110. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERIAIN

Ordenantza fiskala, Lizentziak eman eta hirigintzan bestelako jarduketak egiteko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Beriaingo Udalak, 2017ko martxoaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Lizentziak eman eta hirigintzako bestelako jarduketak egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hasierako onespenaren erabakia 2017ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, martxoaren 27an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Beriainen, 2017ko maiatzaren 16an.–Alkatea, José Manuel Menéndez González.

ORDENANTZA FISKALA, LIZENTZIAK EMAN ETA HIRIGINTZAN BESTELAKO JARDUKETAK EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Hirigintzako jarduketei dagozkien zerbitzu tekniko eta administratiboak ematean datza zerga-egitatea, etxegintzaren eta lurzoruaren erabileraren arloko egintzak egokitu ahal izateko indarra duten hirigintza eta eraikuntza arauei.

3. artikulua. Tasa eskatzen duten hirigintzako jarduketek aurretiazko lizentziaren menpeko egintzak dituzte xede, edo ondoko kontrolaren menpekoak, lizentzia eskatu beharrean aurretiazko jakinarazpena edo erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar denetan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 189. artikuluan xedatutakoarekin bat. Zehazki:

a) Eraikin eta instalazio berriak altxatzeko obrak.

b) Eraikin eta instalazioak handitzeko obrak.

c) Eraikin eta instalazioen egitura edo kanpoko itxura aldatu edo berritzeko obrak.

d) Eraikinen barneko egitura aldatzen duten obrak, edozein izanik ere duten erabilera.

e) Behin-behinekoz egin behar diren obrak eta erabilerak.

f) Hirigintzako lurzatiketak eta landalurreko finkak banandu eta zatitzea.

g) Lur-mugimenduak, hala nola zelaitu, lurrerauzi, hondeatu eta betetzeko lanak, salbu eta lan horiek zehaztu eta programatutako obrak badira onetsita den urbanizazio edo eraikuntza proiektu baten barrenean.

h) Eraikin eta instalazioen lehenbiziko erabilera edo okupazioa eta haien erabileraren aldaketa.

i) Eraikinak botatzea, salbu eta berehalako aurri-egoera deklaratzen denean.

j) Zorupeari eragiten dioten instalazioak.

k) Arbolak eta zuhaixkak botatzea, baldin eta zuhaitz-masa, basogune, arboladi edo parke badira, salbu eta nekazaritzaren arloko legeek baimendutako lanak direnean.

l) Eremu publikotik ikusten diren kartelak paratzea, betiere lokal itxietan ez badaude.

m) Presak eta baltsak eraikitzea eta ur ibilguetan defentsa eta zuzenketa obrak egitea, betiere interes orokorreko obra publikoak ez badira.

n) Agregakinak ateratzea eta harrobiak ustiatzea, jabari publikoko lurretan egin eta administrazioaren kontzesioa behar izanda ere.

ñ) Finkak ixtea.

Ordaindu beharra

4. artikulua. 1) Orokorrean, zergak ordaintzeko betebeharra lizentzia ematen den unean sortzen da. Uko egiten bazaio, lizentzia eskatzen den unean hasten da ordaintzeko betebeharra.

2) Honako hauek daude salbuetsita tasak ordaintzetik obren lizentzia emateagatik edo erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko jakinarazpenaren menpeko obrak egindakoan kontrolatzeagatik:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta bere helburuak betetzeko sortzen dituen entitate juridikoak.

b) Udalerrien mankomunitateak eta batasunak, betiere Beriaingo Udala kide bada, bai eta helburuak betetzeko sortzen dituzten entitate juridikoak ere.

3) Tasa hauek direla medio Telefónica de España, S.A.U. enpresari egokitu lekiokeen ordainketa dirutan egin beharreko urteko ordainaz ordezkatzen da, Nafarroako Foru Komunitatean Espainiako Telefono Konpainia Nazionalak behar duen tributu araubidea ezarri zuen abenduaren 29ko 11/1987 Foru Legeak xedatutakoarekin bat.

5. artikulua. Tasa lizentzia eskatzen denean sortuko da edo, kasua bada, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezten denean. Ez da ordaindu beharrik izanen Udalak lizentzia emateko erabakia hartu baino lehen interesdunak atzera egiten badu, edota adostasun-eginbidea izan baino lehen, lizentzia komunikatuak direnean.

Ez da ordaindu beharrik izanen baldin jarduera hasteari uko egiten zaiola adierazten bada jardueraren geroko kontrolaren gaineko udal ebazpena eman aurretik.

Subjektu pasiboa

6. artikulua. Tasa hauek ordaintzera beharturik daude pertsona fisikoak edo juridikoak, heredentzia banatugabeak, ondasun komunitateak eta Tributuei buruzko Lege Orokorraren 33. artikuluak aipatzen dituen gainerako entitateak, baldin eta hirigintzako jarduketa bat egitea eskatu, aitortu edo adierazten badute edo egindako hirigintzako jarduketengatik edo emandako lizentziengatik eragina edo onura hartzen badute.

