121. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

24E/2017 FORU AGINDUA, ekainaren 19koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariarena, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak 2017. urtean Nafarroako Foru Komunitatean diharduten enpresei emango dizkien diru-laguntzen deialdia onesten duena. Diru-laguntza horiek, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako planak lehendabizikoz abian jartzeko edo lehendik zituztenak berriro abian jartzeko dira.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, bere estatutuak onesten dituen irailaren 30eko 240/2015 Foru Dekretuarekin bat, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea du helburuetako bat, Nafarroako bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialaren esparru guztietan. Horretarako, Nafarroan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko baldintzak sustatuz eta emakume eta gizonenganako bereizkeria modu oro desagerraraziz.

Nafarroako Foru Komunitateko Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako I. Planean (2006-2010), zeinaren helburuak eta xedeak indarrean iraunen baitute arlo berean beste plan bat onartu artean, “Sustapen ekonomikoa, enplegua eta prestakuntza” goiburuko 1. arloan, honako hau dago jasota: “esparru horretan berdintasuna lortzeko nahitaezkoa da enpresek eta beste gizarte eragile garrantzitsu batzuek modu aktiboan parte hartzea”.

Planaren arlo berean, 1.4.1. ekintzak honela dio: “Nafarroako enpresen konpromisoari bultzada eta sostengua ematea berdintasun planak egin ditzaten”. Bestalde, “Negoziazio kolektiboari generoko ikuspuntua eranstea” goiburuko 1.5. helburuan, 1.5.1. ekintzak lan hitzarmen kolektiboak generoko ikuspuntutik azter daitezela bultzatzea proposatzen du, eta 1.5.2. ekintzak, berriz, sindikatuei bultzada eta sostengua ematea berdintasun planak egiteko.

Horren harira, aipatzekoa da emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa; izan ere, aukera berdinekin lan egiteko eskubideari buruzko IV. tituluan, III. kapituluan (enpresetako berdintasun planak eta berdintasuna sustatzeko beste neurri batzuk), berdintasun planak egiteko eta aplikatzeko modua arautzen da.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak beharrezkotzat jotzen du berdintasunerako planen kalitatea ona izanen dela eta haiek behar bezala garatuko direla ziurtatzea, enpresen kudeaketa prozesu orotan genero berdintasuna kontuan hartuko bada. Beraz, 2017. urtearen joanean lan ildo hori sustatzea du xede, eta, horretarako, Nafarroako enpresetan berdintasunerako plan berriak egin daitezen sustatuko du, bai eta berdintasunerako plana eten duten enpresetan plana berriro ere abian jar dezaten sustatzea ere.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak xedatutakoaren arabera Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak emandako eskudantziak erabiliz, honako hau,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak 2017. urtean Nafarroako Foru Komunitatean diharduten enpresei emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako planak lehendabizikoz abian jartzeko edo lehendik zituztenak berriro abian jartzeko emango dizkien diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean jasoak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egin ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B40001-B4100-4709-232200: Elkarteen berdintasun planetarako transferentziak

2017

60.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko ekainaren 19an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honek hau du xede: Nafarroako Berdintasunerako Institutuak 2017an Nafarroako enpresei emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea. Enpresek, xede hori lortze aldera, bi modalitate hauek dituzte:

1.1. Enpresetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako planak lehendabizikoz egitea, bai barne antolakuntzari eta bai zerbitzu edo produktuak emateari dagokienez (1. modalitatea).

1.2. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako planak lehendik onetsita eduki baina etenda dituzten enpresetan haiek berriro abian jartzea, bai barne antolakuntzari eta bai zerbitzu edo produktuak emateari dagokienez (2. modalitatea).

2. oinarria. Onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitatean diharduten eta oinarri arautzaile hauetan jasotako baldintzak betetzen dituzten enpresa guztiek parte hartzen ahalko dute deialdi honetan.

3. oinarria. Baldintzak.

