108. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

378/2017 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Herri Lanetako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez 2017ko diru-laguntzen deialdia onesten da errepideko garraio ibilgailuak kudeatzeko jarduketak egiteko.

Foru Gobernua 2030erako Nafarroako Energia Plan berria prestatzen ari da, eta hartan energia berriztagarrien eta energia zentzuz erabiltzearen aldeko apustua egin da, energiaren kontsumo eredu berri baten bidez, non sustatuko baitira talde kontsumorako ekintzak, sorkuntza gunetik hurbil. Lan eremuen artean daude mugigarritasuna eta garraioa; gure garraioetan efizientzia handiagoa eta energia kontsumo txikiagoa bilatuko dira.

Deialdi honen xedea da salgai eta bidaiarien garraio ibilgailuen eta obra eta zerbitzuetako ibilgailuen kudeaketa hobetzea, horrela zeregin horietan energia kontsumoak murrizteko.

Deialdi honetan sartzen diren jarduketak hauek dira:

–Errepideko garraio ibilgailuen efizientzia energetikoa hobetzera bideratutako sistema teknologikoetan eta aplikazioetan egiten diren inbertsioetarako laguntza ematea.

–Ibilgailuei auditoretzak egitea, kudeaketa integrala hobetu dadin eta, hala, energia kontsumoak murriztu eta lehiakortasuna handitu dadin.

42.000,00 eurorekin finantzatuko dira diru-laguntza hauek, 2017ko gastuen aurrekontuko “Garraio ibilgailuen kudeaketa” izeneko 840004 84410 7709 44110 partidaren kargura.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamenturen egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren 63.k) artikuluaren bidez emandako eskudantziak erabiliz, eta Garraio Zerbitzuak egindako txostenari eta proposamenari jarraituz,

EBATZI DUT:

1. 2017ko diru-laguntzen deialdia onestea, errepideko garraio ibilgailuak kudeatzeko jarduketak egiteko.

2. Oinarri arautzaileak onestea, 2017an errepideko garraio ibilgailuak kudeatzeko jarduketetarako diru-laguntzak emateko.

3. 42.000,00 euroko gastua baimentzea, 2017ko gastuen aurrekontuko “Garraio ibilgailuen kudeaketa” izeneko 840004 84410 7709 441100 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Garraio Zerbitzuari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak departamentu honetan duen kontu-hartzailetza delegatuari.

5. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 15ean.–Herri Lanetako zuzendari nagusia, Ignacio Nagore Laín.

ERANSKINA

Errepideko garraio ibilgailuak kudeatzeko 2017ko diru-laguntzetarako oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Erabilera publikoko xede eta helburua.

Deialdi honen xedea da salgai eta bidaiarien garraio ibilgailuen eta obra eta zerbitzuetako ibilgailuen kudeaketa hobetzea, horrela bidaiari bakoitzeko edo garraiatutako tona bakoitzeko energia kontsumoak murriztu ahal izateko. Horrek justifikatzen du diru-laguntza honen onura publikoa.

Neurri hori bi jarduketa motaren bidez garatzen ahal da:

a) Garraio ibilgailuak kudeatzeko auditoretzak.

Ibilgailuei auditoretzak egitea, kudeaketa integrala hobetu dadin eta, hala, energia kontsumoak murriztu eta lehiakortasuna handitu dadin.

Auditoretzak kontuan hartuko ditu, gutxienez, honako alderdi hauek: ibilbideen kudeaketa, zamen kudeaketa, erregaiaren kudeaketa, teknologia telematiko berriak, ibilgailuak zerbitzuari egokitzea, eta gidarien eta kudeatzaileen prestakuntza beharrak identifikatzea.

b) Ibilgailu multzoak kudeatzeko sistemak ezartzea, hau da, errepideko garraio ibilgailuen efizientzia energetikoa hobetzera bideratutako sistema teknologikoetan eta aplikazioetan inbertsioak egitea. Honako hauei buruzkoak izanen dira proiektuak:

–Garraio ibilgailuak kudeatzeko sistema telematikoak.

–Ibilgailuen ibilbideak eta gidatze-parametroak planifikatu eta kontrolatzeko softwarea eta hardwarea.

–Erregaien kudeaketa hobetzeko sistema teknologikoak.

–Zamalanak kudeatzeko sistema teknologikoak.

2. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntza hauen onuradun izan daitezke Nafarroan bizi diren pertsona fisikoak eta helbide soziala Nafarroan duten pertsona juridikoak, irabazi-asmorik gabeko erakundeak, eta horiekin parekatzen ahal diren beste batzuk, salgai garraioan aritzen badira.