Eraikitzaileak eta obra kontratistak zergadunaren ordezkoak izanen dira, lurzoruari eta hiri antolamenduari buruzko araudian aurreikusitako hirigintzako lizentziak emateko ezarri diren tasetan.

Tarifak eta karga-tasak

7. artikulua. Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. 1) Hasiera batean autolikidazio araubidean eskatuko dira lizentziak eman eta hirigintzako jarduketak egiteko tasak, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten obrak direnean. Gainerako kasuetan, zerga arloko administrazioak behin-behineko likidazioa eginen du.

2) Autolikidazioaren araubidea aplikatzen den kasuetan, subjektu pasiboek kasuan kasuko tasen autolikidazioa egin beharko dute udal administrazioak beren eskura jartzen dituen inprimakietan.

Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezteko eskatzen den obretan, adierazpenarekin edo komunikazioarekin batera autolikidazioko agiria aurkeztuko da, behar bezala betea, bai eta ordainagiria ere.

3) Subjektu pasiboak aurkezten duen hasierako autolikidazioaren ordainketa edo zerga arloko administrazioak onetsitako hasierako likidazioarena behin-behinekoa izanen da, eta behin betiko ordaindu behar duen kopuruaren konturakoa.

9. artikulua. 1) Tasak tarifa finkoak ez badira, interesdunek aurkezten duten aurrekontuaren arabera zehaztuko da autolikidazioaren zerga-oinarria edo hasierako likidazioa, betiere dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsi badu, hura nahitaezko baldintza denean. Bestelakoetan, udal teknikariek zehaztuko dute zerga-oinarria, proiektuaren kostu zenbatetsian oinarrituta.

2) Eraikuntza, instalazioa edo obra egiteko proiektua aldatzen bada, eta horren aurrekontuak goiti egiten badu, behin Udal Administrazioak aldaketa onartu eta gero, zergaren likidazio osagarri bat onetsiko da, hasierako aurrekontuaren eta aldatuaren arteko aldea dela eta.

10. artikulua. 1) Behin eraikuntzak, instalazioak eta obrak bururatu eta egiazki egin direnak ikusita, gehienez ere hiru hilabeteko epean haien amaiera edo behin-behineko onarpenetik aitzina, tributudunak deklarazio bat aurkeztuko du inguruabar hori azalduz eta eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren benetako eta egiazko kostua adieraziz, eta, deklarazioarekin batera, obraren zuzendari eskudunak haren gainean emandako egiaztagiria, betiere dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsia, eta, halakorik behar izatera, kostu hori egiaztatzeko fakturak edo bestelako agiriak. Irekitzeko lizentziarik, erabilera aldatzekorik, lehen erabilerakorik edo beste zenbait lizentzia bideratu behar izanez gero, agiri horiek kasuan kasuko lizentziarako eskaerarekin batera aurkezten ahalko dira.

2) Behin benetako kostua ezagututa, eta administrazioak egitekoa den egiaztapena eginik, tributu arloko administrazioak behin betiko likidazioa eginen du, subjektu pasiboak hasieran lizentzia bakoitzeko autolikidatutako kuotarekin dagoen diferentzia positibo edo negatiboaren gainean, halako eran non, behar izatera, subjektu pasiboari behar den kopurua galdatu edo itzuliko baitzaio.

11. artikulua. 1) Udal Administrazioak egiaztatuko du autolikidazioak ordenantza honetako arauak zuzen aplikatuz egin direla eta, beraz, kalkulatutako oinarri eta kuotak arau horien emaitza direla.

2) Udalaren Administrazioa autolikidazioekin ados ez badago, likidazioak eginen ditu, gaizki aplikatutako kontzeptuak edo datuak eta akats aritmetikoak zuzenduta, berandutzaren interesak kalkulatuko ditu eta behar diren zehapenak ezarriko ditu. Orobat, autolikidazioan sartu ez diren zerga-egitateei dagokien likidazioa eginen du.

Arau-hauste eta zehapenak

12. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen 189. artikuluaren babesean emandako lizentziak.

I.1) Lurzatiketak egiteko lizentziak:

Lizentzia bakoitza tramitatu eta ebazteko tasak: 60,00 euro.

I.2) Eraiste, eraikitze, berritze, instalazio, zuhaitz botatze, errotulu paratze eta oro har lizentzia behar duten gainerako obretarako lizentziak, betiere aurreko ataletan ez badaude:

Tasa honen kuota kalkulatzeko, 12. artikuluan xedatuari jarraikiz zehaztutako zerga-oinarriari karga-tasa hau aplikatuko zaio: %0,50.

II. epigrafea.–Gutxieneko eskubideak.

Aurreko epigrafeengatik ordaindu behar diren tasak gutxieneko zenbateko haietatik beheitikoak badira, honako hauek ordaindu beharko dira:

Lurzatiketak (lurzati bakoitzeko): 60,00 euro.

Obra lizentziak (V.4 epigrafea): 50,00 euro.

III. epigrafea.–Obrak egindakoan kontrola egiteagatik, lizentziaren ordez aurretiazko komunikazioa edo erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar denetan.

–I.2) epigrafeko tarifa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: L1705986