3.1. Onuradun izateko, enpresek honako baldintza hauek bete behar dituzte eskaera aurkezteko unean, bai eta diruz lagundutako jarduera garatzen den epe osoan eta diru-laguntza justifikatu arte:

3.1.1. Legez eratua izatea eta dagokion erregistroan inskribaturik egotea.

3.1.2. Nafarroako Foru Komunitatean, 10 eta 250 langile bitarteko lantokia edukitzea.

3.1.3. Legez beharturik ez egotea berdintasunerako plan bat edukitzera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoa betetze aldera.

3.1.4. Zehapenik jaso ez izana deialdia argitaratu aurreko bi urteetan, enpresaren erabakiak direla-eta sexu, sexu orientazio edo sexu jazarpenagatiko bereizkeria zuzena edo zeharkakoa eragiteagatik.

3.1.5. Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana deialdia argitaratu aurreko bi urteetan, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan falta oso larri bat edo bi falta larri baino gehiago egiteagatik.

3.1.6. Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, betiere zehapen organoaren txosten baten arabera neurri horiek gauzatu ez zirelako edo aplikatzeko egutegia bete ez zelako.

3.1.7. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekuetako bat bakarra ere ez urratzea.

3.2. Enpresaren ordezkaritza duenaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da baldintzak betetzen direla (eskaeraren formularioan dago eredua); horrez gain, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari (NBI) enpresak adierazitako datuak kontsultatzeko eta egiaztatzeko baimena ematen zaiola ere adierazi behar da.

3.3. Ezin izanen dira diru-laguntza hauen onuradun izan sozietate publikoak, enpresa publikoak, elkarteak, fundazioak eta irabazi-asmorik gabeko enpresak, edozein dela haien forma juridikoa.

4. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak eta haiek gauzatzeko epea.

4.1. Enpresetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako planak lehendabizikoz egiteko eta garatzeko, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako planak lehendik onetsita eduki baina etenda zituzten enpresetan haiek berriro abian jartzeko emanen da diru-laguntza; horretarako, oinarri hartuta Nafarroako enpresetan genero berdintasuna integratzeko prozeduran jasotako baldintzak eta metodologia, 2017ko urtarrilaren 1etik azaoaren 15era arte.

Proiektu guztiek nahitaez hartu behar dute beren baitan lan alorreko genero berdintasunari buruzko prestakuntzako saio baten diseinua eta plangintza, gutxienez; prestakuntza saio hori enpresetako berdintasunerako batzorde edo taldearentzat eta/edo langileentzat izanen da, eta 6 ordukoa gutxienez. Horrez gain, jarduera ildoak ere proposatu behar dira, datozen hiru urteetarako gutxienez.

4.2. Proiektu hauek jaso dezakete diru-laguntza:

4.2.1. Enpresako genero berdintasunerako plana lehendabizikoz egitea xede duten proiektuak (1. modalitatea); plan horrek nahitaez izan behar ditu fase hauek, eta hizkuntza ez sexista erabiltzen saiatuko dira garapenean:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoa, bai barne antolakuntzari eta bai zerbitzu edo produktuak emateari dagokienez. Genero berdintasunaren alorrean enpresak zer ibilbide duen ere zehaztu behar da diagnostikoan, alor horretan zerbait egin badu, bai eta genero berdintasuna enpresaren kalitatearen kudeaketa planetan edota prozeduretan integratuta duten ere.

b) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako plan baten diseinua, bai barne antolakuntzari bai zerbitzuak edo produktuak egiteari dagokienez.

Neurriak diseinatzean, kontuan hartu behar da zer premia espezifiko dituzten era askotako bereizkeriaren biktima diren emakumeek; hau da, generoagatiko eta, besteak beste, etnia, arraza eta desgaitasunen batengatiko bereizkeriaren biktima diren emakumeena.

c) Planaren garapenari buruzko kronograma eta jarraipena.

d) Planaren jarraipena egiteko eta plana ebaluatzeko sistema.