Horregatik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Hori erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatuko da, oinarri hauen eranskineko ereduaren arabera.

3. oinarria.–Diru-laguntzen xede diren kostuak eta laguntzen zenbatekoak.

3.1. Diru-laguntzaren xede izanen dira 1. oinarriko inbertsio eta gastuak, Nafarroako Foru Komunitatean egindakoak. Erabilera publikoko xede eta helburua.

BEZa diru-laguntza jaso dezakeen gastutzat hartuko da, baldin eta onuradunak ezin badu berreskuratu. Horregatik, BEZa kengarria ez duten onuradunek horren frogagiriak aurkeztu behar dituzte. Onuraduna hainbanatze arauaren mende badago, diru-laguntza eman aurretik amaitutako azken ekitaldiko behin betiko hainbanaketan oinarrituko da kostuaren kalkulua. Kasu horretan, bere betebehar fiskalen likidazioaren azken emaitza aurkeztu beharko du.

Ez dira behin ere diru-laguntzaren xede izanen:

–Inbertsioaren ondoriozko gastu finantzarioak.

–Argi eta garbi zehazten ez diren gastuak edo inbertsioaren helburu energetikoak lortzea xede zuzena ez dutenak. Betiere Nafarroako Gobernuko Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren irizpidea nagusituko da dudarik izanez gero.

Leasing bidez finantzaturik eskuratzen diren aktiboak diru-laguntzaren xede izanen dira, eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik kontratuaren hasieratik pagatzen bada eta kontratuan hori bukatzean aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoa ageri bada.

3.2. Laguntzen zenbatekoa.

Deialdiaren zenbatekoa 42.000,00 eurokoa da guztira.

–Garraio ibilgailuak kudeatzeko auditoretzak.

Auditoretzaren kostuaren %75, gehienez 2.000 euroko diru-laguntza.

–Ibilgailuak kudeatzeko sistemak ezartzea.

kostu hautagarriaren %40, 10.000 euroko diru-laguntza gehienez proiektu bakoitzeko.

Bi kasuetan, eskatzaile bakoitzeko proiektu bakarra izanen da diruz lagungarria, eta, eskatzaileak aurkeztutako guztien artean, balorazio handiena duenari emanen zaio diru-laguntza. Kontsignatutako aurrekontuko partida agortzen ez bada, erabaki daiteke onuradun bati beste proiektu batzuetarako ere ematea diru-laguntza.

Balorazioaren arabera ordenatuko dira eskaerak, 6. oinarrian ezarritako oinarriaren arabera. Hurrenkera horren arabera esleituko dira diru-laguntzak, diru-laguntzaren guztirako zenbatekoa agortu arte.

4. oinarria.–Inbertsiorako epea.

Inbertsio edo gastu diruz lagungarria egiteko epea 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko irailaren 30a artekoa izanen da.

5. oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Eskaera eta gehitu beharreko agiriak Garapen Ekonomikorako Departamentuko Erregistroan aurkez daitezke (San Ignazio etorbidea, 3, beheko solairua, 31002 Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako araubide iragankorraren araberako erregistroetan.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azalak irekita egon beharko du, lehen orriko goiko aldean agerrarazteko bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti); datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

5.2. Eskabideak prestatu den ereduaren araberakoak izanen dira. Eredua Garraio Zerbitzuan eskura daiteke (Alondegi kalea, 1, 2.a, Iruña), eta Nafarroako Gobernuaren webgunean (Zerbitzuen Katalogoa, Laguntzak, Garraioak). Toki horietan aurkibide bat ere iradokitzen da, auditoretzak egiteko adibide gisa.

Egoki den laguntzetarako eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

–Proiektuaren memoria tekniko-ekonomikoa, gutxienez ondokoak bilduko dituena: beharren azalpen zehatza, egin beharreko jarduketaren planifikazioa eta deskripzioa (proiektuaren azalpen zehatza).

–Auditoretza egiteko edo ibilgailuak kudeatzeko sistema ezartzeko enpresa aholkulariaren eskaintza ekonomikoa.

–2016ko abenduko kotizazioen likidazioaren erreziboa.

–Nork sinatu duen eskaera, haren NANaren fotokopia.

–Eskatzailearen IFZren fotokopia.

–Jarduketaren xede diren ibilgailuetako bakoitzaren zirkulazio baimenaren fotokopia.

