek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu epaimahaiak noiznahi.

6.3.6. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoan, epaimahaiak lortutako puntuazioak argitaratuko ditu Berriobeitiko Udaleko iragarki oholean, eta hamar eguneko erreklamazio epea ezarriko du, izangaiek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.

6.3.7. Erreklamazioetarako epea iraganik eta epaimahaiak haiek ebatzitakoan, iragarki oholean ezarriko da izangaien zerrenda, lehiaketaldian ateratako puntuazioak dituena. Puntuazio hori oposizioaldian ateratzen denari gehituko zaio eta horrela aterako da oposizio-lehiaketaren guztirako puntuazioa.

6.4. Oposizioaldia.

Oposizioan 70 puntu lortu ahal izanen dira gehienez, eta ariketa hauek izanen ditu:

–Lehenbiziko ariketa:

Teorikoa, eta 30 galderako sorta bati erantzun beharko zaio. Erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina horietariko bakarra izanen da baliozkoa. III. eranskineko gaiei buruzko galderak izanen dira. Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, haren gehieneko iraupena finkatuko du.

–Bigarren ariketa:

Teoriko-praktikoa, proba bat edo gehiago egin beharko dira, teorikoak eta/edo praktikoak, epaimahaiak zehaztuta, deialdiko lanpostuaren gaineko eginkizunez izangaiek dituzten ezagutza praktikoak neurtu beharrez. Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, haren gehieneko iraupena finkatuko du.

–Hirugarren ariketa:

Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hauek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak prestatuko ditu.

6.5. Oposizioko ariketen balorazioa:

Lehenbiziko ariketa: 0tik 20 puntura bitarte emanen dira. Gainditzeko gutxienez 10 puntu beharko dira.

Bigarren ariketa: 0tik 35 puntura bitarte emanen dira. Gainditzeko gutxienez 15 puntu beharko dira.

Hirugarren ariketa: atal honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

6.6. Lehen eta bigarren ariketak baztertzaileak izanen dira. Eskatzen den gutxieneko puntuazioa eskuratzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.

Izangaiak lehen ariketan epaimahaiak eskatutako gutxieneko puntuazioa eskuratzen ez badu, epaimahaiak ez du bigarrena kalifikatuko.

6.7. Ariketarako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

6.8. Pliken sistema erabiliko da ariketan. Plikak jendaurrean irekiko dira eta ekintza hori Berriobeitiko Udalaren iragarki oholean iragarriko da, gutxienez ere 24 ordu lehenagotik.

6.9. Epaimahaiak ohol horretan ipiniko ditu izangaiek lortutako puntuazioak.

7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta izendapen proposamena.

7.1. Oposizioaldia bukatutakoan, epaimahaiak Berriobeitiko Udalaren iragarki oholean argitaratuko du gainditutako izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako kalifikazioak batuta.

7.2. Berdinketarik gertatuz gero, lehiaketaldian Administrazio Publikoetan emaniko zerbitzuei buruzko atalean puntu gehien lortu dituen izangaiaren alde joko da; eta, berdinketak segituz gero, oposizioaldian puntu gehien lortu dituenaren alde.

7.3. Epaimahaiak deialdiko lanpostuak adina izangai, puntuazio handiena atera dutenak, izendatzeko proposamena igorriko dio alkateari. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.4. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Zizur Nagusiko Udalaren erregistro orokorrean:

a) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzeko.

b) Gaitasunari buruzko osasun azterketa, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak egina, ebaluatzeko proba berariazkoak bilduko dituena.

7.5. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

7.6. Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Alkateak, ebazpen baten bidez, izendapen proposamenean sartutako izangaiak izendatuko ditu, Berriobeitiko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuen arduraduna izateko lanpostuan aritzeko.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza; izendapenak egun horretatik aitzina izanen baititu ondorio ekonomikoak eta administratiboak.

Proposatutako izangairen batek uko egiten badio bere izendapenari edo izendatutako izangaiak ez badu lanpostuaren jabetza hartzen adierazitako epearen barnean, lanpostu berrirako eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, 7.1 oinarrian aipatutako zerrendan ondotik heldu den izangaiarekin beteko da lanpostua.

9.–Errekurtsoak.

9.1. Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da alkate udalburuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

9.2. Deialdi honen oinarrien kontra edo hura aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahal da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatuari jarraikiz, bi hilabeteko epean, errekuritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

9.3. Hori guztia Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Berriobeitin, 2017ko ekainaren 2an.–Alkate udalburua, Juan M.ª Albizu Andueza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

1.–Titulu akademikoak.

a) Goi mailako ikasketa-titulu ofizialak, lanbide arloarekin lotuak: 3 puntu, titulu bakoitzeko.

b) Erdi maila edo graduko ikasketa-titulu ofizialak, lanbide arloarekin lotuak: 2 puntu, titulu bakoitzeko.

c) Aurrekoez bestelako ikasketa-titulu ofizialak, lanbide arloarekin lotuak: puntu bat, kreditu bakoitzeko (10 irakastordu), eta 3 puntu gehienez.

Merezimendu gisa alegatu eta baremoaren barrenean balorazio zehatza duten ikasketa-tituluak lortzeko beharrezkoak diren maila apalagoko tituluak ez dira baloratuko. Orobat, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbertzeko baldintza den titulua.

Lehenbiziko atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 5 puntu izanen da.