4.2.2. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako planak lehendik onetsita eduki baina etenda zituzten enpresetan haiek berriro abian jartzea xede duten proiektuak (2. modalitatea); plan horrek nahitaez jaso behar ditu honako hauek, eta hizkuntza ez sexista erabiltzen saiatuko dira garapenean:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoaren datu nagusiak eguneratuta, bai barne antolakuntzari bai zerbitzuak edo produktuak egiteari dagokienez.

b) Berdintasunerako plana garatzeko hautemandako arazoen analisia.

c) Genero berdintasunerako plana berriro abian jartzen langileek parte har dezaten bultzatzeko neurriak.

Neurriak diseinatzean, kontuan hartu behar da zer premia espezifiko dituzten era askotako bereizkeriaren biktima diren emakumeek; hau da, generoagatiko eta, besteak beste, etnia, arraza eta desgaitasunen batengatiko bereizkeriaren biktima diren emakumeena.

4.3. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuen kopurua:

Enpresa bakoitzak proiektu bakar bat aurkez dezake. Enpresa berak proiektu bat baino gehiagotarako eskaera egiten badu, ez da eskaera bakar bat ere onartuko, salbu, organo kudeatzaileak eskatuta, diru-laguntzaren xedeko proiektu bakarra adierazten badute.

4.4. Diruz lagundu daitezkeen gastuak:

Gastu kontzeptu hauek finantzatzeko soilik izanen dira laguntzak:

a) Laguntza teknikoa (enpresen edo profesionalen kontratazioa). Proiektua garatzeko edo proiektuaren faseren bat garatzeko enpresa bat edo profesionalak kontratatuz gero, honako hau egiaztatu behar da: laguntza teknikoa ematen duen enpresako langileek, gutxienez, bi urteko lan esperientzia dutela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean, eta/edo gutxienez ere 120 orduko prestakuntza dutela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean -erakunde publikoek edo unibertsitateek (publiko nahiz pribatuek) emana-, edo Nafarroako enpresetan genero berdintasuna integratzeko prozedurako (IGE) prestakuntza egin dutela. Prestakuntza edo esperientzia duten langileek eman behar dute eskatutakoa.

Kontratatutako laguntza ematen duen enpresak edo profesionalak igorritako adierazpenaren bidez egiaztatuko da prestakuntza eta esperientzia.

Diruz lagundutako proiektuaren %100 arte azpikontrata daiteke.

Diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, nahitaez frogatu behar da hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, diru-laguntza jaso dezaketen gastuen ezaugarrien berezitasuna dela eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada diru-laguntza eskatu baino lehen. Onuradunaren txosten baten bidez frogatu behar da hori guztia.

b) Proiektua enpresak bere gain hartzen badu, enpresakoak diren eta proiektua egingo duten langileen lan-gastuak. Hala eginez gero, proiektua zer langilek gauzatuko duten adierazi behar du enpresak eskaeran, bai eta zer lanaldi eskainiko dioten proiektua gauzatzeari.

Proiektuaz arduratuko den pertsonak honako hau egiaztatu behar du: gutxienez bi urteko lan esperientzia duela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean, eta/edo gutxienez ere 120 orduko prestakuntza duela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean -erakunde publikoek edo unibertsitateek (publiko nahiz pribatuek) emana-, edo Nafarroako enpresetan genero berdintasuna integratzeko prozedurako (IGE) prestakuntza egin duela.

Proiektua garatuko duten langileek igorritako adierazpenaren bidez egiaztatuko da prestakuntza eta esperientzia.

c) Hizlariek sortutako ordainsariak, bai eta eman beharreko prestakuntzaren ondoriozko joan-etorrietako eta ostatuko dietak ere.

d) Berdintasunerako planari buruzkoak komunikatzeak eta hedatzeak eragindako gastuak (publizitatea, materiala argitaratzea eta/edo inprimatzea, etab.).

4.5. Diru-laguntza jaso ez dezaketen proiektuak eta gastuak:

Proiektu edo gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo utziko dira:

a) Enpresa onuradunek kontratatutako edo plantillako langileen nominak, 4.4.b) oinarrian adierazitakoa izan ezik.

b) Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa kenduko da, hura berreskuratu edo konpentsa badaiteke.

5. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

5.1. Irizpide ekonomiko hauen arabera emanen da diru-laguntza:

5.1.1. Hauek dira diru-laguntzen gehieneko zenbatekoak:

a) Berdintasunerako planak lehendabizikoz egiteko (1. modalitatea):

–10 eta 50 langile bitarteko enpresak: gehienez 6.000 euro.

–51 eta 100 langile bitarteko enpresak: gehienez 8.000 euro.

–101 eta 250 langile bitarteko enpresak: gehienez 10.000 euro.

b) Berdintasunerako planak berriro abian jartzeko proiektuetarako (2. modalitatea): 3.000 euro.

5.1.2. 1. eranskinean adierazitako irizpideak aplikatze aldera, ehuneko hauek lagunduko dira diruz, betiere aurreko puntuan zehaztutako gehieneko kopuruak kontuan hartuta:

–91 eta 100 puntu bitartean lortzen dituzten proiektuetarako, eskatutako zenbatekoaren %80.

–71 eta 90 puntu bitartean lortzen dituzten proiektuetarako, eskatutako zenbatekoaren %70.

–61 eta 80 puntu bitartean lortzen dituzten proiektuetarako, eskatutako zenbatekoaren %60.

–51 eta 70 puntu bitartean lortzen dituzten proiektuetarako, eskatutako zenbatekoaren %50.

Gutxienez ere 51 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ez dira diruz lagunduko.

5.2. Gaitutako aurrekontuko diru-izendapena agortu arte emanen dira diru-laguntzak. Horretarako, onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren ehunekoa emateko, 1. eranskinean adierazitako balorazio irizpideen arabera lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.

Aurrekontuko kontu-saila agortzen bada puntuazio bera duten bi eskaerarekin edo gehiagorekin, berdinketa ebazteko modalitate bakoitzeko c) ataleko balorazioan lortutako puntuazioa soilik hartuko da kontuan (1. eranskina).

5.3. Honela banatuko da aurrekontuko diru-izendapena:

–Planak lehendabizikoz abian jartzea xede duten proiektuentzat 42.000 euro.

–Lehendik planak izan eta berriro abian jartzea xede duten proiektuentzat 18.000 euro.

Proiektu modalitate bakoitzerako erreserbatutako kreditua agortzen ez bada, gelditzen den zenbatekoa beste modalitateko zenbatekoari gehituko zaio.

6. oinarria. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

6.1. Diru-laguntza eskatzen duten enpresek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskaeraren inprimakia eta eranskinak, behar bezala beteak, eskatutako zenbatekoa eta proiektuaren aurrekontua adierazita, jardueraz jarduera banakatuta. Diru-laguntzen eskaerak eredua erabiliz aurkeztuko dira nahitaez; Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoko laguntzen fitxan eskura daiteke eskaera eredua. Helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekiko harremanetarako lehentasunezko bide gisa.

Proiektuaren deskripzioan, baloratuko diren atalak oinarri hauetako eranskinetan adierazitako irizpideen arabera zehaztu eta deskribatuko dira, kasuz kasu puntuatu ahal izateko.

b) Enpresaren ordezkariak egindako erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek baieztatzen dituena:

I.–Enpresa legez eratuta eta dagokion erregistroan inskribatuta dagoela (zer erregistrotan dagoen inskribatuta zehaztuz).

II.–Enpresak Nafarroako Foru Komunitatean 10 eta 250 langile bitarteko lantoki bat duela.

III.–Enpresa legez beharturik ez dagoela berdintasunerako plan bat edukitzera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoa betetze aldera.

IV.–Enpresak ez duela zehapenik jaso deialdia argitaratu aurreko bi urteetan, enpresaren erabakiak direla-eta sexu, sexu orientazio edo sexu jazarpenagatiko bereizkeria zuzena edo zeharkakoa eragiteagatik.