Garraio Zerbitzuak ikertzen ahalko du ea adierazitako datuak egiazkoak diren, eta, gezurrezkoak badira, eskatzen ahalko du emandako diru-laguntza eta kasuan kasuko berandutze-interesak itzul daitezela, eta, arau-haustea oso larria bada, zehapen espedientea irekitzen ahalko du.

5.3. Adierazitako agirien aurkezpenean akatsik ikusiz gero, edo osoki beterik ez badago, edo eskaera baloratzeko garrantzitsuak diren alderdiak ez badaude behar bezain frogaturik, ikusitako akatsa zuzentzeko eskatuko zaio eskatzaileari, eta, ondorio horietarako, 10 egun balioduneko epea emanen zaizkio, errekerimendua egin eta biharamunetik hasita, ikusitako gabeziak zuzentzeko. Horretaz gain, adieraziko zaio ezen epe horretan zuzenketarik egiten ez badu eskaera ezetsitzat joko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena eginen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

6. oinarria.–Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak.

Diru-laguntza hauek emateko tramitazioa norgehiagokako araubideari jarraikiz eginen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hauek dira diru-laguntzak emateko irizpideak:

1. Ibilgailu multzoaren tamaina (zenbat eta txikiagoa, orduan eta balorazio handiagoa): 15 puntu gehienez.

Honela banatuko dira puntuak:

  • Ibilgailu multzorik handienari, puntu bat.
  • Ibilgailu multzorik txikienari, 15 puntu.
  • Gainerako proposamenei bi muturren artean modu linealean emanen zaizkie puntuak.

2. Enpresak Nafarroan dituen langileen kopurua (zenbat eta tamaina txikiagoa, orduan eta balorazio handiagoa): 15 puntu gehienez.

Honela banatuko dira puntuak:

  • Langile kopuru handiena duen proposamenari, puntu bat.
  • Langile kopuru txikiena duen proposamenari, 15 puntu.
  • Gainerako proposamenei bi muturren artean modu linealean emanen zaizkie puntuak.

3. Eskaerarekin batera aurkeztutako memoriaren balorazio teknikoa: 20 puntu gehienez.

4. Kontuan hartuko da deskripzioaren argitasuna, xehetasunen maila eta aurkeztutako kronogramaren sinesgarritasuna. Horretaz gain, kontuan hartuko da kausa-efektu justifikazioen kalitatea eta koherentzia, egindako jarduketaren eta ibilgailuen energia-kontsumoaren murrizketaren artekoa (gutxienez ere partidaren %5ekoa izanen da justifikatu beharreko erregai-kontsumoaren murrizketaren balioa).

Balorazioen arabera ordenatuko dira eskaerak. Hurrenkera horren arabera esleituko dira diru-laguntzak, diru-laguntzaren guztirako zenbatekoa agortu arte.

7. oinarria.–Diru-laguntza emateko ebazpena.

Garraio Zerbitzuak oinarri hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan eskatzaileari ebazpen berariazkorik jakinarazi ezean, eskaerak administrazioaren isiltasun bidez ezetsitzat joko dira.

Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria.–Gastuen eta egindako ordainketen justifikazioa.

Diru-laguntzaren xedea bete eta gero, onuradunek egin dituzten gastu eta ordainketa guztiak justifikatu beharko dituzte, 2017ko urriaren 30era arte.

Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Emaitzen txostena, ondokoak jasoko dituena:

–Ibilgailuen kudeaketaren auditoretzaren kasuan: auditoretzaren beraren kopia bat bai paperean bai euskarri elektronikoan eta, horretaz gainera, ondokoak jasoko dituen laburpen bat: enpresa aholku-emailearen eta auditoretzaren xede diren ibilgailuen identifikazioa, inbertsio ekonomikoa eta amaierako energia kontsumoak bai proposamena gauzatu aurreko egoeran bai ondoren (petrolioaren baliokideko zenbat tona urtean edo zenbat litro erregai urtean).

–Ibilgailuak kudeatzeko sistemen ezarpenaren kasuan: eskuratutako aplikazio eta sistemen zerrenda, haien deskripzio teknikoa barne (dokumentazio teknikoa edo informazio liburuxkak), enpresa fabrikatzailea eta kasuan kasuko ibilgailu multzoan sistema bakoitza erabiltzeagatik urtean kalkulatu den energia aurrezpena (petrolioaren baliokideko zenbat tona urtean edo zenbat litro erregai urtean). Kopia bat paperean aurkeztu beharko da, eta beste bat euskarri elektronikoan.

b) Aurkeztutako fakturen zerrenda.

c) Diru-laguntzaren xede den inbertsio edo gastu osoari dagozkion fakturen eta ordainagirien fotokopiak.