2.–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

Atal honetan baloratuko dira izangai bakoitzak deialdia argitaratzen den egunean, antzinatasuna zehazteko, aitortuak dituen zerbitzu urteak. Urte bakoitzeko puntu bat.

Zerbitzu urteen kopurua ez bada osoko zenbaki bat, izangaiei egokituko zaie egin dituzten zerbitzu egunei proportzioan dagokien puntuazioa.

Bigarren atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 12 puntukoa izanen da.

3.–Prestakuntza ekintzak.

Lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza ekintzak, entitate, erakunde, zentro eta unibertsitateek antolatuak: 0,10 puntu kreditu akademiko bakoitzeko edo haren baliokide den eskola aldi bakoitzeko (10 irakastordu), eta gehienez ere 5 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Puntuazio bera emanen da, erakunde antolatzaileak ezarritako beharkizunak betetzen ez baditu ere, delako prestakuntza ekintzak Administrazioak agindurik, baimendurik edo berak baliodundurik badira.

5. Ikasketa-titulu bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko.

Prestakuntza, laneko arriskuen prebentzioan.

Lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza ekintzak, entitate, erakunde, zentro eta unibertsitateek antolatuak: 0,10 puntu kreditu akademiko bakoitzeko edo haren baliokide den eskola aldi bakoitzeko (10 irakastordu), eta gehienez ere 3,00 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Puntuazio bera emanen da, erakunde antolatzaileak ezarritako beharkizunak betetzen ez baditu ere, delako prestakuntza ekintzak Administrazioak agindurik, baimendurik edo berak baliodundurik badira.

5. Ikasketa-titulu bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko.

5.–Euskararen ezagutza.

Euskaraz jakiteagatik, gehienez ere 5 puntu.

Oharrak:

1. EGA titulua izanez gero, edo beste titulu ofizial bat, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea, gehieneko balorazioa jasoko da.

2. Titulu hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 maila izanez gero, 2/5; B1 izanez gero, 3/5; eta B2 izanez gero, 4/5.

3. Bestela, Hizkuntza Eskola Ofizialean gaindituriko maila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen da, edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12.

4. Izangaiak euskaraz dakiela frogatu ahal izanen du Euskarabideak-Euskararen Nafar Institutuak horretarako prestatutako berariazko probak gaindituz. Proba hori egin nahi duten izangaiek hautaprobetan onartuak izateko eskabidean adierazi beharko dute. Proba hori gainerakoak amaitu ondoren eginen da.

III. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Berriobeitiko udalerria: kontzejuen eta biziguneen izena eta kokapena.

2.–Elektrizitateko oinarrizko tresnak (bihurkinak, aizturrak, aliketak, giltza motak, zerrak, eskuko daratulua...) ezagutu, erabili eta mantentzea.

3.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoa eta diferentziala.

4.–Oinarrizko argi-zirkuituak eta fluoreszenteak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

5.–Iturgintzako oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea.

6.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak airez betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak.

7.–Zurgintzako oinarrizko tresnak (mailuak, zerrak, trintxak, daratulu elektrikoa eta osagarriak: lixak, lekedak...) ezagutu, erabili eta mantentzea.

8.–Zurgintzako oinarrizko lanak: ate eta leihoak doitzea, sarrailak, sarraila-zilindroak eta pertsianak.

9.–Herriko argien instalazioak. Aginte zentroak, babesak eta kontrol tresnak. Argien euskarrien banaketa. Kanpoan jartzen diren argiak: motak eta ezaugarriak.

10.–Barneko instalazioak. Neurketa ekipoak. Potentzia kontrolatzeko etengailuak. Etengailu diferentzialak. Bulego bateko oinarrizko instalazioak (koadroa, kanalizazioak, eroaleak eta mekanismoak).

11.–Energia elektrikoaren banaketa funtsezko zein kontzeptutan oinarritzen den.

12.–Lorezaintzako eta mendiko lanetako oinarrizko produktuak eta tresnak (sasi-garbitzeko makina, belarra moztekoa, aizkora, motozerra) ezagutzea, erabiltzea eta mantentzea. Kale eta plazak garbitzea eta berdeguneak ureztatzea.

13.–Garbiketako eta pinturako produktuak eta tresnak (pintura eta berniz mota desberdinak, brotxak eta arrabolak) ezagutzea, erabiltzea eta mantentzea, baita hondakinak kudeatzea ere.

14.–Igeltserotzako oinarrizko produktu eta tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea. Ondasun publikoak kontserbatzeko obrak. Planoak irakurri eta interpretatzea. Udal konponketak eta obra-zuinketak.

15.–Ezagupenak izatea arlo hauetan: kudeaketa energetikoa, kontsumo energetikoen neurketa, datu bilketa, energia aurrezpenen kalkulua, hobekuntzen planteamendua, ingurumen irizpideak erabiltzea ekipo eta instalazioen erosketan.

16.–Segurtasuna eta osasuna, mantentze-lanetan: arreta berezia lan, makina eta materialak erabiltzean; babes neurriak; norbera babesteko ekipamenduak.

17.–Ezagutzea, maneiatzea eta mantentze-lanak egitea makineria hauetan: garraiorako ibilgailuak zein, bideak garbitzeko eta obretako makineria (hondeamakina, sumila, garabiak, orga jasotzailea, mailu elektriko edo neumatikoak...).

18.–Udaleko obretako kamioiaren garabi jasotzailearen ezagutza, maneiatzea eta mantentze-lanak, baita alokatzen direnenak ere.

Iragarkiaren kodea: L1706852