V.–Enpresak ez duela ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso deialdia argitaratu aurreko bi urteetan, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan falta oso larri bat edo bi falta larri baino gehiago egiteagatik.

VI.–Enpresak ez duela ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, betiere zehapen organoaren txosten baten arabera neurri horiek gauzatu ez zirelako edo aplikatzeko egutegia bete ez zelako.

VII.–Ez enpresak, ez enpresaren ordezkariek, ez dutela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekuetako bat bakarra ere urratzen.

VIII.–Enpresak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela.

c) Hala badagokio egoera dela eta, laguntza teknikoa ematen duen enpresaren edo profesionalaren identifikazioa, bai eta proiekturako aukeratutako pertsonek eta profesionalek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean azken bi urteetan izandako esperientziari eta/edo prestakuntzari buruzko adierazpena, haiek berek egindakoa.

d) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera, aldez aurretik aurkeztu ez bada.

e) Eskaera baldin bada enpresak lehendik onetsitako genero berdintasunerako planean ezarritako neurriak berriro abian jartzeko, garatzeko eta betearazteko eta plan hori ez badu eskura Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, nahitaez entregatu behar da planaren ale bat, bai paperean bai formatu digitalean.

e) Gardentasun adierazpena.

f) Enpresak aurkeztutako proiekturako bestelako laguntzarik edo diru-laguntzarik eskatu eta/edo jaso duen adierazten duen adierazpena. Hala bada, jasotako zenbatekoen eta nondik jaso dituen zehatz-mehatz adieraziko da.

g) Enpresak azken hiru zerga ekitaldietan jasotako “de minimis” laguntzen adierazpena.

6.2. Betebehar horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badituzte edo datuak administrazio horren esku badaude, ez da eskatuko dokumentazio hori aurkezteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatu bezala. Azken kasu horretan, agiria biltzen duen espedientea identifikatu beharko da; bestela, informazio hori eskatuko zaio. Orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan.

6.3. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, enpresari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera ezetsi eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontua zehazteko dokumentazioa ezin da zuzendu.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

7.1. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat dago. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla adierazi behar da eskaeran, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, zeina 9. oinarrian ezarritako moduan lortu ahal izango den.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, eta baliabide elektronikoen bidez aurkezteko. Halakorik gertatuz gero, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

Dokumentazioa eskaneatuta aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, nork bere izena behar bezala adierazita.

8. oinarria. Balorazioa eta diru-laguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio diru-laguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagoka bidez tramitatuko da.

8.2. Eskaerak baloratzeko, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien laguntza izan dezake, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izango diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Eskaerak 1. eranskinean adierazitako irizpideei jarraikiz baloratuko dira, eta eskaeran emandako dokumentazioa soilik hartuko da kontuan.

8.4. Gaitutako aurrekontuko diru-izendapena agortu arte emango dira diru-laguntzak. Horretarako, enpresa onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren ehunekoa emateko, balorazioan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horixe izango da lehentasun irizpidea. Aurrekontua aski ez izateagatik ezin bete diren eskaerak ezetsi egingo dira.

8.5. Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena. Proposamenarekin batera, txosten bat ere igorriko dio, eta han balorazioak egin ondorengo puntuazioak zein proiektuen balorazioak jasoko dira, eta adieraziko da enpresa onuradunek betetzen dituztela kasuan kasuko diru-laguntzak jasotzeko baldintza guztiak.

9. oinarria. Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

9.1. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez egingo dira, eskatzaileen gaitutako helbide elektronikora (DEH).

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

9.2. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

10. oinarria. Ebazpena.

10.1. Diru-laguntzei buruzko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emango du, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, diru-laguntzaren fitxan. Epe hori amaitu eta berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

10.2. Diru-laguntzak emateko ebazpenean enpresa eskatzaileen zerrenda eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko dira, eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaien ezetz.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak www.igualdaddegenero.navarra.es web-orriaren bidez jarriko ditu jendaurrean ematen diren diru-laguntzak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritako baldintzetan. Orobat, legez ezarritako informazioaren berri emango dio Diru-laguntzen Datu Base Nazionalari, publizitaterako edo/eta informaziorako.