Ordainketa osoa transferentzia bidez edo dirua bankuan sartuz egin beharko da, eta ez da eskudiruz egindako ordainketarik edo txekerik onartuko.

d) Diru-laguntzaren xede den gastua 30.000 eurotik gorakoa bada obra bakoitzerako edo 12.000 eurotik gorakoa hornidura edo laguntzarako, onuradunak frogatu beharko du enpresa hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, eskaturiko eskaintzak aurkeztu beharko ditu, eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman.

Onuradunak ez du aurreko lerroaldekoa bete beharko, baldin, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez badaude.

Onuradunaren erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatuko dira aurrekoak.

e) Aktiboak leasingaren finantzaketaren bidez erosiz gero, kontratuaren eta kuotak eragiketa hasi zenetik 2017ko irailaren 30a arte pagatu direla frogatzen duten banku-agiri guztien fotokopiak aurkeztu beharko dira. Gainera, leasinga bukatzean, gainerako banku-agirien fotokopiak aurkeztu beharko dira.

f) Diru-laguntza emateko ebazpenean zehazten den beste edozein agiri.

9. oinarria.–Diru-laguntza ordaintzeko ebazpena.

Frogagiriak azterturik, Garraio Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Herri Lanetako zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

10.1. Zortzigarren oinarrian ezarririko moduan egin eta justifikatu beharko dute onuradunek diru-laguntzen xede den jarduera. Jarduera egiten ez bada edo oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan eta epeetan justifikatzen ez bada, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

10.2. Diru-laguntzaren onuradunek gutxienez 5 urtez izanen dituzte abian diru-laguntzaren xedeko sistemak, instalazioa abian jartzen denetik hasita.

10.3. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

10.4. Lehendik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, onuradunak transferentzia bidez kobratzeko eskaeraren inprimakia (jatorrizkoa) igorri beharko du helbide honetara: Nafarroako Gobernua - Diruzaintza, Karlos III.aren etorbidea, 4-behea, 31002 Iruña. Inprimakia Nafarroako Gobernuaren web orrian (www.nafarroa.eus) lor daiteke.

10.5. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

10.6. Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan kreditu nahikoa ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

10.7. Diru-laguntza honi buruzko publizitatean, informazio ekintzetan eta diruz lagundutako jarduerei buruzko agiri guztietan, Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertuko da. Halaber, deialdi honen bidez egiten diren jarduerak jendaurrean zabaltzeko ekintzetan, espresuki adieraziko da Nafarroako Gobernuak parte hartu duela Garapen Ekonomikorako Departamentuaren bitartez. Hedabideak bertan daudela egiten diren ekitaldietara bi administrazioetako ordezkariak gonbidatu beharko dira.

10.8. Laguntzen onuradunek irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan gardentasunari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bi baldintza hauek aldi berean gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntzak 20.000 eurotik gorakoak izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Gardentasunari buruzko betebeharrak dituzten onuradunek honako informazio hau jakinarazi beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aipatutako informazioa diru-laguntzaren onuradun diren entitateen legezko ordezkariak sinatua aurkeztu beharko da, eta Garraio Zerbitzuari igorria, laguntza ematearen gaineko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.

Entitate onuradunak ez badu gardentasunari buruzko betebeharrik, adierazitako epean aitorpen bat aurkeztuko du azaltzeko ez duela horrelako betebeharrik, adierazitako inguruabarrak gertatzen ez direlako. Aitorpen hori katalogoko fitxan eta Garraio Zerbitzuan eskura dagoen ereduaren arabera prestatuko da.

11. oinarria Diru-laguntzen bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, enpresek kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

12. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

13. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Jendaurrean jarriko dira emandako diru-laguntzak, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

Ematen diren diru-laguntzak, gardentasunari buruzko betebeharraren ondoriozko informazioa eta onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko dira: www.nafarroa.eus (deialdiaren aipamena).

Gardentasunari buruzko betebeharrak dituzten onuradunen informazioa urtebetez egonen da eskura, argitaratzen denetik hasita, eta 15 hilabete gehienez, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen denetik. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate onuradunak eman behar duen informazioan dauden datu pertsonalak jakinarazteko ez da beharrekoa izanen interesdunaren baimena, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian baimentzen baita.

Iragarkiaren kodea: F1706163