11. oinarria. Proiektuak gauzatzean gertatzen diren gorabeherak.

11.1. Proiektuak deialdian ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan. Hala ere, proiektuan aurreikusitako exekuzioa aldatzen duten inguruabarrak gertatzen badira, aldaketa hauek egin ahalko dira:

a) Proiektuaren fase bakoitzean egin beharreko jardueren aldaketak.

b) Proiektuan egin beharreko jardueren arteko berrantolaketa ekonomikoa.

11.2. Proiektuan egin beharreko jarduerak aldatzeko, aldez aurretik baimena eskatu behar zaio nahitaez organo kudeatzaileari. Interesdunak proiektuan adierazi ez den beste jarduera bat egitea proposatu ahalko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, baldin eta egokia iruditzen bazaio diru-laguntzaren helburua zein den kontuan hartuta.

Proposatutako aldaketak behar bezala arrazoitu eta aurkeztu beharko dira, aurreikusitako jarduera egin baino gutxienez 20 egun lehenago.

Oinarriotan ezarritako irizpideei jarraikiz baloratuko dira, eta epeak eta baldintzak justifikatu beharko dira.

Instrukzio organoak baloratuko du salbuespenekoak ote diren aldaketak eta horietarako ematen diren arrazoiak, haiek onartu edo ukatzeko.

Baloratu ondoren, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren zuzendari kudeatzaileak aldaketa baimendu edo ukatuko du, ebazpen baten bidez, eta, hala badagokio, doikuntza ekonomikoak eginen dira.

11.3. Ez da beharrezkoa izanen aldez aurreko baimena eskatzea, proiektuaren nahitaezko faseetako jardueraren bat ez egiteko bada aldaketa, baldin eta diruz lagundutako xedea aldatzen ez bada. Justifikazio agiriak aurkezten direnean, onuradunak behar bezala azaldu beharko ditu aldaketa horiek.

12. oinarria. Proiektuak gauzatzeko baldintzak.

Proiektua behar bezala gauzatzeko, enpresako berdintasunerako lan-taldeko edo batzordeko kideetako batzuek Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatutako bilera batean parte hartuko dute. Bilera 2 ordukoa izango da, eta Nafarroako Gobernuaren politika publikoetan enpresek duten egitekoaz arituko dira. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatutako bilera horretara ez joateak emandako diru-laguntza %10 murriztea eraginen du.

13. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

13.1. Diruz lagundu beharreko jarduerak amaitu eta frogagiriak aurkeztu ondoren ordainduko da diru-laguntza.

13.2. Diruz lagundu beharreko jarduerak egin ondoren, enpresa onuradunek dokumentazio hau aurkeztu behar dute, diru-laguntzaren fitxa telematiko bidez, 2017ko azaroaren 15a baino lehen:

–Diru-laguntzaren xede den jardueraren memoria, horretarako diseinatutako ereduaren arabera. Eredu hori Internet bidez lortu daiteke www.igualdaddegenero.navarra.es helbidean. Memoria horretan, halaber, 1. modalitateko berdintasunerako plana eta lehendik onetsi eta berriro abian jarritako 2. modalitateko plana gehitu behar dira.

Memoriarekin batera, egindako jardueren egiaztagiriak aurkeztuko dira, bai eta haiek egitearen edo zabaltzearen ondoriozko produktuak ere.

–Diruz lagundutako proiektuaren gastu osoaren justifikazioa, faseen arabera xehakatua. Horretarako, jatorrizko fakturak eta ordainketa benetan egin dela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu behar dira.

Oro har, egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena. Aurrekoa gorabehera, ez da eskatuko justifikazioa aurkezteko eguna baino lehen ordaindu ezin izan diren, likidatzeko borondatezko aldia irekita ez egoteagatik, finantza eta zerga gastuen benetako ordainketa.

–Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan daukaten parte-hartzearen berri emateko betebeharra; izan ere, egiten den publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau agertu behar dira: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagundu du diruz”.

–Enpresak aurkeztutako proiektu bererako bestelako laguntzarik edo diru-laguntzarik eskatu eta/edo jaso duen adierazten duen berariazko adierazpena. Hala bada, jasotako zenbatekoen eta nondik jaso dituen zehatz-mehatz adieraziko da.

13.3. Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zena baino txikiagoa bada, edo gastuaren frogagirien bidez justifikatutako zenbatekoa emandako laguntzaren arabera justifikatu beharreko zenbatekoa baino txikiagoa bada, murrizketa proportzionala ezarriko zaio diru-laguntzaren zenbatekoari.

14. oinarria. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan erregulatzen diren diru-laguntzen onuradunek beste administrazio, enpresa eta erakunde publiko edo pribatu batzuen diru-laguntzak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte, helburu edo xede bererako, baina haiek proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

15. oinarria. Enpresa onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen baitako diru-laguntza jasotzen duten enpresek, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutako betebeharrak betetzeaz gain, honako betebehar hauek ere bete behar dituzte:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea eta deialdiaren helburua betetzea.

b) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari diru-laguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea eta aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako diru-laguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol teknikorako lanak onartzea.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, diru-laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.

e) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, enpresa onuradunari aplikatzekoa zaion araudian eskatzen den bezala, egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

g) Diruz lagundutako proiektuarekin zerikusia duten idatzizko eta ahozko publizitate, hedapen eta agiri guztietan agertzea Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren diru-laguntza duela. Diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta gerora egindako jardueren publizitate eta hedapen jardueretarako soilik izanen da betebehar hori.

h) Langileei jakinaraztea lan proposamena,fase bakoitzaren emaitza nagusiak, egindako berdintasunerako plana, bai eta enpresan berdintasunerako plana garatzeko urteko proiektuak eta jarduerak ere. Azken memoria aurkeztean, horretarako erabilitako euskarrien kopia gehituko da.

i) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoa betetzea. Betebehar hori betetzen ez bada, ez da emandako diru-laguntza ordainduko.

16. oinarria. Diru-laguntzak itzultzea.

16.1. Onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, diru-laguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

16.2. Dirua itzul dezan eskatzeko prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

17. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa beteko da.

18. oinarria. “De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan (EBAO, 2013ko abenduaren 18koa, 352. zk.) xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu Erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek uneko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan jasotako bestelako “minimis” laguntzak adierazi beharko dituzte eskaera orrian.

19. oinarria. Baliabideak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, deialdia argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

20. oinarria. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezarri gabeko orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoari jarraituko zaio.

I. ERANSKINA

Balorazio irizpideak

1. modalitatea.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

a) Proposamenaren kalitatea (60 puntu gehienez).

–Egindako proposamenaren kalitate eta bideragarritasun teknikoa zein ekonomikoa; horretarako, IGE prozeduran zehaztutako baldintzak eta metodologia hartuko dira oinarri (30 puntu gehienez):

  • Proiektuaren helburu orokorra zehatza izatea / Berariazko helburuak zehatzak izatea; 7,5 puntu gehienez.
  • Berariazko helburuak aintzat hartuta deskribatzea jarduerak; 7,5 puntu gehienez.
  • Proiektuaren garapen kronologikoa; 5 puntu gehienez.
  • Jarduerak gauzatzeko dituen giza baliabideak eta baliabide teknikoak; 5 puntu gehienez.
  • Proiektuari egokitutako aurrekontua; 5 puntu gehienez.

–Proposamena enpresaren kudeaketa planetan eta/edo enpresaren kalitatea kudeatzeko prozeduretan integratzeko moduari buruzko deskripzioa (10 puntu gehienez).

  • Prozeduren kudeaketan integratuta egotea; 4 puntu gehienez.
  • Giza baliabideen kudeaketan integratuta egotea; 4 puntu gehienez.
  • Ingurunearekiko integratuta egotea; 2 puntu gehienez.

–Enpresak generoaren berdintasunerako plana garatzeko duen urteko aurrekontua (10 puntu gehienez).

–Egindako diagnostikoaren aldian behineko eguneratzea bermatzen duten neurriak izatea eta generoaren berdintasunerako planean aurreikusitako jardueren garapen maila zehaztea (10 puntu gehienez).

b) Enpresa eskatzaileak berdintasunarekiko duen konpromisoa (15 puntu gehienez).

–Enpresak proiekturako esleitutako aurrekontua; 7,5 puntu gehienez.

–Enpresaren ibilbidea arlo horretan; 7,5 puntu gehienez.

c) Proiektuaren eragina (15 puntu gehienez).

–Prozesuaren adierazleak; 5 puntu gehienez.

–Emaitzaren adierazleak; 5 puntu gehienez.

–Eraginaren adierazleak; 5 puntu gehienez.

d) Proiektuaren deskripzioa hizkuntza ez sexista erabilita (5 puntu gehienez).

e) Proiektu osoan kontuan hartzea zer premia espezifiko dituzten era askotako bereizkeriaren biktima diren emakumeek; hau da, generoagatiko eta, besteak beste, etnia, arraza eta desgaitasunen batengatiko bereizkeriaren biktima diren emakumeek (5 puntu gehienez).

2. modalitatea.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

a) Proposamenaren kalitatea (60 puntu gehienez).

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoko datuen eguneratze maila, bai barne antolakuntzari bai zerbitzuak edo produktuak egiteari dagokienez (20 puntu gehienez), IGE prozeduraren arabera:

  • Datuak eguneratuta edukitzea lidergo, politika eta estrategiaren ardatzean; 5 puntu gehienez.
  • Datuak eguneratuta edukitzea pertsonen ardatzean; 5 puntu gehienez.
  • Datuak eguneratuta edukitzea prozesuaren kudeaketaren ardatzean; 5 puntu gehienez.
  • Datuak eguneratuta edukitzea ingurunearekiko harremanen ardatzean; 5 puntu gehienez.

–Enpresan genero berdintasunerako plana abian jartzeko hautemandako arazoak aztertzeko metodologia baten garapena (15 puntu gehienez).

  • Plana abian jartzean sortutako arazoak hautemateko bitartekoa/k proposatzea; 7,5 gehienez.
  • Plana abian jartzeko modua hobetzeko jarduerak proposatzea; 7,5 gehienez.

–Enpresan genero berdintasunerako plana berriro abian jartzen langileek parte har dezaten bultzatzeko proposatu diren neurriak koherenteak izatea (5 puntu gehienez).

–Genero-berdintasunerako plana berriro abian jartzeko enpresak duen urteko aurrekontua (10 puntu gehienez).

–Egindako diagnostikoaren aldian behineko eguneratzea bermatzen duten eta planean genero berdintasunerako planean aurreikusitako jardueren garapen maila zehaztea bermatzen duten neurriak izatea (10 puntu gehienez).

b) Enpresa eskatzailearen berdintasunarekiko konpromisoa (15 puntu gehienez).

–Enpresak proiektuari esleitutako aurrekontua; 7,5 puntu gehienez.

–Enpresaren ibilbidea arlo horretan; 10 puntu gehienez.

c) Proiektuaren eragina (15 puntu gehienez)

–Prozesuaren adierazleak; 5 puntu gehienez.

–Emaitzaren adierazleak; 5 puntu gehienez.

–Eraginaren adierazleak; 5 puntu gehienez.

d) Proiektuaren deskripzioa hizkuntza ez sexista erabilita (5 puntu gehienez).

e) Proiektu osoan kontuan hartzea zer premia espezifiko dituzten era askotako bereizkeriaren biktima diren emakumeek; hau da, generoagatiko eta, besteak beste, etnia, arraza eta desgaitasunen batengatiko bereizkeriaren biktima diren emakumeek (5 puntu gehienez).

Iragarkiaren kodea: F1707612